Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Administrazioa prest euskaraz lan egiteko

Patxi Baztarrika Galparsoro / Herri-administrazioa / 2006-10-12 / 07:00


Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak administrazioan euskararen erabilera planetan parte hartu behar duten atalen zerbitzuburu, zuzendari, sailburuorde eta sailburuen aurrean 2006-10-11n emandako mintzaldia duzu erabili.com-en.



Jaun/Andreok, egunon eta ongi etorri:

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren izenean, nire eskerrik beroenak eman nahi dizkizuet denei, eta bereziki, lehendakariari, hemen egoteagatik. Badakit zuen zereginak utzi behar izan dituzuela ekitaldi honetara bertaratzeko, eta hori eskertzekoa da bene-benetan.

Administrazioan, beste esparru askotan bezala, ibilbide luzea egin dugu azken urteotan, euskararen normalizazioa ziurtatzeko. Izan dira, –egongo ez ziren, ba–, argi-ilunak gure jardunean; baina argiuneak gailentzen zaizkie, nabarmen, ilungune horiei. Euskarari eman zaion estatus juridikoari esker eta hizkuntza politikaren ekimenari esker, emaitza oparoak jaso ditugu. Horren erakusgarri dira, besteak beste: langileak euskalduntzeko egindako ahaleginak, errotulazioan euskararen presentzia areagotzeko saioak, itzulpen politika eta abar eta abar.

Gaur egun esan dezakegu Administrazioa prest dagoela, neurri handi batean, euskaraz lan egiteko. Habietako txorikumeek bezala, gorpua nahikoa lumatuta daukagu hegan egiten hasteko; baina, horretarako, jauzi egin behar da babeslekutik, eta horrek beldurra ematen du beti. Bada, apur bat berandu izan arren, heldu zaigu, azkenik, salto egiteko eguna.

Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak 2004an agindu zigun euskararen erabilera normalizatzeko planak sail guztietan abian jartzeko, eta horretara dator, hain zuzen ere, gaurko ekitaldi honetan aurkezten ari garen proiektua: egitasmo serio eta sendoa benetan, Administrazioan gure hizkuntzaren erabilera bultzatzeko bideratuta. Hemen zaudeten gehienok proiektuaren ezaugarriak ezagutzen dituzue, azken hilabeteotan sailez sail egin ditugun aurkezpenetan egon baitzarete. Nire asmoa, beraz, ez da erabilera normalizatzeko planak goitik behera deskribatzea, baizik eta plan hauek ekarriko dituzten abantailak eta onurak azaltzea.

Esan dezadan, hasteko, proiektu EGINGARRIA dugula eskuartean. Erraza izan zitekeen, teorian behintzat, erabilera planetan Eusko Jaurlaritzako langile guztiei sarbide ematea; baina argi dago, egitasmoa arrakastatsua izango bada, muga batzuk izan behar dituela, eta muga horien barruan bildu behar ditugula gure indarrak, alferrik galdu ez daitezen. Horrenbestez, bi talde nagusiri eragingo die proiektuak: batetik, jendaurreko atalei; eta, bestetik, langile euskaldunen kopuru handia dela-eta, plangintzaldi honen amaieran elebidun izendatuko direnei. Dena dela, badago hirugarren talde bat, handia eta garrantzitsua, gure ustez, erabilera planetatik kanpo ezin geratu daitekeena: alegia, aurreko bi atal horietakoak ez izan arren, derrigorrezko data igarota eta dagokien hizkuntza eskakizuna egiaztatu duten langileak. Proiektuan parte hartzera ezin genituen behartu, baina bai gonbidatu, eta hala egin dugu. Haien erantzuna oso ona izan da, eta askok eta askok gogoz eman dute izena, gure erabilera planetan parte hartzeko.

Proiektu MODERNOA da, teknologia berriei berebiziko arreta eskaintzen dielako. Erabilera areagotzeko ekintzak gauzatzerakoan, ezin izan gaitezke beste hizkuntzen maizter izan: euskara teknologia berrietara egokitu behar dugu; teknologia berrien lehian egon beharra dago, gure hizkuntzak ibilbide zabalagoak eskura ditzan.

Esan dugu proiektua egingarri eta modernoa dela, baina BATERATUA ere bada. Zergatik? Kontuan izan behar duzue Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Eusko Jaurlaritzako sail guztientzat diseinatu duela egitasmoa. Horrek esan nahi du datorren urtearen hasieran sail gehienek izango dituzuela martxan zuen erabilera planak, denak konturatu baikara errazagoa eta eraginkorragoa dela batera jardutea, nor bere aldetik ibiltzea baino. Horren guztiaren ondorioz, bihar-etzi hainbat ekintza gauzatu ahal izango ditugu elkarrekin, esperientzia onak elkartrukatu, oker egindakoez besteei ohartarazi eta abar eta abar.

Horretaz gain, egitasmoak hirugarren ezaugarri bat du; funtsezkoa, gainera: NEURGARRIA da. Dakizuen bezala, aurkezpenak amaitu eta berehala hasi gara sail bakoitzean euskararen egoera zertan den aztertzen. Orain arte, benetako datuetan oinarritzen ez ziren baieztapen ugari entzun eta egin izan dira. Hemendik aurrera, berriz, egiten ari garen diagnosi kuantitatibo eta kualitatiboaren laguntzaz, datu zehatzak izango ditugu, euskararen egoera luze-zabal ezagutzeko; jakingo dugu, esaterako, zenbaterainokoa den euskararen aldeko jarrera; lan-jardueretatik zeintzuk gauzatzen diren euskaraz; barne eta kanpoko harremanak zein hizkuntzatan izaten diren; Jaurlaritzaren kanpoko zenbat jendek eskatzen digu euskaraz lan egiteko; kaleratzen ditugun idazkietatik zenbat dauden itzulita; saileko hizkuntz paisaiak euskara aintzat hartzen duen ala ez, eta baita arduradun politikoen euskara-maila ere. Jakingo dugu, era berean, Eusko Jaurlaritzako sailetan hizkuntza irizpiderik finkatu den ala ez; baliabide informatikoak euskaraz dauden; zer-nolako harrera egin diogun gure hizkuntzari kontratuetan; eta hamaika xehetasun gehiago.

Horrek guztiak bi abantaila nagusi ekarriko dizkigu: lehenengo eta behin, sail bakoitzaren argazkia emango digu: 2006ko urriko erretratua. Eta argazki horretan oinarrituko gara, sailez saileko plan berezituak martxan jartzeko orduan, begien bistakoa baita sailetako abiapuntuak baldintzatu egiten dituela plan bakoitzaren nondik norakoak. Beste alde batetik, inkesten ondorioz bildutako informazioak aukera emango digu planaren bilakaera gerora neurtzeko; jakingo dugu, horrela, ezarritako helburuak betetzen ari diren ala ez; erabilera, guk ezarritako neurrian, aurrera doan ala gelditu egin zaigun eta abar.

Bestalde, gaurko ekitaldian aurkezten ari garen proiektu hau proiektu MALGUA da. Horretarako arrazoia garbi dago: oraintxe bertan azaldu dudanez, sail bakoitzaren abiapuntua ezberdina da; ezberdinak dira eragindako langile-kopuruak, erabil ditzaketen giza baliabideak eta baliabide materialak; euskararen egoera bera ere oso ezberdina da toki batetik bestera. Egitasmoak, beraz, nolabaiteko malgutasuna eskaini behar die sailetako arduradunei, helburu batzuk edo beste batzuk aukeratzeko; edo eskaintzen diren ekintzen artean batzuk lehenesteko eta beste batzuk, oraingoz, bazter uzteko.

Esandakoagatik guztiagatik ulertzekoa da erritmoak ezberdinak izatea sail bakoitzean; badakigu, jakin, sail batzuetan azkarrago joango zaretela beste batzuetan baino: hori normala da eta onargarria, baldin eta helmuga zein den argi badaukagu: gure esku dauden neurri guztiak hartzea, pixkanaka baina etenik gabe, euskararen erabileran aurrera egiteko.

Proiektu egingarria dela esan dugu, modernoa, bateratua, neurgarria eta malgua; baina, oroz gainetik, proiektu EGITURATUA da gurea. Eta egituratua da, hau bezalako egitasmo bat abiarazteko behar diren egiturak sortuko dituelako. Kasu honetan, hiru batzorde nagusi:

Lehendabizi, Normalkuntzako Teknikarien Batzordea sortu dugu: Jaurlaritza mailako batzorde teknikoa da, eta garrantzi handikoa, bide emango digulako gauzak egun eta toki bakoitzean benetan nola doazen jakin ahal izateko.

Sortu dugun bigarren egitura Saileko Jarraipen Batzordea da. Eusko Jaurlaritzako sail guztiek izango dute jarraipen batzorde bana, izenak dioen bezala, sail horren erabilera planaren jarraipena egiteko.

Hirugarren Batzordea Jaurlaritza mailakoa da: Normalkuntzako Batzorde Iraunkorra. Horrek proiektu osoaren ardura izango du; berak hartuko ditu sail guztiei eragiten dieten erabakirik estrategikoenak; berak zainduko ditu planak eta ahaleginduko da sor daitezkeen arazo guztiak konpontzen.

Aipatu ditut, azal-azaletik ez bada ere, proiektuaren zenbait onura; dena dela, ezin dut amaitu, abantailarik nagusiena zein den esan gabe. Euskararen erabilera normalizatzeko egitasmoa proiektu ERAIKITZAILEA da. Eta azalduko dizuet zergatik. Mirenek lehen esan duen bezala, 2007ko abenduan bukatutzat emango dugu hirugarren plangintzaldia: hamalau hilabete eskas geratzen zaizkigu, erabilera plan hauek Eusko Jaurlaritzako sailetan ezartzeko. Denbora gutxi, izan ere administrazio batean lan hizkuntza ordezkatzea prozesu zaila da, egun batetik bestera antzematen ez dena, pazientzia handia eskatzen duena.

Nolanahi ere, orain emandako urratsak balio handikoak izango dira 2008-2012ko laugarren plangintzaldiari begira. Proiektu honen bitartez hurrengo plangintzaldirako zutoinak ezarri ditugu: alegia, ezagutzen dugu abiapuntuko egoera zein den; denok bat gatoz erabili beharreko metodologiari dagokionez; proiektua kudeatzeko eta horren jarraipena egiteko behar diren batzordeak sortu ditugu dagoeneko. Inolako zalantzarik gabe, oinarri horien gainean eraikiko ditugu datozen urteetan euskararen erabilera sustatzeko diseinatuko diren plan berriak.

Urriaren erdialdean gaude. Urtearen amaierarako, planak diseinatuta nahi ditugu sail gehienetan; datorren urtean ekintzekin hasteko moduan egon nahi dugu, hortaz. Arian-arian, baliabideak jarriko ditugu, herri-langileek euskaraz erraz eta eroso lan egin dezaten; mintza saioak egongo dira, zuzen eta jator idazteko ikastaroak, zalantzak argitzeko guneak, kalitate handiagoko dokumentuak erabiltzeko bideak, zerrenda terminologikoak, prestakuntzako ikastaro gehiago euskaraz, eta beste hainbat baliabide, guztiak ere, langileen esku.

Hilabete batzuetan ez dugu Administrazio osoa euskaraz lanean jarriko. Ezinezkoa da, eta une honetan ez diogu geure buruari ezinezkorik jarri nahi. Sail bakoitzak, gutariko bakoitzak, langile bakoitzak bere norabidea aldatu behar du; orain arte gaztelania hutsez gauzatu ditugun zeregin batzuk euskaraz egiten hasi behar dugu; kostako zaigu hasieran; prestakuntza beharko dugu zenbait eginbeharretarako; gerorako utzi beharko dugu hainbat egiteko; baina gure ahalegin guztiak horretara zuzendu behar ditugu.

Zer esanik ez, eragindako ataletako arduradunak zaretenez, zuen aldeko jarrera behar-beharrezkoa da, ezinbestekoa, esango nuke. Eredu eta jarraibide izan behar duzue, erabilera planak guztion ardura baitira, ez bakarrik Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzarenak.

Horrenbestez, lehendakariaren aurrean eta Hizkuntza Politikarako sailburuordea naizen aldetik, animatu nahi zaituztet urratutako bidetik aurrera segitzeko. Eta horretan ez zalantzarik izan: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza bidelagun izango duzue beti, euskarak Administrazioan eta gizartearen esparru guztietan behar duen tokia behin betiko izan dezan.

Eskerrik asko, lankideok, zuen arretagatik.


(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1160578414