Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara kalitatearen eta berrikuntzaren ardatzetik

Euskara kalitatearen eta berrikuntzaren ardatzetik

2006-10-03 / 07:00 / Patxi Baztarrika Galparsoro   ENPRESA

Euskalit-ek eta Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena sinatu dugu Euskadiko enpresetako euskararen normalizaziorako prozesuen ebaluazio eta aitormen sistema bat zehazteko, diseinatzeko eta ezartzeko.

  • 1. Beste hitzetan esanda: lehen aldiz, euskararen erabileraren kalitate-ziurtagiri publiko eta ofiziala sortuko da esparru sozio-laboralerako. Kalitatea eta euskara lotzen dituen ziurtagiri publikoa izango dugu datorren urtean, lehen aldiz, Euskadin.

Horixe da sinatu dugun hitzarmenaren funtsa: Euskadiko erakunde eta enpresetan euskara baloratu eta errekonozituko duen kalitate-ziurtagiri bat sortu eta abian jartzeko lanean hasi gara Eusko Jaurlaritza eta Euskalit.

Hitzarmen honen eskutik ondorengo hilabeteetan egitera goazen lanaren bidez, euskara-planak garatzen ari diren erakundeei ebaluaziorako tresna egokia eta estandarizatua eskaini nahi diegu, gaur egun indarrean dauden kalitatea ziurtatzeko sistemetan jasotako irizpide eta parametroetan oinarrituta. Horretarako, enpresetan euskararen erabilera ebaluatzeko sistema garatuko du EUSKALITek Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzarekin batera.

  • 2. Lan munduan euskara bultzatzeko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza egiten ari den lanaren barruan, beste urrats garrantzitsu bat da ziurtagiriaren sorrera. Eta pozik dago Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.

    Izan ere, lan munduan euskara sustatzeko zegoen modurik egokiena martxan jartzen asmatu dugu azken hilabeteotan: akordioa sinatu dugu enpresaburuen elkarte guztiekin (CONFEBASK, ADEGI, CEBEK eta SEA); hitzarmena sinatu dugu sindikatu nagusi guztiekin; (ELA, CCOO, LAB eta UGT). Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako Foru Aldundiekin eta EUDELekin batera, LanHitz programa jarri dugu martxan euskarari lekua egin nahi dioten enpresei dirulaguntza eta baliabideak eskaintzeko; eta orain, ziurtagiri bat sortzeko lanean hasi gara Euskalitekin.

Bi kontu azpimarratu nahi ditugu: batetik, ziurtagiri hau sortzeko erabakia euskara lan-munduan bultzatzeko programa osoaren zutoin nagusietariko bat dela, hau da, LanHitz programaren bidez euskara-planak bultzatu eta indartu nahi ditugu enpresetan, eta ziurtagiri honen bidez euskara-plan horiek kalitatearen eta berrikuntzaren parametroetan jarri nahi ditugu; bestetik, patronalarekin eta sindikatuekin sinaturiko hitzarmenetan Eusko Jaurlaritzak harturiko konpromisoa da era honetako ziurtagiria sortzea, hau da, patronalak nahiz sindikatuek, guztiek jo dute beharrezkoa kalitate-ziurtagiri bat sortzea. Patronalarekin eta sindikatuekin hartu dugun konpromisoa betetzera gatoz, guztiek onartu baitute ziurtagiriaren beharra.

  • 3. Euskara lan-munduan zabaldu, indartu eta normalizatzea proiektu konplexua eta serioa da. Honek lan serioa eskatzen du, lan profesionala. Honek ebaluazio serioa eskatzen du. Eusko Jaurlaritzak eta agente guztiek, enpresa-buruek nahiz sindikatuek, guztiok konstatatu dugu gauzak ondo egingo baditugu besteak beste hauxe behar dugula: ziurtagiri ofizial, prestigiozko eta behin-betikoa sortzea, euskara kalitatearekin eta berrikuntzarekin uztartuko duena.

Gauzak ondo egiteko, ziurtagiriak merezi duen balioa, prestigioa eta ofizialtasuna izan ditzan:

  • a) Euskalit Kalitaterako Euskal Fundazioarekin ari da lanean Eusko Jaurlaritza (Kalitatearen “Q”-ak banatzen dituen erakunde ofizial eta prestigiozkoarekin). Enpresen kalitatezko kudeaketa neurtzeko kontuan hartzen diren aldagaien artean hor izan behar du euskarak.
  • b) Eta sinatu dugun hitzarmenean adostu dugu ziurtagiriaren Kudeaketa Batzorde bat eratuko dugula. Kudeaketa Batzordearen presidentzia EUSKALITek eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak elkarrekin hartuko dugu, eta Batzorde horretako kide izango dira enpresa elkarteak eta enpresa handi eta eredugarriak. Beti ere zigiluak merezi duen prestigioa eta errekonozimendua izan dezan erakunde eta enpresentzat eta gizarte osoaren aurrean.
  • 4. Eleanitza da euskal gizartearen oraina eta geroa, eta eleanitza da erakundeen, enpresen eta sindikatuen oraina eta geroa. Eta testuinguru horretan, gaur egungo gizartean, gero eta zailagoa da erakunde, enpresa eta saltokiek kalitatezko zerbitzua eskaintzea euskara eta euskaraz bizitzeko hautua egiten dutenak aintzat hartu gabe.

Gero eta elebidunagoa den gizarte honetan, lehen muturrekoak, punta-puntakoak, aitzindariak eta liderrak, berritzaileak eta dinamikoak, modernitatearen ikurrak izan nahi duten enpresek nahitaez integratu beharko dituzte gizarte honetako hizkuntzak euren jardunean, nahiz lan-hizkuntza bezala, nahiz zerbitzu-hizkuntza bezala. Gizarte elebidunean enpresa elebakarra iraganeko enpresa izango da, enpresa zaharkitua, pixkanaka-pixkanaka bere burua errealitatetik kanpora utziko duen enpresa izango da. Gizarte elebidunak enpresa elebidunak eskatzen ditu.

Euskara enpresaren jardunean normaltasunez erabili eta integratzea kalitatea bermatzeko eta enpresa indartzeko modu bat da, behar-beharrezkoa gainera.

Zentzu horretan, ziurtagiri berriak zerbitzu onarekin lotuko du euskara, kalitatearekin. Izan ere, ziurtagiri honen bitartez, balio erantsia eskainiko dute enpresek eta saltokiek; gizartearekiko gertutasun eta atxikimendu estuagoa lortuko dute; eta errealitate berrietara egokitzeko dinamismoa, aldatzeko gaitasuna erakutsi ahalko dute, gainera.

  • 5. Ziurtagiria eskuratzeko prozedura serio bat ezarriko da Euskalitekin, eta ziurtagiria eta haren inguruko gorabehera guztiak prest izandakoan, ziur gaude Euskadiko erakunde eta enpresa garrantzitsuenak animatuko direla hura lortzeko ahaleginak egitera. Eusko Jaurlaritzaren ikuspegitik, euskararen normalkuntza sozialean aurrerantz jarraitzeko lehentasun erabatekoa du lan-munduan edo arlo sozio-ekonomikoan euskararen erabilera modu sistematizatu, ordenatu eta serioan bultzatzeak. Lan munduko agente guztiek, patronalak nahiz sindikatuek, guztiek erakutsi dute prest daudela hizkuntzen arteko elkarbizitza baketsu eta aberasgarri baten aldeko pausoak emateko. Patronalak eta sindikatuek erakutsi dute, Eusko Jaurlaritzarekin sinatu dituzten akordioen bidez, posible dela euskararen aldeko adostasun soziala indarberritu eta handitzea. Euskararen inguruko adostasun sozial zabal horretan paper garrantzitsua jokatuko du ziurtagiriak, enpresak euskara lan hizkuntza gisa hartzen joan daitezen, eta gizarte linguistikoki normalizatu batera hurbiltzen jarrai dezagun.
  • 6. Sinatu dugun hitzarmenean jasotakoaren arabera, 2006an, beranduenez 2007ko urtarrilerako, lan hauek egingo ditugu:
    • Euskararen erabileraren ebaluaziorako eskema bat zehaztu eta aitormen-moduak finkatu.
    • Zabalkunde, sentsibilizazio eta sustapen-ekintzak definitu.
    • Prestakuntza-programak eta ebaluaziorako baliabideak ere zehaztuko ditugu.

Lan hau guztia sakona da, ezin da inprobisatu, ezin da hola-hala burutu. Ongi egin behar da. Garaia da esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egiten ari diren eta etorkizunean askoz ere neurri handiagoan egingo diren saioak eta plangintzak enpresa munduko beste edozein berrikuntza bezala ebaluatzeko. Horretarako sistema bat, ziurtagiri bat behar da, eta hori ezin du edonork egin. Hori egiteko eskarmentua eta ezagutza behar dira. Horregatik jo dugu EUSKALITengana, kalitatezko kudeaketaren eta berrikuntzaren bultzatzaile eztabaidaezina delako. EUSKALITen eskarmentua eta ezagutza baliatuko ditugu lan honetarako, lan hau guztiz profesionala, serioa eta kalitatearen parametroetan egina izatea beharrezkoa jotzen dugulako.

Euskara indartzeko urrats bat da, oso urrats garrantzitsua, gaurko hau. Baina gaurkoaren bidez sortuko dugun euskararen kalitate-ziurtagiria oso pauso garrantzitsua izango da euskara ez ezik enpresak indartzeko. Enpresek ez baitaukate zer galdurik euskararekin. Euskararekin guztia daukate irabazteko gure gizarteko enpresek, gauzak denon artean ondo egiten baditugu. Eusko Jaurlaritza konbentziturik gaude asmatuko dugula bidea modu eraginkorrean egiten.


(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com