Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara berreskuratzeko legea

Euskara berreskuratzeko legea

2006-08-04 / 07:00 / Karmele Aierbe - Inazio Agirre   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Batasuna alderdiak aurtengo ekainean egin du publiko euskara berreskuratzeko beharrezkoa ikusten duen Legea. Hizkuntz komunitatea berrosatzeko, euskararendako hizkuntz politika berreskuratzailea behar dugu, eta bide horretan lehentasunezkoa da Euskal Herri osoan euskara lehenetsiko duen ofizialtasunaren legea indarrean paratzea.

Proposamen eta debatera irekia dagoen legearen letra da artikulu honen muina, ondoren datorrena, hain zuzen.

LEHENENGO IDAZPURUA


Euskara, nazio identitatea eta eskubideak. Euskararen ekarpena hizkuntza dibertsitateari. Euskararen egoera eta hizkuntz politika berria.

Euskara eta Euskal Herria erabat lotutako errealitateak dira. Euskara Euskal Herriaren nazio hizkuntza da: Euskal Herria euskararen herria da eta euskalduna euskara duen pertsona da. Euskararen Herria Europako jatorrizko herria da; bertakoak dira historia aurretik datozen eta gaur bizirik dauden bere kultura eta hizkuntza.

Euskara euskal herritarren eta Euskal Herriaren eskubide besterenezina eta preskribaezina da. Euskarak, Euskal Herri osoko berezko hizkuntza eta herri gisa bereizten gaituena izanik, izaera nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa du Euskal Herriaren osotasunean. Hau da: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoako herrialdeetan.

Euskal Herriak garatzen dituen balio eta helburuen artean bereziki babestu nahi du munduko hizkuntza eta kulturen dibertsitatea. Euskararen herriak dibertsitate horri euskararen ekarpena egiten dio, berezko hizkuntza gisa eta herritar guztien hizkuntza komun bezala, nahiz eta zenbait herritarren jatorrizko eta ohiko hizkuntza euskara ez den beste bat izanda ere.

Mendetan zehar, Espainia eta Frantziako estatuek, hainbat euskal eragileen laguntzarekin, euskararen aurkako hizkuntz politika burutu dute euskara desagerrarazteko eta bere lekuan espainiera eta frantsesa inposatzeko. Asimilazio- eta ordezkapen-prozesu luze eta dinamiko horren ondorioz, gaur egun, Euskal Herria hizkuntz komunitate ez-osoa, desegituratua eta desintegratua da: euskarak egoera minorizatua bizi du bere lurraldean.

Egoera minorizatu hori gainditu eta euskararen garapen osoa lortzeko hizkuntz politika berria, nazionala eta burujabea gauzatzea ezinbestekoa da, euskara osasun betean bizi dadin bere lurraldean. Euskal herritarren eta Euskal Herriaren hizkuntz eskubide guztiak errespetatzeko eta bermatzeko. Euskararentzat lortzeko Euskal Herri osoan, Europako estatuen hizkuntza ofizialek beren lurraldean duten berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko egoera eremu juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan, Europako hizkuntz komunitate guztien berdintasunaren esparruan.

BIGARREN IDAZPURUA


Lege esparrua. Hizkuntz politika eredu berrirako igarobidea.

Euskal Herrian nazio esparru burujabe berria sortzen da euskararen berreskurapena eta garapen osoa bermatuko duena.

Azken 25 urteotan garrantzi handiko aldaketak eman dira:

  • Jendartearen eremuan: informazio eta komunikazioaren jendartea.
  • Teknologia eremuan: teknologia berriak, internet.
  • Eremu ekonomiko, kultural eta komertzialean: globalizazioa.
  • Eremu politikoan: Berlingo harresia eraistea, bi buruko mundua erortzea eta AEBen munduko lidergo bakarra. Europako Batasuna. Aldaketa politikoaren ataria Euskal Herrian.
  • Legeriaren eremuan: Europako Parlamentuaren erabakiak hizkuntz alorrean. Europako Hizkuntza Gutxituen Ituna.
  • Hizkuntz eskubideen eremuan: 1996ko ekainaren 6an, Bartzelonan sinaturiko hizkuntz eskubideen Adierazpen Unibertsala.
  • Eremu soziolinguistikoan: Euskal Herrian indarrean egon diren hizkuntz politikek ez dute balio Euskal Herria berreuskalduntzeko. Udalbiltzak Hizkuntz Eskubideen Karta argitaratzea.

Aldaketa handi hauen eraginez, munduko globalizazioaren testuinguruan estatu handiek herriak eta herrialdeak irensteko aukera erreala da. Horregatik unibertsalki onargarriak diren oinarri juridikoak planteatu behar dira. Hau da, pertsonen, herrien eta hizkuntzen arteko berdintasunaren ondorio bezala, berdintasunezko tratamendua eskatzen dugu. Hots, hizkuntz komunitate guztiek eskubide maila bera izan dezatela euren lurralde historikoetan; hori baita modu bakarra, derrigorrezko bermea, bertan bizi diren pertsonek euren hizkuntz eskubideez goza ahal izan dezaten. Hizkuntz komunitate bakoitzak bere lurraldean lehentasuna duenean bakarrik egin baitaiteke bideragarri herritar bakoitzaren hizkuntz eskubideen berdintasuna. Hortaz, berdintasun printzipioaren arabera, gure herriak eskubidea du euskara Euskal Herriko lurralde osoan ofizial izateko, Europako estatuen hizkuntza ofizialek euren lurraldean duten estatus eta ofizialtasun maila berdinarekin. Ondorioz, euskara lehentasuna izango du Euskal Herri osoan.

Nazio esparru burujabe berri batera igarotzeko esparru juridiko politikoan, Euskal Herritarren eta Euskal Herriaren hizkuntz eskubide guztiak errespetatu eta nazio hizkuntzaren berreskurapen osoa bermatu behar dira. Beraz, ofizialtasunaren lege berri honek, zalantzarik gabeko eran, euskararen normalkuntza osoa lortzeko bide juridikoa jasoko du eta, euskarari zor zaion erreparazio historikoaren bidetik, diskriminazio positiboa sustatuko du euskararen berreskurapen osoa lortu arte. Ofizialtasun honek Euskal Herriko Udal eta Udal Ordezkarien Biltzarrak, Udalbiltzak, 2002ko azaroaren 23an, Tolosan onartu zuen Hizkuntz Eskubideen Kartan jasotzen diren neurri babesle eta sustatzaileak gauzatuko ditu Euskal Herriko zazpi herrialdeetan.

HIRUGARREN IDAZPURUA


Legezko arau honen helburuak. Bide juridikoak jaso behar du euskararen normalkuntza osoa lortzeko aukera Euskal Herrian.

Aurreko atalean adierazitako gertaera guzti horiek egoera aldatzea eta Euskal Herri osoan Euskara Berreskuratzeko Legea indarrean jartzea eskatzen dute. Akordio politiko eta soziala lortzea euskararen normaltasuna sustatzeko, euskararen erabilera eta ezagupen osoari bultzada berri bat eman nahian. Hizkuntz eskubide eta betebeharren Kartari dagokienean, hizkuntz komunitateen arteko berdintasunera iristeko, euskara eta Euskal Herri osoan hizkuntza nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa izango da. Hortaz, euskal herritar guztiek euskara jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute Euskal Herri osoan. Eta gaztelania eta frantsesa, dagozkien eremuetan, hizkuntza ofizialkideak izango dira. Honek esan nahi du Euskal Herriko herritarrek euskara eta gaztelania erabiltzeko eskubidea dituztela Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia herrialdeetan eta euskara nahiz frantsesa Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa herrialdeetan, legeak arautuko duen arabera.

Euskararen normalkuntza osoari bultzada berria emateko, beharrezkoa da euskara babesteko, berreskuratzeko eta sustatzeko politikak sendotzea, dagozkien aurrekontuekin, eta era berean, Europako araudian hizkuntza ofiziala izatea lortzea.

LAUGARREN IDAZPURUA


Lege honen edukia eta egitura. Euskara hizkuntza nazionala, ofiziala eta lehentasunezkoa.

Lege honek berezko hizkuntzaren edo nazio hizkuntzaren, hizkuntza ofizialaren eta lehentasunezkoaren, eta hizkuntza ofizialkidearen kontzeptu juridikoak formulatzen ditu. Beraz, nazio hizkuntzatzat euskara harturik, Euskal Herriko botere publikoek eta instituzioek berau babestu eta bermatu behar dute, baita ohiko lan hizkuntza bezala erabili eta maila guztietan erabilera publikoa sustatu ere, jendarteko erabilera publiko orokortua erdiesteko. Eta lehentasunezko hizkuntza ofizial gisa euskara hartuta, Euskal Herriko botere publikoek eta instituzioek euskara zerbitzu hizkuntza bezala lehentasunez erabiliko dute. Euskararekin batera, gaztelania eta frantsesa hizkuntza ofizialkidetzat hartuta, berauen eremu bakoitzean hiritarrei esplizituki aldarrikaturiko eskubideak bermatzen dizkie. Oinarri hauek kontuan izanik, Legeak arlo guztietan erregulatzen du hiru hizkuntza hauen erabilera Euskal Herrian: maila ofizial nahiz administratiboan, irakaskuntzan, komunikabideetan, kultur industrietan, sozio-ekonomian eta beste zeinahi arlotan.

BOSGARREN IDAZPURUA


Euskararen inflexio puntua.

Euskararen inflexio puntua Euskal Herria euskalduntzeko prozesuan mugarria da eta gutxieneko izaera du euskal hiztun komunitatea berrosatzeko prozesua burutzeko behar diren minimoen gainetik jarduteko. Euskararen inflexio puntua finkatzeko, Euskal Herria euskalduntzeko prozesuak gutxienekotik gora jardun dezan, honako zazpi oinarri hauek garatuko dira premiaz eta eraginkortasunez:

  • Euskara Euskal Herri guztian hizkuntza ofiziala izatea, eskubide indibidualak eta kolektiboak aitortzeko.
  • Belaunaldi berrien euskalduntasuna bermatzea, bizigune euskaldunak bermatuz.
  • Udalerri euskaldunen garapen iraunkorra ziurtatzea.
  • Administrazio eta zerbitzu publiko guztiak euskalduntzea.
  • Lan esparrua, eta bereziki enpresa pribatua euskalduntzeko baliabideak jartzea.
  • Hedabideak eta kultur produkzioa euskaraz lehenestea, eta azkenik
  • Bide hau guztia egiteko beharrezkoak diren baliabideak —ekonomikoak, azpiegiturazkoak, pertsonalak— bermatzea.

Behin euskararen inflexio puntua indarrean jarrita, hizkuntz politikak sinesgarritasuna izan dezan, Euskal Herriko udalerriek, eskualdeek eta herrialdeek bere euskararen normalkuntza prozesu osoa lortuko dute —bakoitzak duen egoera soziolinguistikoa kontuan izanik eta duen normalizazio erritmoa errespetatuz ere— lege honen bosgarren, zazpigarren eta zortzigarren artikuluetan xedatzen den arabera.

LEHENENGO ATALA
Euskarari zor zaion erreparazio historikoa burutzeaz

  • 1. Artikulua

    Legezko arau honen xedea

    • 1. Euskal Herriko hizkuntz politikarako legea garatzea, euskararen erabilera babesteko, sustatzeko, berreskuratzeko eta erabat normalizatzeko Euskal Herri osoan zehar. Halaber, euskal hiztunen eta Euskal Herriaren hizkuntz eskubideak bermatzea eta euskarari zor zaion erreparazio historikoa burutzea. Era berean, euskararen jendarteko erabilera normala eta ofiziala Euskal Herri osoan ziurtatzea eta gaztelaniaren erabilera Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaian eta frantsesaren erabilera Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan arautzea.
    • 2. Legezko arau honen helburuak:
      • a. Euskararen erabilera babestea eta bermatzea hiritar guztien aldetik, erabateko berreskurapena eta normalizazio osoa lortu arte. Euskal Herriko herritarren konpromiso zibiko eta politikoa indartzea, herri gogoa bultzatzea Euskal Herria berreuskalduntzeko.
      • b. Eragingarritasuna ematea euskararen erabilpen ofizialari Euskal Herri osoan zehar, eta euskara nahiz gaztelaniari Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia herrialdeetan eta euskara nahiz frantsesari Lapurdi, Nafarroa Beherea, Zuberoa herrialdeetan, hiritarren hizkuntz eskubideak bermatuz.
      • c. Euskararen erabilera normalizatzea eta bermatzea, bere erabateko berreskurapena nahiz normalizazio osoa lortu arte botere exekutibo eta legegilean, administrazio publikoan, justizian, irakaskuntzan, jendarteko komunikabideetan, kultur industrietan, sozio-ekonomian eta beste zeinahi alorretan.
      • d. Hiritar guztiek euskara jakin dezatela ziurtatzea.
      • e. Udalbiltzak, 2002ko azaroaren 23an, Tolosan onartu zuen Hizkuntz Eskubideen Karta gauzatzea.
      • 3. Euskaraz egiten duten hiritarren hizkuntz eskubide indibidualen babesa lortzea hizkuntz eskubide kolektiboen dimentsioa bermatuz ekintzen bidez, berau zailtzen dituzten oztopoak enkaituz eta tinkotasun politikoa erakutsiz.
  • 2. artikulua

    Nazio hizkuntza

    • 1. Euskara da Euskal Herriko nazio hizkuntza eta herri-nazio bihurtzen du. Herritar guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute.
    • 2. Euskara, nazio hizkuntza gisa:
      • a. Euskal Herriko instituzio guztien hizkuntza da, gobernuarena, botere legegilearena, justiziarena, administrazioarena, enpresa eta zerbitzu publikoena, komunikabide instituzionalena, irakaskuntzarena eta toponimiarena.
      • b. Euskal Herriko erakunde publikoek euskararen jendarteko erabilera publiko orokortua erdiesteko betebeharra dute.
  • 3. artikulua

    Hizkuntza ofiziala eta ofizialkideak

    • 1. Euskara, Euskal Herriko hizkuntza ofiziala da.
    • 2. Euskara, hizkuntza ofizial gisa:
      • a. Euskal Herriko botere publikoek eta instituzioek, administrazioek, enpresek eta zerbitzu publikoek lehentasunez erabiliko dute euskara zerbitzu hizkuntza bezala.
      • b. Euskara Euskal Herrian inolako bazterketarik gabe erabili daiteke eta erakunde publikoek eskubide hori bermatzeko betebeharra dute.
      • c. Euskaraz buruturiko ekimen juridikoak balio eta eragingarritasuna izanen du Euskal Herri osoan.
    • 3. Hizkuntza ofizialkidek dira, batetik, gaztelania Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko herrialdeetan eta, bestetik, frantsesa Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herrialdeetan.
    • 4. Gaztelania nahiz frantsesa ofizialkide diren herrialdeetan erabil daitezke. Eta gaztelaniaz nahiz frantsesez buruturiko ekimen juridikoak balio eta eragingarritasuna izanen du ofizialkide diren herrialdeetan.
    • 5. Lege honen bigarren eta hirugarren artikuluetan —euskara, nazio hizkuntza eta hizkuntza ofizial gisa— esandakoak konpromiso berezia eskatzen die instituzioei, euskararen ezagutza bultzatu eta bere erabilera normalizatzeko.
  • 4. artikulua

    Hizkuntz eskubideak

    • 1. Instituzio eta eragile sozialen politika aktibo baten barnean, euskal hiztunen hizkuntz eskubide guztiak —indibidual eta kolektiboak— erabiltzea ahalbidetuko duten baldintzak sortzeko, Euskal Herri osoan pertsona orok ditu hurrengo eskubideak:
      • a. Euskara, dagokion herrialdeko hizkuntza ofizialkidea eta nazioarteko beste bat jakitea.
      • b. Euskaraz eta dagokion herrialdean hango hizkuntza ofizialkidean adieraztea harreman eta ekitaldi publikoetan nahiz pribatuetan.
      • c. Edonork, euskaraz edo, dagokion herrialdean, hautaturiko hizkuntza ofizialkidean erantzuna jasotzearena.
      • d. Alor guztietan, euskara edo dagokion herrialdean hango herrialdeko hizkuntza ofizialkidea erabiltzea.
      • e. Euskara erabiltzeagatik edota, dagokion herrialdean, hango hizkuntza ofizialkidea erabiltzeagatik baztertua ez izatearena.
    • 2. Bizigune euskaldunak izendatutako gune euskaldunetan —herritarren euskalduntasuna babesteko, euskararen iraupena eta jendarte erabilera bermatzeko— aurreko puntuan zehaztutako b, c, d, eta e atalak ez dira indarrean izango.
    • 3. Pertsona oro joan liteke epaitegi nahiz auzitegietara, babes judiziala eskatuaz, bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea dela eta.
    • 4. Pertsona orok jo lezake Euskal Herriko Gobernura, hizkuntz eskubideak berma ditzaten, euren eskumenen eremuan.
    • 5. Babes judiziala eskatzeko eta hizkuntz eskubideak berma ditzaten pertsona orok duen eskubide honek bere betearazteko lege garapena beharko du.
  • 5. artikulua

    Euskal Herriko Gobernuaren ekimenaren oinarriak

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak babes, bultzada eta sustapen ekimenak burutu behar ditu euskararen erabilerari dagokionean, beharrezko baliabide eta neurriak hartuaz, euskarak erabateko berreskurapena nahiz normalizazio osoa lortu artean.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak, aurreko 5.1 artikuluak dioena betetzeko, premiaz eta eraginkortasunez gauzatuko ditu lege honen bosgarren idazpuruan zehazten diren euskararen inflexio puntuaren zazpi lan ildoak.
  • 6. artikulua

    Euskararen batasuna

    • 1. Euskara Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea eta Zuberoa herrialdeen nazio hizkuntza da eta herrialde horiek euskal hizkuntz komunitate bera osatzen dute. Euskal Herriko Gobernuak euskararen hiztun komunitatearen batasuna zaindu behar du, baita bere erabilera eta komunikazioa ere herrialdeen artean, diasporarekin eta euskararen kanpo hedapena.
    • 2. Euskaltzaindia da hizkuntza autoritatea, corpusari dagokionez. Euskarazko testuen hizkuntz kalitatea, zuzentasuna eta egokitasuna bermatzea dagokio.

BIGARREN ATALA
Euskararen berreskurapenerako inflexio puntua abian jartzeaz, jendarte erabilera sustatzeko euskararen berreskurapen osoa lortu arte Euskal Herrian.

  • 7. artikulua

    Inflexio puntua

    • 1. Bosgarren Idazpuruan aipatzen den euskara berreskuratzeko inflexio puntuak eta zehazten dituen zazpi lan ildoen multzoak gutxieneko izaera dute, euskal hiztun komunitatea berrosatzeko prozesua burutzeko behar diren minimoen gainetik jarduteko. Inflexio puntuaren zazpi lan ildoak garatuko dituzten lege zehaztapen guztiak indarrean egongo dira 2009ko Aberri Egunerako.
    • 2. Euskal Herriko udalerriek, eskualdeek eta herrialdeek, guztiek jarri behar dute indarrean bakoitzari dagokion bere euskararen berreskurapenerako inflexio puntua egikaritzeko plana, 2009ko Aberri Egunerako. Horretarako berariazko neurriak hartuko dituzte zazpi hiriburuek eta 15.000 biztanletik gora duten udalerriek euskararen ezagutza bultzatzeko, bere erabilera sustatzeko eta berreskurapen osoa lortzeko.
  • 8. artikulua

    Hizkuntz politika nazionala, lurraldetasun printzipioa eta normalizaziorako epeak

    Euskal Herriak hizkuntz politika bakarra, nazionala eta burujabea du herritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko. Hizkuntzaren lurraldetasun printzipioak Euskal Herriaren lurralde osoa, jendartearen funtzio guztiak eta euskal herritar denak irabaztea eskatzen du euskararentzat. Hau da, Euskal Herriko udalerrietan, eskualdeetan eta herrialdeetan euskararen jendarte erabilera orokortzea. Helburu hori lortzeko, abiaburuan dagoen errealitatea eta tokian tokiko baldintza soziolinguistikoak kontuan hartuko dira, goranzko prozesu mailakatua ziurtatuko da eta horretarako honako epe hauek ezartzen dira:

    • 1. Lehenengo tipologiako udalerriak dira euskaldunen ehunekoa % 70 eta % 100 artean dutenak. Euskal Herriko Lehenengo tipologian dauden udalerriek, inflexio puntua indarrean jarritako datatik aurrera, 5 urteko epea dute xedapen gehigarri honetan eta Lege honen 16. artikuluan zehazten den helburua lortzeko.
    • 2. Bigarrengo tipologiako udalerriak dira euskaldunen ehunekoa % 50 eta % 69 artean dutenak. Euskal Herriko bigarren tipologian dauden udalerriek, inflexio puntua indarrean jarritako datatik aurrera, 16 urteko epea dute lehengo tipologiako udalerrien helburua lortzeko.
    • 3. Hirugarrengo tipologiako udalerria Donostia da. Donostian euskaldunak % 34,7 dira, 2001urtean. Euskal Herriko hirugarren tipologian dagoen hiriburuak, inflexio puntua indarrean jarritako datatik aurrera, 25 urteko epea du lehengo tipologiako udalerrien helburua lortzeko.
    • 4. Laugarrengo tipologiako udalerriak dira euskaldunen ehunekoa % 25 eta % 49 artean dutenak. Euskal Herriko hirugarren tipologian dauden udalerriek, inflexio puntua indarrean jarritako datatik aurrera, 35 urteko epea dute lehengo tipologiako udalerrien helburua lortzeko.
    • 5. Bosgarrengo tipologiako udalerriak dira euskaldunen ehunekoa % 0 eta % 24 artean dutenak. Euskal Herriko bosgarren tipologian dauden udalerriek, inflexio puntua indarrean jarritako datatik aurrera, 50 urteko epea dute lehengo tipologiako udalerrien helburua lortzeko.

2. Kapitulua
Ofizialtasuna

  • 9. artikulua

    Euskara Euskal Herri osoan hizkuntza ofiziala da. Ofizialtasun horrek Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoko euskal hiritarren hizkuntz eskubide indibidualak eta kolektiboak aitortzen ditu. Ondorioz, euskarak lehentasuna izango du euskal Herri osoan, lege honetan jasotzen den arabera.

3. Kapitulua
Belaunaldi berrien euskalduntasuna bermatzeaz
Irakaskuntza

  • 10. artikulua

    Irakaskuntzaren hizkuntza

    • 1. Euskara, Euskal Herriko nazio hizkuntza gisa, irakaskuntzarena ere bada, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoko herrialdeetan, maila eta era guztietan.
    • 2. Ikastetxeetan egiten diren ekintzatan, euskara komunikazio tresna gisa erabiliko da, irakaskuntza nahiz administrazioan, barne nahiz kanpo mailan.
  • 11. artikulua

    Irakaskuntza ez unibertsitarioa

    • 1. Euskara, komunikazio nahiz ikasketa hizkuntza gisa erabili behar da Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoko herrialdeetako irakaskuntza ez unibertsitarioan.
    • 2. Haurrek lehen hezkuntzan euskara izango dute ikasbide hizkuntza. Horrekin batera, herrialdeko hizkuntza ofizialkidea eta nazioartekoa ikastea bermatuko da. Administrazioak eskubide hau bermatu behar du eta beharrezko bitartekoak jarri.
    • 3. Euskararen eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidearen irakaskuntzak ikasketa planetan bermaturik egon beharra dauka. Era honetan, haurrek era normal eta zuzen batean erabiliko dituzte bi hizkuntzak oinarrizko hezkuntzaren amaieran. Halaber, nazioarteko hizkuntza bat ere ikasiko dute gutxienez.
    • 4. Ondorengo derrigorrezko hezkuntzan, hezkuntza administrazioak programa eta irakaskuntzak sustatu behar ditu eta ezagutza bermatu euskara eta dagokion herrialdeko hizkuntza ofizialkidearen erabilpena ziurtatzeko moduan, gazte guztiek irakaskuntza hauen bagaia instrumental eta kulturala jaso dezaten. Halaber, nazioarteko hizkuntzari dagokiona ere.
    • 5. Ikasleria ez da zatitu behar bere ohiko lehen hizkuntzaren arabera talde ezberdinetan.
    • 6. Ezin liteke jaso derrigorrezko bigarren hezkuntzaren agiria, baldin eta ikasleak ez badu adierazten euskaraz eta gaztelaniaz edo frantsesez hitz egiteko eta idazteko gai dela. Halaber, nazioarteko hizkuntzaren gaitasun egokia ez baldin badu ere, zehaztuko den mailaren arabera.
    • 7. Euskal Herriko hezkuntza sisteman berandu sartu den ikasleak laguntza berezi bat jaso behar du euskararen irakaskuntzan.
    • 8. Lanbide eskoletan eta eskola teknikoetan hezkuntza administrazioak programak eta irakaskuntzak sustatu behar ditu euskarazko erabilera bermatzeko eta ikasketen eskaintza osoa euskaraz egingo da.
    • 9. Euskal Herriko Gobernuak behar diren neurri guztiak —kultura, hedabideak, ikus-entzunezkoak, aisialdia, kirola, teknologia berriak, harremanak eta abar— bideratuko ditu ikasle bakoitzari kalitatezko ingurune soziolinguistiko aberatsa euskaraz ziurtatzeko.
  • 12. artikulua

    Irakaskuntza unibertsitarioa

    • 1. Goi irakaskuntza nahiz unibertsitarioan, ikasketen eskaintza osoa euskaraz egingo da. Ikasleek euskaraz edo nahi duten hizkuntza ofizialkidean aritzeko eskubidea dute. Euskara ez den beste hizkuntza ofizialkidean ari diren ikasleek euskaraz lan egiteko gaitasuna dutela frogatu beharko dute ikasketak amaitu baino lehen.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak, unibertsitate eta goi irakaskuntzako instituzioek euskararen erabilera bermatzeko neurriak hartu behar dituzte irakaskuntzan, ikerketetan, doktore tesien irakurketan eta oposizioetan Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoko herrialdeetan.
    • 3. Unibertsitateak ikastaroak antolatu beharko ditu ikasleriak nahiz irakasleriak euskararen jakite eta ulertze maila hobetu dezaten.
    • 4. Unibertsitateak irizpide batzuk jar ditzake hizkuntzaren erabilerari dagokionean, nazioarteko konpromisoekin harremana duten ekintzatan.
  • 13. artikulua

    Etengabeko prestakuntza eta erregimen bereziko irakaskuntzak

    • 1. Helduen prestaketarako kurtsoen programan derrigorrezkoa da euskararen irakaskuntza eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidearena.
    • 2. Erregimen bereziko hizkuntza eskolatan derrigorrezkoa da euskararen irakaskuntza eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidearena.
  • 14. artikulua

    Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea

    • 1. Euskal Herriaren kohesio soziala bermatze aldera eta etorkinei bertakotzen laguntzeko, euskalduntze alfabetatzea dohainik izango da, asistentzia eta aprobetxamendua kontuan izanik.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak antolatzen dituen irakaskuntza zentroetan euskara irakatsi beharko zaie ezagutza urria duten ikasleei.
    • 3. Artikulu honen aurreko bi ataletan xedatzen dena garatzeko Euskal Herriko Gobernuak behar diren arauak zehaztuko ditu, bi urteko epean.
  • 15. artikulua

    Irakasleria

    • 1. Unibertsitatez kanpoko irakaskuntzan irakasleriak euskara eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidea menperatu behar ditu eta bere lanean bietako edozein erabiltzeko gai izan.
    • 2. Irakasleriaren prestakuntza, ikasleak bi hizkuntzatan —euskara eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidean— gaitzeko ahalmenean datza, irakaskuntzaren berezitasunen arabera.
    • 3. Irakaskuntza unibertsitarioko irakasleriak euskara eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidea ezagutu behar ditu. Arau honek ez du balio irakasle bisitarientzako. Agindu hau bete ahal izateko, unibertsitateak jarri beharko ditu bitarteko eta epeak.

4. Kapitulua
Udalerri euskaldunen garapen iraunkorra ziurtatzeaz

  • 16. artikulua

    Bizigune euskaldunak

    • 1. Herritar euskaldunak % 70tik gora dituzten Euskal Herriko udalerri, eskualde eta herrialde guztiak dira bizigune euskaldunak.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak bizigune euskalduntzat joko ditu eta hala izendatuko ditu euskaldunen %70eko dentsitatearen baldintza betetzera iristen diren herriak, eskualdeak eta herrialdeak bizigune euskaldunak izendatuko dira. Bizigune euskaldunetan euskararen erabilera orokorra bermatuko da.
    • 3. Bizigune euskalduna izendatzeak esan nahi du izendatutako herri edo eskualde horren euskalduntasuna babestea eta garapen iraunkorra bultzatzea euskal hizkuntza eta kultura bermatuz. Horretarako, Euskal Herriko Gobernuak babes neurri egokiak sustatzea, dauden oztopoak enkaitzea eta neurri sozioekonomiko eraginkorrak bideratzea bermatuko ditu, lurralde horiei begirako lege integrala garatuz, bi urteko epearen barruan.

5. Kapitulua
Administrazioa euskalduntzeaz

  • 17. artikulua

    Arauen argitaratzea

    • 1. Arauak euskaraz eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidean emango dira Euskal Herrian, aldibereko argitalpenetan.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuaren Egunkari Ofizialean argitaratuko dira argitalpen hauek, eta argitalpenak hizkuntza ezberdinetan emango dira, euskaraz udalerri euskaldunetara zuzentzen denean. Euskara, gaztelania eta frantsesez gainerako Euskal Herri osorako baldin bada. Euskara eta gaztelaniaz edo euskara eta frantsesez udalerri euskaldunak ez diren gainerako herri, eskualde edota herrialde bakoitzerako, zein duten hizkuntza ofizialkidearen arabera.
    • 3. Ezein kasutan euskarazko bertsioa izango da eta balio juridiko osoa izango du. Bertsioen arteko desadostasuna egonez gero, euskarazkoak izango du balio juridiko osoa.
  • 18. artikulua

    Euskal Herriko administrazioen hizkuntza

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak, foru nahiz administrazio lokalek eta bestelako Euskal Herriko korporazio publikoek, instituzio nahiz enpresek eta euren zerbitzuetako kontzesionarioek euskara erabili behar dute euren barne jardueran eta haien arteko harremanetan. Euskal Herriko pertsonei bidali beharreko agiriak euskaraz bidaliko dituzte, hiritarrek gaztelaniaz edo frantsesez jasotzea eskatuz gero ele bietan igorriko zaie.
    • 2. Aurreko puntuan adierazitako helburura iristeko, Euskal Herriko Gobernuari, foru nahiz administrazio lokal bakoitzari, euskaraz egiteko lan-hizkuntzaren derrigorrezko eta gutxieneko erabilera kuota ezarriko zaio. Erabilera kuota hori zehazteko administrazioa kokatuta dagoen eremuaren honako formula erabiliko da: euskaldunak + ia-euskaldunak, dagokion Estatistika Erakunde Ofizialaren datuen arabera. Erabilera kuota zeinahi delarik ere, hamar urteko epean, erabilera kuota % 100 izango da. Epe horretan, Euskal Herriko administrazio guztien, korporazio publiko guztien, instituzio nahiz enpresek eta euren zerbitzuetako kontzesionario guztien lan hizkuntza eta erakundeen arteko harreman-hizkuntza euskara izango da.
    • 3. Euskal Herriko Gobernuak administrazio jarduera guztiak erregulatu beharko ditu euskaraz, bere eskumeneko organo guztietan.
    • 4. Korporazio foral nahiz lokalek euskararen erabilpena erregulatu behar dute euren jardueran, lehen eta bigarren atalean esan bezalaxe.
  • 19. artikulua

    Administrazio prozedurak

    • 1. Administrazioek buruturiko prozedura administratiboetan eta Euskal Herriko bestelako korporazioetan euskara erabili behar da. Dokumentuak aurkezterakoan edo adierazpenak burutzerakoan, agiriak frantsesez edo gaztelaniaz jasotzea eskatuz gero, hala egingo da, entitate administratiboa kokatuta dagoen herrialdearen arabera.
    • 2. Administrazioak, hala eskatu dutenei, itzulitako testigantza eman beharko die. Eskaera honek ezin dio kalterik ezta gasturik suposatu eskaria burutu duenari ez eta atzerapenik ere edota tramitazioaren deuseztatzea.
    • 3. Aurreko bi puntuetan agindutakoa beteko da bizigune euskaldunak izendatutako udalerri euskaldunen eremuetan izan ezik. Eremu horietan administrazioek buruturiko prozedura administratiboetan euskara erabiliko da.
  • 20. artikulua

    Arduradun politikoen eta pertsonalaren hizkuntza gaitasuna Euskal Herriko administrazioen zerbitzuan

    • 1. Aurreko 18.1 eta 18.2 artikuluetan xedatzen dena lortzeko, edozein administrazioan aritzeko politikariek euskara eta dagokion herrialdeko hizkuntza ofizialkidea jakin behar dute, ahoz nahiz idatziz, honek bere egitekoak garatzeko ahaldun bihurtuko duelarik. Horretarako, alderdi politiko bakoitzak, aldez aurretik, bermatu beharko du aurkezten duen hautes-zerrendan, aipatutako bi hizkuntzak dakizkiten politikariak badaudela, eta berauen kopurua, gutxienez, jardun behar duten administrazioari ezarri zaion kuotaren adinekoa dela. Hauteskunde Batzordeak bermatuko du agindu hori betetzen dela hautes-zerrendetan.
    • 2. Euskal Herrian kokatutako edozein motatako eta mailako administrazioetan nahiz zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresa edo entitate publikoetan zein pribatuetan lanean aritzeko, pertsona orok, zeinahi kontratu mota duelarik, euskara eta dagokion herrialdeko hizkuntza ofizialkidea ulertzeko maila izan behar du, ahoz nahiz idatziz, honek bere lanpostuko funtzioak garatzeko ahaldun bihurtuko duelarik.
    • 3. Euskal Herriko Gobernuak euskararen irakaskuntza bermatu behar du eta pertsonalaren birziklapen neurriak sustatu.
    • 4. Hautaketa prozesuan euskararen ezagutza ziurtatu beharra dago, bete behar den eginkizuna betetzeko beharrezko den mailan.
  • 21. artikulua

    Estatuen administrazioak

    • 1. Nazio burujabetasuna erabat indarrean jarri bitartean, baliozkoak dira Euskal Herrian bi Estatuek buruturiko jarduera administratiboak. Administrazio horiek gauzatzen dituzten prozedura administratiboetan, barne eta kanpo harremanetan eta Euskal Herriko gainerako administrazioekin dituzten komunikazioetan euskara erabili behar da. Dokumentuak aurkezterakoan edo adierazpenak burutzerakoan, agiriak frantsesez edo gaztelaniaz jasotzea eskatuz gero, hala egingo da, entitate administratiboa kokatuta dagoen herrialdearen arabera.
    • 2. Pertsona orok du hautatzen duen hizkuntzan —euskaraz, edo, gaztelaniaz nahiz frantsesez, herrialdearen arabera— aritzeko eskubidea Euskal Herrian kokatuta dauden Estatuen administrazioekin eta ezin zaio inolako itzulpenik eskatu.
    • 3. Aurreko bi puntuetan agindutakoa beteko da bizigune euskaldunak izendatutako gune euskaldunen eremuetan izan ezik. Eremu horietan baliozkoak dira bi Estatuek euskaraz buruturiko jarduera administratiboak.
  • 22. artikulua

    Jarduera judizialak

    • 1. Inolako itzulpenik gabe, baliozkoak dira euskarazkoak, edo elebitan herrialdeko hizkuntza ofizialkidearekin.
    • 2. Pertsona orok du hautatzen duen hizkuntzan harremanak izateko eskubidea, eta ezin zaie itzulpenik eskatu eta ondorioz prozedura judiziala berak aukeraturiko hizkuntzan burutzekoa.
    • 3. Eskatzen duen pertsona orok jaso behar du epaia berak hautaturiko hizkuntzan. Epaia euskaraz eta pertsonak hautatutako hizkuntza ofizialkidean jaso behar du, inolako atzerapenik gabe.
    • 4. Lehen hiru ataletan aipaturikoak eliz epaimahai nahiz epaimahai arbitrarioentzako balio du.
    • 5. Euskal Herriko justizia administrazioan lanpostua lortzeko, bai eta epaile, fiskal edo idazkari postuetan aritzeko, euskara eta dagokion lurraldeko hizkuntza ofizialkidea menperatu behar dira eta bere lanean bietako edozein erabiltzeko gai izan.
  • 23. artikulua

    Agiri publikoak

    • 1. Euskaraz emanikoak balio du, edo elebitan herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialkidearekin. 2.Euskaraz idatzi beharko dira, eta hizkuntza ofizialkidean eskatuz gero, euskaraz eta herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialkidean. Eta pertsona batek baino gehiagok eskatuko balute, adosten duteneko hizkuntzan. Ados jarriko ez balira, bi hizkuntzatan idatzi beharko da.
    • 3. Agiria idatzi baino lehenago, zein hizkuntzatan idaztea nahi duten galdetu behar zaie eskaria burutu dutenei. Ez badute hautatzen, euskaraz idatziko da; bestela, euskaraz eta hautatutako hizkuntza ofizialkidean.
    • 4. Fede emaile publikoek euskaraz eta gaztelaniaz edota frantsesez, herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialkidearen arabera, entregatu beharko dituzte kopia eta testigantzak, eta agiri nahiz matrizeak itzuli beharko dituzte, euren ardurapean.
    • 5. Fede emaile publikoen bulegoak prestaturik egon behar dute euskaraz edo herrialdeko hizkuntza ofizialkidean edozeinetan aritzeko eta bertako langileriak gaitasun nahikoa behar du izan bere lanpostuko funtzioak betetzeko.
  • 24. artikulua

    Agiri zibil eta merkataritzakoak

    • 1. Hizkuntza ez da dokumentu pribatuen formaren baldintza. Edozein hizkuntzatan idatzirikoak baliozkoak dira. Bere egikaritzarako lege zibil, merkantil edota prozesalek eskatzen dituzten itzulpenen kalterik gabe, hizkuntza ez bada ofiziala edo ofizialkidea Euskal Herrian.
    • 2. Euskaraz nahiz lurralde bakoitzeko hizkuntza ofizialkidean, bietatik baten idatziriko agiri pribatuak baliozkoak dira, eta bere betearazpena eskatzeko Euskal Herrian ez dute itzulpenik behar.
    • 3. Bigarren ataleko agiriak, interesatuek adosturiko hizkuntzan idatzita behar dute egon. Baldintza orokorrak dituzten kontratuak badira, kontsumitzaileek adosturiko hizkuntzan, eta bezeroen eskura egon behar dute aldibereko argitalpenetan, euskara eta gaztelaniaz edo euskara eta frantsesez, herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialkidearen arabera.
    • 4. Baliozkoak dira era guztietako balio tituluak, merkataritza elkarteen ekimenak, euskaraz nahiz herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialkidean, bietako baten idatziak.
    • 5. Txekeak, ordaintzekoak, taloitegiak eta entitateak emaniko beste zenbait agirik gutxienez euskaraz idatzirik egon behar dute.
  • 25.artikulua

    Lan hitzarmen kolektiboak

    • 1. Baliozkoak dira euskaraz eta herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialkidean, bietako batean idatziak.
    • 2. Aldeek adosturiko hizkuntzan idatzi behar da, akordiorik egon ezean, aldibereko argitalpenetan eta euskaraz eta herrialde bakoitzeko hizkuntza ofizialkidean.
  • 26.artikulua

    Erregistro publikoak

    • 1. Erregistro idazpenak baliozkoak dira euskaraz eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidean.
    • 2. Idazpenak, agiria idatzirik dagoeneko hizkuntzan burutu behar dira. Agiria bi edo hiru hizkuntzatan idatzirik badago, erregistroan aurkezten duenak erabakitako hizkuntzan burutuko da.
    • 3. Erregistratzaileek ziurtagiriak eskaeran erabilitako hizkuntzan burutuko dituzte.
    • 4. Erregistro bulegoek prestaturik egon behar dute euskaraz eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidean aritzeko, eta lanpostuko funtzioak ongi beteko dituen langileak beharko dituzte, bi hizkuntzak menperatzen dituen jendearekin.
    • 5. Edozein pertsonak eskatuz gero euskaraz nahiz hizkuntza ofizialkidean aritzeko erregistro bulegoan berehalakotasuna eta fidagarritasuna bermatu behar da.
    • 6. Bete beharreko inprimakiak euskaraz idatzirik behar dute egon gutxienez.

6. Kapitulua
Jarduera sozio-ekonomikoa

  • 27. artikulua

    Enpresa publikoak

    • 1. Euskal Herriko Gobernuko enpresa publikoek, aldundietakoek, tokian tokiko korporazioetakoek, eta bere enpresa kontzesionarioek euskara erabili behar dute euren jardueran, barne dokumentuetan, errotulazioan, erabilpen instrukzioetan, etiketatan eta ekoizten dituzten produktuen bilgarrietan.
    • 2. Aurreko puntuan aipaturiko enpresek euskara erabili behar dute euren harreman eta agirietan, fakturak, trafiko agiriak barne, udalerri euskaldunen eremuan —euskaldunen ehunekoa % 70etik gora denean— bizi diren pertsonei zuzenduak direnean. Hiritarren eskubidea ez da kaltetua izanen hauek gaztelaniaz edota frantsesez, bere herrialdeko hizkuntza ofizialkidearen arabera, jaso nahi badute informazioa.
  • 28. artikulua

    Zerbitzu publikoko enpresak

    • 1. Zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresek edota entitate publikoek zein pribatuek, hala nola, garraioa, hornigaiak, komunikazioak e.a., gutxienik ere errotulazioan, megafonia bidez burutzen diren oharretan euskara erabili behar dute. Halaber, herritarrekin eta kontsumitzaileekin harremanak euskaraz burutzeko gaitasuna izan behar dute, zerbitzuak herritarren hizkuntza aukera berma dezan.
    • 2. Aurreko puntuan aipaturiko entitateek Euskal Herriko herritarrei bidalitako agiri idatziak, fakturak nahiz trafiko agiriak, euskaraz idatzirik egon behar dute. Hiritarren batek gaztelaniaz edota frantsesez eskatuko balu, eskubide hori ez litzateke zanpatua izanen.
    • 3. Aurreko bi puntuetan aipaturikoa bermatzeko entitateek baliabideak ipintzen dituztela Euskal Herriko Gobernuak ziurtatuko du.
  • 29. artikulua

    Jendearentzako arreta

    • 1. Produktuen salmenta burutzen duten lau langiletik gora dituzten denda edo enpresetako langileak euskara eta herrialdeko hizkuntza ofizialkidea menperatu behar ditu Euskal Herrian, bezeroak nahi duen hizkuntzan hitz egin dezan.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak euskararen erabilera bermatu behar du neurri egokiekin, lehen atalean esaten denaren arabera.
    • 3. Publikoari irekitako dendetako eta zerbitzuetako izaera egonkorreko informazio orokorreko agiriek eta errotuluek, gutxienez euskaraz idatziak behar dute egon. Arau hau ez zaie markei, denden izenei edota industri jabegoari dagokien errotuluei aplikatzen.
  • 30. artikulua

    Diru laguntzak jaso dituzten edota kontzertatuak diren enpresak

    Edozein administraziorekin akordio bat sinatu duen enpresak, edota bere diru laguntza jasotzen duenak, gutxienik ere errotulazioan, oharretan eta publikoari zuzenduriko agirietan euskara erabili behar du.

  • 31. artikulua

    Kontsumitzaile eta erabiltzaileei informazioa

    • 1. Euskal Herrian ekoizten diren produktuen etiketetan, bilgarrietan edota erabilpenerako instrukzioetan euskara eta gaztelania, frantsesa edota Europar Batasuneko edozein hizkuntza erabili liteke.
    • 2. Euskal Herriko jatorri-izena, eskualde izena edo kalitate izena duten produktuen etiketek eta eskuz eginiko etiketek, gutxienez euskaraz joan behar dute.
    • 3. Euskal Herriko Gobernuak informazioa erregulatu behar du, baita Euskal Herrian ekoizten diren produktuen etiketa nahiz erabilpen instrukzioak ere. Era berezi batean ontziraturik dauden elikagaiak, arriskutsuak eta pozoitsuak direnak, baita tabakoa ere, euskararen presentzia aurrerakoia bermatzeko, Europar Batasuneko arauei jarraiki.
  • 32. artikulua

    Publizitatea

    • 1. Euskal Herriko Gobernuko publizitate instituzionalean, aldundietan, tokian tokiko administrazioetan, beren enpresa publiko kontzesionarioetan, eta eskubide publikoko euskal korporazioetan eta zuzenbide pribatuko erakunde publikoetan, orokorrean euskara erabili behar da.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak, aldundiek eta entitate lokalek euskararen erabilpena bermatu behar dute publizitatean, bereziki jendaurrean egiten dena, sektorearen erabilera normaleko hizkuntza izatearen helburuarekin.
  • 33. artikulua

    Jarduera profesional eta laborala

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak eta Eskola profesionalek euskararen erabilera bermatu behar dute euren jarduera profesionaletan.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak erabilera bermatu behar du lantokietan, lan harremanetan, hitzarmen kolektiboetan, enpresa akordioetan eta sindikatuen nahiz enpresa erakundeen parte-hartze zuzena ahalbideratu behar du helburu hau lortzeko.
    • 3. Euskal Herriko Gobernuak langileen ezagutza bermatzera zuzendutako hizkuntza klausulak izango dituen hitzarmen kolektiboak suspertu behar ditu, eta lantokietan, lan kontratuetan eta bestelako agirietan euskararen erabilera bermatu.
    • 4. Izaera egonkorreko informazio errotuluak, lantokietan egoten direnak eta langileei zuzendurik daudenak, euskaraz idatzirik egonen dira.

7. Kapitulua
Hedabideak eta kultur produkzioa euskaraz lehenesteaz

  • 34. artikulua

    Irrati hedabideak eta telebista publikoak

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak eta aldundiek nahiz korporazio lokalek kudeatzen dituzten irratiak eta telebistak, euskarazkoak edo elebidunak izango dira eta euskarazkoak elebidunak adina izango dira. Irrati eta telebista elebidunen kasuetan, euren emisioen denboraren eta programazioaren jardueraren erdia, gutxienez, euskaraz burutu beharko dute. Esparru honetan, medio lokalek, bere entzuleriaren ezaugarriak kontuan hartuz, honela jokatuko dute: euskaldunen kopurua %50etik behera den udalerrietan, programazio jardueraren erdia euskaraz burutu beharko dute. Euskaldunen kopurua % 50 - % 75 den udalerrietan, komunikabideen jarduera euskaldunen ehunekoaren adinakoa izango da. Euskaldunen kopurua, % 75etik gora den udalerrietan euskaraz izango da. Euskaldunen kopuruak eta ehunekoak zehazterakoan, udalerri edo eremu bakoitzean diren euskaldunak eta ia-euskaldunak kontuan hartuko dira.
    • 2. Komunikabide hauek Euskal Herriko kultur adierazpenak sustatu behar dituzte, bereziki euskaraz burutzen direnak. Beti ere, informazioaren integraltasuna bermatuko dute eta euskarazko emisioak ikus-entzule gehien dauden orduetan emango dituzte.
  • 35. artikulua

    Kontzesio bidezko hedabideak: irrati eta telebistak

    • 1. Entitateek bermatu beharra daukate euren emisioen denboraren eta produkzioaren ehuneko berrogeita hamarra euskaraz izan behar duela gutxienez. Euskarazko ekoizpen hori igoko da komunikabideak emititzen duen eremuan euskaldunen portzentajea % 50 baino handiago denean. Kasu horretan, emisioa eremuko euskaldunen portzentajearekin parekatuko da. Euskaldunen portzentajeak zehazterakoan, eremu bakoitzean diren euskaldunak eta ia-euskaldunak hartuko dira kontuan.
    • 2. Aurreko atalean esanikoa Euskal Herri, herrialde, eskualde nahiz herri mailako eta kudeaketa pribatuko telebista kontzesionarioei ere aplikatzen zaie.
    • 3. Komunikabide hauek Euskal Herriko kultur adierazpenak sustatu behar dituzte, bereziki euskaraz burutzen direnak. Beti ere, informazioaren integraltasuna bermatuko dute eta euskarazko emisioak ikus-entzule gehien dauden orduetan emango dituzte.
    • 4. Euskal Herriko Gobernuak sustatutako edo diruz lagundutako irrati hedabideek, gutxienez, euren emisio denboraren ehuneko berrogeita hamarra euskaraz izatea bermatu behar dute, baina Euskal Herriko Gobernuak, entzuleria azterturik, igo dezake portzentaje hori, egoki ikusten duen neurrian.
    • 5. Euskal Herriko Gobernuak euskararentzat 34.1 artikuluan medio lokalentzat ezarritakoa gutxienez erabiltzea bermatu behar du irizpide gisa, telebisten kontzesionarioak lortzeko, lur uhin, kablez banaturiko telebista kanalak edota irrati hedabideei dagokienean, emisio eremua edozein delarik ere.
    • 6. Telebista nahiz irrati emisoretan agertzen diren abestien ehuneko 25ak euskaraz izan behar dute gutxienez. Eta horrela izatea bermatuko da audientzia nagusiko ordutegietan ere bai.
  • 36. artikulua

    Idatzizko komunikabideak

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak argitaraturiko idatzizko agiri nahiz egunkariak euskaraz edo elebitan —herrialdeko hizkuntza ofizialkidearen arabera— emango dira, baita aldundi eta tokian tokiko korporazioek argitaratzen dituztenak ere. Beti ere, bizigune euskaldunei zuzendurikoak euskaraz izango dira.
    • 2. Euskal Herriko administrazioak bermatu egin behar ditu eta diru laguntzak eman ahal dizkie nagusiki euskaraz agertzen diren hedapen zabaleko argitalpenei.
    • 3. Euskal Herriko administrazioak, aldundiek eta tokian tokiko korporazioek euskara hutsez edo nagusiki euskaraz agertzen diren argitalpenak bermatu behar dituzte eta diru laguntzak eman ahal dizkie
    • 4. Bigarren eta hirugarren ataletan adieraziriko diru laguntzek, argitalpenari buruzko kalitatezko irizpideez gain, euskararen erabilpen, komertzializazio eta difusio irizpide bereziak jarraitu behar dituzte, eta Parlamentuaren, Batzar Orokorren edota tokian tokiko korporazioen Plenoen kontrolpean.
    • 5. Publizitate instituzionala bakarrik jarriko da euskarazko hedabideetan edota bere eremuko euskaldun portzentajearen mailan euskara ere darabilten komunikabide idatzietan.
    • 6. Kazeta enpresek Euskal Herriko administrazioen edozein diru-laguntza (industria sailetik, kultura sailetik eta abarretik) jaso ahal izateko aurreko puntuan aipatu baldintza bete beharko dute. Halaber, bere administrazio eremuetan euskararen normalizazio helburua lortu dutela edo hiru urteetan berau lortzeko euskara plana abian dutela frogatu beharko dute.
    • 7. Euskal Herriko Gobernuak erdara hutsez edo nagusiki erdaraz argitaratzen dituzten enpresei zerga berezi bat ezarri ahal izango die euskararen aldeko diru-laguntzak eskaini ahal izateko.
  • 37. artikulua

    Kultur industriak eta arte ikuskizunak

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak lagundu, normalizatu eta bermatuko du:
      • a) Euskarazko sortze literario nahiz zientifikoa. Beste hizkuntzatan idatziriko lanen hedapena, beste hizkuntzetara itzultzea, edota euskarara itzultzea.
      • b) Euskarazko liburu eta argitalpenen edizio, banaketa eta hedaketa.
      • c) Euskarazko zine ekoizpena eta ikus-entzunezko industria. Edozein formatutan produktu hauen erakusketa.
      • d) Euskal Herritik kanpo ekoiztutako filmen bikoizketa, ahozkoa edota euskarazko azpitituluekin eta edozein formatutan produktu hauen erakusketa.
      • e) Euskarazko musika eta ikus-entzunezko materialaren grabaketen ekoizpena, banaketa eta hedapena.
      • f) Arte ikuskizunen euskarazko ekoizpen eta antzezpena.
      • g) Euskaraz abesturiko musikaren sortze, interpretazio nahiz hedaketa.
      • h) Ezinduentzako idatzizko nahiz entzuteko materialaren ekoizpen, argitalpen eta banaketa, baita sektorearentzako oinarrizko kultur eskaintza ere.
      • i) Euskarazko bestelako kultur adierazpena.
    • 2. Kultur industriak sustatzeko neurri guztiak irizpide objektiboekin aplikatu behar dira, inolako bazterketarik gabe, eta aurrekontuak kontuan izanik.
    • 3. Euskararen presentzia bermatzeko zine eskaintzan, Euskal Herriko Gobernuak pantaila eta banaketa hizkuntza kuotak ezarri ditzake zinemako produktuentzako. Ezarririko kuota banatzaile eta erakustaileen eskaintzaren % 10 eta % 30 artekoa izango da. Erregulazioa, Europako zinemagintzarako babes, sustapen legeak kontuan izanik egin behar da.
  • 38. artikulua

    Teknologia berriak, hizkuntza industriak eta informatika

    Euskal Herriko Gobernuak, lagundu, sustatu eta bermatu egin behar du neurri egokiekin teknologia berrien arloa. Besteren artean:

    • a) Euskaraz egiten den produktu ororen ikerketa, ekoizpena eta merkaturatzea; hala nola, ahotsa ezagutzeko sistemak, itzulpen automatikoa edo antzekoak, aurrerapen teknologikoei jarraiki.
    • b) Euskarazko software, ordenagailu joko, argitalpen digital eta multimedia lanen ekoizpena, banaketa eta merkaturatzea, eta behar izanez gero, produktu hauen euskararako itzulpena.
    • c) Informazioaren sare telematikoetan euskarazko informazio eta produktuen presentzia.

8. Kapitulua
Baliabideak bermatzeaz. Erakundeek bultzatuko duten diskriminazio positiboaz, herritar eleaniztuneko Euskal Herri euskalduna lortu arte

  • 39. artikulua

    Instituzio bultzada eta normalizazio neurriak

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak euskararen erabilera lagundu, bermatu eta normalizatu behar du jarduera laboral, profesional, merkantil, publizitario, kultura, asoziatibo, kirol, ludiko edota bestelakoetan.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak eta aldundi nahiz tokian tokiko korporazioek, euren eskumenen barruan, salbuespen nahiz hobari fiskalak ezarri ditzakete, euskararen sustapenarekin eta normalizazioarekin harremana duten jarduerentzat.
    • 3. Euskal Herriko Gobernuak beharrezkoak diren ekimenak bultzatuko ditu euskararen ofizialtasuna aitortua izan dadin Europar Batasunean eta bere presentzia eta erabilera ziurtatzeko nazioarteko erakundeetan eta kultur eta hizkuntz edukia duten nazioarteko itunetan.
  • 40. artikulua

    Hizkuntz eskubideen bermea

    Lege honetan aitortzen diren hizkuntz eskubide indibidualen eta kolektiboen babes eraginkorra emateko Euskal Herriko Gobernuak Hizkuntz Bermerako Kontseilua sortuko du.

  • 41. artikulua

    Normalizazio zentroak

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak, euskararen sustapenerako eta normalizaziorako zentroak babestu eta sortu behar ditu, bereziki hizkuntza egoerak hala eskatzen duenean. Zentro hauek Hizkuntza Normalizaziorako Kontsortzioaren menpe daude, zeinak normalizaziorako lurralde politikak garatzen dituen organoa den.
    • 2. Zentroek giza bitarteko nahiz bitarteko material egokiak izan behar dituzte beren funtzioak ongi bete ahal izateko.
  • 42. artikulua

    Planifikazio neurriak

    • 1. Euskal Herriko Gobernuak hizkuntza planifikazio bitartekoak izan behar ditu aldizkako programei dagokienean. Planifikazio bitartekoen elaborazioak inplikaturiko kolektiboekin nahiz eragileekin egin behar dira, eta parte hartze, sinplifikatze nahiz eraginkortasun eta efizientzia oinarriak kontuan izan behar dira.
    • 2. Euskal Herriko Gobernuak Euskal Herriko mapa soziolinguistikoa burutu behar du, bost urtean behin begiztatuko dena, bere ekimen politiko linguistikoa errealitatera egokitzeko eta buruturiko ekimenen eragina zer nolakoa izan den ikusteko.
    • 3. Euskal Herriko Gobernuak, emaitzei buruz informatu beharko du Parlamentuan urtero, lehen eta bigarren atalen arabera.

HIRUGARREN ATALA
Onomastika

  • 43. artikulua

    Toponimia

    • 1. Euskal Herriko leku-izenen forma ofizial bakarra euskaraz eginikoa da, erromaniko jatorria dutenean izan ezik.
    • 2. Tokian tokiko legeak erabakitzen du herri nahiz eskualdeen deitura.
    • 3. Kale eta auzoei izena jartzea udalari dagokio eta bestelako toponimoak Euskal Herriko Gobernuari, hiriartekoena barne.
    • 4. Bi eta hiru atalen izendapena erabat legezkoa da, eta errotulazioak honekin bat behar du egon. Euskal Herriko Gobernuari dagokio errotulazioa normalizatzea, nazioarteko arauak errespetatuaz beti ere.
  • 44. artikulua

    Antroponimia

    • 1. Hiritarrek euren izen deiturak euskaraz erabiltzeko eskubidea dute.
    • 2. Nahi duenak eskuragarri ditu forma zuzenak erregistro zibilean, bere zuzenketa ziurtatzen duten beharrezko agiriekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK


LEHENA

Beste instituzio nahiz entitateekin harremana

  • 1. Euskal Herriko Gobernuak euskararen erabilera orokorra lortu behar du, Europar Batasunean eta nazioarteko enpresa publiko nahiz pribatuetan, bereziki irrati difusio eta telebista zerbitzuen kolaborazio marko batean.
  • 2. Euskal Herriko Gobernuak euskararen presentzia bermatu behar du Europako nahiz nazioarteko komunikabideetan.


BIGARRENA

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia, Zuberoa herrialdeetako instituzioekin harreman hitzarmenak

  • 1. Euskal Herriko Gobernuak akordio, hitzarmen eta tratatuak sustatu behar ditu elkartrukatze kulturala burutzeko euskal herrialdeen artean. Eremu linguistiko osoan hizkuntz politika burutzeko aldagai guztiei dagokienean.
  • 2. Euskal Herriko Gobernuak, euskaraz buruturiko euskal komunikazio eremu bat sustatzeko, euskaraz diharduten komunikabideen difusio eta harrera behar du.
  • 3. Euskal Herriko Gobernuak berea izango du Euskal Herri barrutiko espektro radioelektrikoaren titularitatea hala nola honen kudeaketa.


HIRUGARRENA

Betekizun bermeak

Lege honek ez du isunik ezartzen hiritarrentzako, baina hala ere:

  • a) 24, 27, 28, 29.3 artikuluek diotena ez betetzeak justifikaezinezko ezezkotzat hartzen da eta merkatu diziplina nahiz kontsumitzaileen defentsa Legea aplikatu beharko zaie.
  • b) 35. artikuluan adierazten dena ez betetzeak, kontzesioaren oinarrizko baldintzak ez betetzea kontsideratzen da, eta ikus-entzunezko programak erregulatzen dituen Legeak ezartzen duen isuna aplikatu beharko zaio.


LAUGARRENA

Dotazio ekonomikoak

Euskal Herriko Gobernuaren aurrekontuetan beharrezko kontsignazioak burutu behar dira ekintzak aurrera eramateko eta Lege honen neurriak hartzeko, beharrezko bitarteko eta baliabideekin.


BOSGARRENA

Zaintza nahiz bultzara funtzioak

Euskal Herriko Gobernuak bermatu behar du Europako gainontzeko Estatuen botere publikoek Lege honen oinarriak errespeta ditzaten eta euskararen normalizazioa eta hizkuntz komunitateen arteko berdintasuna eragozten duten estatu-arauen aldaketa bultzatzea.


SEIGARRENA

Funtzio publikoaren erregimena

  • 1. Euskal Herriko Gobernuak bermatu behar du Lege honen aginduak jasotzea funtzio publikoaren arauetan.
  • 2. Lege honen aginduek Administrazioen zerbitzuan dagoen pertsonala lotzen dute, funtzio publikoaren arauei jarraiki.


ZAZPIGARRENA

Arduradun politikoen hizkuntz gaitasuna

  • 1. Euskal Herriko Gobernuak bermatu behar du Lege honen aginduak jasotzea hauteskunde arauetan.
  • 2. Lege honen aginduak administrazioan ari diren politikariak lotzen ditu, hauteskunde arauei jarraiki.

XEDAPEN IRAGANKORRAK


LEHENA

Babes judiziala

4.5 artikuluak xedatzen duena, urtebeteko epean, indarbetean egongo da.


BIGARRENA

Unibertsitate egokipena

12. artikuluko 1 eta 2 ataletan xedatzen dena, hamar urteko epean, indarbetean egongo da.


HIRUGARRENA

Irakasleria

  • 1. Euskal Herriko Gobernuak neurri egokiak hartuko ditu 15.1 artikuluan agintzen dena urtebeteko epean bete dadin.
  • 2. Unibertsitateak neurri egokiak hartuko dituzte 12 eta 15.3 artikuluetan agintzen dena hamar urteko epean bete dadin.


LAUGARRENA

Hizkuntza erabilpenen arauak

18.3 artikuluan adierazten diren hizkuntza erabilpenari buruzko arauak bi urteren buruan onartu behar dira.


BOSGARRENA

Administrazioa

  • 1. Alderdi politikoek hiru urteko epea dute 20.1 artikuluan zehazten denari egokitzeko.
  • 2. Euskal Herriko Gobernuak, hiru urteko epean, bermatuko du 20.2 artikuluan zehazten dena betetzen dela.


SEIGARRENA

Enpresa egokipena

  • 1. Enpresek urtebeteko epea dute 24 artikuluan eta 5. kapituluko aginduetan zehazten denari egokitzeko. Enpresari autonomoentzako bost urteko epea zehazten da.
  • 2. Enpresa publikoek bost urteko epea dute 28. artikuluan xedatzen dena betetzeko.
  • 3. Bost urteko epean, merkatuan jarraitu dezakete 31. artikuluan adierazten diren produktu eta zerbitzuak, etiketari dagozkion hizkuntza arauak bete gabe.


ZAZPIGARRENA

Irrati difusio eta telebista emisoreak

34 eta 35 artikuluak aplikatuko zaie emisoreei, haien titularitatea ematea Euskal Herriko Gobernuari dagokionean, eta Lege hau indarrean jarri ondoren eman edo berritzen direnean.


(KARMELE AIERBE eta INAZIO AGIRRE Batasunaren kideak dira)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com