Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskara administrazioaren bigarren mailako hizkuntza

Zelai Nikolas / Herri-administrazioa / 2006-10-12 / 07:00


Zelai Nikolas Tiraka taldeko kideak Jaurlaritzan euskararen erabilera planetan parte hartu behar duten sail eta ataletako zerbitzuburu, zuzendari, sailburuorde eta sailburuen aurrean 2006-10-11n emandako hitzaldia duzu erabili.com-en.



Lehendakari jauna, Sailburu andrea, hemen bildu zareten guztioi, egunon:

Lehendabizi, TIRAKA taldearen izenean eskerrak eman nahiko genizkieke Hizkuntza Politikako arduradunei jardunaldi honetan parte hartzera gonbidatzeagatik eta gure hausnarketa eta proposamenen berri emateko aukera hau eskaintzeagatik.

TIRAKA taldearen aurkezpena egingo dizuet hasteko, eta hemen bildu garen guztioi eskakizun zehatz batzuk egin nahi genizkizueke amaitzeko.

TIRAKA aurreko legealdiaren amaieran sortu zen. Orduan, gaur bezala, Jaurlaritzako langile euskaldun askotxo kezkatuta geunden, ikusita euskara zein gutxi erabiltzen den Sail eta esparru gehienetan; eta ikusita euskararen erabilera normalizatzeko planen egoera. Tamalez, oraindik ere, euskara Euskal Administrazioan bigarren mailako hizkuntza da, eta euskaldunok bigarren mailako herritar sentitzen gara, sarri askotan.

Pixkana-pixkanaka hasierako hausnarketak mahai inguru batera pasa genituen. Hurrengo urratsa, geure kezka eta proposamenak etxe honetako langile gehiagori helaraztea izan zen. Emaitza Jaurlaritzan euskara bultzatzeko eta erabiltzeko lan ildoen inguruko diagnosi bat adostea izan zen, profil eta sail ezberdineko berrehun bat lankideren babesa jaso zuena. Kritika hutsean geratu nahi ez genuenez, proposamen batzuk egin genizkion Kultura Sailari, aldi berean gure lankidetza eskainiz. Aitortu behar dugu, Kultura Saileko eta Hizkuntza-politikarako Sailburuordetzako arduradunen erantzuna oso aldekoa izan dela, eta oso jarrera irekia erakutsi digutela hasieratik, baita gure kritikak jasotzeko garaian ere.

Labur-labur, hona hemen gure diagnosiaren ardatz nagusiak:

  1. Orain arte Jaurlaritzak bereziki bultzatu duen hizkuntza-politikak langileak euskalduntzea izan du helburu, eta horretan bildu ditu ahalegin eta baliabide gehienak. Nolanahi ere, behin langileak euskaldunduta –edo jadanik langilea euskalduna den kasuetarako– euskararen erabilerari buruzko jarraibideak gehiago indartu beharko genituzke: bestela, gaztelaniaz lan egiten jarraituko dute; eta, sarri, eskuratutako maila galduko dute.
  2. Gaur egun lanpostu bakoitzak bere hizkuntza eskakizuna zehaztuta dauka. Hala ere, oraindik gelditzen dira langileak hizkuntza-eskakizuna lortu gabe; eta urrun gaude, bestetik, sail guztietan normaltasunez euskaraz lan egitetik. Gure ustez, indarrean dagoen euskalduntze-politikan badago zer zuzendu. Ditugun baliabideei etekin hobea ateratze aldera premiazkoa da gogoeta egitea, betiere gogoan izanik zein den gure helburu nagusia: euskararen erabilera bermatzea.
  3. Orain arte etxe barrura begiratu dugu. Jar gaitezen orain herritarrei begira. Legez, Administrazioak bermatu behar die herritar euskaldunei, beraiekiko harremanetan –ahoz nahiz idatziz- euskara erabiltzeko eskubidea.

Uste al duzue gaur egun helburu hori lortu dugula? Aurrerapausoak eman dira, bai; baina ez nahikoak, gure ustez. Areago, gu guztiok kide garen Euskal Administrazio honetan ez da errespetatzen, askotan, euskaldunaren hizkuntza-aukera.

Hiru adibide aipatuko ditugu:

Adibide gehiago jar genitzake. Ez dugu uste, ordea, une egokia denik gaiaren azterketa sakona egiteko. Bi hitz baino ez egoera laburbiltzeko: oraindik euskaldunekiko arreta eta errespetu falta dago.

Komunikabideetan maiz entzun eta irakurri behar izaten dugu zein gutxi garen euskara erabiltzen dugun herritarrak, baina horren zergatia ez dute azaltzen. Aurkeztu dugun panorama horretan argi ikusten da euskara gizarte honetan bigarren mailako tresna dela, baita bertako erakundeetan ere. Horregatik iruditzen zaigu behar-beharrezkoa euskararen erabilera normalizatzeko proiektu hau aurrera ateratzea.

Euskaldunari ahalegin berezia eskatzen zaio beti, baina ez al da ordua ahaleginaz batera erraztasunak ematen hasteko ere? Euskaldunen eta erdaldunen arteko berdintasuna bermatu behar da eta horretarako Administrazioak, Administrazio osoak, bere ardurari heldu behar dio.

Kultura sailburuak duela egun batzuk esaldi hau bota zuen: "enpresak ez dezala erdaldundu eskolak euskaldundu duena". Beste horrenbeste eska dakioke Administrazioari berari ere: Administrazioak ez dezala erdaldundu eskolak euskaldundu duena.

Euskararen Legeak 25 urte beteko ditu laster. Une egokia izan daiteke denon artean honen inguruan hausnarketa zabal bat egiteko, proposamen berriak lantzen hasteko eta 25 urte geroago legea betetzeko.

Bide horretan, hona hemen gure proposamenak:

TIRAKA-kideok bide berriak proposatzen jarraituko dugu. Euskara euskaldunen artean erabiltzeko tresna da, eta guztion lanak horretan berebiziko garrantzia du. Gogoan izan.

Besterik gabe, eskerrik asko zuen arretagatik.

(ZELAI NIKOLAS Tiraka taldeko kide da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1160581364