Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Hamahirugarrena Uxuekoa, Erriberriko Merindadekoa

Hamahirugarrena Uxuekoa, Erriberriko Merindadekoa

2006-10-17 / 07:00 / Andres Iñigo   BESTELAKOAK

Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzainak Uxuen 2006-9-29an egin zuen sarrera hitzaldiari Andres Iñigok emandako erantzuna irakur dezakezue jarraian.

Pozgarri zait sarrera hitzaldi honi erantzuna ematea, Patxi Salaberri adiskideak berak eskatu didalako eta bere sorterrian delako, hemen Uxuen, puntu kardinalen arabera Pirinioak eta Moncayo, Aragoiko eta Errioxako mugak begien bistan dituen begiratoki paregabe honetan. Erdi Aroko aztarnak eta egitura ederki gordetzen dituen hiribildu honen kaxkoan dagoen gaztelua ­ aspaldi eliza bihurtua­ Iruñeko Erresumak lehenik eta Nafarroakoak ondotik zaintzailetzarako eraiki zuten.

Nafarroako Erresumak hasiera batean defentsarako soilik erabili zuen leku erakargarri hau, ikasketa, ikerketa eta kulturaren zaintza eta zabalkunderako ikur bihurtzeko asmoa ere izan zuen. Jakina da XIV. mendean Evreux Etxeko Karlos II.ak unibertsitatea eraiki nahi izan zuela hemen, oraindik ere agerian dauden zimenduek erakusten duten bezala. Asmo eder hura gauzatzerik izan ez bazuen ere, Uxueko Andre Mariari zion maitasunaren seinale, hildakoan bere bihotza eliza honetan uzteko agindu zuen.

Goi Erdi Aroan Nafarroako Erresuma sortu berriaren defentsarako gaztelu, Behe Erdi Aroan Erresumaren kultura-gunerako egitasmo, eta mendez mende gaurdaino bere inguru zabalean dauden Erriberri eta Zangoza Merindadeetako eta Erriberako herri anitzen ikur erlijiosoa da.

Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo hainbat eta hainbat neskari ponte izena eman dion hiribildu hau euskaraz mintzo zela egiaztatu zuen euskaltzain berriak orain dela hamalau urte burutu zuen doktore-tesian, eta gaurko hitzaldi zehatz eta mamitsuan ere ezin argiago berretsi digu.

Erranahi berezikoa da gaur Nafarroan ospatzen ari garen Euskaltzaindiaren ekitaldi hau eta, aldi berean, adierazgarria. Sortu zeneko mendeurrena betetzeko hamabi urte falta zaizkion euskararen Akademiak Nafarroa Garaia ordezkatu duten hamabi euskaltzain izan ditu: Arturo Campión eta Jose Agerre Iruñekoak, Aita Damaso Intzakoa, Aingeru Irigarai Berakoa (tartean "ordezko" izendatuak izan ziren Eladio Espartza Lesakakoa eta Juan Miguel Seminario de Rojas Berakoa), eta gero Jose Mari Satrustegi Arruazukoa, Aita Polikarpo Iraizozkoa, Patxi Ondarra Bakaikukoa, Pello Salaburu Arizkungoa, Patxi Zabaleta Leitzakoa eta Andres Iñigo Iturengoa. Hamabiak Iruñeko Merindadekoak eta hamabi horien sorterriak Nafarroako lerro paralelo irudikatuen arabera kokatzen baldin baditugu, ikusten ahal dugu denak Iruñeko lerro paralelotik goitiagokoak direla, hiriburutik iparralderakoak. Horregatik, hamahirugarrenaren izendapenak erranahi berezia du, aldaketa kualitatibo adierazgarria baitakarkio Nafarroari, bere hiriburuko lerro paralelotik 53 kilometro beherago dagoen herri honetakoa izateaz gain, Erriberriko Merindadeko lehendabiziko euskaltzaina delako.

Hona aintzat hartzeko datua: nafar agintariek 1986an Foru Komunitatea hiru hizkuntza eremutan zatitu eta, handik hogei urtera, euskaltzain berria nongoa izanen eta "eremu ez euskaldunekoa", Nafarroako Erresumak Erriberako mugan bertan zuen behatoki historiko honetakoa, alegia. Hori aski ez dela, sarrera hitzaldian zer egiaztatuko eta bere sorterri historiko honetako izenen jatorri euskalduna eta herriaren berandu arteko euskalduntasuna. Adierazgarria ala paradoxikoa? Urratsez urrats Europa baturantz goazen urte hauetan, mugak ezabatzen eta desagertzen ari diren garaian, eta, bereziki, komunikazioaren munduak muga guztiak urratu dituenean, gure Erkidegoak hiru hizkuntz eremu horietan zatitua izaten segitzen du, gero eta paradoxa nabariagoa sortuz. Ez da, bada, paradoxikoa, erraterako, Nafarroako eremu ez euskaldunean dagoen hiribildu honetako edozein biztanlek Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzu publikoekin ez bezala, Estrasburgon dagoen Europako Legebiltzarrarekin harremanak euskaraz izateko eskubideak bermatuak izatea? Espero dezagun Europako Erakunde gorenean begiztatzen hasi berri den jarrera itxaropentsu hori argi berri baten urrezko printza izatea, gure lurralde honetako egoera hertsia epe laburrean askatzen lagunduko diguna.

Sarrera hitzaldiko aitabitxiari euskaltzain berriaz mintzatzea eskatzen zaio. Hasiko naiz, bada, gehiago luzatu gabe, zeregin hori betetzen.

Patxi Salaberri Zaratiegi Uxuen jaio zen 1959ko apirilaren 24an. Gildok eta Solek izandako hiru seme-alaben artean gazteena da, Marisarekin ezkondua eta Haritz eta Iker (edo Iker eta Haritz) bikien aita. Eta etxekoak aipatu ditudanez gero, ezin oroitzapen berezi bat egin gabe utzi, orain dela 22 egun gure artetik joan zitzaigun Gildo, Patxiren aita. Lehenengo lerroan berari zegokion aulkian esertzerik ez izan arren, ziur gaude pozik eta harro ariko dela ospatzen, gurekin batera, beretzat ere hain erranahi bereziko ekitaldi hau.

Familia Iruñera joan zen bizitzera Patxik bospasei urte zituenean eta han egin zituen batxilergoa eta unibertsitateko ikasketak. Mutikotan bere sorterrian hainbertze euskal izen ikasi eta erabiltzeaz gain, Salaberri eta Zaratiegi deiturak zituen gazteak barne-barnean zeraman nonbait sorlekuan ikasterik izan ez zuen hizkuntzarekiko jakin-mina eta ikasten hasteko motibazioa eta gogo bizia.

Kontua da hamabortz urtetan, batxilergoa egiten ari zelarik, Arturo Campión euskaltegira jo, hiru urtez hizkuntza ongi ikastea lortu, eta handik gutxira Euskaltzaindiaren D titulua eskuratu zuela. Zalantzarik gabe, orduz geroztik euskara Patxiren lehen hizkuntza izan da. Bidenabar erran nahi dut Nafarroako Arturo Campión lehendabiziko euskaltzainaren izena daraman helduen euskaltegiak, azkeneko 34 urteotan Iruñerrian egiten ari den euskalduntze eta alfabetatze lanagatik, aitormen berezia merezi duela. Eta ez dut aipatu gabe utzi nahi bere hasierako zazpi urteetako zuzendaria geroago euskaltzain izendatutako Patxi Zabaleta izan zela, eta azkeneko hogeita lau urteotan ardura horretan ari dena Sagrario Aleman, urgazle izendatu berria dela.

Ez naiz ongi oroitzen noiz ezagutu nuen Patxi Salaberri, baina uste dut 1981ean izan zela, Euskaltzaindiak Deban antolatutako I. Dialektologia jardunaldietan. Ederki oroitzen naiz, ordea, hamarren bat minutuz aurrez aurre egon ginen lehendabiziko aldiaz. 1983an, orduko Hezkuntza Ministerioaren Nafarroako Ordezkaria (Román Felones jauna) Iruñeko Hizkuntza Eskolara etorri zitzaidan Nafarroako eskoletan euskara eta euskaraz irakasteko hautagai zirenei hizkuntza gaitasunaren proba egiteko eskatzera. Hizkuntza Eskolako hiru irakaslek osatu genuen epaimahaia. Espero baino hautagai gehiago aurkeztu zirenez gero, proba idatzia amaitu ondotik, ikusirik ezinezko zitzaigula hiruko epaimahai batek egun bakarrean ikasle bakoitzari hamar minutuko ahozko proba egitea, ikasleak alfabetoaren arabera hiru zerrendatan banatu eta irakasle bakoitzari zegokiguna eman zitzaigun. Niri hirugarren zerrendakoak tokatu zitzaizkidan, M eta Z letra bitarteko hautagaiak hain zuzen. Baziren euskaldun zaharrak eta egoki hitz egiten zutenak, baina aitortu behar dut haietako bat hamar minutu baino gehiago edukitzeaz gain, gogor zirikatu nuela ea akatsen bat egiten ote zuen, baina alferrik, euskaldun berri hari notarik altuena jarri behar izan nion.

Patxik bi lizentziatura ditu, bata Filologia Hispanikoan Nafarroako Unibertsitatean 1982an lortua eta bertzea, hiru urte geroago eta lanean ari zen bitartean, Euskal Filologian Euskal Herriko Unibertsitatean eskuratua. Azken Unibertsitate honetan aurkeztu zuen 1992an Nafarroako Ekierdialdeko Euskararen Azterketa Toponimiaren bidez izenburuko doktore-tesia eta ikasturte horretako humanitate arloko "Doktoregoaren sari ohi ez bezalakoa" jaso zuen.

Lanbidez irakaslea da. D titulua eskuratu berri hartan urte batzuez trebatu zen ofizio horretan euskara ikasi zuen euskaltegian berean. Lehendabiziko lizentziatura lortu ondotik, hiruzpalau hilabetez Erratzuko eskolan maisu aritu bazen ere, 1984ko urtarrilaz geroztik gaurdaino unibertsitatean ari da irakasten. Hasiera batean Nafarroako maisu-maistren Irakasle Eskolan, eta 1990etik aitzina Nafarroako Unibertsitate Publikoan. 1995az geroztik Euskal Filologia arloko irakasle titularra da. Irakaskuntzaz gain, bertze ardura batzuk ere izan ditu unibertsitate berean, hala nola, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko idazkari, Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko zuzendari, Ikerketa Batzordeko kide, Hizkuntza Normalizaziorako Batzordeko kide, Hizkuntza Plangintzarako Errektoreari Atxikia eta Euskararen Plangintzarako Batzordeko buru.

Baina Patxi, nire ustez, guztien gainetik, ikertzailea da, afizioz eta ofizioz. Afizioa Euskal Filologian lizentziatu ondotik hasi eta etengabeko jarduerak erakusten du, eta ofizioa egin dituen lanen kalitateak.

Ikus dezagun, bada, zein diren lan horiek. Onomastika da Patxik gehien ikertu duen arloa. Gai horretan Nafarroan aitzindari, gidari eta maisu izan zen Jose Mari Jimeno Jurio euskaltzain ohorezkoak ez zuen huts egin, Euskaltzaindiaren eskariz, Nafarroako Herri Izendegia lanaren zuzendaritza ardurari ekiteko Patxi Salaberri bere hurbileneko laguntzaile hautatu zuenean. Laguntzaile hasierako lan hartan, hizkuntza aholkulari eta bidaide 59 liburukik osatzen duten Nafarroako Gobernuaren Nafarroako Toponimia eta Mapagintza proiektuan, eta ondotik elkarrekin egin zituztenetan, erraterako, Estudio toponímico de Burlada, Toponimia de la Cuenca de Pamplona / Iruña eta Artaxoa. Euskal Toponimia liburuetan eta bertze hainbat lanetan. Bi egile hauek maisuki bateratu zituzten ikerkuntzaren bi arlo desberdin eta osagarriak: historikoa eta linguistikoa. Gainera, orain bertan, argitaratzen ari diren Jimeno Jurioren lan guztien bildumaren toponimiari buruzko liburukien prestaketa Patxi Saberrirren esku utzi dute artaxoarraren familiak eta argitaratzaileek.

Hasierako urte haietan egin zuen Patxik bere doktore-tesia, eta anitz dira orduz geroztik onomastikaren atal gehienak aztertzen egin dituen lan garrantzitsu eta mamitsuak. Toponimia, antroponimia, hagionimia, oikonimia eta onomastikaren bertze alderdi osagarri batzuk ukitzen dituzten artikulu ugari eman ditu argitara Fontes Linguae Vasconum eta Euskera aldizkarietan batik bat. Halaber, hala Euskal Herriko, nola Euskal Herritik kanpoko unibertsitate eta nazioarteko zenbait erakundetako biltzar, jardunaldi, omenaldi liburu eta abarretan argitara eman dituenak.

Joan den hemezortzi urte hauetan Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordean ari da lanean. Hasiera batean, Nafarroako Herri Izendegia lanaren materialak prestatu ahala, bileretara Jimeno Jurioren laguntzaile edo aholkulari gisa joaten hasi bazen ere, berehala jabetu ziren bai Henrike Knörr eta Jose Luis Lizundia orduko batzordeburu eta idazkaria, bai Alfontso Irigoien, Jose Mari Satrustegi, Juanito San Martin eta gainerako batzordekideak noizbehinkako aholkulari hura kide izendatu beharraz. 1989az geroztik, buru-belarri ari da Batzordearen lanetan eta ardura nagusiak izan ditu beti. Berak prestatu zituen toponimia nagusia arautzeko irizpideak eta ondotik, Mikel Gorrotxategirekin batera, bai toponimia txikia eta hiri-izendegia arautzeko irizpideak, bai 2001ean argitara emandako Ponte Izendegia. Onomastika Batzordean Patxik behin eta berriz hartu du bere gain ikerketa sakona eskatzen duten gai korapilatsuen txostenen ardura. Horien lekuko ditugu, bertze lan anitzen artean, Ainhize, Altsasu, Deio, Uharte, Urdaitz, Ziortza izenei buruzkoak, Santu, san, done eta ingurukoen txostena, Nafarroa Behereko herrien izenak. Lekukotasunak eta etimologia izenburuko liburua, Euskaltzaindiak baliatu zuen proposamena herrialde horretako herri izenak arautzeko. Batzordeak Henrike Knörren zuzendaritzapean sortutako Onomasticon Vasconiae bildumaren 11. eta 12. liburukien egile da Patxi eta, gainera, 8., 13., 15., eta 18. liburukien hizkuntza aholkulari eta gainbegirale izan da.

Baina Patxi Salaberriren ikerketa lana ez da onomastikara soilik mugatu. Dialektologia, hiztegigintza, joskera eta hizkuntzaren bertze zenbait ezaugarri ere aztergai izan ditu. Horren lekuko dira plazaratu duen artikulu sail ederra, hala nola, Iruñerriko eta bere inguruetako ibarretako euskara, Arabako mugako nafar hizkerak, toponimia eta dialektologiaren arteko harremanak, Muzkiko F. Elizalderen Apezendaco dotrina christiana uscaras, etab. aztertzen dituztenak, bai eta Peio Kamino luzaidarrarekin batera argitara ematen ari den Luzaideko zenbait testuren azterketa eta bertako euskararen ezaugarriak, edota Patxi Iñigo eta Juan Joxe Zubirirekin -ki aditz-atzizkiaren gainean egindako lan interesgarria.

Aspaldixko ikusten nion bertze kezka bat ere gaur ezin argiago azaldu digu: euskara batuaren mesedetan nafarreraren puzzlea osatu beharra, eta zeregin horretarako, batez ere, Lizarraga Elkanokoaren altxorra sakonki aztertu beharra. Gainera, kontuan hartu beharrekoa da Salaberrik Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Euskal Herriko Unibertsitatean bortz ikerketa proiektutan parte hartu duela eta bortzak dialektologiaren ingurukoak izan direla, horien artean bere ardurapean NUPen amaitu berri duen "Nafarroako hizkera adierazkorraz" izenburuko lana.

Eta ikerketa lan eta proiektuez ari garela, ezin aipatu gabe utzi jaso dituen hiru sari nagusiak. Lehentxeago aipatu dudan bezala, 1992-93 ikasturtean Euskal Herriko Unibertsitatean humanitate arloko "Doktoregoaren sari ohi ez bezalakoa" ikasturte horretan aurkeztu zuen Nafarroako Ekierdialdeko Euskararen Azterketa Toponimiaren bidez izenburuko doktore-tesiagatik, 1994an Nafarroako Unibertsitate Publikoan "Ikerketa sari ohi ez bezalakoa" Jose Mari Jimeno Juriorekin batera prestatutako Toponimia de la Cuenca de Pamplona / Iruña lanagatik, eta 2002an Eibarko Udalak sortu zuen Juan San Martin ikerketa beka bere lehendabiziko deian, urte bat geroago Udako Euskal Unibertsitatearen bidez argitara eman zen Euskal Deiturategia: Patronimikoak lanagatik.

2003an Jose Mari Satrustegi zendu zenean, Príncipe de Viana Erakundearen Fontes Linguae Vasconum, studia et documenta aldizkariaren zuzendari izendatzean, Nafarroako Gobernuak Patxi Salaberriri lan zama berriaren ardura baino gehiago aitorpen saria eman nahi izan ziolakoan nago.

Nire eginbeharra betetzearren, laburbilduz izan bada ere, Euskaltzaindiak orain dela hamazazpi urte Onomastika batzordekide, handik zazpira urgazle eta joan den abenduan euskaltzain oso izendatu zuen Patxi Salaberriren curriculuma azaltzen saiatu naiz.

Lehen aipatu dut noiz eta nola ezagutu nuen Patxi. Orduz geroztik, halabeharrez edo kasualitatez, elkarrekin aritu gara zenbait lanetan, lehenik Jose Mari Jimeno Jurioren zuzendaritzapean egin zen Nafarroako Herri Izendegia-n, ondoren Nafarroako Toponimia eta Mapagintza proiekturako artaxoarraren eskariari erantzunez, Euskaltzaindiak hizkuntza aholkulari proposatu gintuelako, eta horrela bertze hainbat ekitaldi eta lanetan. Azkenetako bat iazko Nafarroa Oinezerako, Altsasuko Ikastolak eskatuta, elkarrekin prestatu genuen Jose Mari Satrustegi Nafarroako euskararen ikurra liburua. Bateratsu izendatu gintuzten Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko kide eta bateratsu hasi ginen onomastikaz doktore-tesia egiten, baina aitzindu zitzaidan eta nik baino urte pare bat lehenago amaitu zuen. Hori dela eta, nirea aurkeztu nuenean epaimahaia osatu zutenetako bat izan zen. 1983ko azterketa hartan bezala, biak aurrez aurre, baina oraingoan lekuz aldatuak, bera nire ikerketa lanaren iruzkingile eta zirikatzaile.

Adin kontuagatik, segur aski, bera baino urte batzuk lehenago izendatu ninduten euskaltzain eta, beharbada, horrek aukera eman dit gure Erakundea hurbiltxeagotik edo barrenagotik ezagutzeko. Egia bada bizitza honetan adinak eta esperientziak nolabaiteko abantaila dakarrela, aukera hori aprobetxatuko dut eskatu didan erantzun honetako azken hitzak errateko.

Orain dela bi hilabete, Antzuolan, gaur bezalako ekitaldian Jean Haritschelhar euskaltzainburu ohiak, Ana Toledori erantzuna eman zionean, gogora ekarri zigun 1990. urtetik hona euskaltzainen kopuru erdia berritu dela, belaunaldi berri bat sartu dela Akademian. Andres Urrutia euskaltzainburuak joan den uztailean, Euskaltzaindiaren egoitzan urgazle berriak hartzeko ekitaldian, azpimarratu zuen garai berriek aterabide berriak eskatzen dituztela euskararen aitzindaritza eta zabalkunderako eta Euskaltzaindiak hortxe egon behar duela euskara eguneratuaren eskakizun eta premiei erantzun egokia ematen, proiektu zehatzen bidez eta batzordeetako lana ahalik eta hobekien eginez.

Patxi Salaberri dugu belaunaldi berri honetako euskaltzainik gazteena, baina jaun-andreok, ikusi ahal izan duzuen bezala, ez dator esku hutsik, merezimenduz jantzia baizik, Euskaltzaindian bertze nafar batek, Patxi Ondarrak, utzitako aulkia hartzera eta, Akademiaren proiektu eta batzordeetako lana ahalik eta hobekien eginez, euskararen egungo eskakizun eta premiei erantzun egokia ematera.

Patxi, hemezortzi urte hauetan langile nekaezina haizela erakutsi diguk, laguntzeko beti prest hagoela, eskatzen zaizkian lanetan eta egiten zaizkian argibide eskaeretan beti garaiz erantzuten duana, zehatza eta zorrotza (exijentea erranen likek J. L. Lizundia batzordekideak) ­heure buruarekin lehenik eta, ondorioz, gainerako guztiekin, ikasleekin (fama hori duala entzuna baitut kanpoan), lankide eta batzordekideekin (hau ez diat kanpoan entzun beharrik izan)­, gauzak ongi aztertu eta egiaztatu arte nekez amore ematen duana.

Euskaltzaindiak plazaratzen dituen emaitzak prozesu baten ondorio izaten dituk, aldez aurretik proiektu, lantalde eta batzordeetan egiten den lana osoko bilkuretako galbahetik pasatu eta ateratzen den fruitua. Prozesu horrek ongi bilbatutako talde lana eskatzen dik, abesbatza edo orkestra baten modura, lehenik ahots edo instrumentu bakoitzak, edo horietako talde bakoitzak, berari dagokion pentagrama edo partitxela ahalik eta hobekien aztertu, ikasi eta interpretatu behar dik, ondoren gainerako guztiekin elkartu eta, pentagrama bakoitzaren interpretazio zehatza partituran ageri diren gainerakoekin bat etortzeak eskatzen duen malgutasunarekin konbinatu eta denen artean helburu ber-bera lortzeko.

Bazakiagu Euskaltzaindian banan-banan sartzen garela, baina ez soilik banakako lana egitera, baizik eta Erakundearen konpromisoekin bat egin eta dagozkion erantzun egokiak ematera eta Euskararen Akademiak Euskal Herrian dituen helburuak betetzera.

Hemezortzi urtez egokitu zaizkian pentagramak zehatz eta zorrotz ikertu, prestatu eta interpretatu dituan hori, hator Erakunde honetan hiretako dugun aulkian esertzera, denekin batera euskarak bere etorkizunerako behar dituen partiturarik ederrenak egoki konposatu eta ematera. Ziur nagok, Patxi, hortxe izanen haugula eta hainbertze maite duan euskararen alde eginahal guztiak, eta bihotza ere jarriz, heure onena urte anitzez emanen duala Euskaltzaindian. Ongi etorri gure artera!


(ANDRES IÑIGO ARIZTEGI euskaltzaina da)


Ildo bereko arikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com