Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Erantzukizun bateratua euskararentzat

Miren Azkarate / Enpresa / 2006-09-22 / 07:00


Jaurlaritza eta sindikatuak bat hartuta azaldu dira gizartearen aurrean euskara enpresetan sustatzeko. Miren Azkarate Kultura sailburuak ondorengo hitz hauek esan zituen hitzarmena sinatzeko ekitaldian (2006-09-21):



Egunon guztioi eta ongi etorri,

Esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera areagotzeko bidean, garrantzi handiko ekimen batek bildu gaitu gaur eta hemen.

Ikusterik izan duzuenez, Eusko Jaurlaritzak ─Kultura Sailaren bitartez─, eta ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, Lankidetza Akordio Markoa sinatu dugu euskal enpresen alorrean euskararen erabilera biziberritzeko asmoz. Duela bi aste, irailaren 6an, hain zuzen, enpresari-elkarteekin izenpetu genuen hitzarmenaren ildoari jarraiki, gaurko hau beste urrats bat da, eta ez nolanahikoa, euskara biziberritzeko bidean.

Enpresa bat enpresaburuek eta langileek egiten dute, guztiek elkarrekin, eta horrexegatik, Eusko Jaurlaritzak argi eduki du hasiera-hasieratik, enpresak gidatzen dituztenekin eta sindikatuekin, bi-biekin iritsi behar zuela akordio batera lan munduan euskara bultzatzeko.

Lan munduan dabiltzan guztien ardura eta inplikazioa behar ditu euskarak esparru soziolaboralean benetako aurrerapausoak egiteko. Eta biekin lortu da akordioa. Oso albiste ona da hori euskararentzat, eta ezin uka pozik gaudela oso, lan munduan euskara sustatzeko zegoen modurik onenean, alde guztien inplikazioarekin, goazelako aurrera.

Azpimarratzekoa da, halaber, sindikatuek guztiek sinatu dutela akordioa. Horrek erakusten du enpresetan euskarari bultzada emateko erantzukizuna denek hartzen dutela beren gain, eta, aldi berean, transzendentzia berezia ematen dio akordioari.

Ziur gaude, gaur sindikatuekin sinatu dugun akordioak eta enpresaburuekin adostutakoak, biek ere –bat eginik– errealitatean eragin zuzena izango dutela. Izan ere, sinatu ditugun hitzarmenen eraginez, gero eta gehiago izango dira euskara planak martxan jartzen eta aplikatzen hasiko diren enpresak; ez gara, hortaz, asmo on eta abstraktoetan gelditu.

Lan munduan euskara sustatzeko oinarri sendoak ditugu, jar zitezkeen onenak esango nuke.

Bestalde, lan munduan izango duten isla nabarmenaz haratago, akordio hauek pauso oso garrantzitsuak dira euskararen inguruan behar dugun adostasun sozial zabala lortzeko bidean.

Enpresaburuek ez ezik, sindikatu guztiek sinatu dute hitzarmena. Garrantzi handia du horrek, eta erakusten du euskara ez dagoela joera politiko jakin bakar bati lotuta, eta euskal gizartean badela euskararen normalizazioan sakontzeko borondate zabal eta sendo sustraitua.

Beraz, bi helburu bikoitz bete dituzte akordioek: batetik, euskara lan munduan sustatzea, eta bestetik, euskararen inguruan adostasun sozial zabala lortzea.

Izenpetu dugun akordioaren edukiari gagozkiola, hiru lan-ildo nagusi jasotzen ditu:

Alde bakoitzaren lan-esparruan sortzen den informazio eta jakingarrien berri ematea elkarri. Enpresek euskararen erabilera areagotzeko ekimenak bidera ditzaten, aholku ematea, zerbitzuak nahiz produktuak eskaintzea eta komunikazio-bideak sortzea. Euskara planak, banan-banan, finantzatzea.

Hiru lan-ildo horietako bakoitzak, halaber, hainbat puntu biltzen ditu. Horiekin guztiekin urtero lan-egutegi bat lantzeko asmoa dugu bi aldeetako ordezkariek. Lan-egutegi horretan jasotakoak aztertu eta egoki betetzen direla bermatzeko, jarraipen-batzordea eratuko dugu bi aldeok.

Akordio honen bigarren puntua, euskara planak edo ekintza positiboak enpresen artean zuzenean ezagutarazteari dagokio. Horren ildotik, atzo bertan aurkeztu genuen LanHitz izeneko programa orokorra.

Programa horren helburua izango da, besteak beste: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen artean euskara erabiltzeko ekintzen nahiz euskara-planen, laguntzen eta baliabideen berri ematea eta abian jartzera gonbidatzea. Honetaz guztiaz jakin nahi duen enpresak, aukera ona izango du modu pertsonalizatuan horren berri izateko zuzen-zuzenean, baita lehen pausoak ematen hasteko ere, hala nahi izanez gero.

Lan-mundua da eskolaren irteera natural eta ohikoa, baina eskolan euskaldundu den gazteak euskararik gabeko edo euskara gutxiko lan-mundura egin behar izaten du jauzi. Ekidin nahi dugun eta behar dugun zerbait da, eskolak euskaldundutakoa ez dezala lan-munduak erdaldundu. Gizarteko hainbat esparrutan euskara erabiltzearen alde egiten ari garen ahaleginarekin uztartu nahi dugu lan-mundua.

Ziur gaude enpresaburuek eta langileek erabaki eta adostu gabeko hizkuntza politikek porrota besterik ez luketela lortuko, porrota eta frustrazioa. Bidea, bide eraginkorra izango bada, norberaren konpromisoarena eta adostasunarena da.

Nolanahi ere, ez goaz alor sozioekonomiko guztia euskarari dagokionean egun batetik bestera, gauetik goizera, goitik behera aldatzera. Ezta hurrik eman ere. Euskararen normalizazioak urte askotako lan etengabea eskatzen du. Progresibotasuna, malgutasuna, zuhurtasuna … Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza-politikaren oinarrizko printzipioak dira. Baita lan-munduari eta enpresei dagokienean ere.

Eleaniztasuna da gizartearen oraina eta geroa. Lan mundua ez da isla bat gizartean. Horrexegatik, eleaniztasuna da lan munduaren geroa. Zenbat eta leku gehiago egin euskarari, zenbat eta hobeto eman arnasa hizkuntzen arteko elkarbizitzari, orduan eta berrikuntza, modernitate eta dinamismo handiagoa izango du lan munduak. Elebitasunerako bidean doa euskal gizartea, eta harekin batera joango dira euskara planak garatzeko erabakia hartzen duten enpresak.

Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzaren izenean eskerrona adierazi nahi diet sindikatuei euskararen normalizazio bidean erakutsi duten inplikazioagatik eta erantzukizuneko jokabideagatik. Gero eta indar handiagoz euskara gu guztion lan-agendetan dago, eta horrek, nola ez, enpresetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzea ekarriko du.


(MIREN AZKARATE VILLAR Eusko Jaurlaritzaren Kultura sailburua da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1158855993