Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskara kalitatearen eta berrikuntzaren ardatzetik

Patxi Baztarrika Galparsoro / Enpresa / 2006-10-03 / 07:00


Euskalit-ek eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu dugu Euskadiko enpresetako euskararen normalizaziorako prozesuen ebaluazio eta aitormen sistema bat zehazteko, diseinatzeko eta ezartzeko.



Horixe da sinatu dugun hitzarmenaren funtsa: Euskadiko erakunde eta enpresetan euskara baloratu eta errekonozituko duen kalitate-ziurtagiri bat sortu eta abian jartzeko lanean hasi gara Eusko Jaurlaritza eta Euskalit.

Hitzarmen honen eskutik ondorengo hilabeteetan egitera goazen lanaren bidez, euskara-planak garatzen ari diren erakundeei ebaluaziorako tresna egokia eta estandarizatua eskaini nahi diegu, gaur egun indarrean dauden kalitatea ziurtatzeko sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta. Horretarako, enpresetan euskararen erabilera ebaluatzeko sistema garatuko du EUSKALITek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera.

Bi kontu azpimarratu nahi ditugu: batetik, ziurtagiri hau sortzeko erabakia euskara lan-munduan bultzatzeko programa osoaren zutoin nagusietariko bat dela, hau da, LanHitz programaren bidez euskara-planak bultzatu eta indartu nahi ditugu enpresetan, eta ziurtagiri honen bidez euskara-plan horiek kalitatearen eta berrikuntzaren parametroetan jarri nahi ditugu; bestetik, patronalarekin eta sindikatuekin sinaturiko hitzarmenetan Eusko Jaurlaritzak harturiko konpromisoa da era honetako ziurtagiria sortzea, hau da, patronalak nahiz sindikatuek, guztiek jo dute beharrezkoa kalitate-ziurtagiri bat sortzea. Patronalarekin eta sindikatuekin hartu dugun konpromisoa betetzera gatoz, guztiek onartu baitute ziurtagiriaren beharra.

Gauzak ondo egiteko, ziurtagiriak merezi duen balioa, prestigioa eta ofizialtasuna izan ditzan:

Gero eta elebidunagoa den gizarte honetan, lehen muturrekoak, punta-puntakoak, aitzindariak eta liderrak, berritzaileak eta dinamikoak, modernitatearen ikurrak izan nahi duten enpresek nahitaez integratu beharko dituzte gizarte honetako hizkuntzak euren jardunean, nahiz lan-hizkuntza bezala, nahiz zerbitzu-hizkuntza bezala. Gizarte elebidunean enpresa elebakarra iraganeko enpresa izango da, enpresa zaharkitua, pixkanaka-pixkanaka bere burua errealitatetik kanpora utziko duen enpresa izango da. Gizarte elebidunak enpresa elebidunak eskatzen ditu.

Euskara enpresaren jardunean normaltasunez erabili eta integratzea kalitatea bermatzeko eta enpresa indartzeko modu bat da, behar-beharrezkoa gainera.

Zentzu horretan, ziurtagiri berriak zerbitzu onarekin lotuko du euskara, kalitatearekin. Izan ere, ziurtagiri honen bitartez, balio erantsia eskainiko dute enpresek eta saltokiek; gizartearekiko gertutasun eta atxikimendu estuagoa lortuko dute; eta errealitate berrietara egokitzeko dinamismoa, aldatzeko gaitasuna erakutsi ahalko dute, gainera.

Lan hau guztia sakona da, ezin da inprobisatu, ezin da hola-hala burutu. Ongi egin behar da. Garaia da esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egiten ari diren eta etorkizunean askoz ere neurri handiagoan egingo diren saioak eta plangintzak enpresa munduko beste edozein berrikuntza bezala ebaluatzeko. Horretarako sistema bat, ziurtagiri bat behar da, eta hori ezin du edonork egin. Hori egiteko eskarmentua eta ezagutza behar dira. Horregatik jo dugu EUSKALITengana, kalitatezko kudeaketaren eta berrikuntzaren bultzatzaile eztabaidaezina delako. EUSKALITen eskarmentua eta ezagutza baliatuko ditugu lan honetarako, lan hau guztiz profesionala, serioa eta kalitatearen parametroetan egina izatea beharrezkoa jotzen dugulako.

Euskara indartzeko urrats bat da, oso urrats garrantzitsua, gaurko hau. Baina gaurkoaren bidez sortuko dugun euskararen kalitate-ziurtagiria oso pauso garrantzitsua izango da euskara ez ezik enpresak indartzeko. Enpresek ez baitaukate zer galdurik euskararekin. Euskararekin guztia daukate irabazteko gure gizarteko enpresek, gauzak denon artean ondo egiten baditugu. Eusko Jaurlaritza konbentziturik gaude asmatuko dugula bidea modu eraginkorrean egiten.


(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1159785429