Sarrera
|
Mapa
|
Kontaktua
|
Guri buruz
|
Gorago
Zeu iritziemaile
Bestelakoak
Enpresa
Herri-administrazioa
Hizkuntza
Informatika
Internet
Irakaskuntza
Kultura
erabili.com
RSS
Hemen zaude:
Sarrera
»
Sare-aldizkariak
»
Iritzi-muinetik
» Uxueko izenak mintzagai
Erantzun
Izenburua
Bidaltzailea
Nortasun-txartela
(Ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
E-posta
(E-posta helbidea ez da publikatuko. Konfirmazioetarako bakarrik)
Testua
> Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain osoak joan den 2006-9-29an Uxuen bertako toponimiaren gainean egin zuen sarrera-hitzaldia duzue hemen irakurgai, oso-osorik. > Egia erran behar badizuet beti beldurra izan diot noizbait irits zitekeen eta hondarrean iritsi den une honi. Beti beldurra eman dit sarrera hitzaldia nire sorterrian, Uxuen eta uxuetarren aitzinean, egin behar izateak. Oroitzen naiz orain urte batzuk, laurogeita hamabostean edo, hitzaldia egin genuela, hemengo elkarteak (bakarra zen, garai hartan) hala eskaturik, Jimeno Juriok eta biok Uxueko gauzen gainean: Jose Marik historia gaiak ukitu zituen eta nik hizkuntza kontuak. Ez dakizue nolako estualdia izan zen hura niretako! Gorriak ikusi nituen, ez gaia ezagutzen ez nuelako, nire herritarren aitzinean mintzatu behar nuelako baizik, eta beharrik hitzaldiak ematen aski ohitua zegoen Jose Mari Jimeno nirekin zen, bestenaz ez baitakit zer eginen nuen! Honetan, nik uste, Euskaltzaindian ordezkatu dudan Patxi Ondarra bakaikuarraren antzetsukoa naiz, hura, nire modura, ez baitzen batere plaza gizona. Bien arteko eitea menturaz hemen bukatzen da, euskararen alderako bion zaletasuna alde bat uzten badugu bederen, hura, ni ez bezala, hizkuntza klasikoetan hagitz jantzirik zegoelako: latina eta grekoa bazekizkien, eta hebreeraz idatzitako eliza liburuak ere hiztegirik gabe irakurtzen zituen, berak egindako gutun batean ikusten den bezala (Iñigo, 2006). Hauetaz landara, alemana ere franko ongi zekien eta ingelesa Txilen ikasi zuen. Segur naiz, bestalde, frantsesez ere moldatzen zela. > > Patxi, edo Frantzisko, idazlanetan ibiltzen zuen izena ibiliz, gizon benetan euskaltzalea zen, eta honelakoa izatea zenbait lekutan oraindik zaila eta gogorra bada, pentsa ezazue Frankismoaren hastapeneko sasoi hartan zer izanen zen! Ordenako agintariek Txilera igorri zuten, Patxik hara joan nahi ez bazuen ere, bere burua gaienik eta ongienik hemen ikusten baitzuen, Euskal Herrian, ez urruneko eremu haietan. Deserrian hamahiru urte igaro ondoren, 1964an azkenean hona oporretan etortzeko aukera izan zuenean, ez zuen "Mundu berrira" gehiago itzuli nahi izan, eta hemen gelditu zen, ez dakit bere agintarien baimen osoarekin edo hori gabe, baina, nolanahi ere den, hemen gelditu zen. > > Nik Euskaltzaindian egin nituen haren ezagutzak, eta kaputxinoek Lekarozko komentua saldu eta Patxi Iruñera bizitzera joan zelarik, maiz ikusten genuen elkar, nahi gabe ere, ia auzoak ginelako, ni Txantrean baina Antsoaingo alderdian, bera bizi zen Errotazar karrikako komentutik hagitz hurbil, bizi nintzenez gero. Behin baino gehiagotan Iruñetik atera, Ezkaba mendia gainditu, Ezkabarte igaro, Odietara iritsi eta gibelerat, bide beretik antza, komentura sartzean kausitu nuen hura, ni auzoan semeekin paseiotan eta promenan nenbilelarik. Mendizale edo mendian ibilzale porrokatua zen eta ez da, beraz, miresteko Nafarroako mendiak hain ongi ezagutzea. Aurkikunde balios bat baino gehiago ere egin zituen ibilaldi luze haietan; erraterako Baztango Soalar mendian orain izen hau berau duen menhirra opatu zuen. > > Gizon apala iruditu zitzaidan beti, langina eta lehen aipatu dudan bezala, arrunt euskaltzalea. Haren lan gehiena, argitaratua dagoena, testu zaharren sailekoa dela erran daiteke, hemen Bonapartek bildutako materialak sartzen baditugu behintzat. Sail honetan Goñerriko eta bestetako testuak nabarmendu ditzakegu, eta, halaber, berak bakarrik edo lankidetzan argitara eman zituen Joakin Lizarraga Elkanokoaren izkribuak. Hauek guztiak biziki garrantzizko gertatu dira azken urteotako dialektologia lanetarako, batez ere *hego nafarrera* azpieuskalkiaren inguruan mintzo direnetarako. Bestelako lana, Akademiaren barnean burutu zuena, ez dut ongi ezagutzen; horretaz osoko bilkuretan parte hartzen zuten euskaltzainek eta batzordekide izan zituen gramatikalari eta dialektologialariek mintzatu beharko dute. > > Patxi Ondarrak ordenakide -eta bizikide, Lekarozen- Damaso Intzako eta Mitxelenaren arabera (1972: 384) «euskara gutik bezala» zerabilen Polikarpo Iraizozko euskaltzain osoak izan zituen, eta baita Arrigarai, Eusebio Etxalarko eta Jurgi Errezuko euskaltzain urgazleak ere. Nik ez dakit harremanik estuenak zeinekin izan zituen, baina bistan da Polikarpo Iraizozkoaren lana biziro gogoko zuela, 1981eko bere sarrera hitzaldia Euskaltzaindian ordezkatu zuen haren lanen gainean moldatu zuelako ("Polikarpo aitak zituen esku-idatzi zaharren aurkezpena"). Gero ere, Aita Polikarporen mendeurrenaren karietara 1997an Nafarroako Gobernuak kaleratu zituen ultzamarraren hiru liburuak Patxi Ondarrak apailatuak ziren. Gorago erran dudan bezala, Patxik, Aita Polikarporen bidetik, Joakin Lizarragaren lan franko argitaratu zituen, eta ez da harritzeko, Elkanokoaren idazkietan Nafarroako, Iruñerriko euskaran ibiltzen ziren izen, aditz, atzizki, erranairu eta bestelako aberastasun anitz baitaude irakurlearen, edo hobeki erran dezadan, ikertzailearen esperoan eta begira, irakurtzaile arruntak ez duelako, damurik, Lizarragarenik irakurtzen. Damurik diot altxor horiek anitzetan oso erabilgarriak direlako eta, norbaitek bere euskarari nafar kutsua eman nahi badio, datuak eskura eta irispidean dituelako. Egia da euskara batuaren garaian harrigarri gerta daitekeela euskalkian mintzatzen hastea, edo are harrigarriago, euskalkian idazten hastea, batez ere euskalki edo hizkera hori Lizarragarena bada, egun ia inork ibiltzen ez duena, eta ia diot Erroibarko eta Aezkoako mintzoak, Iñaki Caminok ikusi duen bezala (1997, 2004), Elkanokotik hagitz urruti ez daudelako. > > Kontua, nire ustez, ez da orain Lizarragak bezala idaztea, honek duen altxorra baliatu eta, bide horretatik, euskara batua aberastea, osatzea, Nafarroak ere, edo hego nafarrera mintzatu den alderdiak zehazkiago erran, izan behar baitu zer errana eta zer emana *Hiztegi Batua*-n eta bestelakoetan. Erran izan da nafarrok ez dugula euskaraz idatzi, eta egia da, neurri batean, Nafarroan ez dugula izan ospe eta izen handiko idazle entzutetsurik, erreinu zaharrean hainbesteko hedadura izandako hego nafarreran izkiriatu duenik, Axular urdazubiarrak lapurteraz idatzi zuelako eta Orixe giputz uitziartuak erdialdeko hizkeran batez ere, nahiz ez bakarrik. Gure-guretzat har ditzakegunen artean Beriain Utergakoa, Elizalde Muzkikoa eta Lizarraga Elkanokoa ditugu klasikoetan; beranduago, XX. mendean gehienbat, Larreko, Polikarpo Iraizozkoa eta Mariano Izeta ditugu, baina hauek oinarritzat Baztango hizkera dute, hein batean edo bestean, eta lehenak Iparralderanzko joera. Manezaundi ere nafarra zen, Luzaidekoa ordea, hizkeraz garaztarra. > > Lizarraga izan da Nafarroako Erdialdeko euskara, erdialde-ekialdekoa, nolakoa zen erakutsi diguna, Bonapartek Elkano, Oltza, Itza eta Garesen XIX. mendean bildutako materialak ere izanagatik, Utergako Beriainen lanez gainera, baina hauek 1621 eta 1626koak dira, zahar kutsu nabarmenekoak. Muzkiko Elizalderen dotrina eta herri bereko Morentindarren testuak ere baliagarriak dira arras; Gesalatz, ordea, egun garen herritik urrun da. Nik Ibargoitiko edo Orbaibarko libururen bat, edo gutxienez izkribu luze edo laburren bat izan nahi nuke, baina zorigaitzez oraino ez dugu holakorik, eta gure eskualdeko euskara ezagutzeko, neurri batean bederen, toponimiara jotzea beste biderik ez dago. Hau da nik garai batean egin nuen gogoeta eta nire doktore tesi potzoloaren ernamuina izan zena: Uxueko eta inguruko euskararen berri zerbait izateko zer egin dezaket, nora jo dezaket? Errepostua egina da: toponimiara. > > Hau izan zen, hortaz, nire lanaren erroa eta arrazoia, eta emaitzak, toponimia lanetan aritu denak espero zezakeenez, ez ziren izugarriak izan, euskararen ezagutzari dagokionean, dialektologialari aditu eta aritu batek idatzi zuen bezala. Hemen gogoan izan behar da toponimia lana egiten denean, bilketa hutsean gelditzen ez bagara behinik behin, toki izenen etimologia azaltzea edo azaltzen saiatzea hagitz garrantzitsua dela eta, honekin batean, toponimoak behar bezala arautzea eta mapetan egokiro kokatzea ez dela hutsaren hurrengoa. Hau da nik doktorego tesian egin nahi izan nuena; helburuak, beraz, hauek izan ziren: a) hemengo euskararen gainean berri zerbait erdiestea, b) toponimoen azalpen etimologikoa ematea, eta c) leku izen biziak mapetan ezarri eta galduak, dokumentazioa oinarritzat harturik, nontsu kokatu behar ziren argitzea. Lehen helburua toki izenak diren lan tresnak berak mugatua eta murriztua da, besteak beste *satznamen* deitu diren horiek, Burundako *Abade Alsasua* erori zaneko zuloa, Ergoienerriko (*Ganaduari*) *gatza ematen dakion iturria*, Urnieta aldeko *Haurra galdu zan harria*, Iruñerriko *Urdeak etziten direnekoan* edo Orbaibarko *Elorria* baita 'elorria dagoen alderdia', *Orrea* dena 'ipurua den tokia' toponimoen modukoak urriak direnez geroztik, zenbaitek uste duten baino aise ugariagoak izanagatik ere, eta are urriagoak bestelako "joskeradun" leku izenak. > > Aipatu hiru helburuekin batean bazen, aitortu behar dut, laugarren bat ere: herriaren euskalduntasun galdua nabarmen utzi nahi nuen, alegia, herria berandu arte euskalduna izan zela garbi adierazi nahi nuen. Erdaldunek pilotaleku hau dagoen lekuaren izena, *Andremucho* edo *Andrebucho*, bitxi kausitzen dute, *Aldabea* ere franko hitz drolea zaie, eta are gehiago *Aldabea*ren barnekotzat ematen diren *Anzandieta* eta *Turtunbera*, gure etxearen aurkez aurke dagoen *Rincón de Zonbolozoko* arraro hori ez aipatzeagatik. Arraro diot sekulan aditu ez duten erdaldunendako, hemengoendako ohikoak baitira eta normalak, eta euskaldunendako holako ezagun aire bat baitute, euskaratikakoak izanik. Paper zaharrak arakatu eta bestetako leku izenak ikertzen dituzularik ikusten duzu *Andrebucho* aldaera jatorrizkotik hurbilago dagoela *Andremucho* baino, oinarrian *Andrebutzu* dugulako, hots, 'andreen butzua', zenbaitetan *andre* hedatu horren azpian *Andre Dona Maria* ez ote dagoen galdegin badaiteke ere. *Aldabea*, berriz, *aldapa* hitzaren lehengusu propioa da, lehen kusia, Orbaibarko *Aldapea* dermio izenaren haurride, *alde*, *aldai* eta 'malda' adiera duten beste hitz eta toponimo frankoren ahaide, Uxueko bereko *aldazkia* edo *aldaizkia* generiko galduarena, adibidez. > > *Anzandieta*-ren erranahia ikustea erraza da, dokumentazioa aztertuta: oinarrian *haitz*, *handi* eta *eta* daude, hots, jatorrizko forma *Aitzandieta* dugu, "aldabe" horretara ematen duen etxe baten azpiko harri handiari egiten baitio erreferentzia toponimoak. *Turtunbera*, espero bezala inoiz *Durtunbera* idatzirik ageri dena, han-hemen errepikatzen da, Altzuza, Antxoritz, Iratxeta eta Muzkin adibidez, *Turtunbera* edo *Tutunbera* gisa, eta nik onomatopeia itxura hartzen diot. Irudi du Iribarrenek biltzen duen *turrunbero*, *turrunpero* 'arrisku gutxiko amildegia' hitzarekin lotua dagoela. > > *Pilarraña*-z den bezainbatean, lehen *Pirolarraña* aldaera osoagoa ibiltzen zela erran behar eta, orobat, dokumentazioan *Otsalarraña* ere azaltzen dela, menturaz behialako *Lopera*-ren (*Lupera* orain) ordainetan. *Pirolarraña* edo *Pilarraña*-n *larraina* 'eultzia egiten den zelaigune biribila' hitz gardena dugu, *Otsalarraña*-n bezala, eta, bestalde, *otsa*- hori *otso*-ren elkarketako aldaera da, *Pirolarraña*-ren azpian *piro* 'ahatea' ikusarazten diguna. Alabaina, nik *piro* hitza Baztanen ikasi nuen, eta ez da, dakidanez, handik honako alderdi zabalean ibili, ez behintzat Iruñerrian eta hortik beheitikoetan. Beste alde batetik, pentsa dezakegu *Lopera*, itxuraz gaztelaniako *lobera* (< <i>luparia</i>) 'otsazuloa, otsobia'-ren aldaera dena, *Lope* antroponimoaz eta erdarazko *era* 'larraina' izen arruntaz osaturik dagoela, euskararen ordena atxiki dela onesten bada, eta, beraz, ondoriozta dezakegu *Otsalarraña Lopera*-ren itzulpena besterik ez dela, edo alderantziz, *Lopera Otsalarraña*-rena dela. Honek guztiak, analogiaz baizik ez bada ere, *Pirolarraña*-n *Peru*, *Pero* antroponimoa ikustera eraman gaitzake, baina dugun dokumentazioa honen kontra mintzo da, lekukorik zaharrenek *Piro-* dutelako eta bizirik dagoen aldaerak bokal sabaikaria. > > Natorren orain Uxueko toponimoen artean argitzen gaitzena ez bada bai behintzat zailenetako bat dena aztertzera. Zein uste duzue dela hori? Bistan da: *Uxue* herri izena bera. Ez ditut hemen errepikatuko tesian erran nituenak, ez eta *Uxuezaleak* elkartearen triptikoan azaldu nituenak ere, baina zenbait iruzkin labur, edo ez sobera luze behinik behin, egin nahi nituzke. > > Egun erdaraz *Ujué* erraten diogu herriari eta euskaraz, ezbairik gabe, *Uxue* deitu izan da, *x*-rekin, frantseseko *cheval* 'zaldia' edo ingeleseko *fish* 'arraina' hitzek duten soinuarekin. Ez dakit xuxen nolako azentua zuen, baina logikoena *Uxúe* erraten zela pentsatzea da, eta, izan ere, horixe da azken hamarkada hauetan uxuetarrek, euskaraz mintzatzen garenean, ibiltzen duguna, bai eta, berebat, emakume izentzat nagusitu dena ere, lehengo *Ujué* edo *María Ujué*-ren kaltetan. Nago herriko alaben eta haien ondorengoen artean badirela jatorrizko *Ujué* edo *María Ujué* bat baino gehiago gero *Uxue* edo *Miren Uxue* bihurtu direnak. Halaber, eta honek toponimoaren azalpenarekin du zerikusia, badira *Uxue* bilakatu diren jatorrizko *Paloma* batzuk, eta erroa gure herriaren izenaren aldaera batean (1102an ageri da lehenbizikoz) duten zenbait *Uxua* ere bai. > > Aurtengo uztailean aldizkari arrosa horietako batean (*Hola*-n oker ez banabil) berria heldu zen, baizik eta Espainiako telebista kate ezagun bateko programa arrosa baten aurkezleak alaba izan zuela eta izentzat *Uxue* ezarri ziola. Euskal izenak paratzea, jakina den bezala, gero eta ohikoagoa da euskara mintzatzen den edo mintzatu den alderditik kanpora ere, eta, adibidez, anitz dira *Ainhoa* deitzen diren Madrilgo neskak, eta hor dago, bestalde, *Iker Casillas* jokalaria, Real Madrid futbol talde ezaguneko eta Espainiako selekzioko atezaina. Dena dela, aipatutako aurkezlea sortzez gipuzkoarra da eta senarra ere, *Aitor Senar* delako bat, Probintziakoa da, eta aitetamak nafarrak, Ergoienerrikoak. Irudi duenez aurkezlea, telebistan azaldu zuenaren arabera, hemen izan zen bisitan eta, nonbait, herriaz gustatu eta horregatik ezarri zion *Uxue* bere alabari. > > Itzul nadin etimologiara. José Moret iruindar idazlea eta euskalduna da XVII. mendean bere *Anales del Reino de Navarra* ospetsuan (163-164. orr.) hain ezaguna den artzainaren eta usoaren pasadizoa kontatzen duena: > > <blockquote><i>... Y para memoria de la maravilla y de la paloma, que trajo o descubrió el ramo de oliva, anunciadora de bonanza en aquella inundación de mahometanos, (la villa) tomó el nombre de </i>Usua<i>, que en el idioma vascongado vale lo mismo que paloma, y se llama Santa María de Usua, aunque con el tiempo se ha alterado algún tanto, y se llama </i>Ujué<i>. Los privilegios antiguos Usua le llaman.</i></blockquote> > > *Privilegio* edo dokumentu zaharrek ez dute beti *Usua* deitzen; egia erran, antzeko formak aurkitzen ditugu (*Huxua, Uxua, Ussua...*), baina ez *Usua*. Badaiteke, ordea, dokumentazioko lekukoren bat itzuri izana. Nolanahi ere, *uso* izen arruntaren eta *Uxue* toponimoaren arteko lotura aspaldikoa da, aipu honetan ikusten den bezala. > > Bada Japoniako ikertzaile bat, Masu Nitta izenekoa, lan batean baino gehiagotan gure alderdiko toponimoez arduratu dena. Jaun honek hemengo egunkari ezagun batean idatzi zuen *Ujué* edo *Uxue* latineko *puteum* izenetik (*pozo* eman du gaztelanian) atera zela, oinarritzat Uxueko putzu ugaritasuna hartuz. Azkeneko hau egia da; Uxuen, beste leku berdeago batzuetan adina euri egiten ez badu ere, iturri eta iturburu franko daude: guk badugu bat etxean eta gure aitaren arabera -kisuskilea zen eta ongi ezagutzen zituen herriko etxeak- badira beste holako asko beste etxe frankotan. Halarik ere, putzu ugaritasuna gorabehera, hagitz zaila da *Uxue* (*Ujué* bihurtua beranduago) *puteum*-etik atera zela onartzea, fonetika historikoak, soinuen bilakaerak, eragozten duelako. > > Gainera, Goñi Gaztanbideren lanean (251. agiria) 1146ko *Urssua* aldaera aurkitzen dugu: > > <blockquote><i>Martin de Lehet (regnante, tenente...) in Galipenzo et in Vnse, Arremir Garceitz I in Urssua, episcopo Lupo in Pampilona.</i></blockquote> > > *Urssua* hau 1147an *Ussua* gisa eta lehenago eta beranduago *Uxue* moduan, era batera baino gehiagotara idatzia, agertzen den bera da, agezarrak Uxuera beilari etortzen ziren (eta ustez oraino etortzen diren) 1547ko *Uxue bidea* odonimoko bera, *Txutxu*-ko eremu bat adierazten zuen Lergako 1592ko *Usueco Oyanondoa*-n ere opatzen duguna. Agezan 1588rako *Ussobidea*, *Usobidea* dokumentatzen da eta ez da dudarik hemen *folk etymology* baten aitzinean garela, hots, *Uxuebidea*-ren *Uxubidea* aldaeratik abiatuta jendeak egindako berrinterpretazioaren aitzinean. > > Mitxelenaren iritzian (1956: 338) daitekeena da *Uxue* toponimoa *urzo*, *uso*-tik aterea izatea, eta aipatu dugun *r*-dun aldaerak azalpen etimologiko honen alde egiten du, -*rz*- > -*x*- bilakaera onartzeko arazo fonetikoak badaude ere. Aukera bat oinarrian hipokoristikoa dugula onestea da, dokumentazioko *Uso* (gizona), *Usoa* (emakumea) pertsona izenaren maitasunezko forma, Bilbon XV. mendean ageri den *Usoxe* (*de Urrexti*)-ren antzeko zerbait. Bukaera Orbaibarko *Etxague* eta *Untzue* herri izenetan dugun *(g)ue* leku atzizkia izan daiteke, baina arazoa da atzizki hori ez dela oinarri antroponimikoekin inoiz agertzen, nik dakidala. Beste azalbide bat toponimoaren osagaitzat *uso* izen arrunta eta *(g)ue* 'uso lekua' ditugula pentsatzea da, baina orduan -*x*- sabaiko hori azalpenik gabe gelditzen da. Ikusten duzue, beraz, *Uxue* izenaren etorkiaz mintza daitekeela baina, aldi berean, gauzak ez daudela erabat garbi. > > Orain zer errana eta zer mintzatua eman duen gure herriko beste izen batez, edo xuxen erran dezadan, beste izen multxo batez ihardukiko dut, ahal dudan laburkienik. Multxo hori oinarrian *laku* izen arrunta duena da, hemendik hurbil dagoen *Lakubeli*-k, errekaz beste aldeko *Lakumulatu*-k eta honen barnekotzat jotzen den *Laku*-k osatzen dutena. Toponimo hauei hainbeste orri idatzarazi dituen *Lacubegi* teonimoa gehitu behar genieke, hain zuzen ere *Laku* eta *Lakumulatu*-tik hurbil dagoen ermitaren inguruetan agertu bide zena. Idazkun osoa hau da, Castillo, Gómez-Pantoja eta Mauleonen arabera (1981: 59): > > <blockquote><b><i>Coelii Tesphoros et Festa et Telesinus, Lacubegi. Ex voto</i></b></blockquote> > > Bada Uxueko beste idazkun bat, honen biziki iruditsua, «*Lacubegi. Ex voto*»-ren ordez «*Iovi sacrum*» duena. Oroitu beharra dago *Lacubegi* agertzen den harrian, gibeleko aldean, zezena dagoela marraztua, edo beharbada behia, buru hutsa izanik bereizterik ez denez geroztik. Juan Carlos Elortzak (1972: 363), María Lourdes Albertosek jakinarazitako iritziari jarraikiz, erraten du indoeuropar hizkuntza anitzetan ageri den *lacu* dela lehen osagaia, eta *bheg* 'hautsi' bigarrena, lituanieran 'uhina', 'zaparrada' adiera hartu duena. Jose María Iraburuk, pixka bat beranduago (1975: 83-85), arrazoirekin ene irudiz, Albertosek iradokitako indoeuroperaren bidezko azalpena gaitzetsi ondoan, teonimoaren hasierako *Lacu-* hori Uxueko harria agertutako tokitik hurbil dauden *Laku* eta *Lakumulatu* toponimoekin lotzen du, baita (*Barranco de*) *Lakubeli*-rekin ere, eta gehitzen bigarren osagaia *begi* euskal hitza izan daitekeela, edo beste gisan, eta harriaren ginberrean behi edo zuzen burua dagoela ikusirik, *behi*. Lehen kasuan 'Laku aurkintzaren zaintzailea' litzateke teonimoaren adiera. > > Uxue ongi ezagutzen duen J. J. Uranga jaunak (1984: 39-42), berriz, eta Elortza-Albertosen tesiei kontra eginez, erraten du *Lakubegi* ezin dela, inola ere, inongo ur edo iturri jainkorekin lotu, hark aipatzen dituen Aragoa ugaldea eta Lezkairuko erreka urrun daudelako. Honela dio: > > <blockquote><i>Frente a las tesis de Elorza hay que señalar que el río Aragón pasa a 6 km. del lugar en que se encontraron las aras y el torrente Ezcairu (sic) es un riachuelo muchas veces seco. Mal clima para divinidades acuáticas.</i></blockquote> > > Javier Velaza (1995: 213) nafar ikertzaile bikainarendako, berriz, *Lacubegi* iberiar itxurako teonimoa da; honen arabera *laku* ongi ezaguna (iberiar antroponimian, irudi duenez) da lehen osagaia, eta bigarrena adiera zehazten ez duen *biki*-ren aldaera izan daiteke. Joakin Gorrotxategiren irudiko ere (1995: 223-225) *Lacubegi*, hein batez bederen, iberiar izena da; autore honen arabera lehen osagaiak paraleloak ditu Palamósko *laku-arkis*-en eta Saguntoko *biu(r)-lakos*-en. Bigarren osagaia, aldiz, euskarako *begi*-rekin lot daiteke, edo *behi*-rekin, harrian burua ageri dela kontuan hartzen bada. Ikertzaile honek berak erraten du (1984: 300) izenak zenbait aldiz, Akitaniako idazkunetan, deklinatu gabe agertzen direla, hemen bezala jainkoenak, teonimoak direnean beregainki. Egia da idazkun bikian *Iovi* ageri dela eta *Lacubegi*-k datiboan egon behar lukeela, baina erran dugunaz landara, badaiteke teonimoak berezko zuen bukaerako <i>i</i> hori datiboaren hondarkitako hartua izatea. Segur aski Velazak eta Gorrotxategik diotenean oinarriturik, Luis Nuñezek (2004: 174), dibulgazio lan interesgarri batean, iberiera Uxue inguruan mintzatu zela erraten du, gehiago zehaztu gabe, ordea. > > Orain hamabi urte argitara emandako tesian (1994: 826 eta hurr.) argi utzi nuen, edo argi utzi nahi izan nuen behintzat, pentsatzen nuena: nire irudiz, eta honetan Irabururen oinatzei jarraikitzen natzaie, *Lacubegi* jainko izenaren lehen osagaia *Laku* eta *Lakumulatu*-n dugun *Laku(-)* bera da, Urangak ez baitu arrazoi osoa klima aipatzen duenean. Uxue idorra da, baina euria egiten du, eta elurra ere bai, eta *Laku* dermio urtsua da, hainbeste non, ongi ezagutzen zuen gure osaba Esteban Berraderen arabera, hemen "puntido" deitzen direnak egin behar izan baitira ura atera eta lurra landu ahal izateko. *Laku* hitzak, gainera, nahiz euskara batuan gaztelaniako *lago*-ren ordaintzat ibiltzen den, toponimian 'leku urtsua' adiera izaten du, ez 'lakua', eta hamaika aldiz aurkitzen dugu han-hemenkako toki izenetan, Uxuetik Gasteizeraino, *Lakua*raino gutxienez, bide erditan dagoen *Lakuntza* bitarteko dela. Egia da gure leku izendegian ohikoagoa dela *Laku* artikuluarekin aurkitzea, Gasteizen bezala (*Lakua*), eta atzizki edo postposizio zenbaitekin, Agezako *Lakuaga*-n (*Lakuagabarrena*, *Lakuagagoiena* ere baziren) edo Galipentzuko *Lakuarana*, *Lakuko harana*-n bezala, baina artetan toponimoak mugatzailerik gabe kausitzen ditugu, baita espezifiko eta generikoz osaturik daudelarik ere. *Lacubegi*-ren bigarren osagaia J. M. Iraburuk eta J. Gorrotxategik aipatzen duten *begi* edo *behi* izan liteke, hondarrekoa agian, zezen edo behi burua ageri dela aintzat hartzen bada, ezaguna den bezala aspirazio (zahar) batek batzuetan aztarnatzat <i>g-</i> utzi duenez gero. > > Ez dut oraindik ukitu teonimoaren arras antzekoa den *Lakubeli* toponimoa. Hemen, 1994an nioen moduan, *Laku* dukegu berriz ere lehen osagaitako; bigarrena *Beli* antroponimoa izan daiteke, Irigoienen arabera (1995: 54-55) <i>Bellus, Bellius, Belli</i>-tik atera dena, Ezkarozeko 1046ko *Azubeli*-n dugun bera (Martín Duque, 1983, 36), bestela <i>-bel, -bele</i> (*Azubel, Azubele*) gisa azaltzen dena. Nolanahi ere, bitxia da, gutxieneko kontuan, *toponimo* (edo *apelatiboa*) *+ antroponimoa* segida, nahiz ez alderantzizkoa (*Garziarana, Petiriberro*). Gainera, ez dut uste *Lakubeli* deitzen den hori leku urtsua denik; bada erreka (erdaraz *barranco* deitzen duguna), baina ez dakit hau aski den *laku* ager dadin, ez dirudi. Toponimoa zaharra da, bestalde, lehen aldiz 1598ko hilburuko batean agertzen denez geroztik: > > <blockquote><i>Anssi bien dejo dos pieças en Lacubeli y que me perdone de lo poco.</i></blockquote> > > Azaltzeko beste bi bide dakuskit, baina ez lehenak ez bigarrenak ez naute asebetetzen: a) <i>-beli</i> bigarren osagaia antroponimikoa izan daitekeela aintzat harturik, pentsa daiteke lehena ere hala dela, hots, *Laku* toponimoan oinarritutako izengoitia-edo dela, b) jatorrizko forma *Lakubeli* gabe teonimoarekin bat heldu den *Lakubegi* zela kontu egin daiteke, eta hemendik asmilazio-disimilazioz *Lakubeli* sortu zela, alegia, alboko asimilazioz eta belare disimilazioz, baina, ikusi bezala, XVI. mendeaz geroztik *Lakubeli* dugu, egun ibiltzen den forma berbera. > > Orain, laburzki, Santa Maria la Blanca ermitako Andre Mariaren irudian dagoen *Abeaga* idazkuna iruzkindu nahi dut. Urangak (1984: 34) erraten du gaurdaino ez dela gogobeteko azalpenik eman, eta bera ez da entseatzen -ez da miresteko bestalde- zer erran nahi duen argitzera. Nik 1994ko lanean (884-885) izenaren oinarria *habe* 'zutabea', 'zurkaitza', 'gapirioa', 'gurutzea' zela nioen, baita beste leku batzuetan *ezpara*, *espare* edo *ezpata* erraten dena ere, erdarazko *tábano* alegia. Atzizkia, bistan da, <i>aga</i> ezaguna da, Uxueko <i>Aliaga, Andiaga, Aristuziaga (Astuziaga, Estuziaga)</i> edo *Dorrondiaga* (*Redondiaga*) toponimoetan ageri dena. Orain, <i>Orotariko Euskal Hiztegia</i>-k dakartzan 'euskarria' eta 'babesa' adierak gehi daitezke, eta orobat 'zuhaitza' erranahia, azken hau, aipatu hiztegian biltzen diren lekukotasunak ikusirik, mendebaldekotzat eman beharko badugu ere. > > Tesian Iturmendiko *Abeaga*, Unanuko *Fruteko Abeta* eta Zarauztik Getariara doan bideko seinale batean ikusitako *Abeta* aipatu nituen. *Abeta*, bestalde, Araizko aurkintza da 1720az geroztik gutxienez, eta baserri baten izena ere bai. Unanun *Abetaburu*, *Abetako arrasoa* eta *Abetako harpea* ere baditugu, eta segur naiz sakonki bilatuz gero <i>Abe</i>-dun leku izen gehiago agertuko direla. Honek erran nahi du Uxueko *Abeaga* hori ez dagoela bakarrik eta sistema osoago baten zati dela. Idazkunaren adierarik egokiena 'zuhaitz lekua' dateke, gero ukituko ditudan *Arbolaga* eta *Zuaizkieta* toponimoek dutenaren parekoa, baina, erran moduan, 'zuhaitza' adiera mendebaldekotzat eman beharra da. Beraz, egokiagoa litzateke, alderdi honetatik, 'habe, ezpara tokia' ulertzea. Honek, alabaina, eta gauza gehienek bezala, badu gibela ere, aitzina ez ezik: <i>aga</i> atzizkia eskuarki ez ohi da animalia izenekin agertu. Guztiaz ere, Uxuen berean, eta Eslaban, badugu etsenplu bat: *Zaldunaga* (Uxue) / *Zaldinaga* (Eslaba), biak aurreko <i>Zaldinuaga</i> (< <i>Zaldinoaga</i>) batetik atereak, hots, osagaitako *zaldi*-ren *zaldino* txikigarria eta <i>aga</i> atzizkia dituzkeen toponimotik (atzizki txikigarriaren erabilera dela eta, cf. <i>Mendinueta</i> leku izen eta deitura). > > Bukatzeko, Uxueko antzinako leku izen batzuk aipatuko ditut, erabilera zaharraren oroigarri. Tamalez, lehenik euskara galdu zen eta orain, bizimodu aldaketaren ondorioz, hark utzitako azken aztarnak ere suntsitzeko arrisku handitan daude. Gaurgero, gure hizkuntza ezeztatzearen bortxaz beregainki, baina baita leku izendegiak duen barne dinamikagatik ere, toponimo franko desagertu dira. Hona hemen horietarik garrantzizkoenak: > > - *Aizkieta* edo *Ezketa*. *Lakumulatu* aldean zegoen; osagaiak *haitz* izena eta <i>eta, -keta</i> leku-ugaritasunezko atzizkiaren <i>-kieta</i> aldaera dirateke. > > - *Aizpeaga*. *Turtunbera* eta *Galaputzu* artean zegoen; osagaiak <i>haitz + pe + -aga</i> dira, hots, 'haitzaren azpiko alderdia' erran nahi zuen. > > - *Aldaidarrea*. *Aldailarrea* 'aldapako larrea'-ren itxuratxartzea izan daiteke, baina ez da segurua. > > - *Altxunbidea*. Generikoa da berez, izen arrunta, 'ardibidea' adiera duena. > > - *Arbolaga*. *Aitzandieta*-ko eguzkiagerrian zegoen. Osagaiak *arbole* edo *arbola* 'zuhaitza' eta <i>aga</i> leku-ugaritasunezko atzizkia dira; cf. *Zuaizkieta*. > > - *Arduibarrena*. Dokumentuetan aurkitzen ere dugun *Ardui bajo*-ren euskarazko bete-beteko baliokidea da; osagaiak *Ardui* 'harri lekua' toponimoa eta *barrena* 'aldapan kokatutako aurkintza baten beheko aldea' dira. > > - *Areatzeta*. *Otrollos*-ko errekan zegoen, *Beiremuga*-n; *harea* eta <i>-tzea</i> 'harea tokia' dira osagaiak. > > - *Arraskutzea*. Gurutze baten izena zen; jatorriz *Harrizko gurutzea* zatekeen. > > - *Arributzua*. *Otrollos*-ko errekan zen, Pitillasko bidearen aldamenean. Osagaiak *harri* eta *butzua* dira. > > - *Arriluzea*. Errotako errekan zegoen, denboraz *Villantigua* zeritzan aurkintzan. Osagai argiak *harri* eta *luzea* dira. > > - *Arritzea*. *Sierra*-n zen; <i>harri + -tzea</i> 'harri lekua', 'harridia' dugu hemen. > > - *Artabakoitz*. *Urteaga*-ren eta *Zaubio*-ko iparragerriaren artean zegoen. Osagai argiak *arte* zuhaitz izenaren elkarketako <i>arta-</i> aldaera eta *bakoitz* 'bakarra' dira. Honelakoak ugariak dira euskal toponimian: *Arizbakoitza* (Jaurrieta, Hiriberri Deierri), *Bagabakoitz* (Sabaitza eta Ibargoiti), *Etxabakoitz* (Iruñea)... e.a. > > - *Artaxabal*. 1534ko zerrendan ageri diren Uxueko herri hustuetako bat da. *Arte* eta *zabal*-en *xabal* aldaera, elkartuaren bigarren osagaian azaltzen dena, ditugu hemen. Adiera 'arte zabala' izan daiteke, baina baita ere 'arteak dauden zabaldia'. > > - *Arteandia*. *Andiaga*-n zegoen, Lergako bidean. *Arte* dendronimoa eta *handia* dira osagaiak. > > - *Artisar*. *Sierra*-n zen. Segur aski *arte* dukegu oinarrian. > > - *Astabidea*. *Carasolalto, Cuartochiguito* eta *Mugazuria* artean zegoen. 'Astoen bidea' dugu hemen, jakina. > > - *Astrakastillu*. *Sierra*-n zegoen, ermitatik hurbil, baina ez dakit *Castillo* edo *Kastillu* bera zenez. Hastapeneko <i>Astra-</i> hori iluna da. > > - *Aunzkoertea*. Erreka baten ondoan zegoela besterik ez dakit. *Aunzkortea* 'ahunztegia', 'ahuntz korralea' izan daiteke, baina *artea* 'tartea', 'bitartea' izenaren *ertea* aldaera duen toponimoa ere bai, aldaera hori Iruñetik Uxueraino hagitz ongi dokumentatua dagoenez gero. > > - *Azpieta*. *Sierra*-ko bidea igarotzen zen *Aitzandieta*-ko zoko baten izena zen. Osagaiak, segur aski, <i>haitz + -pe + -eta</i> 'haitzaren azpiko alderdia' izanen dira (cf. *Aitzandia*, *Aitzandieta*, *Aizpeaga*), baina <i>haitz + bi + -eta</i> 'bi haitzak dauden aieka' ere izan daitezke. Hizkuntzaren aldetik ez dago arazorik *bi* zenbakia izenaren gibelean joan zitekeela onartzeko. > > - *Bagaran, Balgaran, Balgarandega* edo *Valgrande*. Ez da leku izen argia, aldaera desberdin mordoxka baitu. *Txorria*-n zegoen. > > - *Barriozar*. *Andrebutzu*-rekin mugatzen zuen, eta, beraz, hemengo etxe hauek, plaza txikitik eta *Calle del Cuerno*-tik frontoi aldera dauden etxe hauek zirela pentsatu beharko dugu. 'Auzo zaharra' erran nahi du, bistan da. Garbi dago, izena ikusirik, bazirela beste auzo berriago batzuk Uxuen. > > - *Beiremuga*. Beireko muga da, argi eta garbi. > > - *Berage*. Egun *Los Berros* deitzen den alderdia da, lehen *Los Berros de Berage* erraten zitzaiona. *Berro* hori 'luberria', 'labakia'-edo da, lurra lantzeko, alor edo sorotako ibiltzeko botatzen den baso puxka adierazten duen hitza. *Berau* aldaera ere agertzen da eta ez dakigu erdal dokumentuetako *Berague* hori euskal erara ez ote den irakurri behar. Kasu honetan <i>gue</i> atzizki tokizkoa duen toponimoa izanen litzateke; oinarria *berro*-ren <i>berra-</i> aldaera izan liteke, baina dardarkari bakuna ez da azalpen honen alde mintzo. *Beragu* Eslaba eta Galipentzuren artean dagoen mendi baten izena da, eta Aezkoako aurkintza batena ere bai. > > - *Berageondoa*. Aurreko *Berage* (edo *Berague*) bera eta *ondoa* 'aldamena' dira osagaiak. > > - *Beraiz*. Uxueko zubietako bat zen. Azalpen etimologiko bat baino gehiago eman daitezke, baina gaurkoz bere horretan utziko dut. *Beraitz* Olaibarren, Iruñetik hurbil samar dagoen herri baten izena ere bada. > > - *Berroandia*. *Los Berros* edo *Berage*-n zegoela dirudi; *Berro grande de la Villa* gisa ere ageri da dokumentazioan. Osagaiak *berro* 'luberria', 'labakia' eta handia dira. > > - *Bidemakurra*. *Tejería*-ko bidea eta honen inguruak izendatzen zituen. Agerian denez, osagaiak *bide* eta *makurra* 'okerra', 'ogena' dira. Cf. Uxueko *Retuerta* 'erreka ogena, okerra'. > > - *Bidezabala*. Ez dakigu zer bide edo eremu zen. Osagai argiak *bide* eta *zabala* dira. > > - *Bikuaga*. *Txorria*-n zegoela dirudi. *Biku* 'pikuondoa' eta <i>aga</i> leku-ugaritasunezko atzizkia ditugu hemen. Etorkizko adiera 'pikuondoa dagoen lekua', 'pikuondo tokia' da. > > - *Bizkarra* (*Carrera de la Bizkarra*). Behin bakarrik aurkitu dugu, 1691n. Eliza aldera zihoazen bideetako bat dela irudi du, herri barnekoa. > > - *Boxagarea*. *Sierra*-n zegoen, *Bigas*-tik ez urrun. Erromantzeko *bojacar* 'ezpel tokia' izenaren *boxagar* aldaera euskaratua besterik ez da, beste leku anitzetako *Ezpelaga*, *Ezpelduia*, *Ezpeleta*-ren baliokidea. > > - *Burgaloki*. *Sierra*-n zegoen, 1800 arte Uxueko auzoa izandako *Pitillas* herritik *Berage*-ra (*Los Berros*-a), egur bila segur aski, igaten ziren bidearen aldakan. Itxuraz, Arabako *burgari* 'herri txikietan dohainik igurain lanak egiten dituen auzoa' dukegu hemen eta <i>oki</i> 'tokia' atzizkia. *Burgari*-ren osagaiak, bestalde, *burgu* 'burgua', 'herria' eta <i>ari</i> egile atzizkia dirateke. Osotasuna Lergako *Iguraimendia*, *Iguraimendikoa* (*Altico de la guarda* egun) toponimoaren baliokidea-edo izanen zen. > > - *Burnizirieta*. *Sierra*-n zegoen; 1746ko agiri baten arabera *Astrakastillu*-k ordezkatu zuen. Aldaera franko ditu; lehen osagaia <i>burni-</i> (<i>burruna-</i> ere bai) 'burdina' dela irudi du eta bukaera <i>eta</i> atzizki ezaguna da, baina ez dago garbi tarteko osagaia zein den. > > - *Busazarra*. 1534ko zerrendan ageri den *Busa* herri utzia izan liteke. Lehen osagaia, *Busa*, ez da gardena, baina bai *zaharra* izenondoa. > > - *Butzubidea*. Ez dakigu zein bide zen hau. Agerian denez, osagaiak *butzu* 'putzua' eta *bidea* dira, 'putzuko bidea', 'putzuetako bidea'. > > - *Butzumear*. *Aitzandieta*-ko *Aldabea*-n zegoen, *Sierra*-ko bidezidorraren ondoan, bi errekaren artean. Garbi dago 'putzu estua, hertsia' dela. > > - *Dorreberria*. Herrian zegoen, larrain batzuen eta errege bidearen aldamenean. Uste dut dorretxea eta ondoko lurrak izendatzen zituela. Osagaiak *dorre* eta *berria* dira; adjektiboak garbi uzten du aurkitu ez dugun *Dorrezarra* ere bazela (cf. *Barriozar*). > > - *Drinda*. *Turtunbera*-ko *Aldabea*-n zegoen, San Miguel ondoan, eta badirudi oraingo *Camino de las cruces* bera zela. Beste alderdi batzuetako *inda*, *dinda* 'bidexka', 'kalexka' izenarekin berdindu behar da. > > - *Drindabe*. *Drinda*-ren azpiko eremua zen. > > - *Errekazarra*. *Aitzandieta*-ko *Aldabea*-n zegoen, erreka edo errekastoren baten ondoan. Osagaiak *erreka* eta *zarra* 'zaharra' dira. > > - *Erripazarreta*. *Lakubeli*-ren aldamenean zegoen, *Vedado*-ra eta Murillora doazen bideen aldakan. Bigarren osagaitako <i>-zurieta</i> <i>-zubieta</i> duela ere azaltzen da. Lehena Odietako herri baten izena den *erripa* '(ubide baten ondoko) aldapa', 'malda' dugu; atzizkia <i>eta</i> da, eta tarteko osagaia, dokumentazioko lekukotasunak ikusirik, <i>zar</i> 'zaharra', *zuri* edo *zubi* izan daiteke. > > - *Eskobarea*. *Vedado* eta *Zapaiz* artean zegoen, *Apeztegialorra* (*Pistalorra* orain) pausutik hurbil. Gaztelaniako *escobar* mailegua dugu jatorrian, euskarara pixka bat egokitua, Zareko *Utsaskieta* (*utsasa* 'isatsa') eta *El Escopizar*-en baliokidea. > > - *Etxeandieta*. Herriko etxe edo auzoa zen, *San Miguel* aldean zegoena. Osagai argiak *etxe*, *handi* eta <i>eta</i> dira, eta adiera 'etxe handia dagoen lekua' edo. > > - *Ezkabiazuloa*. *Aitzandieta*-ko *Aldabea*-n zegoen; osagaiak *ezkabia* 'larruazaleko eritasun kutsuzkoa', 'hatza' eta *zuloa* dira. 'Ezkabiaren zuloa' da beraz, Murilleteko 1652ko *La Tiña* toponimoaren parekoa. > > - *Gazteluondoa*. *Gaztelondoa* ere erraten zitzaion; *gaztelu* eta *ondoa* 'gazteluaren ondoko alderdia' ditugu hemen, erdaraz *El Castillazo* deitzen duguna. *Gaztelu* toponimoa behin ageri da. > > - *Gesal* (*pieza del*). *Gesal*, *gezal* euskarazko hitz arrunta da, *gatza*-rekin, adierari dagokionean segurik, zerikusia duena. Arruntean gatz franko duen lurrari deitzen zaio honela. Adibidez, Nafarroako *Gesalatz* ibarrean *Salinas de Oro* izeneko herria dago (*Jaitz* euskaraz), dituen gazkuntze edo gatz larrainengatik ezaguna dena. > > - *Gortederreta*. *Mostrakas*-en zegoen. Osagaiak *gorte* 'korralea', *eder* eta <i>eta</i> atzizkia dira, eta lehen adiera 'gorte ederren lekua', 'korrale ederra dagoen tokia'. > > - *Gurutzegibela*. Uxuen orain *La Cruz* deitzen dugun gurutzearen atzeko aldea zen hau. Osagaiak, bistan da, *gurutze* eta *gibela* dira. > > - *Gurutzezabala*. Herri ondoan zegoen, *Aitzandieta*-ko iturriko eta *Sierra*-ko bideen artean, *Tejería de abajo* zeritzanaren aldakan. Osagaiak *gurutze* eta *zabala* dira. > > - *Idoitxiki* (*balsa*). Herritik hurbil zegoen, eta ez dakit *Balsa de Muelas* delakoarekin identifikatu behar ez ote den. Osagaiak *idoi* 'urgune txikia' eta *txiki* dira. > > - *Iribarren*. Auzo baten izena zen; osagaiak *hiri* 'herria' eta *barren* 'aldapan dagoen eremu baten beheko alderdia' dira. 'Beheko auzoa', 'beheitiko barridea' da. Honek, bestalde, euskal modura aurkitu ez dugun *Irigoien* 'goiko auzoa', 'goitiko barridea' ere bazela adierazten du. > > - *Iturria, Iturrialdea, Iturriberri, Iturrizar* eta *Iturrondoa* ageri dira dokumentazioan, egun *Fuente de Turruciales* izen itxuratxartuarekin ezagutzen den *Basandia*-ko *Fuente de Iturrizarra*-z landa. *Iturrondoa* 1534ko zerrendako herri hustuetako bat da. > > - *Jaun Done Martia*. Dokumentazioan *Juan de Martia* azaltzen da, <i>de</i>-rekin, Elkanoko Lizarragak darabilen *Juan de Salbatore eguna*-ren eta <i>de</i> (< <i>dene</i> < <i>done</i>) duten hagiotoponimo ugarien antzera. Erdarazko *Barrio de San Martín* bera da, *Ermita de San Martín* zegoena, *Pirolarraña*-koa. > > - *Juangarziarana*. *Otrollos*-en zegoen; 'Juan Garzia izeneko baten harana' da berez. > > - *Kaltxista*. *Akirazabal* (*Lakilazaba*) aldean zegoen, *Otrollos*-ko eta Erriberriko bideen aldamenean. Ez da argia. > > - *Korbarana*. Ez dakit non zegoen. Hiru aldiz aurkitu dut agirietan, hiru eratara. Bukaera *harana* bide da; lehen osagaitzat *Korboran* antroponimo ongi dokumentatua proposa daiteke, baina ez da inola ere segurua. > > - *Korralandia*. Behin aurkitu dut, 1727an. Data honetan diru kopuru bat eskatzen zaio *Joseph de Salaverri* izeneko bati, *Corralandia*-ko alorraren alokairuagatik. Osagaiak *korrale* eta *handia* dira, eta adiera garbia 'gorte handia', 'korrale handia'. > > - *Lauzatea, Lauzatzea, Lezkatzea*. *Akirazabal* ondoan zegoen, *Busa*-ko mugan. Lehen aldaeraren osagaiak *lauza* 'harri aski handia, mehea eta laua' eta *atea* 'portilua' dira, bigarrenarenak <i>lauza + -tzea</i> 'lauza ugari dagoen lekua', eta hirugarrenarenak *lezka* landare izena eta <i>tzea</i> atzizkia, 'lezka tokia'. Cf. Uxueko eta Iruñeko *Lezkairu*. > > - *Lerbeztxiki*. *Lerbez* toponimoa eta *txiki* adjektiboa ditugu hemen. *Lerbez* 'ler beltza' dela dirudi, 'pinu beltza' alegia, artikulurik eta atzizkirik ez izateak beharbada beste azalpenen bat bilatu behar zaiola erran nahi badu ere. *Lerbeztxiki*, *Lerbez* bera bezala, Uxueko herri utzia zen 1534an. > > - *Lizarduia*. *Fuente de San Nicolás*-tik hurbil zegoen. Osagaiak *lizar* zuhaitz izena eta <i>dui</i> atzizki multzokaria dira. > > - *Madonalorra* edo *Pieza de Madonao*. *Otrollos*-en zegoen. Oinarrian *Madonao* dago, antroponimoa apika, baina ez dugu inoiz inon aurkitu, hemendik kanpo; bigarren izena *alorra* ezaguna da. > > - *Mendigorria*. *Aldabea*-ko gain baten izena zen, *Aitzandieta*-ko batena segur aski, baina ez dakit zeinena. Adiera 'mendi gorria' izan daiteke, hots, kolorez gorria den mendia, edo, egiantzekoagoa dena, 'mendi soila', 'zuhaitzik ez duen mendia'. > > - *Mikelen zabal*. *Zaubio*, *Otrollos* eta *Busa* artean zegoen. Lehen lekukotasunean *Mikelazabal* dugu, eta, beraz, oinarria *Mikela* emazteki izena ere izan daiteke, *Mikel* edo *Mikele* gizonarena ez ezik. *Zabal* mendia zabaltzen den alderdia da, *Aguilar* menditsua zabaltzen, lautzen den *Akirazabal* aurkintzan ikusten den bezala. Azken honen <i>Akira-</i> osagaia aipatutako *Aguilar*-en jatorrikide eta baliokidea da. > > - *Miravalles*. Hau ezaguna da beste leku anitzetan ere, Iruñetik hurbil dauden Bidaurretan eta Uharten erraterako, antzinako *Mirabueno(s)* eta gaurko *Vistabella* bezala. *Aitzandieta*-ko *Aldabea*-n zegoen, *Lakubeli* ondoan, goiko aldean segur aski, toponimoak iradokitzen duenaren arabera. > > - *Munos*. 1534ko zerrendako herri utzi edo despoblatuetako bat da, gero dermio izen bihurtu zena. Ermitatik gertu zegoen, erreka batetik hurbilxko. > > - *Muñukukulua*. Daitekeena da *Muñu(s)ko zuloa* irakurri behar izatea eta, ondorioz, *Munos*-ekin lotu behar izatea, hau dokumentazioan *Muñoz* gisa ere aurkitzen dugunez geroztik. Beste aukera bigarren zatia *kukulua* 'gaina', 'gailurra', 'punta' dela ulertzea da. *Sierra*-n zegoen, *Sulue* edo *Sule*-ko bidearen aldakan. > > - *Mutxurromendi*. Ez dakit non zen. Antza denez 'mendi zorrotza' erran nahi du, hots, Gasteizko eta bestetako *Mendizorrotza*-ren parekoa da, Lergako *Munikotxorrotx*-en iruditsua. *Muturromendi* Ziraukin azaltzen da 1283an, eta *Mutxurru* (Etxaleku) edo *Mutxurro* (Oskotz) 640 metroko gaina da orain Imotzen. Ibar honetatik atera gabe, Goldaratzen, *Ollondo* deritzan eremuko gainari *Ttuturru* erraten zaio. > > - *Nobeleta*. *Lezkatzea, Busa, Otrollos* eta *Mikelen zabal*-en artean zegoen. Osagaiak *nobela* 'ardantze landatu berria' eta <i>eta</i> atzizkia dira. > > - *Odia*. *Sierra*-n zen, ermitatik hurran. Hemen *hodi* 'errekastoa' dugu, *Odieta* nafar ibarraren izenean bezala. > > - *Opelamendi*. *Aldabea*-n zegoen, baina ez dakit zeinetan. Lehen osagaia ez da argia; bigarrena *mendi* orokorra da. Beraz, *Aldabea*-ko gain baten izena zen. > > - *Ormaizkieta*. Gaur egun *Carasolalto* deitzen denaren beheko eremua izanen zen, errota aldean dagoena. Toponimoa ez da txoil argia: atzizkia, *kieta*, <i>-eta</i>-ren txistukari ondoko <i>keta</i> aldaeraren aldaera zela dirudi; oinarria, <i>Ormaiz-</i>, horma hizarekin lot daiteke, edo Longidako herri baten izena den *Orbaitz*-ekin. > > - *Osinaga* (*Camino de la Osinaga*). Osagaiak *osin* 'erreka edo ugaldeko putzua' izena eta <i>aga</i> atzizkia izan daitezke, baina balio horrekin *usuin, osuin* dugu Eslabako *Lixuñeta*, Etxagueko *Lisuñeta* eta Zareko *Ligusuñeta* 'lihaputzua dagoen lekua', 'lihaputzuak dauden lekua' toponimoetan, ez *osin*. Cf., gainera, Oibar haraneko Bizkaiko despoblatu baten izena den *Usunbeltz*. 'Asun lekua' ere uler daiteke, menturaz, baina Uxuen *asuin*-en moduko zerbait espero genuen, ez *osin*. > > - *Otrollosandi*, *Otrollostxiki*. Hauekin *Otrollos* dermioaren bi alderdi bereizten eta izendatzen ziren, 1534ko herri hustuen zerrendan *Otrollos el grande* eta *Otrollos el chico* itzulirik ageri diren horien ingurukoak. > > - *Otroperitzu*. Beireko bidearen aldamenean zegoen, *Otrollos(txiki)*-ren ondoan, edo honen barnean. Irudi luke ustezko lehen osagaia *Otrollos*-en dugun bera dela, baina ez bata ez bestea ez dira argiak, etimologiari doakionez. > > - *Petringesala*. *Otrollos*-ko egungo *El Salobrar* izan daiteke. Osagaiak *Petri* pertsona izena, jabego genitiboaren hondarkia eta gorago ikusirikako *gesala* 'gatza duen lurra', 'gatza' dira, hots, 'Petriren gesala' erran nahi du. > > - *Puendelazapata*. *Beskos*-en zegoen, errekan segur aski, *puente*-tik atera den <i>puen-</i> baitu oinarrian. *Zapata* herrian bizirik dagoen deitura izan liteke, baina ez du irudi hala dela, aurrean duen artikuluagatik. > > - *Sandimas*. 1534ko zerrendako herri utzietako bat da. Ez da argia, baina lehen osagaia latineko *sancti*-tik atera den euskarako *sandi* 'santua' toponimian ezaguna izan daiteke, Galipentzuko *Sanditisi*, *Santitisi* "San Tirso"-n dugun bera. > > - *Sanmartinmuga*. San Martin herriko muga alderdia zen, Txutxukoa. > > - *Sanmigelaldea*. *San Miguel*-en ingurua zen, bistan denez. > > - *Santodomingogibela*. *Santo Domingo*-ren atzeko aldea izanen zen, herritik hara doan bidetik begiraturik betiere. > > - *Soroandia*. *Basandia*-ko alor baten izena zen. Osagaiak *soro* 'alorra' eta *handia* dira. Ikusi den bezala, *alorra* ere ibiltzen zen Uxuen, irudiz gauza beraren adierazteko. > > - *Sulueburu* edo *Suluburu*. *Sulue*-ko (oraingo *Sule*-ko) burua zen, gaina. Atzizkia <i>ue</i> lekuzkoa izan daiteke *Sulue*-n, baina oinarria ez da argia. Ez dakigu *Sulu(e)buru* dokumentazioan ageri ere den *Sulumendi* bera ote zen. > > - *Txindilotxaga*. *Urteaga*-n zegoen, *Otrollos*-tik ez urruti.*Txindilatzeaga* 'txindilerria', 'txindila landa' toponimoaren itxuratxartze arinaren emaitza izan daiteke. > > - *Udareaga*. *Beskos*-en zegoen, goitixeago ikusi dugun *Puendelazapata*-ren barnean. Adiera 'udareondoa dagoen alderdia', 'udareondoak dauden alderdia' da. > > - *Villantigua*. 1534ko zerrendako herri hustuetako bat da, gero, beste gehienak bezala, aurkintza izen bihurtu zena. *Turtunbera*-n zegoen, *Aizkanbela* (*Eskanbela* orain) eta *Aliaga*-ren artean, Aragoa ugaldeko errotara zihoan bidearen inguruetan. > > - *Zabala*. *Villantigua*-ko lihatze baten izena zen, hola deitua zabala zelako segur aski, besteen aldean betiere. > > - *Zabalburua*. Honen osagaiak *zabal* 'zabalgunea' eta *buru* 'gaina' dira. Ez dakigu *Zabala* izeneko lihatzearekin lotu behar den, *Zabalondoa* (*Zarabandoa* orain) dermioarekin edo beste zerbaitekin. > > - *Zabartu*. Partizipio itxura duen euskal toponimoa da hau, ez erabat argia, *zabar* 'utzia', 'ezaxola' ezaguna bada ere. 1534ko zerrenda engoitik hamaika aldiz aipatuan ageri da, Uxueko herri utzietako bat baitzen. > > - *Zautelu (Aldabea)*. *Aliaga* ondoan zegoen, errekan. Latineko *saltus*-en eratorria da, zehazkiago erran, herskari horzkari aitzinean albokoa <i>(l)</i> bokaldu duen *Sautellu*-ren euskarazko aldaera. Hortaz, 'zaldu txikia' da, erdaraz jatorrikide duen *sotillo*-ren parekoa. > > - *Zazu*. *Zaubio* aldean zegoen; erdarazko *saso* 'lautada gora eta kaskailutsua' izenaren euskarazko baliokidea da, Uxuen eta bestetan. > > - *Zuaizkieta*. Ez dakit non zegoen, baina garbi dago *zuhaitz* izen arruntaren eratorria dela (cf. *Arbolaga*). Atzizkia lehen ikusi dugun <i>keta</i>-ren <i>kieta</i> aldaera ustekoa dateke. Hortaz, 'zuhaitz lekua' da. > > - *Zubia*. *Sierra*-ko bidean zegoen, *Aitzandieta*-ko errekan. Zubia bera eta aldameneko lurrak izendatuko zituen. > > Aise gauza gehiago erran daitezke Uxueko toponimoen inguruan, baina aipatutakoak aski dira, nik uste, euskara herriko leku izenetan jaun eta jabe zela frogatzeko, seinale antzina uxuetarren ahotan nagusi zebilen hizkuntza zela. Badakigu, Jimeno Juriori esker (1997: 174), XVIII. mendean Uxuen euskara bizirik zegoela, Eslaban eta Lergan bezala erraterako, baina ez dakigu zein zen jendearen elebitasun maila, ez eta herritarrek hizkuntza noiz arte atxiki zuten ere. Zernahi dela, ez litzateke miresteko mendea igarotzearekin iraungi izana, XIX.aren hasieran, Artaxoan agitu zen bezala. Mixel Xurio Donibane Loizuneko erretorearen *Jesukristoren imitazionea*, lehen aldiz 1720an karrikaratu zen liburua egun Uxueko elizan egoteak, bestalde, erran nahiko du aipatutako data horretatik aitzina hemengo apezen batek erabili zuela, bere predikuak ontzeko segur aski. > > > **Bibliografia** > > > - Camino, I. (1997): *Aezkoako Euskararen Azterketa Dialektologikoa*, Nafarroako Gobernua, Lasarte-Oria. > > - (2004): *Hego-Nafarrera*, Nafarroako Gobernua, Iruñea. > > - Castillo, C., Gómez-Pantoja, J., Mauleón, Mª D. (1981): *Inscripciones Romanas del Museo de Navarra*, Nafarroako Foru Aldundia, Príncipe de Viana Erakundea, Iruñea. > > - Elortza, C. (1972): "Religiones del País Vasco-Navarro en época romana", *La Romanización del País Vasco (Segunda Semana Internacional de Antropología Vasca). Universidad de Deusto. 24 de abril de 1971*, Estudios de Deusto 20, 357-366. > > - Goñi Gaztanbide, J. (1997): *Colección Diplomática de la Catedral de Pamplona. 829-1243*, Nafarroako Gobernua, Iruñea. > > - Gorrotxategi, J. (1984): *Onomástica Indígena de Aquitania*, Euskal Herriko Unibertsitatea, Bilbo. > > - (1995): "Los Pirineos entre Galia e Hispania: las lenguas", *Veleia* 12, 181-234. > > - Iñigo, A. (2006): "Patxi Ondarra Erdozia: bizitza eta lanak (1925-2005)", Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jauregian irakurritako hilberria. *Euskera* aldizkarian argitaratuko da. > > - Iraburu, J. M. (1975): "Notas sobre varias piedras de Navarra", *CEEN* 19, 8391. > > - Iribarren, J. M. (1984): *Vocabulario navarro*, Nafarroako Foru Aldundia, Príncipe de Viana Erakundea, Iruñea. > > - Irigoien, A. (1995): "El nombre de persona medieval Herramelli / Ferramelli, etc.", *De Re Philologica Linguae Uasconicae V*, Bilbo, 45-58. > > - Jimeno Jurio, J. M. (1997): *Navarra. Historia del Euskera*, Txalaparta, Lizarra. > > - Martín Duque, A. (1983): *Documentación Medieval de Leire (siglos IX a XII)*, Nafarroako Foru Aldundia, Iruñea. > > - Mitxelena, K. (1956): "Introducción fonética a la onomástica vasca", *Emerita* XXIV, 167-186 eta 331-352. > > - (1972): *Mitxelenaren Idazlan Hautatuak*, P. Altuna arg., Mensajero, Bilbo. > > - (1987-2005): *Orotariko Euskal Hiztegia / Diccionario General Vasco*, Euskaltzaindia, Bilbo. > > - Moret, J. (1890-92): *Anales del Reino de Navarra*, Tolosa. Bada Iruñean 1988-1990ean Susana Herrerosen zuzendaritzapean egindako beste argitalpen bat gutxienez. > > - Nuñez, L. (2004): *El Euskera Arcáico. Extensión y Parentescos*, Txalaparta, Lizarra. > > - Salaberri, P. (1994): *Eslaba Aldeko Euskararen Azterketa Toponimiaren Bidez*. Lan hau *Onomasticon Vasconiae* bildumako 11. alean argitaratu zen, Euskaltzaindia, Bilbo. > > - Uranga, J. J. (1984): *Ujué medieval*, Ediciones y Libros, Iruñea. 2006an egindako argitalpen berria ere bada. > > - Velaza, J. (1995): "Epigrafía y dominios lingüísticos en territorio de los vascones", *Roma y el Nacimiento*, 209-218. > > > <br> > **(PATXI SALABERRI ZARATIEGI euskaltzaina da)** > > > **Ildo bereko artikuluak** (irakurtzeko gainean sakatu) > > - "Hamahirugarrena Uxuekoa, Erriberriko Merindadekoa":http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1160044077 > > - "Uxueko euskara galduaren bila":http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1159579500 > > - "Patxi Salaberri euskaltzain oso":http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1134735174 > > - "Patxi Ondarra euskaltzaina zenaren aulkia hartzeko hautagaiak":http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1132937371 > > - "Patxi Ondarra euskaltzain osoa hil da":http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1122810005 > > > > <br> > <table class="taula"><tr><td><img src="http://www.erabili.com/zer_berri/argazkiak/inprimatzeko.gif"></td><td><a href="http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1159970451/inprimatzeko">Inprimatu </a></td></tr></table>
Galdera garrantzitsua, spammerren kontra
Zenbat dira hiru gehi lau? (zenbakiz idatzi)
Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com