|
Legegintzaldi honek bete berria du bere lehen urtea, eta tarte honetan gure Sailburuordetzak hainbat egitarau jarri ditu abian, beti bezala euskararen normalizazioan aurrera egiteko asmoz.
Ondo dakizuenez, eta Hizkuntza Politika Aurrera Begira dokumentuak jasotzen dituen lan-lerro nagusien artean, bat arlo sozio-ekonomiko pribatuari dagokiona da. Sarritan esan izan dugunez, lehentasun handikoa da guretzat alor honi eragitea, helduaroko esparrurik pragmatikoena delako, esparru ekonomikoaren garrantzia begi-bistakoa delako, eta gizabanakoaren ikuspegitik begiratuta ere, bizitzaren tarte handi bat honetan ematen dugulako. Azken batean, gure hizkuntza-politikari sendotasuna eta heldutasuna emango dion esparru bat delako.
Horregatik eta beste hainbat arrazoiengatik, esparru sozio-ekonomikoan eragin beharra dugu: bai enpresetan bertan, bai eragile sozio-ekonomikoengan, baita bestelako eragileengan ere, dela euskara-planen bitartez, dela aldeko ekintza positiboen bitartez, dela sentsibilizazio-saioen bitartez.
Horretara dator, hain zuzen, gaur hizpide dugun LanHitz ekimen-programa.
Herri-erakundeek bat eginik bultzatutako programa
Esparru sozioekonomikoan gara daitezkeen ekimenak baterabiltzeari begira, foru-aldundiekin eta EUDELekin elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzako Industria eta Lan Sailekin bat eginik jarriko du abian Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak LanHitz programa. Horrela, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoon arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu nahi dugu.
Kontzertazioa: LanHitz programaren abiapuntu
Bestalde, gure helburuetako bat izan da beti eragile sozioekonomiko nagusiak –enpresari-erakundeak eta sindikatuak bereziki– esparru honetako hizkuntza-politikaren partaide izatea eta euren lankidetza eta bermea izanik egitea aurrera lan-munduan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko bidean.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritza eta enpresaburu-elkarteak bat etorri gara euskal enpresa pribatuetan euskararen erabilera zabaltzeko konpromisoa hartu eta hori, adostasunean, progresibotasunean, borondatezkotasunean, errespetuan eta lankidetzan oinarritu behar dela esaten, besteak beste, honako hau prozesu soziala delako, eta, ondorioz, guztion ahalegina eta ekarpena beharrezkoak direlako. Horren lekuko hil honen 6an, Lehendakaritzan izenpetu dugun hitzarmena.
Ekinbide honetan, ezinbestez finkatu nahi genituen, halaber, lankidetza-ildo egonkorrak EAEko sindikatu nagusiekin. Gure ikuspegiak trukatu ditugu, eta etorkizunari begira garatuko ditugun ekimen konpartituak biltzen dituen akordioa 2006-9-19an onartu zuen Gobernu Batzordeak. Hain zuzen ere, bihar emango dugu horren berri zehatza.
Kontzertazioa eta elkarlana, beraz, ditugu LanHitz programaren abiapuntu.
Euskal gizartea berealdiko ahalegina egiten ari da azken hogei urteotan euskararen normalizazioa lortzeko eta elebitasun aurreratu batera iristeko. Ahalegin horrek emaitza bikainak eman ditu. Esparru batzuetan nabarmenak dira aurrerapausoak, baina enpresetan oraindik ere urria da euskararen presentzia. Badira bestelako kasuak, baina hutsaren hurrengoa da euskararen erabilera gaur oraindik enpresarik gehienetan.
Eskolan egindako ahaleginak ez dauka lan-munduan beharko lukeen eta nahiko genukeen tamainako jarraipenik. Lan-mundua da eskolaren irteera natural eta ohikoa, baina eskolan euskaldundu den gazteak euskararik gabeko edo euskara gutxiko lan-mundura egin behar izaten du jauzi. Ekidin nahi dugun eta behar dugun zerbait da, eskolak euskaldundutakoa ez dezala lan-munduak erdaldundu. Gizarteko hainbat esparrutan euskara erabiltzearen alde egiten ari garen ahaleginarekin uztartu nahi dugu lan-mundua.
Nolanahi ere, ez goaz enpresa guztiak euskarari dagokionean egun batetik bestera, gauetik goizera, goitik behera aldatzera. Ezta hurrik eman ere. Euskararen normalizazioak urte askotako lan etengabea eskatzen du. Progresibotasuna, malgutasuna, zuhurtasuna... Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren oinarrizko printzipioak dira. Baita lan-munduari eta enpresei dagokienean ere.
Enpresa bakoitzak erabakiko du, askatasun osoan erabaki ere, euskara plan bat martxan jarri nahi duen ala ez, zein helburu jartzen dituen, zein erritmotan lortu nahi dituen helburuak, zenbat diru destinatzen duen lan horretara... Ziur gaude enpresaburuek eta langileek erabaki eta adostu gabeko hizkuntza politikek porrota besterik ez luketela lortuko, porrota eta frustrazioa. Bidea, bide eraginkorra izango bada, norberaren konpromisoarena eta adostasunarena da.
Beste hitzetan esanda: malgutasuna da LanHitz definitzen duen adjektibo nagusietariko bat. Enpresa bakoitzak bere plan propioa izan dezan, LanHitzek bere esku dauden erraztasun guztiak (aholkularitza eta diru-laguntzak) eskainiko dizkie euskara plan bat martxan jarri nahi duten enpresa guztiei.
Eta malgutasunarekin batera, eraginkortasuna da LanHitz definitzen duen beste adjektibo nagusia. Eraginkortasun hori bermatzeko, aholkularitza eta diru laguntzekin batera, propio honetarako prestaturiko tresna metodologiko bat jarriko da enpresen esku: Erreferentziazko Marko Estandarra.
Erreferentzia Marko Estandarra-EME: lantokietan euskara txertatzeko markoa eta metodologia
Bestalde, urteotan metatutako esperientzia gidari, beharrezko iruditu zaigu euskara-planen homogeneizazioari eta estandarizazioari ekitea, enpresek eta establezimenduek errazago finkatu ahal izan ditzaten beren helburuak.
Horretarako, Erreferentzia Marko Estandarra (EME) deritzan taxonomia edo laguntza-koadroa osatu dugu, metodologiako eskuliburua duelarik. Bertan daude jasota edozein erakundetan lan daitezkeen euskararen erabilera eta presentziazko helburuak, era sistematiko, argi eta errazean.
Enpresetako bakoitzak, bere egoera soziolinguistikoa, euskara erabiltzeko borondatea eta erabilgarri dituen baliabideak aintzakotzat hartuta, diseinatu eta garatzen dituen euskara-plan guztiak egiteko eta ebaluatzeko orduan, erreferentzia-marko hori da abiaburua.
Hortaz, Marko Estandarra norbere beharretara egokitu ondoren, neurrira egindako ekintza plana lantzea da helburua, batik bat erabilerazko emaitzak lortzera bideratua.
Marko estandarra hiru ardatzen arabera dago egituratua:
- Erakundearen irudia eta komunikazioa: errotulazioa, harrera, publizitatea...
- Kanpo harremanak: ahozko edo idatzizko harremanak bezero eta hornitzaileekin, produktua edo zerbitzua...
- Barne harremanak: langileen kudeaketa, laneko prestakuntza...
Bestalde, ohiko lan metodologiak jarraituz, PDCA zikloa proposatzen dugu plana lantzeko:
PPT:
Erreferentzia Marko hau, jakina, euskara planak dituzten enpresekin zein esparru honetan ari diren aholkularitzekin kontrastatu egin dugu, eta beti izango gara prest euren ekarpenak jasotzeko, markoa hobetze aldera.
Sentsibilizazioa eta sustapena enpresaz enpresa
Jakitun izanik enpresa eta establezimendu bakoitzak erabaki behar duela beretzako moduko euskara-plana, betiere, bere errealitate soziolinguistikoa, bere ezaugarriak, bere beharrizanak eta bere borondatea kontuan izanda, LanHitz-en bidez, aholkuak emango dizkiegu enpresei, banan-banan eta zuzenean, euskara eguneroko lanean txertatzeko planak eta esku-hartzeko plangintzak nola osatu erakusteko eta proposatzeko.
Gure helburua da euskararen erabilera ahalik eta enpresa-kopururik handienean zabaltzea; horretarako, lehenik eta behin Euskal Autonomia Erkidegoko mapa soziolinguistikoaren arabera, elebidun kopurua % 45etik gorakoa duten guneetan kokatutako 15 langile baino gehiago dituzten enpresekin jarriko gara harremanetan.
Kopurutara ekarrita, gutxi gora behera 1.800 enpresetako arduradunengana hurbilduko gara, horretarako berariaz prestatutako material eta tresnekin. Horietatik, % 75 industria sektorekoak dira eta gainerako % 25 zerbitzu sektorekoak. Enpresa horietatik, gehienak, hau da % 60 inguru Gipuzkoan daude kokatuta.
Abiatzen dugun sustapen eta sentsibilizazio lan hau, beraz, orain artean egin den ahaleginik hedapenez zabalena eta egite moduz sistematikoena dela esango nuke. Eta lehen esan dudan bezala, herri-erakundeen eta eragile sozioekonomiko eta soziolaboral nagusien bermeaz egiten dena.
Enpresengana, nolanahi ere, ez gara esku hutsik joango. LanHitz-ez baliatu nahi duten enpresekiko lehen hartu emanean, enpresa bakoitzaren plana egiteko oinarrizko diagnostikorako informazioa bilduko dugu lantokia ondo ezagutzen duen arduradun baten eskutik.
Bilduko den informaziotik abiatuta, egoeraren argazkia erakusteaz gain hainbat gomendio emango zaizkio enpresari bere jardunean hizkuntza-helburuak jartze aldera. Une horretan enpresak erabakiko du zein neurri-tamainatako euskara plana jarri nahi duen abian edota zein neurri jakin hartu nahi dituen lantokian euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko. Halaber, erakunde publikoek eskaintzen dituzten laguntzen berri eta lan horretan aurrera egiteko merkatuan dauden aholkularitza enpresen berri ere emango zaio enpresari.
Gure laguntzarik gabe, enpresaren batek jakin nahi badu oso modu orokorrean euskarak bere enpresan zein toki duen eta zein lehentasun jarri ditzakeen, sarean ere izango du tresna erraz-erraza.
Prozesuarekin aurrera egitea erabakitzen duten enpresentzat zenbait laguntza tekniko eta ekonomiko aurreikusi ditugu, erakundean euskararen erabilera areagotuko duten planei nahiz era guztietako ekintza onuragarriei sarbidea errazteko: lanerako tresnak, baliabide informatikoak, diru baliabideak, eta abar.
- Informazio eta aholkularitza zerbitzua. Besteak beste, 012 telefono-zenbakia eta LanHitz web-gunea zabaldu ditugu gurekin arin jarri ahal izateko harremanetan.
- Ohiko agiri, terminologia eta esapideak jasotzen dituen banku telematikoa izango da sarean.
- Euskara-planen kudeaketarako, hau da diseinua, jarraipena eta ebaluazioa egiteko informatika tresna ere garatzen dihardugu.
- Euskalduntzeko eta alfabetatzeko moduluak eta trebakuntza saioak ere izango dira HABEren eskutik.
- Esan bezala, denon ahaleginaz aberasten joango garen erreferentziazko web gunea ere hortxe da, aurrez esandakoak nahiz bestelako laguntza osagarriak eskuratzeko: www.euskadi.net/lanhitz.
- Laguntza ekonomikoak orain arteko bideari jarraiki, planen diseinua, garapena eta kudeaketa diruz laguntzeko.
Azkenik, baina ez azken, eskerrona adierazi nahi diet euskara txertatze-lanetan aitzindari izan ziren enpresa eta kooperatiba guztiei, bai eta eginkizun horretan dabiltzan aholkularitza eta zerbitzu enpresa guztiei ere. Beraien ekarriari eta ahaleginari esker gaude gaur hemen eta.
Denok bat eginik, politika eraginkorrak abian jarrita, eta enpresaburu, sindikatu nahiz langileen laguntza eta partehartzearekin, euskara gero eta egiazkoagoa egin dezakegu.
Argi dut, gainera, gure elkartean oso errotuta dauden gure enpresek ekarpen handia egin dezaketela, lan-munduan gehiago erabiliz, euskal gizartea bertara eginagoa eta kohesionatuagoa izan dadin, baita hizkuntzari dagokionez ere.
(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|