|
Azken asteotan iritzi eta erreakzio kontrajarriak jaso ditu HPSek abian jarri dituen bi proiektu, biak euskararen normalizazioari begira; «Elebide»
eta «Lanhitz»
proeiktuez ari naiz. Erreakzio hauen arrazoia bilatu nahirik eta sortutako gatazka-egoerari begira doa ondoko gogoeta.
Ez zuen zertan inorentzat berri txarra izan...
Ez zuen zertan inorentzat berri txarra izan...
... gauzak ondo egin izan balira.
Ez zuen zertan berri txarra izan Jaurlaritzak, HPSren eskutik, lan-mundua euskalduntzeko erabaki irmo eta sendoa hartu duela jakitea; ez zuen zertan berri txarra izan Jaurlaritzak, HPSren eskutik, euskaldun guztion hizkuntza-eskubideak bermatzeko tresna eraginkorra martxan jarri izanaren iragarpena. Ez zen, bada, aspalditik eskatzen ari zitzaion zerbait; hots, hizkuntza normalizazioan buru-belarri aritzea eta ildo horretan beharrezkoak ziren erabakiak hartzea? Ez zuen zertan berri txarra izan..., baina halaxe izan da. Hori adierazten dute, behintzat, azken egunotan hainbat eragile eta elkarteren eskutik entzuten ari garen adierazpen kritikoek.
Eta zergatik? Gauzak ez direlako ondo egin. Aipatutako kontrako iritzi horiek honetan laburbil genitzake: Zergatik jarri du martxan Jaurlaritzak dagoeneko “herri ekimenak”, “euskalgintzak” martxan jarriak bazituen antzeko proiektu eta tresna bikain eta eraginkorrak?
Argi ikusten da HPSeko arduradunaren erantzunean dagoeneko abian zegoen zerbaiten erreplika bat sortzea ez litzatekeela zentzuzko ekimen egokia izango; izan ere, abian jarritako proiektu bakoitzaren aurkezpenean argi utzi nahi izan du ez dela erreplika edo kopia bat, zerbait berria baizik. Horrek azaleratzen du, beraz, printzipioz HPSek berak ere ez lukeela begi onez ikusiko klon edo kopia hutsa martxan jartzea.
Egia esan, “Elebide” eta “Lanhitz” beste ekimen batzuen erreplika ez badira, gutxienez oso antzekoak direla aitortu beharra dagoela uste dut. Tresna bera agian ez, baina eragin nahi duen esparrua eta izan nahi duen eragina, nire ustez, bai. Orduan, zergatik jokatu ote du honela HPSek? Zerk eragin du jokaera bera birritan errepikatzea epe labur batean? Erantzunik errazena eta erraietatik ateratakoa hauxe litzateke, gutxi gorabehera: “Orain arte ez dute apenas ezer egin; eta zerbait egitea bururatu zaienean, herri ekimenak aldez aurretik sortu eta martxan jarritakoa kopiatzea baino ez dute beste biderik aurkitu.” Erantzun erraza, errazegia, nire ustetan. Honen guztiaren barrunbeak ez ditut ezagutzen, ez bainaiz “goiko mailetan” mugitzen; baina nago aspalditik mesfidantza izan dela eta dela nagusi Administrazioaren eta herri ekimenaren artean. Eta mesfidantza hau alde bietatik elikatua izan dela. Eta mesfidantza hau dagoela egunotan gertatzen ari denaren atzean, nik ezagutzen ez ditudan beste faktore batzuekin batera.
Une honetan ezin gara erruak botatzera eta errudunak bilatzera mugatu; ezta arrakastaren eta euskaltzaletasunaren labelaren inguruko norgehiagoka hasi. Euskara benetan maite badugu, euskarak benetan kezkatzen bagaitu, txistua irentsi eta konfiantza berreskuratzeko urratsak egin beharra daukagu. Entzun ditugun kritika askoren atzean, bestalde, ondo neurtu beharko litzateke zenbat dagoen euskararekiko benetako kezkatik (hau da, honelako bipolarizazio eta indar sakabanaketak euskarari eragingo dion kezkatik); eta zenbat, esklusiba edo protagonismoa galtzeak edo mesprezua eta bazterketa jasateak ekar lezakeen haserretik.
Berandu dela, ezinezkoa dela? Horra zer gertatu zen bere garaian BEAH eta EBPN bi ekimenen artean. Kontseiluak atera zuen lehena lehendabizi; ondoren, HPSek jarri zuen martxan bestea. Eta, oker ez banago, herri batean baino gehiagotan bien arteko osagarritasuna eta konfluentzia arrakastatsua ematen hasiak dira.
Ez ote da posible izango oraingo honetan ere proiektu ezberdinen arteko konfluentzia lortzea? Ni, inozo samarra izan banaiteke ere, baietz uste dut. Honetarako, bi printzipio nagusi proposatu nahiko nituzke, printzipioz alde guztiek onartzeko modukoak:
- Administrazioari, Jaurlaritzari, HPSri dagokio herri honetan Hizkuntza Politikako ildo nagusiak zehaztea eta erabaki garrantzitsuenak hartzea.
- Ezinbestekoa da, hizkuntzaren normalizazioan, herri-ekimenaren presentzia eta lana. Baloratzekoa eta aintzat hartzekoa orain arte egin duen lana, egun egiten ari dena eta etorkizunean egingo duena.
Gauzak, beraz, ondo egin behar dira, harrokeria alde batera utzi eta akordiorako borondatea erakutsi. Baina nago oraingo honetan lehen urratsa HPSri ematea dagokiola, berak sakondu baitu azkenaldian erakutsi duen jokabidearekin aspalditik datorren mesfidantza.
Ea aurrerantzean euskararekin lotutako berri onak baino ez datozkigun, gutxienez ustez bihotzez estimatzen, baloratzen eta zaintzen ditugunongandik.
(AITOR ETXEBERRIA ZAMORA Santurtziko Udal Euskaltegiko irakaslea da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
Aitor etxeberriak erabili.com-en idatzitako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|
|
Gogorra egiten da egunero lanean, harriak ondo tolestatu eta guztiontzako kaltzada egiten dabilenarentzat, inguruko harremanetan, bista txarra baino okerragoa den zerbait nabaritzea. Askotan alderdi politikoen arteko klientelismo borrokaren antza hartzen diet azaltzen diren jarrerei.
Zeinen “Planak” diren galdezka egon gabe eguneroko egitasmoak martxan jartzen eta bultzaka dabiltzen Euskara Elkarteetako jendeari, gogorra egiten zaio lagunartean, kalean eta lantokian egoera hau gainditzea eta elkarlana bideratzea.
Izan ere hizkuntzaren normalizaziorako ezinbestekoa da, diozun bezala, herritarren borondateak auzolanera erakartzea. Lan honetan diharduten Euskara Elkarteentzako hainbat errazagoa egingo luke bidea alderdikerietan inor ez ibiltzeak.
Ea zuk proposatzen dituzun bi printzipio horiek bidea egiten laguntzen duten.
(Joxemari Muxika AEDko bazkidea)
|