Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Ikusmira ederra euskararen tontorretik

Juan Jose Ibarretxe Markuartu / Herri-administrazioa / 2006-10-12 / 07:00


Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak administrazioan euskararen erabilera planetan parte hartu behar duten Jaurlaritzako sail eta ataletako zerbitzuburu, zuzendari, sailburuorde eta sailburuen aurrean 2006-10-11n emandako hitzaldia duzu erabili.com-en.



Jaun/Andreak, egunon denei: bai areto honetan zaudetenei, eta baita Bilbotik, Donostiatik edo ordenagailuetatik hitzaldi hau jarraitzen ari zareten guztiei.

Lehenengo eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, ekitaldi honetara gonbidatu izanagatik; baina, batez ere, eskerrak eman nahi dizkizuet zuei, euskararen erabilera planen aldeko saio honetan nirekin batera egoteagatik.

Eusko Jaurlaritzan gaude; nolabait esateko, Euskal Gobernuaren bihotzean; eta euskaraz ari gara, euskara hutsez. Bat-bateko itzulpen zerbitzua badago, hitzaldiak gaztelaniaz belarriratu ahal izateko; hala ere, ikusten dut zuetariko gehienok ez duzuela entzungailuren beharrik, eta horrek biziki pozten nau, izan ere argi eta garbi adierazten du Eusko Jaurlaritzaren barruan gure hizkuntza zaharra bide berriak urratzen ari dela.

Eta horretaz gain, pozgarria da niretzat hona ekarri gaituen proiektua ere: Euskararen Erabileraren Normalizazio Plana Eusko Jaurlaritzan. Ederki asko azaldu dizkigu Patxik proiektuaren nondik norakoak; hortaz, ez naiz gehiago luzatuko horren deskribapenean. Baina utzidazue, behintzat, esaten proiektu sendoa iruditzen zaidala, helburu lorgarriak finkatzen dituena, eta garrantzitsuena: sail guztiak bere baitan hartzen dituena. Hortxe dugu datozen hilabeteetarako apustu berria, eta horri erantzuten saiatuko gara Eusko Jaurlaritza osatzen dugun guztion artean.

Mirenek, Patxik eta Tirakako lagunek aurretik esan duten bezala, urrats sendoak egin ditugu hogeita bost urte hauetan, euskararen normalkuntza ziurtatzeko; eta zer esanik ez, Administrazio Publikoan. Asko genuen egiteko, eta asko egin dugu. Gaur egun, inoiz baino langile euskaldun gehiago daukagu; sekula baino indar eta tresna ugariago jarri dira euskararen alde: hiztegiak, idazki-ereduak, trebakuntza-ikastaroak...; kalitatezko administrazioko hizkera garatu dugu, eta horri esker, testu zuzenak, jatorrak, egokiak eta argiak idazteko moduan gaude. Harro egon behar dugu, beraz, urte hauetan guztietan lortutakoaz.

Hala ere, oker handi batean egongo ginateke, lana amaitu dugula pentsatuko bagenu: oraindik ere, lan handia dugu eginkizun. Euskara benetan biziko bada, erabili beharra dago; azken finean, hizkuntzak erabiltzeko dira, eta erabiltzen ez baditugu, herdoildu egiten dira eta betiko galdu. Honezkero konturatuko zineten ekitaldi honetako hizlari guztiok bat etorri garela honetan: orain lehen baino gehiago egiten da euskaraz, baita lehen egiten ez zen tokietan ere; baina jauzi handia dago ezagutzaren eta erabileraren artean: guri dagokigu bi bazter horiek lotuko dituen zubia eraikitzea.

Administrazioa herritarren zerbitzurako dago; horretarako sortu zen, eta hori da bere izaeraren funtsa. Nekez eman dezakegu kalitatezko zerbitzua, ordea, Euskal Autonomi Erkidegoko hizkuntza ofizialetako bat baztertu egiten badugu. Gaztelaniarekin batera, euskara ere erabili behar dugu zerbitzu-hizkuntza moduan herritarrekiko harremanetan; horretara bultzatu behar dugu gure jarduna.

Euskal gizarteak baietz esan dio euskarari argi eta garbi, hamaika aldiz eta hamaika modutan esan ere. Gure seme-alabak euskaraz ikasten ari dira, eta urte gutxi barru herri honetako gidari eta liderrak izango dira hainbat esparrutan, gauza jakina baita, gaur egun, ugariagoak direla unibertsitatean euskaldunak erdaldunak baino. Zer esan nahi du horrek? Ba, urte gutxi barru guregana joko duten herritarrak eta baita funtzionario berriak ere euskaraz mintzatzeko eta lan egiteko gauza izango direla.

Ezin dugu entzungor egin: zerbitzua euskaraz ere emateko eskatzen digute herritarrek behin eta berriro; denok ulertzeko moduko euskara jatorrean gainera, eta ez administrazio zaharkituek hain maite duten hizkera mordoilo horretan. Eskaera horri erantzun egin behar diogu, eta erantzungo diogu.

Baina etxe barrutik hasi beharra dago. Mirenek oso ondo esan duenez, euskarak, zerbitzu-hizkuntza izateaz gain, gure lan-hizkuntza ere behar du izan. Administrazioan gai izan behar dugu modu naturalean euskaraz jarduteko; ez gauetik goizera, ez estu eta larri, baizik eta poliki-poliki, presarik gabe, baina beti aurrera egin behar dugula ahaztu barik. Telefonoa hartzen dugunean, gure arteko bilerak egiten ditugunean, posta elektronikoz mezu bat bidaltzen dugunean edo dokumentu teknikoak idazten ditugunean... euskarari ere merezi duen tokia aitortu behar diogu.

Badakit ez dela erraza orain arte erabili ez dugun hizkuntza batean lanean hastea. Oso ondo dakit nik hori. Badakit aldapa gogorrak igo behar direla tontorrera ailegatzeko, eta ohituta ez dagoenarentzat bide latza izan daitekeela euskaraz jardutea. Hori ere ederki dakit. Badakit kasu askotan beste hizkuntza batean egin ditugula ikasketak; gaztelaniaz lan egin dugula nagusiki orain arte; gure hizkuntza-maila, askotan, ez dela egokiena lan tekniko batzuei ekiteko; arduradunek, maiz ez digutela behar besteko laguntzarik eskaini... Hori guztia egia da. Baina egia ere bada, ahaleginaren ahaleginaz, aurrera egiten dela. Ez zalantzarik izan: lortu dezakegu, eta, denon laguntzarekin, lortu egingo dugu.

Seguru nago Eusko Jaurlaritza aitzindari izango dela zeregin horretan; bide-erakusle, gainontzeko administrazioentzat. Euskararen erabilera planak abian jarrita, ateak oso-osorik zabalduko zaizkio benetako elebitasun orekatuari. Elebitasuna... Administrazioko hainbat jenderi, “elebitasun” hitza entzutean, bi hizkuntza ofizialetan idatzitako dokumentuak datozkio burura; nolabait esateko, “lan bikoitza” edo “alferreko lana”. Hori ez da niretzat elebitasuna. Elebitasunak ele bietan jardutea dakar, bai; baina, ezin diogu euskaldunari euskara hutsean egin? Ezin dugu euskaldunarekin euskaraz soil-soilik lan egin? Eusko Jaurlaritzako sailen arteko hainbat eta hainbat komunikazio ezin dira askotan euskaraz bakarrik gauzatu? Eta erakundeen artekoak?

Erdalduna nintzen, ezagutu ninduzuenean; orain euskalduna naiz, euskaldun osoa. Pixkanaka-pixkanaka, ia-ia oharkabean, euskara neure bizitzaren zati bihurtu da, neure barne-muinetan kolatu zait, baimenik eskatu gabe; eta ez bakarrik lanean edo protokolozko ekintzetan; etxean ere, emaztearekin eta alabekin, euskaraz hitz egiten dugu. Une honetan, euskara eta gaztelera, biak ditut neure, biak ditut maite, bi kultura aberatsetarako sarbidea eskaini didatelako. Eta benetan esaten dizuet: merezi izan du ahaleginak; igoera malkartsua izan bada ere, merezi izan du, ikusmira ederra baita tontor honetatik.

Eta nik egin badut, beste horrenbeste egitera animatu nahi zaituztet.

Gaurko saioan nire aurrean zaudeten gehienak euskararen erabilera normalizatzeko planetan parte hartuko duten atalen arduradunak zarete: zerbitzuburuak, zuzendariak, sailburuordeak eta sailburuak. Jakin ezazue: zuen laguntzarik eta partaidetzarik gabe, proiektu honek ez dauka etorkizunik. Alfer-alferrekoak izango dira helburu, ekintza eta batzorde guztiak, horien atzetik zuek ez bazaudete erraztasun guztiak emateko, eta beharrezkoa denean, babes eta sostengu eskaintzeko. Prozesu honetan zeuek izan behar duzue ispilu eta berme; zeuek izan behar duzue eredu eta akuilari. Gure sailetan antzinako inertzia asko astindu beharra dago, eta hori lortze aldera, ezinbestekoa da zuen inplikazioa. Lehendakaria naizen aldetik, proiektu honetan jarri ditut nire ametsak eta itxaropenak, eta ez daukat zalantza izpirik ere: ziur naiz itxaropen horiek, zuen ekimenari esker, bete egingo direla.

Zuek zarete, beraz, proiektuaren arduradunak; beste batzuk dira, ordea, benetako protagonistak: plangintzaldi honen barruan euskararen erabilera normalizatzeko proiektuan parte hartuko duten ataletako langileak. Zoritxarrez, areto honetan ez dago nahiko tokirik nahiko genukeen jende guztiarentzat, eta horregatik, zuetariko gehienak ezin zarete hemen egon; baina, egon gabe ere, hemen zaudete, zuen gain baitago sail bakoitzeko erabilera plana errealitate bihurtzea. Proiektuak erronka berriak ekarriko dizkizue, eta horrekin batera, esfortzuak eta nekeak. Sinistu, esaten badizuet behar diren baliabideak eta tresnak jarriko ditugula, zuek egindako ahalegin horiek guztiak arrakastatsuak gerta daitezen.

Ez nuke saio hau amaitu nahi, normalkuntzako teknikarien zeregin garrantzitsua aipatu barik. Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren zuzendaritzapean eta IVAPen laguntzarekin, zuek, normalkuntzako teknikariok, hartuko duzue bizkarrean erabilera planak zuen sailetan zabaldu eta koordinatzeko zamarik astunena. Euskara maite duzue; urte luzeak daramatzazue lanean euskararen alde. Izan dadila eskatzen dizuedan ahalegin hau, horren lekuko.

Honaino helduta, Bernardo Atxagaren hitzak ekarri nahi ditut gogora:

“Horregatik dabil bizkor gaztelera eta makal euskara: jendeak berealdiko gauza pila egiten dituelako euskararen alde, salbu eta beharrezkoa den bakarra: hitz egin”.

Ekitaldia bukatzeko, pare bat hitz, besterik ez. Erabil dezagun euskara Administrazioan. Izan dadila egia gure mahai askoren gaineko egutegiek diotena: “Nik administrazioan ere, euskaraz”.

Eskerrik asko.


(JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU Eusko Jaurlaritzaren lehendakaria da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzunak


Euskaldunon auzolana

Joxemari Muxika / 2006-10-13 / 10:54

Gustatu zait zure hitzaldia, zerorrek egin duzun bidea egitera guztiok animatuz: "euskararen tontorrerako" bidea, alegia. "Kalitatezko zerbitzua izateko gaztelaniaz bezala euskaraz ere izan behar duela" diozu. Arrazoi duzu, eleanitz gaitasuna izanik ez dago dena bieletan egin beharrik "euskaldunak euskaldunari euskaraz" egitea nahikoa da, bazterketarik gabe. Ados nago zure mezuarekin. Eta administraziori buruz diozunak gainerako zerbitzuetan ere aplikagarria dela pentsatzen dut.

Ezaguna izango zaizu, baina esan nahi dizut, euskararen erabilera garatzeko zereginetan arduratuta gabiltzanak asko garela administraziotik kanpo ere, horien artean, EUSKARA ELKARTEETAN antolaturik auzolanean gabiltzanak. Euskara Elkarteek ia Euskararen Legeak hainbat urte daramatzate lanean; Euskal Herri osoan 85 elkartetik gora dihardute; eta guztien artean 15.000 bazkide inguru dira euren lanarekin eta gutxienez beren kuotekin sostengua ematen dietenak.

Zuk badakizu, antolatu gabeko gizarteak eragin txikia duela, erdararen itsasoetan euskaldunak bakarka gutxi aurreratu dezakeela, antolatzeak eta elkarlanak etorkizuna errazten duela, ... Arrazoi guzti horiengatik txoko guztietako euskal hiztunek hartu zuten ANTOLATUTA AUZOLANA EGITEKO BIDEA eta hala egiten jarraitzen dute.

Sindikatu eta alderdi politikoek betetzeko zailtasuna duten lekua Euskara Elkarteek hartzen dute. Auzolanean, borondatezko lanean, ari den euskaldun kopurua kontuan hartuta ordezkaritza garrantzitsua daukate.

Ea denon artean eta elkarlanean, euskara berreskuratzeko erronka gainditzen dugun.

Joxemari Muxika AEDko bazkidea


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1160579423