![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Patxi Salaberri / Bestelakoak / 2006-10-17 / 07:00
Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain osoak joan den 2006-9-29an Uxuen bertako toponimiaren gainean egin zuen sarrera-hitzaldia duzue hemen irakurgai, oso-osorik.
Egia erran behar badizuet beti beldurra izan diot noizbait irits zitekeen eta hondarrean iritsi den une honi. Beti beldurra eman dit sarrera hitzaldia nire sorterrian, Uxuen eta uxuetarren aitzinean, egin behar izateak. Oroitzen naiz orain urte batzuk, laurogeita hamabostean edo, hitzaldia egin genuela, hemengo elkarteak (bakarra zen, garai hartan) hala eskaturik, Jimeno Juriok eta biok Uxueko gauzen gainean: Jose Marik historia gaiak ukitu zituen eta nik hizkuntza kontuak. Ez dakizue nolako estualdia izan zen hura niretako! Gorriak ikusi nituen, ez gaia ezagutzen ez nuelako, nire herritarren aitzinean mintzatu behar nuelako baizik, eta beharrik hitzaldiak ematen aski ohitua zegoen Jose Mari Jimeno nirekin zen, bestenaz ez baitakit zer eginen nuen! Honetan, nik uste, Euskaltzaindian ordezkatu dudan Patxi Ondarra bakaikuarraren antzetsukoa naiz, hura, nire modura, ez baitzen batere plaza gizona. Bien arteko eitea menturaz hemen bukatzen da, euskararen alderako bion zaletasuna alde bat uzten badugu bederen, hura, ni ez bezala, hizkuntza klasikoetan hagitz jantzirik zegoelako: latina eta grekoa bazekizkien, eta hebreeraz idatzitako eliza liburuak ere hiztegirik gabe irakurtzen zituen, berak egindako gutun batean ikusten den bezala (Iñigo, 2006). Hauetaz landara, alemana ere franko ongi zekien eta ingelesa Txilen ikasi zuen. Segur naiz, bestalde, frantsesez ere moldatzen zela.
Patxi, edo Frantzisko, idazlanetan ibiltzen zuen izena ibiliz, gizon benetan euskaltzalea zen, eta honelakoa izatea zenbait lekutan oraindik zaila eta gogorra bada, pentsa ezazue Frankismoaren hastapeneko sasoi hartan zer izanen zen! Ordenako agintariek Txilera igorri zuten, Patxik hara joan nahi ez bazuen ere, bere burua gaienik eta ongienik hemen ikusten baitzuen, Euskal Herrian, ez urruneko eremu haietan. Deserrian hamahiru urte igaro ondoren, 1964an azkenean hona oporretan etortzeko aukera izan zuenean, ez zuen "Mundu berrira" gehiago itzuli nahi izan, eta hemen gelditu zen, ez dakit bere agintarien baimen osoarekin edo hori gabe, baina, nolanahi ere den, hemen gelditu zen.
Nik Euskaltzaindian egin nituen haren ezagutzak, eta kaputxinoek Lekarozko komentua saldu eta Patxi Iruñera bizitzera joan zelarik, maiz ikusten genuen elkar, nahi gabe ere, ia auzoak ginelako, ni Txantrean baina Antsoaingo alderdian, bera bizi zen Errotazar karrikako komentutik hagitz hurbil, bizi nintzenez gero. Behin baino gehiagotan Iruñetik atera, Ezkaba mendia gainditu, Ezkabarte igaro, Odietara iritsi eta gibelerat, bide beretik antza, komentura sartzean kausitu nuen hura, ni auzoan semeekin paseiotan eta promenan nenbilelarik. Mendizale edo mendian ibilzale porrokatua zen eta ez da, beraz, miresteko Nafarroako mendiak hain ongi ezagutzea. Aurkikunde balios bat baino gehiago ere egin zituen ibilaldi luze haietan; erraterako Baztango Soalar mendian orain izen hau berau duen menhirra opatu zuen.
Gizon apala iruditu zitzaidan beti, langina eta lehen aipatu dudan bezala, arrunt euskaltzalea. Haren lan gehiena, argitaratua dagoena, testu zaharren sailekoa dela erran daiteke, hemen Bonapartek bildutako materialak sartzen baditugu behintzat. Sail honetan Goñerriko eta bestetako testuak nabarmendu ditzakegu, eta, halaber, berak bakarrik edo lankidetzan argitara eman zituen Joakin Lizarraga Elkanokoaren izkribuak. Hauek guztiak biziki garrantzizko gertatu dira azken urteotako dialektologia lanetarako, batez ere hego nafarrera azpieuskalkiaren inguruan mintzo direnetarako. Bestelako lana, Akademiaren barnean burutu zuena, ez dut ongi ezagutzen; horretaz osoko bilkuretan parte hartzen zuten euskaltzainek eta batzordekide izan zituen gramatikalari eta dialektologialariek mintzatu beharko dute.
Patxi Ondarrak ordenakide -eta bizikide, Lekarozen- Damaso Intzako eta Mitxelenaren arabera (1972: 384) «euskara gutik bezala» zerabilen Polikarpo Iraizozko euskaltzain osoak izan zituen, eta baita Arrigarai, Eusebio Etxalarko eta Jurgi Errezuko euskaltzain urgazleak ere. Nik ez dakit harremanik estuenak zeinekin izan zituen, baina bistan da Polikarpo Iraizozkoaren lana biziro gogoko zuela, 1981eko bere sarrera hitzaldia Euskaltzaindian ordezkatu zuen haren lanen gainean moldatu zuelako ("Polikarpo aitak zituen esku-idatzi zaharren aurkezpena"). Gero ere, Aita Polikarporen mendeurrenaren karietara 1997an Nafarroako Gobernuak kaleratu zituen ultzamarraren hiru liburuak Patxi Ondarrak apailatuak ziren. Gorago erran dudan bezala, Patxik, Aita Polikarporen bidetik, Joakin Lizarragaren lan franko argitaratu zituen, eta ez da harritzeko, Elkanokoaren idazkietan Nafarroako, Iruñerriko euskaran ibiltzen ziren izen, aditz, atzizki, erranairu eta bestelako aberastasun anitz baitaude irakurlearen, edo hobeki erran dezadan, ikertzailearen esperoan eta begira, irakurtzaile arruntak ez duelako, damurik, Lizarragarenik irakurtzen. Damurik diot altxor horiek anitzetan oso erabilgarriak direlako eta, norbaitek bere euskarari nafar kutsua eman nahi badio, datuak eskura eta irispidean dituelako. Egia da euskara batuaren garaian harrigarri gerta daitekeela euskalkian mintzatzen hastea, edo are harrigarriago, euskalkian idazten hastea, batez ere euskalki edo hizkera hori Lizarragarena bada, egun ia inork ibiltzen ez duena, eta ia diot Erroibarko eta Aezkoako mintzoak, Iñaki Caminok ikusi duen bezala (1997, 2004), Elkanokotik hagitz urruti ez daudelako.
Kontua, nire ustez, ez da orain Lizarragak bezala idaztea, honek duen altxorra baliatu eta, bide horretatik, euskara batua aberastea, osatzea, Nafarroak ere, edo hego nafarrera mintzatu den alderdiak zehazkiago erran, izan behar baitu zer errana eta zer emana Hiztegi Batua-n eta bestelakoetan. Erran izan da nafarrok ez dugula euskaraz idatzi, eta egia da, neurri batean, Nafarroan ez dugula izan ospe eta izen handiko idazle entzutetsurik, erreinu zaharrean hainbesteko hedadura izandako hego nafarreran izkiriatu duenik, Axular urdazubiarrak lapurteraz idatzi zuelako eta Orixe giputz uitziartuak erdialdeko hizkeran batez ere, nahiz ez bakarrik. Gure-guretzat har ditzakegunen artean Beriain Utergakoa, Elizalde Muzkikoa eta Lizarraga Elkanokoa ditugu klasikoetan; beranduago, XX. mendean gehienbat, Larreko, Polikarpo Iraizozkoa eta Mariano Izeta ditugu, baina hauek oinarritzat Baztango hizkera dute, hein batean edo bestean, eta lehenak Iparralderanzko joera. Manezaundi ere nafarra zen, Luzaidekoa ordea, hizkeraz garaztarra.
Lizarraga izan da Nafarroako Erdialdeko euskara, erdialde-ekialdekoa, nolakoa zen erakutsi diguna, Bonapartek Elkano, Oltza, Itza eta Garesen XIX. mendean bildutako materialak ere izanagatik, Utergako Beriainen lanez gainera, baina hauek 1621 eta 1626koak dira, zahar kutsu nabarmenekoak. Muzkiko Elizalderen dotrina eta herri bereko Morentindarren testuak ere baliagarriak dira arras; Gesalatz, ordea, egun garen herritik urrun da. Nik Ibargoitiko edo Orbaibarko libururen bat, edo gutxienez izkribu luze edo laburren bat izan nahi nuke, baina zorigaitzez oraino ez dugu holakorik, eta gure eskualdeko euskara ezagutzeko, neurri batean bederen, toponimiara jotzea beste biderik ez dago. Hau da nik garai batean egin nuen gogoeta eta nire doktore tesi potzoloaren ernamuina izan zena: Uxueko eta inguruko euskararen berri zerbait izateko zer egin dezaket, nora jo dezaket? Errepostua egina da: toponimiara.
Hau izan zen, hortaz, nire lanaren erroa eta arrazoia, eta emaitzak, toponimia lanetan aritu denak espero zezakeenez, ez ziren izugarriak izan, euskararen ezagutzari dagokionean, dialektologialari aditu eta aritu batek idatzi zuen bezala. Hemen gogoan izan behar da toponimia lana egiten denean, bilketa hutsean gelditzen ez bagara behinik behin, toki izenen etimologia azaltzea edo azaltzen saiatzea hagitz garrantzitsua dela eta, honekin batean, toponimoak behar bezala arautzea eta mapetan egokiro kokatzea ez dela hutsaren hurrengoa. Hau da nik doktorego tesian egin nahi izan nuena; helburuak, beraz, hauek izan ziren: a) hemengo euskararen gainean berri zerbait erdiestea, b) toponimoen azalpen etimologikoa ematea, eta c) leku izen biziak mapetan ezarri eta galduak, dokumentazioa oinarritzat harturik, nontsu kokatu behar ziren argitzea. Lehen helburua toki izenak diren lan tresnak berak mugatua eta murriztua da, besteak beste satznamen deitu diren horiek, Burundako Abade Alsasua erori zaneko zuloa, Ergoienerriko (Ganaduari) gatza ematen dakion iturria, Urnieta aldeko Haurra galdu zan harria, Iruñerriko Urdeak etziten direnekoan edo Orbaibarko Elorria baita elorria dagoen alderdia, Orrea dena ipurua den tokia toponimoen modukoak urriak direnez geroztik, zenbaitek uste duten baino aise ugariagoak izanagatik ere, eta are urriagoak bestelako "joskeradun" leku izenak.
Aipatu hiru helburuekin batean bazen, aitortu behar dut, laugarren bat ere: herriaren euskalduntasun galdua nabarmen utzi nahi nuen, alegia, herria berandu arte euskalduna izan zela garbi adierazi nahi nuen. Erdaldunek pilotaleku hau dagoen lekuaren izena, Andremucho edo Andrebucho, bitxi kausitzen dute, Aldabea ere franko hitz drolea zaie, eta are gehiago Aldabearen barnekotzat ematen diren Anzandieta eta Turtunbera, gure etxearen aurkez aurke dagoen Rincón de Zonbolozoko arraro hori ez aipatzeagatik. Arraro diot sekulan aditu ez duten erdaldunendako, hemengoendako ohikoak baitira eta normalak, eta euskaldunendako holako ezagun aire bat baitute, euskaratikakoak izanik. Paper zaharrak arakatu eta bestetako leku izenak ikertzen dituzularik ikusten duzu Andrebucho aldaera jatorrizkotik hurbilago dagoela Andremucho baino, oinarrian Andrebutzu dugulako, hots, andreen butzua, zenbaitetan andre hedatu horren azpian Andre Dona Maria ez ote dagoen galdegin badaiteke ere. Aldabea, berriz, aldapa hitzaren lehengusu propioa da, lehen kusia, Orbaibarko Aldapea dermio izenaren haurride, alde, aldai eta malda adiera duten beste hitz eta toponimo frankoren ahaide, Uxueko bereko aldazkia edo aldaizkia generiko galduarena, adibidez.
Anzandieta-ren erranahia ikustea erraza da, dokumentazioa aztertuta: oinarrian haitz, handi eta eta daude, hots, jatorrizko forma Aitzandieta dugu, "aldabe" horretara ematen duen etxe baten azpiko harri handiari egiten baitio erreferentzia toponimoak. Turtunbera, espero bezala inoiz Durtunbera idatzirik ageri dena, han-hemen errepikatzen da, Altzuza, Antxoritz, Iratxeta eta Muzkin adibidez, Turtunbera edo Tutunbera gisa, eta nik onomatopeia itxura hartzen diot. Irudi du Iribarrenek biltzen duen turrunbero, turrunpero arrisku gutxiko amildegia hitzarekin lotua dagoela.
Pilarraña-z den bezainbatean, lehen Pirolarraña aldaera osoagoa ibiltzen zela erran behar eta, orobat, dokumentazioan Otsalarraña ere azaltzen dela, menturaz behialako Lopera-ren (Lupera orain) ordainetan. Pirolarraña edo Pilarraña-n larraina eultzia egiten den zelaigune biribila hitz gardena dugu, Otsalarraña-n bezala, eta, bestalde, otsa- hori otso-ren elkarketako aldaera da, Pirolarraña-ren azpian piro ahatea ikusarazten diguna. Alabaina, nik piro hitza Baztanen ikasi nuen, eta ez da, dakidanez, handik honako alderdi zabalean ibili, ez behintzat Iruñerrian eta hortik beheitikoetan. Beste alde batetik, pentsa dezakegu Lopera, itxuraz gaztelaniako lobera (< luparia) 'otsazuloa, otsobia'-ren aldaera dena, Lope antroponimoaz eta erdarazko era larraina izen arruntaz osaturik dagoela, euskararen ordena atxiki dela onesten bada, eta, beraz, ondoriozta dezakegu Otsalarraña Lopera-ren itzulpena besterik ez dela, edo alderantziz, Lopera Otsalarraña-rena dela. Honek guztiak, analogiaz baizik ez bada ere, Pirolarraña-n Peru, Pero antroponimoa ikustera eraman gaitzake, baina dugun dokumentazioa honen kontra mintzo da, lekukorik zaharrenek Piro- dutelako eta bizirik dagoen aldaerak bokal sabaikaria.
Natorren orain Uxueko toponimoen artean argitzen gaitzena ez bada bai behintzat zailenetako bat dena aztertzera. Zein uste duzue dela hori? Bistan da: Uxue herri izena bera. Ez ditut hemen errepikatuko tesian erran nituenak, ez eta Uxuezaleak elkartearen triptikoan azaldu nituenak ere, baina zenbait iruzkin labur, edo ez sobera luze behinik behin, egin nahi nituzke.
Egun erdaraz Ujué erraten diogu herriari eta euskaraz, ezbairik gabe, Uxue deitu izan da, x-rekin, frantseseko cheval zaldia edo ingeleseko fish arraina hitzek duten soinuarekin. Ez dakit xuxen nolako azentua zuen, baina logikoena Uxúe erraten zela pentsatzea da, eta, izan ere, horixe da azken hamarkada hauetan uxuetarrek, euskaraz mintzatzen garenean, ibiltzen duguna, bai eta, berebat, emakume izentzat nagusitu dena ere, lehengo Ujué edo María Ujué-ren kaltetan. Nago herriko alaben eta haien ondorengoen artean badirela jatorrizko Ujué edo María Ujué bat baino gehiago gero Uxue edo Miren Uxue bihurtu direnak. Halaber, eta honek toponimoaren azalpenarekin du zerikusia, badira Uxue bilakatu diren jatorrizko Paloma batzuk, eta erroa gure herriaren izenaren aldaera batean (1102an ageri da lehenbizikoz) duten zenbait Uxua ere bai.
Aurtengo uztailean aldizkari arrosa horietako batean (Hola-n oker ez banabil) berria heldu zen, baizik eta Espainiako telebista kate ezagun bateko programa arrosa baten aurkezleak alaba izan zuela eta izentzat Uxue ezarri ziola. Euskal izenak paratzea, jakina den bezala, gero eta ohikoagoa da euskara mintzatzen den edo mintzatu den alderditik kanpora ere, eta, adibidez, anitz dira Ainhoa deitzen diren Madrilgo neskak, eta hor dago, bestalde, Iker Casillas jokalaria, Real Madrid futbol talde ezaguneko eta Espainiako selekzioko atezaina. Dena dela, aipatutako aurkezlea sortzez gipuzkoarra da eta senarra ere, Aitor Senar delako bat, Probintziakoa da, eta aitetamak nafarrak, Ergoienerrikoak. Irudi duenez aurkezlea, telebistan azaldu zuenaren arabera, hemen izan zen bisitan eta, nonbait, herriaz gustatu eta horregatik ezarri zion Uxue bere alabari.
Itzul nadin etimologiara. José Moret iruindar idazlea eta euskalduna da XVII. mendean bere Anales del Reino de Navarra ospetsuan (163-164. orr.) hain ezaguna den artzainaren eta usoaren pasadizoa kontatzen duena:
... Y para memoria de la maravilla y de la paloma, que trajo o descubrió el ramo de oliva, anunciadora de bonanza en aquella inundación de mahometanos, (la villa) tomó el nombre de Usua, que en el idioma vascongado vale lo mismo que paloma, y se llama Santa María de Usua, aunque con el tiempo se ha alterado algún tanto, y se llama Ujué. Los privilegios antiguos Usua le llaman.
Privilegio edo dokumentu zaharrek ez dute beti Usua deitzen; egia erran, antzeko formak aurkitzen ditugu (Huxua, Uxua, Ussua...), baina ez Usua. Badaiteke, ordea, dokumentazioko lekukoren bat itzuri izana. Nolanahi ere, uso izen arruntaren eta Uxue toponimoaren arteko lotura aspaldikoa da, aipu honetan ikusten den bezala.
Bada Japoniako ikertzaile bat, Masu Nitta izenekoa, lan batean baino gehiagotan gure alderdiko toponimoez arduratu dena. Jaun honek hemengo egunkari ezagun batean idatzi zuen Ujué edo Uxue latineko puteum izenetik (pozo eman du gaztelanian) atera zela, oinarritzat Uxueko putzu ugaritasuna hartuz. Azkeneko hau egia da; Uxuen, beste leku berdeago batzuetan adina euri egiten ez badu ere, iturri eta iturburu franko daude: guk badugu bat etxean eta gure aitaren arabera -kisuskilea zen eta ongi ezagutzen zituen herriko etxeak- badira beste holako asko beste etxe frankotan. Halarik ere, putzu ugaritasuna gorabehera, hagitz zaila da Uxue (Ujué bihurtua beranduago) puteum-etik atera zela onartzea, fonetika historikoak, soinuen bilakaerak, eragozten duelako.
Gainera, Goñi Gaztanbideren lanean (251. agiria) 1146ko Urssua aldaera aurkitzen dugu:
Martin de Lehet (regnante, tenente...) in Galipenzo et in Vnse, Arremir Garceitz I in Urssua, episcopo Lupo in Pampilona.
Urssua hau 1147an Ussua gisa eta lehenago eta beranduago Uxue moduan, era batera baino gehiagotara idatzia, agertzen den bera da, agezarrak Uxuera beilari etortzen ziren (eta ustez oraino etortzen diren) 1547ko Uxue bidea odonimoko bera, Txutxu-ko eremu bat adierazten zuen Lergako 1592ko Usueco Oyanondoa-n ere opatzen duguna. Agezan 1588rako Ussobidea, Usobidea dokumentatzen da eta ez da dudarik hemen folk etymology baten aitzinean garela, hots, Uxuebidea-ren Uxubidea aldaeratik abiatuta jendeak egindako berrinterpretazioaren aitzinean.
Mitxelenaren iritzian (1956: 338) daitekeena da Uxue toponimoa urzo, uso-tik aterea izatea, eta aipatu dugun r-dun aldaerak azalpen etimologiko honen alde egiten du, -rz- > -x- bilakaera onartzeko arazo fonetikoak badaude ere. Aukera bat oinarrian hipokoristikoa dugula onestea da, dokumentazioko Uso (gizona), Usoa (emakumea) pertsona izenaren maitasunezko forma, Bilbon XV. mendean ageri den Usoxe (de Urrexti)-ren antzeko zerbait. Bukaera Orbaibarko Etxague eta Untzue herri izenetan dugun (g)ue leku atzizkia izan daiteke, baina arazoa da atzizki hori ez dela oinarri antroponimikoekin inoiz agertzen, nik dakidala. Beste azalbide bat toponimoaren osagaitzat uso izen arrunta eta (g)ue uso lekua ditugula pentsatzea da, baina orduan -x- sabaiko hori azalpenik gabe gelditzen da. Ikusten duzue, beraz, Uxue izenaren etorkiaz mintza daitekeela baina, aldi berean, gauzak ez daudela erabat garbi.
Orain zer errana eta zer mintzatua eman duen gure herriko beste izen batez, edo xuxen erran dezadan, beste izen multxo batez ihardukiko dut, ahal dudan laburkienik. Multxo hori oinarrian laku izen arrunta duena da, hemendik hurbil dagoen Lakubeli-k, errekaz beste aldeko Lakumulatu-k eta honen barnekotzat jotzen den Laku-k osatzen dutena. Toponimo hauei hainbeste orri idatzarazi dituen Lacubegi teonimoa gehitu behar genieke, hain zuzen ere Laku eta Lakumulatu-tik hurbil dagoen ermitaren inguruetan agertu bide zena. Idazkun osoa hau da, Castillo, Gómez-Pantoja eta Mauleonen arabera (1981: 59):
Coelii Tesphoros et Festa et Telesinus, Lacubegi. Ex voto
Bada Uxueko beste idazkun bat, honen biziki iruditsua, «Lacubegi. Ex voto»-ren ordez «Iovi sacrum» duena. Oroitu beharra dago Lacubegi agertzen den harrian, gibeleko aldean, zezena dagoela marraztua, edo beharbada behia, buru hutsa izanik bereizterik ez denez geroztik. Juan Carlos Elortzak (1972: 363), María Lourdes Albertosek jakinarazitako iritziari jarraikiz, erraten du indoeuropar hizkuntza anitzetan ageri den lacu dela lehen osagaia, eta bheg hautsi bigarrena, lituanieran uhina, zaparrada adiera hartu duena. Jose María Iraburuk, pixka bat beranduago (1975: 83-85), arrazoirekin ene irudiz, Albertosek iradokitako indoeuroperaren bidezko azalpena gaitzetsi ondoan, teonimoaren hasierako Lacu- hori Uxueko harria agertutako tokitik hurbil dauden Laku eta Lakumulatu toponimoekin lotzen du, baita (Barranco de) Lakubeli-rekin ere, eta gehitzen bigarren osagaia begi euskal hitza izan daitekeela, edo beste gisan, eta harriaren ginberrean behi edo zuzen burua dagoela ikusirik, behi. Lehen kasuan Laku aurkintzaren zaintzailea litzateke teonimoaren adiera.
Uxue ongi ezagutzen duen J. J. Uranga jaunak (1984: 39-42), berriz, eta Elortza-Albertosen tesiei kontra eginez, erraten du Lakubegi ezin dela, inola ere, inongo ur edo iturri jainkorekin lotu, hark aipatzen dituen Aragoa ugaldea eta Lezkairuko erreka urrun daudelako. Honela dio:
Frente a las tesis de Elorza hay que señalar que el río Aragón pasa a 6 km. del lugar en que se encontraron las aras y el torrente Ezcairu (sic) es un riachuelo muchas veces seco. Mal clima para divinidades acuáticas.
Javier Velaza (1995: 213) nafar ikertzaile bikainarendako, berriz, Lacubegi iberiar itxurako teonimoa da; honen arabera laku ongi ezaguna (iberiar antroponimian, irudi duenez) da lehen osagaia, eta bigarrena adiera zehazten ez duen biki-ren aldaera izan daiteke. Joakin Gorrotxategiren irudiko ere (1995: 223-225) Lacubegi, hein batez bederen, iberiar izena da; autore honen arabera lehen osagaiak paraleloak ditu Palamósko laku-arkis-en eta Saguntoko biu(r)-lakos-en. Bigarren osagaia, aldiz, euskarako begi-rekin lot daiteke, edo behi-rekin, harrian burua ageri dela kontuan hartzen bada. Ikertzaile honek berak erraten du (1984: 300) izenak zenbait aldiz, Akitaniako idazkunetan, deklinatu gabe agertzen direla, hemen bezala jainkoenak, teonimoak direnean beregainki. Egia da idazkun bikian Iovi ageri dela eta Lacubegi-k datiboan egon behar lukeela, baina erran dugunaz landara, badaiteke teonimoak berezko zuen bukaerako i hori datiboaren hondarkitako hartua izatea. Segur aski Velazak eta Gorrotxategik diotenean oinarriturik, Luis Nuñezek (2004: 174), dibulgazio lan interesgarri batean, iberiera Uxue inguruan mintzatu zela erraten du, gehiago zehaztu gabe, ordea.
Orain hamabi urte argitara emandako tesian (1994: 826 eta hurr.) argi utzi nuen, edo argi utzi nahi izan nuen behintzat, pentsatzen nuena: nire irudiz, eta honetan Irabururen oinatzei jarraikitzen natzaie, Lacubegi jainko izenaren lehen osagaia Laku eta Lakumulatu-n dugun Laku(-) bera da, Urangak ez baitu arrazoi osoa klima aipatzen duenean. Uxue idorra da, baina euria egiten du, eta elurra ere bai, eta Laku dermio urtsua da, hainbeste non, ongi ezagutzen zuen gure osaba Esteban Berraderen arabera, hemen "puntido" deitzen direnak egin behar izan baitira ura atera eta lurra landu ahal izateko. Laku hitzak, gainera, nahiz euskara batuan gaztelaniako lago-ren ordaintzat ibiltzen den, toponimian leku urtsua adiera izaten du, ez lakua, eta hamaika aldiz aurkitzen dugu han-hemenkako toki izenetan, Uxuetik Gasteizeraino, Lakuaraino gutxienez, bide erditan dagoen Lakuntza bitarteko dela. Egia da gure leku izendegian ohikoagoa dela Laku artikuluarekin aurkitzea, Gasteizen bezala (Lakua), eta atzizki edo postposizio zenbaitekin, Agezako Lakuaga-n (Lakuagabarrena, Lakuagagoiena ere baziren) edo Galipentzuko Lakuarana, Lakuko harana-n bezala, baina artetan toponimoak mugatzailerik gabe kausitzen ditugu, baita espezifiko eta generikoz osaturik daudelarik ere. Lacubegi-ren bigarren osagaia J. M. Iraburuk eta J. Gorrotxategik aipatzen duten begi edo behi izan liteke, hondarrekoa agian, zezen edo behi burua ageri dela aintzat hartzen bada, ezaguna den bezala aspirazio (zahar) batek batzuetan aztarnatzat g- utzi duenez gero.
Ez dut oraindik ukitu teonimoaren arras antzekoa den Lakubeli toponimoa. Hemen, 1994an nioen moduan, Laku dukegu berriz ere lehen osagaitako; bigarrena Beli antroponimoa izan daiteke, Irigoienen arabera (1995: 54-55) Bellus, Bellius, Belli-tik atera dena, Ezkarozeko 1046ko Azubeli-n dugun bera (Martín Duque, 1983, 36), bestela -bel, -bele (Azubel, Azubele) gisa azaltzen dena. Nolanahi ere, bitxia da, gutxieneko kontuan, toponimo (edo apelatiboa) + antroponimoa segida, nahiz ez alderantzizkoa (Garziarana, Petiriberro). Gainera, ez dut uste Lakubeli deitzen den hori leku urtsua denik; bada erreka (erdaraz barranco deitzen duguna), baina ez dakit hau aski den laku ager dadin, ez dirudi. Toponimoa zaharra da, bestalde, lehen aldiz 1598ko hilburuko batean agertzen denez geroztik:
Anssi bien dejo dos pieças en Lacubeli y que me perdone de lo poco.
Azaltzeko beste bi bide dakuskit, baina ez lehenak ez bigarrenak ez naute asebetetzen: a) -beli bigarren osagaia antroponimikoa izan daitekeela aintzat harturik, pentsa daiteke lehena ere hala dela, hots, Laku toponimoan oinarritutako izengoitia-edo dela, b) jatorrizko forma Lakubeli gabe teonimoarekin bat heldu den Lakubegi zela kontu egin daiteke, eta hemendik asmilazio-disimilazioz Lakubeli sortu zela, alegia, alboko asimilazioz eta belare disimilazioz, baina, ikusi bezala, XVI. mendeaz geroztik Lakubeli dugu, egun ibiltzen den forma berbera.
Orain, laburzki, Santa Maria la Blanca ermitako Andre Mariaren irudian dagoen Abeaga idazkuna iruzkindu nahi dut. Urangak (1984: 34) erraten du gaurdaino ez dela gogobeteko azalpenik eman, eta bera ez da entseatzen -ez da miresteko bestalde- zer erran nahi duen argitzera. Nik 1994ko lanean (884-885) izenaren oinarria habe zutabea, zurkaitza, gapirioa, gurutzea zela nioen, baita beste leku batzuetan ezpara, espare edo ezpata erraten dena ere, erdarazko tábano alegia. Atzizkia, bistan da, aga ezaguna da, Uxueko Aliaga, Andiaga, Aristuziaga (Astuziaga, Estuziaga) edo Dorrondiaga (Redondiaga) toponimoetan ageri dena. Orain, Orotariko Euskal Hiztegia-k dakartzan euskarria eta babesa adierak gehi daitezke, eta orobat zuhaitza erranahia, azken hau, aipatu hiztegian biltzen diren lekukotasunak ikusirik, mendebaldekotzat eman beharko badugu ere.
Tesian Iturmendiko Abeaga, Unanuko Fruteko Abeta eta Zarauztik Getariara doan bideko seinale batean ikusitako Abeta aipatu nituen. Abeta, bestalde, Araizko aurkintza da 1720az geroztik gutxienez, eta baserri baten izena ere bai. Unanun Abetaburu, Abetako arrasoa eta Abetako harpea ere baditugu, eta segur naiz sakonki bilatuz gero Abe-dun leku izen gehiago agertuko direla. Honek erran nahi du Uxueko Abeaga hori ez dagoela bakarrik eta sistema osoago baten zati dela. Idazkunaren adierarik egokiena zuhaitz lekua dateke, gero ukituko ditudan Arbolaga eta Zuaizkieta toponimoek dutenaren parekoa, baina, erran moduan, zuhaitza adiera mendebaldekotzat eman beharra da. Beraz, egokiagoa litzateke, alderdi honetatik, habe, ezpara tokia ulertzea. Honek, alabaina, eta gauza gehienek bezala, badu gibela ere, aitzina ez ezik: aga atzizkia eskuarki ez ohi da animalia izenekin agertu. Guztiaz ere, Uxuen berean, eta Eslaban, badugu etsenplu bat: Zaldunaga (Uxue) / Zaldinaga (Eslaba), biak aurreko Zaldinuaga (< Zaldinoaga) batetik atereak, hots, osagaitako zaldi-ren zaldino txikigarria eta aga atzizkia dituzkeen toponimotik (atzizki txikigarriaren erabilera dela eta, cf. Mendinueta leku izen eta deitura).
Bukatzeko, Uxueko antzinako leku izen batzuk aipatuko ditut, erabilera zaharraren oroigarri. Tamalez, lehenik euskara galdu zen eta orain, bizimodu aldaketaren ondorioz, hark utzitako azken aztarnak ere suntsitzeko arrisku handitan daude. Gaurgero, gure hizkuntza ezeztatzearen bortxaz beregainki, baina baita leku izendegiak duen barne dinamikagatik ere, toponimo franko desagertu dira. Hona hemen horietarik garrantzizkoenak:
haitzaren azpiko alderdia erran nahi zuen.ardibidea adiera duena.zuhaitza eta aga leku-ugaritasunezko atzizkia dira; cf. Zuaizkieta.harri lekua toponimoa eta barrena aldapan kokatutako aurkintza baten beheko aldea dira.harea tokia dira osagaiak.harri lekua, harridia dugu hemen.bakarra dira. Honelakoak ugariak dira euskal toponimian: Arizbakoitza (Jaurrieta, Hiriberri Deierri), Bagabakoitz (Sabaitza eta Ibargoiti), Etxabakoitz (Iruñea)... e.a.arte zabala izan daiteke, baina baita ere arteak dauden zabaldia.Astoen bidea dugu hemen, jakina.ahunztegia, ahuntz korralea izan daiteke, baina artea tartea, bitartea izenaren ertea aldaera duen toponimoa ere bai, aldaera hori Iruñetik Uxueraino hagitz ongi dokumentatua dagoenez gero.haitzaren azpiko alderdia izanen dira (cf. Aitzandia, Aitzandieta, Aizpeaga), baina haitz + bi + -eta bi haitzak dauden aieka ere izan daitezke. Hizkuntzaren aldetik ez dago arazorik bi zenbakia izenaren gibelean joan zitekeela onartzeko.Auzo zaharra erran nahi du, bistan da. Garbi dago, izena ikusirik, bazirela beste auzo berriago batzuk Uxuen.luberria, 'labakia'-edo da, lurra lantzeko, alor edo sorotako ibiltzeko botatzen den baso puxka adierazten duen hitza. Berau aldaera ere agertzen da eta ez dakigu erdal dokumentuetako Berague hori euskal erara ez ote den irakurri behar. Kasu honetan gue atzizki tokizkoa duen toponimoa izanen litzateke; oinarria berro-ren berra- aldaera izan liteke, baina dardarkari bakuna ez da azalpen honen alde mintzo. Beragu Eslaba eta Galipentzuren artean dagoen mendi baten izena da, eta Aezkoako aurkintza batena ere bai.aldamena dira osagaiak.luberria, labakia eta handia dira.okerra, ogena dira. Cf. Uxueko Retuerta erreka ogena, okerra.pikuondoa eta aga leku-ugaritasunezko atzizkia ditugu hemen. Etorkizko adiera pikuondoa dagoen lekua, pikuondo tokia da.ezpel tokia izenaren boxagar aldaera euskaratua besterik ez da, beste leku anitzetako Ezpelaga, Ezpelduia, Ezpeleta-ren baliokidea.herri txikietan dohainik igurain lanak egiten dituen auzoa dukegu hemen eta oki tokia atzizkia. Burgari-ren osagaiak, bestalde, burgu burgua, herria eta ari egile atzizkia dirateke. Osotasuna Lergako Iguraimendia, Iguraimendikoa (Altico de la guarda egun) toponimoaren baliokidea-edo izanen zen.burdina dela irudi du eta bukaera eta atzizki ezaguna da, baina ez dago garbi tarteko osagaia zein den.putzua eta bidea dira, putzuko bidea, putzuetako bidea.putzu estua, hertsia dela.bidexka, kalexka izenarekin berdindu behar da.zaharra dira.(ubide baten ondoko) aldapa, malda dugu; atzizkia eta da, eta tarteko osagaia, dokumentazioko lekukotasunak ikusirik, zar zaharra, zuri edo zubi izan daiteke.isatsa) eta El Escopizar-en baliokidea.etxe handia dagoen lekua edo.larruazaleko eritasun kutsuzkoa, hatza eta zuloa dira. Ezkabiaren zuloa da beraz, Murilleteko 1652ko La Tiña toponimoaren parekoa.gazteluaren ondoko alderdia ditugu hemen, erdaraz El Castillazo deitzen duguna. Gaztelu toponimoa behin ageri da.korralea, eder eta eta atzizkia dira, eta lehen adiera gorte ederren lekua, korrale ederra dagoen tokia.urgune txikia eta txiki dira.herria eta barren aldapan dagoen eremu baten beheko alderdia dira. Beheko auzoa, beheitiko barridea da. Honek, bestalde, euskal modura aurkitu ez dugun Irigoien goiko auzoa, goitiko barridea ere bazela adierazten du.Juan Garzia izeneko baten harana da berez.gorte handia, korrale handia.harri aski handia, mehea eta laua eta atea portilua dira, bigarrenarenak lauza + -tzea lauza ugari dagoen lekua, eta hirugarrenarenak lezka landare izena eta tzea atzizkia, lezka tokia. Cf. Uxueko eta Iruñeko Lezkairu.ler beltza dela dirudi, pinu beltza alegia, artikulurik eta atzizkirik ez izateak beharbada beste azalpenen bat bilatu behar zaiola erran nahi badu ere. Lerbeztxiki, Lerbez bera bezala, Uxueko herri utzia zen 1534an.mendi gorria izan daiteke, hots, kolorez gorria den mendia, edo, egiantzekoagoa dena, mendi soila, zuhaitzik ez duen mendia.gaina, gailurra, punta dela ulertzea da. Sierra-n zegoen, Sulue edo Sule-ko bidearen aldakan.mendi zorrotza erran nahi du, hots, Gasteizko eta bestetako Mendizorrotza-ren parekoa da, Lergako Munikotxorrotx-en iruditsua. Muturromendi Ziraukin azaltzen da 1283an, eta Mutxurru (Etxaleku) edo Mutxurro (Oskotz) 640 metroko gaina da orain Imotzen. Ibar honetatik atera gabe, Goldaratzen, Ollondo deritzan eremuko gainari Ttuturru erraten zaio.ardantze landatu berria eta eta atzizkia dira.errekastoa dugu, Odieta nafar ibarraren izenean bezala.erreka edo ugaldeko putzua izena eta aga atzizkia izan daitezke, baina balio horrekin usuin, osuin dugu Eslabako Lixuñeta, Etxagueko Lisuñeta eta Zareko Ligusuñeta lihaputzua dagoen lekua, lihaputzuak dauden lekua toponimoetan, ez osin. Cf., gainera, Oibar haraneko Bizkaiko despoblatu baten izena den Usunbeltz. Asun lekua ere uler daiteke, menturaz, baina Uxuen asuin-en moduko zerbait espero genuen, ez osin.gatza duen lurra, gatza dira, hots, Petriren gesala erran nahi du.santua toponimian ezaguna izan daiteke, Galipentzuko Sanditisi, Santitisi "San Tirso"-n dugun bera.alorra eta handia dira. Ikusi den bezala, alorra ere ibiltzen zen Uxuen, irudiz gauza beraren adierazteko.txindilerria, txindila landa toponimoaren itxuratxartze arinaren emaitza izan daiteke.udareondoa dagoen alderdia, udareondoak dauden alderdia da.zabalgunea eta buru gaina dira. Ez dakigu Zabala izeneko lihatzearekin lotu behar den, Zabalondoa (Zarabandoa orain) dermioarekin edo beste zerbaitekin.utzia, ezaxola ezaguna bada ere. 1534ko zerrenda engoitik hamaika aldiz aipatuan ageri da, Uxueko herri utzietako bat baitzen.zaldu txikia da, erdaraz jatorrikide duen sotillo-ren parekoa.lautada gora eta kaskailutsua izenaren euskarazko baliokidea da, Uxuen eta bestetan.zuhaitz lekua da.Aise gauza gehiago erran daitezke Uxueko toponimoen inguruan, baina aipatutakoak aski dira, nik uste, euskara herriko leku izenetan jaun eta jabe zela frogatzeko, seinale antzina uxuetarren ahotan nagusi zebilen hizkuntza zela. Badakigu, Jimeno Juriori esker (1997: 174), XVIII. mendean Uxuen euskara bizirik zegoela, Eslaban eta Lergan bezala erraterako, baina ez dakigu zein zen jendearen elebitasun maila, ez eta herritarrek hizkuntza noiz arte atxiki zuten ere. Zernahi dela, ez litzateke miresteko mendea igarotzearekin iraungi izana, XIX.aren hasieran, Artaxoan agitu zen bezala. Mixel Xurio Donibane Loizuneko erretorearen Jesukristoren imitazionea, lehen aldiz 1720an karrikaratu zen liburua egun Uxueko elizan egoteak, bestalde, erran nahiko du aipatutako data horretatik aitzina hemengo apezen batek erabili zuela, bere predikuak ontzeko segur aski.
(PATXI SALABERRI ZARATIEGI euskaltzaina da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |