|
Zerbitzu publiko berri bat aurkeztera etorri gara. Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zerbitzu berria eskainiko die gaurtik aurrera herritarrei: ELEBIDE, Hizkuntz Eskubideak bermatzeko zerbitzua, euren hizkuntz eskubideen gaineko aholkularitza eta babesa emango dien zerbitzua.
Garrantzitsua da hasiera-hasieratik zerbitzu berriaren izenari erreparatzea: ELEBIDE, Hizkuntza Eskubideak bermatzeko zerbitzua. Izena eta izana bat datoz zerbitzu berriaren kasuan.
ELEBIDE izenak elea aipatzen du alde batetik, hitza, hizkuntza alegia. Beste aldetik, elebi-tasunaren balorea ere badu, elebitasunari egiten dio erreferentzia. Hirugarrenik, bide hitza du bere baitan, herritarren kexak, kontsultak eta iradokizunak bideratuko baititu zerbitzu berriak. ELEBIDE izenak elebitasunerako bidea iradokitzen du, hizkuntz normalizaziorako bidea. Elebakartasuna, edozein hizkuntzatakoa delarik ere, berdin dio gaztelania ala euskara izan, ezinezkoa da, baina gainera ez da desiragarria, ez dugu elebakartasuna helburu, elebitasuna baizik. Helburua, beraz, ez da bakarrik euskararen erabilera areagotu eta normalizatzea: helburua da, gainera, bi hizkuntzen arteko elkarbizitza baketsu, orekatu eta aberasgarria eraikitzea, inoren eta ezeren kontra ez doana, baizik eta guzti-guztion arteko elkarbizitza hobetzeko eta sendotzeko onuragarri eta beharrezkoa dena. Hizkuntza eskubideak bermatuz ez da ezer inposatzen; hizkuntza eskubideak bermatuz gizarte justuagoa, solidarioagoa eta berdintasun handiagokoa eraiki dezakegu, demokrazia osasuntsuagoa duen gizartea.
Euskal Autonomia Erkidegoan bi hizkuntza ofizial daude, euskara eta gaztelania, eta herritar guztiei aitortzen zaie hizkuntza bat zein bestea erabiltzeko eskubidea. Herritar guzti-guztiok ditugu hizkuntz eskubideak. Euskal Autonomia Erkidegoan pixkanaka-pixkanaka baina modu aktiboan eta etengabe benetako elebitasuna lortzeko pausoak ematea da lege-araubideak jarritako helburua. Horretarako ez zaio inori ezer inposatzen, beste bat da eskema: herritarrari inposatu ez, aitortu, errekonozitu egiten zaizkio hizkuntza eskubideak, eta herri-aginteei (ez herritarrei) jartzen zaizkie obligazioak, hain zuzen ere herritarrei aitorturiko eskubideak benetakoak eta errespetatuak izan daitezen.
Honela, Autonomia Estatutuaren 6. artikuluan ofizialtasuna aitortzen zaie bi hizkuntzei, eta bi hizkuntzen ezagutza eta erabilera bermatzeko ardura agintzen zaie herri aginteei, eta agintzen da hizkuntza dela-eta inork ez duela bazterketarik edo diskriminaziorik jasango.
Euskararen Legeak, Titulu oso bat dauka herritarrei hizkuntza eskubideak aitortzen dizkiena eta herri-aginteei obligazioak ezartzen dizkiena, herritarrei aitorturiko hizkuntza eskubideak bizitza sozialean benetan errespetatuak izan daitezen eta bi hizkuntzen erabilpena bermatzeko agindua ematen zaie herri-aginteei.
Euskararen normalizaziorako, eta euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza baketsu eta aberasgarrirako, lan handia egin du euskal gizarteak azken hogei eta bost urteotan, eta nabarmenak dira egindako aurrerapausoak. Oraindik, hala ere, urrun dago benetako elebitasuna. Aurrera goaz ezbairik gabe, baina bide luzea geratzen zaigu oraindik ere bi hizkuntza ofizialen arteko berdintasun sozialera iristeko; oraindik ere bide luzea geratzen zaigu eguneroko bizitza sozialean bi hizkuntzen arteko erabilpen aukera-berdintasuna benetan bermatzeko. Aurrera goaz, ez goaz atzera, ez gaude geldi, bide luzea eta oparoa urratu dugu, baina asko daukagu egiteko, bide luzea daukagu oraindik ere berdintasun horretara iristeko.
Bi hizkuntzen arteko berdintasun soziala, euskararen eta gaztelaniaren arteko berdintasun soziala, euskara eta gaztelania erabili ahal izateko herritarrek aukera-berdintasun benetakoa (ez bakarrik aukera-berdintasun formala) oraindik ere helburu dugula esaten badugu, ebidentea den zerbait gertatzen zaigulako da: euskara eta gaztelania ez daudela egoera berdinean. Gure gizartean euskara oraindik ere ahula da gaztelaniaren aurrean, eta elebitasunean benetan sinesten baldin badugu, elebitasuna –eta ez elebakartasuna- baldin bada benetako helburua, hizkuntzen arteko harremanak berdintasunean oinarritzea nahi baldin badugu, euskararen eta gaztelaniaren arteko elkarbizitza baketsu eta aberasgarrian benetan sinesten baldin badugu, bistakoa da euskararen erabilera bermatzearen aldeko lana dela batez ere eta nagusiki egin beharrekoa. Horregatik da euskararen erabileraren alde aktiboki lan egitea kohesio sozialaren alde eta diskriminazioen aurka jardutea.
Gaztelania ere geurea da, bistakoa da hori. Gaztelania ere maite dugu, nola ez. Baina onar dezagun ez dela gaztelania gaur eta hemen babes beharrean dagoena; euskara dela babesa eta bultzada behar dituena, berdintasunik izango badugu. Eta hori, elebitasunaren alde benetan gauden guztiok beldurrik eta konplexurik gabe onartu beharko genuke.
Begi bistakoa da euskara ez dagoela oraindik gaztelaniaren maila berean, erabilerari dagokionez eta gizartean duen lekua aintzat hartuta, eta euskal hiztunek sarritan sentitzen dute urratu egiten direla euren hizkuntza eskubideak. Hemen herritar guztiok dugu euskaraz edo gaztelaniaz nahi dugun hizkuntzan bizitzeko eskubidea, baina guztiok aitortu beharko genuke hemen berak aukeraturiko hizkuntzan bizitzeko zailtasunak dituena euskaraz bizitzeko hautua egiten duena dela. Euskaraz bizi nahi duenak euskaraz bizitzeko aukera erreala izan dezan ez da bakarrik aukera hori egiten dutenen helburua, gizarte osoaren helburua izan behar du horrek. Horregatik da gizarte osoaren helburua ELEBIDEren bidez egin nahi duguna, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea alegia. Baina bistakoa da guztion premiak ez direla berdinak, eta zerbitzu berri hau, praktikan, ez bakarrik, baina bai oso bereziki gizartearen zati handi eta garrantzitsu batek duen beharra asetzera datorrela, euskal hiztunen hizkuntz eskubideak bermatzera alegia.
Herritar bakoitzak askatasuna eta aukera egiazkoa izan beharko luke nahi duen hizkuntza erabiltzeko, eskubide hori aitortuta baitago zenbait lege eta arautan (Euskararen Legea, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua, …). Baina sarritan legea ez da betetzen eta urratzen dira honek aitortutako hizkuntz eskubideak. Horregatik, legea bete dadin bermatzera dator ELEBIDE, Hizkuntz Eskubideak bermatzeko zerbitzua.
Bereziki, beraz, euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak eskaintzeko, eta herritarren hizkuntz eskubideak babesteko, sortu eta abian jarri nahi du Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak zerbitzu berria.
Horregatik du euskarazko izena zerbitzuak, batez ere euskal hiztunei zuzenduta dagoelako. Euskal hiztunek erabiliko dute zerbitzua gehienbat, euskara gaztelania baino egoera kaxkarragoan baitago, eta ondorioz euskal hiztunen hizkuntza eskubideak baitira urratu ohi direnak.
Baina herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzera dator ELEBIDE, eta zabalik dago herritar ororen mota guztietako kexak eta iradokizunak jasotzeko. Zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoko gizarte osoari dago zuzenduta orokorrean.
Gizakiok giza-eskubideak ditugun bezalaxe, denok konturatu behar gara hizkuntz eskubideak ere baditugula. Hizkuntz eskubideak ez dira aski ezagunak gizartean, baina horiek gizarteratzeaz gain, erakundeek babestu eta gizarteak begirunez zaindu behar dituzte.
- ELEBIDE zerbitzu aktiboa izango da. Ez da kexak eta iradokizunak jasotzera mugatuko, baizik eta kasu bakoitzaren jarraipen zehatza egingo du, jasotzen duen kexa edo iradokizun bakoitzak bere eragina, isla, konponbidea izan dezan.
- ELEBIDEk eraginkortasuna bilatzen du, eta horretarako:
- Hizkuntz eskubideetan adituak direnek eskainiko dute zerbitzua.
- Herritarren kexa eta iradokizunak jaso ez ezik, salatua izan den entitatearekin jarriko gara harremanetan, kasuari konponbidea emateko laguntza eta baliabideak eskainiz.
Adierazi behar da herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea Eusko Jaurlaritza osoaren zeregina dela. Horregatik, ELEBIDE Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren ekimena bada ere, zerbitzu berria gainerako Sailekin lankidetzan arituko da, haiei zuzendutako kexak bideratuz, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak bultzatuz.
Era berean, gainerako herri administrazioekiko elkarlana ere bilatuko du ELEBIDEk, euren jarduerari buruzko kexak jasotzen direnean erantzun egokia eman ahal izateko.
Zerbitzuaren egiteko nagusiak honakoak izango dira:
- Hizkuntza eskubideen urraketak zuzen-zuzenean ezagutzea.
- Aholkularitza eskaintzea: hizkuntz eskubideen eta hizkuntza-araudiaren gainean.
- Kexak jasotzea eta bideratzea: hizkuntz eskubideak urratu direlako edo horiek erabiltzeagatik kaltea jaso delako. Herritarrari babesa eman nahi diogu.
- Kexaren xede diren organismoei, eskubidearen urratzaile gertatu direnei alegia, aholkularitza eta baliabideak eskaintzea, hizkuntz eskubideak errespetatuak izan daitezen.
- Hizkuntz eskubideen berri emateko baliabideak herritarrei eskaintzea.
- Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak babesteko ardura duten Administrazio Orokorreko organoekin, eta Sail ezberdinekin, lankidetzan aritzea hizkuntza araudia bete dadin.
- Hizkuntz eskubideen babesarekin lotutako iradokizunak jasotzea eta bideratzea.
Gaur aurkezten dugun zerbitzu hau eratzearekin legealdi honen hasieran publikoki hartu genuen konpromiso bat betetzen dugu. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren 2005-2009 egitasmoaren barruan, hitzez hitz hartu genuen hizkuntza eskubideen zerbitzua sortzeko konpromisoa, eta pozik gaude emandako hitza betetzera iritsi garelako.
Bukatzera noa: elebitasun benetakoa, euskararen eta gaztelaniaren berdintasun soziala eta herritarren hizkuntza aukera-berdintasuna lortzeko bidean beharrezkoa dugun tresna izango da ELEBIDE. Herritarrei aitortutako hizkuntza eskubideak benetan errespetatu daitezen beharrezkoa dugun tresna izango da ELEBIDE. Herri-aginteen obligazioa da, obligazio saihestezina gainera, legea betetzea eta betearaztea, herritarren eskubidek bermatzea. Daukagun obligazio hori betetzeko tresna izango da ELEBIDE. Hau ez da ezeren edo inoren kontrako zerbitzua, hau herritarren eskubideak babesteko eta bermatzeko, herritarren kexak azkeneraino tramitatzeko, kexen tramitazioan aktiboak eta eraginkorrak izateko, eta urratzaileari laguntza eta aholkularitza emateko zerbitzua da. Arazoak detektatu eta konponbidean jartzeko zerbitzua da. Hau ez da inori koloreak ateratzeko edo inori errieta egiteko zerbitzua. Espero eta desio dugu euskararen eta herritarren eskubideen aldekoa den zerbitzu honen kontra inor ez dela egongo eta denak egongo direla alde, denok gaudelako euskararen alde.
(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|