|
Hizkuntzen ikasketari buruz hausnartzean, pedagogiaren ikuspuntutik bereziki, alde batera uzten da gure ustez erabat funtsezkoa den alderdi bat: hizkuntz jarrerak.
Edozein hizkuntza normaltasunez ikasteko, oinarrizko zenbait baldintza bete behar dira:
- Alde batetik, hizkuntza hori normaltasunez hitz egin behar da zenbait esparrutan. Erabilera esparru normalizaturik gabe, hizkuntza bat ikasi duenak (edo ongi dakienak) ezingo du hizkuntza horretan hitz egin, eta, horrenbestez, hizkuntza horrek arazo larriak izango ditu normaltasunez aurrera egiteko.
- Bestalde, araututa ez badaude, hizkuntzak ezin dira baldintza normaletan ikasi. Hau da, gramatika eta hiztegi arauemaileak behar-beharrezkoak dira, hizkuntzak baldintza normaletan irakatsi/ikasi ahal izateko.
- Azkenik, hizkuntza berri bat ikasten ari denak hura ikasteko gogoa izan behar du. Ez nahi izateak ezin izatea ekartzen du sarritan. Interes faltak edota gaitzespenak blokeatu egiten gaituzte, eta, hain justu, blokeo horrek berebiziko eragina dauka hizkuntzen ikasketan (hizlariaren adimen gaitasunak baino handiagoa).
Sebastià Serrano hizkuntzalariak dioenari jarraituz, hizkuntzen ikasketaren arrakasta gaitasuna da ehuneko hogeita hamarrean, eta hizkuntzen ikasketarekiko jarrera ehuneko hirurogeita hamarrean.
Ikuspuntu horrekin ados bagaude, argi ikusiko dugu zertan ahalegindu behar dugun: hizkuntza gutxituak (euskara eta katalana, esate baterako) ikasten ari diren ikasleek hizkuntza horien ikasketarekiko jarrera positiboa izan behar dute. Jarrera positibo horiek sortzea lortuz gero, eginak izango ditugu hezitzaile gisa dagokigun zereginaren hiru laurdenak.
Gure egoera soziolinguistikoan, ordea, zaila da hizkuntz jarrera positiboak sortzea. Jendeak erraz, berez-edo, bereganatzen du eremu publikoko hizkuntza menderatzailea (edo hizkuntza menderatzaileak); gazteenek, bereziki. Estatuko hizkuntzak dira nagusi hedabideetan, kultur ekoizpenean eta ekonomian, eta, hori horrela izanik, zaila da hizkuntza gutxituen aldeko jarrerak izatea.
Jarrera negatiboen aurkako antidoto bakarra dago: bertako hizkuntza normaltasunez erabiltzea, lotsarik gabe, naturaltasunez. Gure hizkuntzatan kultura moderno eta erakargarria (gizarte atxikimendua eragiten duena) sortzen badugu, hizkuntz jarrera positiboak ere sortuko ditugu.
Eta zirkulu horiek guztiek, elkar berrelikatuz, hizkuntza gutxituentzat kaltegarria den prozesua alda dezakete, eta hizkuntza horiei onura ekarriko dien prozesua abiarazi.
(BERNAT JOAN I MARÍ Soziolinguistikan aditua eta Europako Parlamentuko diputatua)
|