![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Miren Azkarate Villar / Herri-administrazioa / 2006-10-12 / 07:00
Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak administrazioan euskararen erabilera planetan parte hartu behar duten Jaurlaritzako sail eta ataletako zerbitzuburu, zuzendari, sailburuorde eta sailburuen aurrean 2006-10-11n emandako hitzaldia duzu erabili.com-en.
Jaun-andreak, Kultura Sailaren izenean, ongi etorri, eta eskerrik asko gure gonbitari halako erantzun bikaina eman izanagatik.
Gaurko ekitaldi honetan, Eusko Jaurlaritzako sail eta erakunde autonomo guztiok bildu gara, mintzagai daukagun proiektuak guztioi eragiten digulako zuzen-zuzenean. Hemen gaude, beraz, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Proiektuan parte hartuko duten ataletako zerbitzuburuak, zuzendariak eta sailburuordeak. Gehienok, Lakuako Areto Nagusi honetan; baina ez denok, izan ere Bilbon eta Donostian ere lankide ugari jarraitzen ari da saio hau bideokonferentziaz. Haientzat ere, besarkada bat. Are gehiago: ekitaldia grabatzen ari denez, intraneten eta interneten bidez ikusteko aukera ere omen da; gure agurrik beroena, ikusle horientzat.
Saioari berari ekin baino lehen, mahai honetan eserita daudenak aurkeztu nahi dizkizuet; nire ondoan, aurkezpenik ez du behar baina, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria dago; egia esan behar badizuet, orain dela aste batzuk komentatu nionean aurkezpen hau egiteko asmoa genuela eta asko gustatuko litzaigukeela berak parte hartzea, segituan erantzun zidan baietz; horrek agerian uzten du lehendakariak euskararenganako sentitzen duen zaletasuna, eta euskararen erabilera sustatzeari ematen dion garrantzia.
Lehendakariaren aldamenean, Patxi Baztarrika daukagu, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta proiektuaren bultzatzaile nagusia; berak emango dizkigu egitasmoari buruzko xehetasunak.
Eta, azkenik, nire ondoan, Zelai Nikolas, Tiraka taldeko ordezkaria. Dakizuenez, Tiraka taldea Jaurlaritzako langile euskaltzale batzuek osatzen dute, eta azken urteotan ekarpen interesgarriak egin ditu, euskara Administrazioan normalizatzeari begira.
Gonbita egiterakoan adierazi genizuen bezala, ekitaldi honen helburua Administrazioan euskararen erabilera areagotzearen garrantzia azpimarratzea da, euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gain, arian-arian lan hizkuntza ere izan dadin. Euskara normalizatzeko ahalegin handiak egin dira azken hogeita bost urte hauetan, eta horiei esker, euskarak esparru berriak irabazi ditu gizartean, komunikabideetan, merkataritzan, lan munduan, eta, guri dagokigunez, baita Administrazio Publikoan ere.
Aurreko plangintzaldian, 1998-2002ko horretan alegia, administrazioko langileak euskalduntzeari eman genion lehentasuna; euskaraz buru-belarri trebatzearen ondorioz, langile gehienek hizkuntza eskakizuna egiaztatu dute urte hauetan; hizkuntza aldetik prestatuta daude, beraz, euskaraz lan egiteko. Zoritxarrez, euskararen ezagupenaren hazkunde hori ez da izan erabileraren adinekoa; beste hitz batzuetan esateko: badugu euskaraz lan egiteko gaitasuna, baina hainbat tokitan, urte luzeetako inertziaren indarrez, gaztelaniaz jarraitzen dugu lanean. Garbi dago, beraz, Administrazioa benetan elebiduna izango bada, ezinbestekoa dugula euskararen erabileran aurrerapauso sendoak ematea.
Horretan, Eusko Jaurlaritzak bide-erakusle izan beharko luke beste administrazioentzat, eta oro har, euskaraz lan egin nahi duten enpresa guztientzat. Alde horretatik aipatu behar da legegintzaldi honetan Kultura Sailak berebiziko esfortzua egin duela euskara lan mundura zabaltzeko; hor daude, besteak beste, patronalarekin eta sindikatuekin izenpetutako hitzarmenak edo Lanhitz programa bera; eta baita une honetan aurkezten ari garen proiektua ere.
Denok dakigu hirugarren plangintzaldiaren amaieran gaudela, eta 2008ko urtarrilean hasiera emango diogula laugarrenari. Hilabete batzuk dauzkagu aurretik, erabilera planak gure sailetan adostu eta martxan jartzeko. Dudarik gabe, esperientzia horretatik ateratako ondorioak eta egindako hausnarketak guztiz baliagarriak izango dira hurrengo plangintzaldia diseinatzerakoan.
Abian jarri nahi dugun proiektuari laguntza osoa emango diozuelakoan nago, zuen babesik gabe hutsaren hurrengoak izango baitira bideratuko ditugun ekintza guztiak.
Euskararen normalkuntzarako dugun konpromisoa berresteko ordua da; hizkuntzaren ezagupen teorikotik benetako erabilerarako jauzi kualitatiboa egite aldera, euskaraz lan egiteko gai diren guztien inplikazioa bilatu behar dugu; beren hizkuntzarekiko lotura eta auto-estimua indartu beharra dago; euskararen presentzia eta erabilera bultzatu behar dugu gure sailetako eguneroko jardunean, gure programa nagusietan, eta bereziki, gizartean islarik handiena duten horietan.
Behar-beharrezkoa da gure bi hizkuntza ofizialen erabilera finkatzea: zein hizkuntza zeinekin erabiliko dugun eta zertarako, hizkuntz politikako erabaki garrantzitsu horiek ezin baitira geratu kasuan kasuko langilearen esku.
Behar-beharrezkoa da, era berean, gure dokumentuen kalitatea zaintzea; IVAPek zabaldutako bidetik, herritarren hizkeratik hurbil idatzitako testuak kaleratu behar ditugu, herritarrek ulertzeko modukoak, Administrazioaren jarduerari dagozkion zuzentasuna eta zehaztasuna auzitan jarri gabe.
Behar-beharrezkoa da, nola ez, administrazioko idazkiak euskaraz sortzea, itzulpenetara modu sistematikoan jo beharrean; era guztietako dokumentuak, gainera; nahi izanez gero, errazenetik hasita, baina lege-testuak eta testu teknikoak ere euskaraz idatz daitezkeela kontuan izanik.
Erronka horri aurre egiteko, denok egin behar dugu lan; guztion gainetik, hizkuntz politikako gidaritza daramagunok, hori delako gure zeregina eta gure nahia; baina baita zeuek ere, Eusko Jaurlaritzako langileen ardura duzuen horiek, proiektu honetan jartzen duzuen gogoa ispilu izango baita zuen aginduetara dauden guztientzat. Denok lan egin behar dugula esan dut, eta horretan ez ditut alde batera utzi nahi erabilera planetan parte hartuko duten langileak. Nire animo guztiak zuentzat. Badakit euskara bihotzez maite duzuela, eta gogotsu inplikatuko zaretela gure egitasmoan.
Eta besterik ez, nire aldetik. Euskararen Erabilera Normalizatzeko Proiektua euskararen aldeko apustu garbia da; apustu horretan jarri ditugu gure itxaropenak. Aritu gaitezen elkarlanean, konpromiso hori egia bihurtzeko.
Eskerrik asko denoi.
(MIREN AZKARATE VILLAR Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburua da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |