Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Lardizabalen gramatika, bere gizarte-giroan

Mikel Zalbide / Bestelakoak / 2006-07-14 / 07:00


Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz prestatzen ari garen artikulu luzeago baten sintesi modukoa da gaurko aurkezpen hau. Sintesi moduan prestatu dut bera, Lardizabalen omenez eta Zaldibiko udalarekin batera Euskaltzaindiak gaur egiten duen ekitaldi honetarako. Denboraren mugak eta bestelako lanen zamak hartaraturik, beldur naiz bere hainbat puntutan nahi baino hutsarte gehixeago izan dezakeela txosten labur honek. Saiatuko naiz eginahalean, uda honetan bertan, hutsarte horiek zuzentzen. Oraingo idazkuntza honek leuzkakeen okerretan neu naiz, jakina, erantzule bakar.



Zer dugu aztergai?

Zer dugu aztergai?

Ehun eta berrogeita hamar urte betetzen dira aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lardizabalen Gramática Vascongada argitara eman zuela. Donostian inprimatu zen gramatika-liburu hori, Ignacio Ramon Barojarenean, Lardizabal hil eta handik urtebetera. Artean sasoi betean zelarik, 49 urterekin, hil zen Lardizabal izan ere, 1855ean, colera morbo asiatikoak jota.

Izurritez hildako urte horretan bertan, 1855ean alegia, Lardizabalen beste liburu bat argitara emana zen: Testamentu zarreco eta berrico condaira. Herri-diruz ordaindua hori ere, eta Tolosan argitara emana, Gorosabel liburugilearen etxean. Beste liburu horrek egingo zuen Lardizabal zaldibiarra euskal letretan famatu. Zabalkundeari eta ezagutzari dagokionez hori izan zen bere obra nagusia, ez gaur aztergai dugun gramatika. Gipuzkoan eta are hemendik kanpora asko zabaldu zen bere condaira hori, XIX. mendearen bigarren erdialdean batez ere. Zabaltzeaz gainera asko irakurri zen, eta asko entzun. Hori ere kontuan hartu behar baita, idazle baten sonaz eta famaz jarduterakoan. Liburuak ez ziren irakurri bakarrik egiten. Batek irakurri eta familia gehienak entzutea eta adi-adi jarraitzea, hori ere ohikoa zen etxe askotan. Arruek Santa Genovevaren bizitzaz egindako irakurgaiarekin batera Testamentu Zar eta Berrico Condaira hori izan bide da, zenbaiten esanean, XIX. mende horretan eta hegoaldean euskaraz gehien irakurritako liburua. Lardizabalen idazle-maila neurtzeko orduan nekez utz liteke datu hori alde batera(1).

Gaur ez gatoz ordea erlijiozko liburu famatu hartaz hitz egitera, batez ere 1856an argitara emandako euskal gramatikaz eta bere ingurumariaz argitasun bat edo beste eskaintzen saiatzera baizik. Gatozen beraz, besterik gabe, Lardizabalen Gramática Vascongada horretara. Ohiz kanpoko izaera berezia zuen liburu horrek: hots, gure artean eta aldi hartan berezia. Ez zen eliza-liburua, dotrina edo deboziozko irakurgaia, hasteko, eta bazuen horrek bere nobedade punttua. Joan den mendera arte euskarazko liburuen % 88 inguru erlijiozkoak izan direla jakinik(2), "bestelako zerbait"-en aurrean geundela esan nahi zuen horrek. "Bestelako" izate hori ez zetorkion, gainera, literaturazko edo saiakerazko liburua izatetik, ez eta eskola-umeentzako kartilla edo ikasmaterial xume izatetik, hizkuntzaren arrazoi bidezko ezagutza lortze aldera prestaturiko argitalpen jasoa izatetik baizik. Testamentu Zar eta Berrico Condaira-k ez bezala, hizkuntza bera zuen oraingo liburu honek aztergai. Euskararen barne-egitura azaldu nahi zuen liburu berriak: begiz jotako irakurleak ez ziren gainera eskola-ume xumeak, euskaraz irakurtzen eta zuzen idazten ikastera zihoazenak, lehendik halako prestaera-maila eskuratua zuten irakurle euskaldun edo erdaldunak baizik. Zeharo langintza berria izan gabe ere, hortaz, hizkuntzaren gibel-erraiak aztertzen jardute horrek bazuen, gure artean, halako berezitasun punttua.

Berezia izanik ere, ez zen ordea goitik beherako nobedade. Euskara bera aztertze hori ez zen, XIX. mendearen erdialde horretan, erabateko berritasun. Ondotxoz lehenagotik prestatzen (eta hainbatean, ez beti, argitaratzen) hasiak ziren horrelako lanak, gure artean. Euskararen barne-egitura eta hitz-altxorra hainbat euskalariren ikergai bihurtua zen ordurako, ipar eta hego. Gipuzkoan, bereziki, hor zegoen aurreko mendetik Larramendiren testigantza: bere 1729ko Arte edo gramatika batetik, eta 1745eko Diccionario Trilingüe bestetik, mugarri sendoak gertatuak ziren XVIII. mendean. Harrez gero, gramatika-lanari heldu nahi zionak nekez hutsetik jardungo zukeen. Andoaindar handiaren itzala ez zen gainera, hizkuntza kontuan, ohiko corpus-kodeztatze lanera mugatzen. Bai hizkuntzaren gizarte-dimentsioan, eta bai euskaldunon jatortasun etnokulturalaren ikuspegi soziohistorikoan, bide-urratzaile gertatua zen bera. Gidaritza intelektuala eta sozioemotiboa piztua zuen Larramendik, bere bizi-denboran eta are XVIII. mende osoan, gai horien inguruan. XIX. mendearen lehen erdialdeko hainbat euskaldun buru-jantziren artean ere erreferentzia-puntu argia izaten jarraitzen zuen On Manuelek. Hurbil-hurbileko jesulagunen artean izandako maisu-itzalaz gainera oihartzun zabala eskuratu zuen Larramendik, XIX. mendean ere: Segurako Luis Astigarraga, Zaldibiko Juan Inazio Iztueta eta Hernaniko Agustin Pascual Iturriaga ez genituzke, urrundik ere, gidaritza horren lekuko hutsalenak. Bistan da beste zenbaiten artean, Mogelen baitan bereziki, andoaindarraren izaera ausart-trumoitsuak kezka-biderik eta desadostasun-seinalerik azaleratu zuela. Kasu horietan ere asko, izugarri zor diote idazle horiek Larramendiri. Zernahi dela ere, andoaindarrak hegoaldean urratutako ildotik egin zuen zaldibiarrak aurrera, ber Gramática Vascongada paratzerakoan.

Probetxuzkoa genuke noski, Lardizabalen euskal gramatika hori eta bere argi-ilunak aztertu nahi izatekotan, liburuaren edukian bertan zentratzea. Bidezkoa genuke zaldibiarraren liburua linguistikaren aldetik arakatzea eta, besteak beste, 1856ko lan hori Larramendik 127 urte lehenago argitara emandakoarekin konparatzea. Ez noa horretan saiatzera. Lehendik bada, gutxi-asko, horrelako lanik eginik, eta aurrerantzean are gehiago izango dugu eskueran: Beñat Oiharzabalek gaur bertan, eta Jose Antonio Mujikak laster, eskainiko digute ikuspegi gramatikal hori neuk egin dezakedan baino sakonago eta argiago.

Lardizabalen lan honek pizten duen interesa ez da, ordea, azterketa linguistikora mugatzen. Bada bestelako ikuspegirik ere, lantzea merezi duenik. Merezi du bereziki, Lardizabalen omenezko ekitaldi honetan, beste galdera modu hauei ere erantzutea(3): nor genuen Lardizabal?, zergatik eta zertarako idatzi zuen gramatika-liburua?, norentzat idatzi zen liburu hori? Zer gizarte-girotan suertatu zitzaion Lardizabali liburu hori idaztea? Nola zebiltzan giza arteko kontuak, Zaldibian eta Gipuzkoan, XIX. mendearen erdialde hartan? Nola zebiltzan industrializazioa eta urbanizazioa, bidegintza eta teknologiazko aurrerapena, nondik nora zebiltzan ekonomia eta politika, hezkuntza eta literatura?. Zertan ziren euskara-erdaren atzera-aurrerak, gizarte-bizitzan?. Ba ote dago giro hartako jarduna ikuspegi soziohistorikoan edo soziokulturalean txertatzerik, eta era horretan langintza haren perspektiba zabalago bat eskuratzerik? Galdera horiek, eta beste hainbatek, liburuaren edukiaz izan dezakegun jakin-mina osatzen eta aberasten lagun dezakete. Galdera modu horiei erantzuten hasi nahi nieke, labur eta arin izango bada ere, gaurko txosten honekin. Arantzazu Muñoak eta biok eskuartean dugun azterketa-saioak, uda honetan bukatzekoa dugunak, balio izango du agian gaurkoan aipamen soilean utzitako hainbat punturi aurrez aurreko erantzuna ematen saiatzeko. Iñaki Azkuneri eta, bere bidez, hainbat adituri zor diogun laguntza ezin isilpean utz dezaket, lanari ekiterakoan. Ezta Zaldibiko udalean idazkari den Marisol Alkaiagari eta bere bulegokideei eta, nola ez, Zubiaurreko etxekoandre Mariasun Mendizabali, hain eskuzabalik eskaini duten laguntza zintzoagatik. Mila esker guztioi.

Nor genuen Lardizabal?

Zaldibitarra izanik Frantzisko Inazio, has gaitezen bere haurtzaroko herriaz argibideren bat emanaz. Zaldibiko benefizio-plana dela-eta(4) badakigu, neurri batean behintzat badakigu Zaldibiak 1791an zer itxura zuen:

"En la villa de Zaldivia Provincia de Guipuzcoa de este Obispado, hay una iglesia Parroquial de la advocacion de Santa Fé con mil doscientos veinte y siete personas, ochocientos y cuarenta y cuatro de Comunion y las restantes quatrocientas veinte y tres de sola confesion en doscientas setenta y un familias, que habitan en veinte casa sitas en el cuerpo de la villa, y ochenta y ocho Caserios bastante dispersos entre si, á mucha distancia de la Parroquia de camino aspero y costanero".

Badakigu, beraz, Lardizabal jaio baino 15 urte lehenago 1.227 pertsona bizi zirela Zaldibian eta herriak, guztira, 271 familia zituela. Familia horiek, bestalde, ez ziren kaletar. Gutxienak bizi ziren herriko kaskoan: 20 etxe bakarrik zeuden bertan. Inguruan berriz, kaskotik kanpora alegia, 88 baserri zeuden guztira, hainbat muño, hegal edo ibarretan barreiatuak. Uste izatekoa da 1791ko deskribapen demografiko horrek aldaketa xumeak izango zituela, oro har, hurrengo mende-laurdenean. Baserri-giroa zen beraz, kale-bizitzaren ordez, Lardizabalen haurtzaroko Zaldibi hartan nagusi. Urteen joanean, badirudi aurrera ordez atzera egin zuela Zaldibiak, bizilagunei dagokienez, XIX. mendearen lehen erdialdean. Ikus izan ere, 1855eko datuak:

"... pueblo situado en una hondonada llana, rodeada por todos lados de altísimos montes, cuya base llega por los lados á la población. Se compone de 203 vecinos, y de 1.015 almas, que la mayor parte viven en los caserios esparcidos por su jurisdicción. Atraviesa toda la población, en dirección del mediodía al N., el rio Osinverde, que más adelante se junta con el Oria en Villafranca, engrosado con el agua de varios manantiales, y otro arroyo que baja desde Aralar; asi es sumamente húmeda y sombría, la posición de este pueblo. Goza del beneficio de varias fuentes de agua de excelente calidad".(5)


Apaiz eta idazle: Lardizabalen biografia xumea

Herriaren gorabehera horiek alde batera utzita, gatozen herritar famatuaren bizi-zertzeladak agertzera. 1806ko uztailaren 5ean jaio zen Frantzisko Inazio Lardizabal. Zubiaurre etxean jaio zen, elizatik hurbil. Etxeko seme zaharrena zen bera: bederatzi anaia-arrebetan zaharrena(6). Orendaingoa zuen aita, Frantzisko Xabier Lardizabal, eta zaldibiar petoa ama, Maria Antonia Urretabizkaia. Bertako Santa Fe elizan bataiatu zuten haurra, jaio eta hurrengo egunean(7).

Etxean ez ziren aberats: jende xehea zen, oro har, Zubiaurrekoa(8). Aita herriko zirujau izanik, kontraesan bat dirudi horrek. Herriko osagile bakarra izanik aita, nola liteke familia diruz justu ibiltzea? Irudipenak irudipen baliteke, XIX. mendean zirujau izan eta diruz xume bizi izatea hain gauza harrigarria ez gertatzea. Herriko idazkariaren % 10 irabazten zuen zirujauak, izan ere, 1852ko udal-aurrekontuen arabera(9).

Umetan (eta aurrerago, mutikotan) izandako bizimoldeaz ez dugu argibide handirik. Herriko beste hainbat haur eta gazteren hazibidea izango zuen, seguruenik, Fratzisko Inaziok. Egunean sei ordu eskolan eginez, eta aldian behin Aralar aldera edo Ordiziako feriara joan-etorriak eginaz, iritsiko zen mutila bere gaztarora. Osaba apaiz zuenez, eta une batetik aurrera herriko erretore, gainerako haur gehienek baino elizarako joera sendoagoa izango zuen agian. Anaia bat ere (1809an jaiotako Joxemari) apaiz egin zen gero. Beste anaia bat, berriz, zirujau egin zen, eta aitak utzitako postua hartu zuen herrian, 1855ean(10).

Lehen ikasketak herrian bertan egin zituen, eta Lazkaoko karmeldarretara joan zen gero, handik aurrerako estudioekin jarraitzeko asmoz(11). Fr. Lucas de San Antonio Zaldibiko behin-behineko bikarioak (eta komentuko buruak) horren berri eman zuen 1823ko urriaren 29an, Iruñeko gotzaindegiari egindako idazkian(12).

Bertan ikasten ari zela, karmeldarren aita jenerala bisitan etorri zen behin batean eta, Lardizabalek ikasteko ageri zuen gaitasuna ikusita, gaztea bere ardurapean hartu, gastuak ordaindu eta Burgosa eramatea erabaki zuen, filosofia eta teologia ikastera. Eta gero Madrila, karrera han amaitzera.

1824an, artean 18 urte bete gabe zuelarik, apaiz-bideari heldu zion Lardizabalek. Urte horren hasieran eskatu zuen tontsura(13): hurrengo garizuman tontsuratua izatea nahi zuen. Eskabidearen lagungarri, zera zioen apaiz-nahiak: latina ikasia zuela dagoeneko eta une horretan logika ikasten ari zela.

Besterik ere bazioen zaldibiar gazteak, bidenabar, tontsura-eskari horretan: erlijiozale eta erregetiar zela, eta konstituzioaren (atzerriko ehun mila Sanluistarren indarrez ezabatu berria zen konstituzio liberalaren) etsai(14). Aitormen hori egiterakoan baliteke egia osoa esan izana Lardizabal gazteak, eta oso kontuan hartzeko datua genuke hori, bere biografia taxuzkoa prestatzeko orduan. Gizarte-giroa garai hartan zein nahastua zebilen gogoan izatea ere ez da alferrikakoa izango ordea, eta beraz aitormen hori tentuz hartzea. Hasteko, Lazkaoko karmelita eta bere herriko (behin-behineko) apaiz zenak bost bat hilabete lehenago apezpikuari esandakoa ia hitzez hitz errepikatzen du hor Lardizabal gazteak. Besteren hitzak (edota, agian, apaiz-giroko klixe moduko bat) errepikatzen ari da hortaz, bere eske-idazkian. Liberalen hiru urteko (1820tik 23rako) agintaldiaren ondotik boterera itzuli berria zen Fernando VII.a, bestalde, eta liberalen edo liberal-lagunen kontrako zigor-giro gogorra ezarria zuen aginte berriak: hainbat herri-zerbitzari (Tolosako Insue maisu semea, besteak beste) lanik gabe utziko zuen zigor-bidea, ezaguna denez. Kontuak horrela izanik, litekeena da gizarte-giro nahasi hartan aurrera egin nahi zuen gazteak bere burua erregezale eta konstituzioaren etsai aitortzea komenentziazko jokabidea ere izatea, halako neurri batean. Zergatik diot hori? Handik hamar urtera gertatutako gorabeheretan ez dirudielako hain alde batera makurtua zegoenik. Are nabarmenago ageri da moderazio-kontu hori, bere osaba erretorea argi eta garbi karlisten alde atera zela ("mendira joan zela") dakigunean. 1839tik aurrerako agintaritza liberal moderatuarekin ere, dakigun neurri apalean, aski harreman egokiak izan zituela dirudi(15). Esan bezala, gutxiegi da horretaz dakiguna, baieztapen sendorik egiteko. Beste hainbat puntutan bezala, jakite mugatuegia dugu egungo euskaldunok orduko esan-eginez. Hala dut nik, behintzat, eta orduko hainbat euskal idazleren biografia taxuzkoa egiteko orduan eragozpen zorrotza daukat, zoritxarrez. Iztueta baten, Pascual Iturriaga baten, Jose Pablo Ulibarri baten eta Mogelen beraren kokapen intelektual eta ideologikoa neurri handi batean egiteke dago oraindik, nire ustez, eta oso zaila gertatzen zaigu beren uste-sinesmen eta jokamoldeak, jarrerak eta esan-eginak garai hartako Zeitgeist nagusian eta gure arteko gorabehera korapilatuetan behar bezala uztartzea.

Nolanahi ere, eta bere biografia segurura itzuliz, badakigu aurrera egin zuela Frantzisko Inazioren tontsura-eskabideak(16). Bere eskaerari erantzunez, Lardizabalen nahiaren berri eman zitzaion Iruñeko Goitzaindegitik Zaldibiko herriari, eta tontsura eman ahal izateko beharrezko informazioa eskatu: "es necesario que preceda informacion de su naturaleza, legitimidad, edad, vida y costumbres, y de las demas cualidades que el derecho prescribe".(17)

Tontsura noiz lortu zuen eta Lardizabal justu-justu noiz apaiztu zen ez dakigu. Orain arte eskueran izandako paperetan, behintzat, ez da horren berri ematen. Dakiguna zera da, bere herriko benefiziadu izatera iritsi zela, eta hil arte han jardun zuela. Benefiziadu izatera, seguruenik, 1829an edo 1830ean iritsi zen. Izan ere bi benefiziadu-plaza ziren Zaldibian, eta 1829an hutsik gelditu zen plaza horietariko bat. Orduan(18) hil zen eta bakantea utzi zuen benefiziadua ere euskal idazlea dugu: Frantzisko Inazio Jauregi(19). Zaldibian hutsik gelditu zen benefiziadu-plaza hori betetzeko bere burua aurkeztu zuen Lardizabalek, eta irabazi.

Handik aurrerako bere apaiz-langintzaz ez dugu, oro har, zehaztasun handirik. Badirudi gorabehera gogorrik gabeko elizjarduna izan zuela Lardizabalek. Puntu bi izan litezke, gehienera, elizjardun horretan aipatzeko modukoak: karlistadetako ordekotza-lana, batetik, eta obispoaren aginduzko ikuskari-lana bestetik. Ikus ditzagun biak, hurrenez hurren. Esana dugu Lardizabalen osaba erretorea, beste hainbaten moduan, "mendira" joan zela lehenengo karlistadan. Hots, karlisten alde atera zela, eta haiekin gerrara joan. Osaba erretorea herrian falta izan zen urteetan, 1839ra arte beraz, Frantzisko Inazio Lardizabal izan zen erretoreorde. Bestetik, gauza jakina da Iruñeko obispoaren erabakiz monja-komentuen ikuskari izan zela. Hortik aurrera ezer gutxi dakigu, apaiz–lanei dagokienean.

Noiztik ez dakigularik, euskal gauzetarako afizioa hartua zuen Lardizabalek. Han-hemengo euskal liburuak, besteak beste, taxuz eta sakon aztertu zituen. Ez Goierriko euskal idazleenak bakarrik, eta ez gipuzkoarrak soilik ere: Iparraldeko Larregi, alde batetik, badakigu ondo ezagun zuela. Eta uste izatekoa da bizkaitarrik ere (Santa Teresako Fr. Bartolome buru zela) irakurria eta aztertua zuela. Euskalari fin eta fidagarriaren sona ere eskuratu zuen, une batetik aurrera. Gero argitara gabe gelditu diren, edo zabalkunde mugatuagoa (lekuz eta, agian, irakurle motaz mugatuagoa; ez irakurle-kopuruz, ezinbestean) izan duten zenbait lan idatzirik zuela badakigu: Historia de san Miguel en Excelsis de Aralar esate baterako. Belaustegik dioenez liburu lodi samarra zen hori, eta garbian jarrita gerturik zeukan argitara emateko. Elizaren baimena ere aurrez eskuratua zeukan. Belaustegik "otras obritas de menor importancia como son novenas, devocionarios, etc., bien conocidas del público" aipatzen ditu. Maria Santisimaren amodio ederraren novena (1857an Tolosan argitara emana) batetik, eta San Roque zorioneko izurrite edo pestearen contraco bitarteco altsuaren bederatziurrena bestetik: 1855eko izurritearen urte berean argitaratua da azken hori, Tolosako Lalama etxean aurrekoa bezala.

Liburu-zuzentzaile edo orrazketa-arduradun izan zen, bestalde, Zaldibiko benefiziadua. Iztuetaren lanak hizkuntza aldetik orrazten edo txukuntzen ibili zela badakigu, zeharka bada ere. Horretaz ari dela dirudi, behintzat, Lardizabalek Iztuetari bere (hots, azken honen) zenbait lan argitaratzen lagundu ziola dioenean.

Lardizabal ez zen, beraz, euskal liburuen zale huts, ez eta liburuxka batzuen idazle xume ere. Hortik gorako espezialista zen bera, garaiko zenbait idazlerengan berarizko berme-garantia eskaintzen zuena. Horrela bakarrik uler liteke, aurrerago ikusiko dugunez, 1852-3tik 1855era artean Gipuzkoako Batzar Nagusietatik edota Diputaziotik euskalgintzan jarduteko eskaintza, enkargua edo agindua jaso izana. Aurrerago helduko diogu gai horri, dagokion xehetasunez.

1855ean, Lardizabalek 49 urte bete berriak zituelarik eta euskal lanetan buru-belarri murgilduta corpus-plangintza zabalean ari zelarik, kolera morbo iritsi zen Zaldibira. 1855eko udan iritsi zen kolera morbo asiatiko hori Gipuzkoara(20) eta 4.395 hildako utzi zituen. Abuztuaren erdi alderako 32 herritan zabaldua zegoen izurria; amaierarako, berriz, 64 herritara iritsi zen. Herri gehienetara zabaldu bazen ere gaitza, ez zuen herri guztietan neurri bereko kalterik eragin. Zumaian, esate baterako, biztanle guztien % 16 hil zen gaitzak jota, Mutrikun % 14 eta Altzolan % 31. Abuztuaren 11n nabaritu ziren Zaldibian kolera morbo asiatikoaren lehen aztarrenak. Abuztuaren 13tik 22ra gogor zabaldu zen gaitza eta, gutxika-gutxika desagertuz, urriaren 6an erabat aldegin zuen. Arrasto sakon eta mingarria utzi zuen ordea. Ahalegin guztiak eginagatik, 34 lagun hil ziren gaitzak eraginda: zaldibiar guztien % 3,35. Hildakoen artean, Frantzisko Inazio benefiziadu eta euskal idazlea. Euskalgintzaren gurpilean bete-betean ari zela hil zen zaldibiar buruargia. Neurri batean, Mogelen antzeko heriotza izan zuela esan liteke. Ez dakigu herriko gaixoak atenditzen ari izanik kutsatu zen Lardizabal, Mogelen kasuan bezala, baina nolanahi ere antzeko heriotza izan zuten biek. Gazterik hil zen, beraz(21), Frantzisko Inazio. Ez zen bakarra izan, gainera, etxean. Bere arreba bat ere gaitz horrek berak eraman zuen, garai hartako beste agiri batean ikus daitekeenez(22).


Lardizabalen harreman-sarea

Herri txikia eta Aralarren hegalean erdi-izkutatua izanik ere, ez da Zaldibia mundutik aparte egon. Iztuetaren garairako nabarmen da hori, aurrerago aipatuko dugunez, eta herritik edo eskualdetik haraindiko harreman-giro horren lekuko dugu Lardizabal idazlea ere. Bazuen benefiziaduak, euskal letren munduan eta handik kanpora, aski harreman zuzenik hainbat pertsona gailenekin. Eta bazuen gainera, liburuak lagun, leku urruneko eta aldi joanetako euskal idazleen ezagupiderik. Labur beharrez, honako lotura hauek aipa litezke gutxienez.

Herrikoetatik hasita, bere aurretik Zaldibiko benefiziadu izandako Fantzisko Inazio Jauregi, Galbarioko Bidearen idazlea, aipatu beharko genuke. Motiborik ez da falta, bere lanak ondo ezagutuko zituela eta, agian, Jauregi 1829an hil aurretik aurrez aurreko ezaguna izango zuela uste izateko.

Herritik kanpora, berriz, Fr. Bartolome de Santa Teresa eta Juan Inazio Iztueta ezagunak zituen Lardizabalek. Bigarrena seguru, eta lehenengoa ere bai, itxuraz. Berak bezala, baina ondotxoz lehenago, Lazkaon ikasi zuten Fr. Bartolome de Santa Teresak eta Juan Inazio Iztuetak. Azkueren ustez, Fr. Bartolomeren ezagupide horri zor izango litzaioke Lardizabalen euskarak duen Bizkai kutsua. Ez dakit kontu hori hain-hain argia den(23).

Dudarik ez dago, aldiz, bere herritar famatu Juan Inazio Iztueta ezaguna zuela. Ezagun ez ezezik, hainbat aldetatik begiratuta ezagun hurbila eta konfiantzazkoa ere bai. Badakigu Iztuetaren zenbait idazlan (1842ko Gipuzkoako Kondaira?) argitaratzen (zuzenketa-lanean?) berak lagundu zuela(24). Eta badakigu, ororen gainetik, Iztueta hil zenean Lardizabal izan zela bere testamentuaren betearazle edo albazea gisa ari izandako bi lagunetako bat(25).

Bere harreman-sarea ez zen, bestalde, euskalgintzaren esparru meharrera zabaldu. Elizaren alorrean ere izan zuen Zaldibiko benefiziaduak, aitzitik, helduleku argirik: Iruñeko apezpiku Severo Adrianiren konfiantzako gizon ere izan zen Lardizabal(26). Bere geroko erraztasuna, Foru Aldundiko goi-agintariekin harremanetan sartzekoa, baliteke beraz lehenagotik, eliza-agintariak tarteko, osatzen eta sendotzen hasi izana.


Lardizabalen liburutegia eta bere paper galduak

Badakigu Lardizabalen liburutegiarekin, Iztuetarenarekin ez bezala, ez zela inbentario zehatzik egin bera hil ondoren. Bereak izandako liburuen (liburu batzuen?) berri eman izan da gero, baina bere idazlan argitaragabeen eta gutun-sortaren berri zehatzik ez dirudi dagoenik. Surtara bota ziren bere hainbat paper, eta paper-erretze horrek bere biografiarako ate nagusietariko bat itxita utzi digu. Labur bilduz, alde horretatik ezin dugu jakin Lardizabalek zer lan idatzi (eta argitara gabe utzi, edo utzi behar izan) zituen. Pentsatu bai, pentsa dezakegu, esate baterako, gero aipatuko ditugun hiztegia eta euskaratik gaztelaniara itzultzeko obra (Iztuetaren eskola-liburuaren parekoa zitekeena) aurreratu samarrik izango zituela hil zenean. Segurtasunik ez dago, ordea, horretaz.

Zer gizarte-girotan suertatu zitzaion Lardizabali liburu hori idaztea?

Nola zebiltzan kontuak, Zaldibian eta Gipuzkoan, XIX. mendearen erdialde hartan? Nola zebiltzan industrializazioa eta urbanizazioa, bidegintza eta teknologiazko aurrerapena? Nondik nora zebiltzan ekonomia eta politika, hezkuntza eta literatura?


Industrializazioa

Produkzio industriala asko hazi zen Europan, 1830 eta 1870 artean(27). Aurreko mendean egindako zientzia-aurrerapenak langintza jakinetan aplikatzen hasi zen jendea, Europa mendebaldean (Ingalaterran, Frantzian, Alemanian...) bereziki. Industria-iraultza famatu horren garaikide dugu Frantzisko Inazio Lardizabal. Zertxobait atzeratuxeago ere, laster iritsi zen gure artera industria-iraultza hori. Tximiniz betetzen hasi zen Gipuzkoa, 1840tik aurrera. Batez ere Probintziako hiru eskualde hauetan antzeman zen molde berriko industriaren zabalkunde hori: batetik Donostian eta bere inguruan (Errenterian, Lasarten), bestetik Bergara aldean eta, azkenik, Oria ibarrean (batez ere Tolosa inguruan). Papergintza batetik, makina bidezko oihal- eta janzki-prestaera bestetik eta burdingintza berritua azkenik: horiek dira, askogatik, industria-bide berritu horrek Gipuzkoan izan zituen zutabe nagusiak. Kostaldeko kontserbagintza, itxuraz beranduxeago hasi izateaz gainera, ez zen neurriz eta hedaduraz aurreko horien pareko izatera iritsi.

Lardizabalek izan zuen aukera, hortaz, industria-berrikuntza horretaz (berrikuntza horren hasieraz, hobeki esanik) jabetzeko. Umetan eta gaztetan ezagutu zuen Zaldibi eta Goierri aldatzen hasi zen, bertako jendearen lanbideari (eta horri maiz erantsi ohi zaion bizimoduari) zegokionez. Berrikuntza handia ekarriko zuen horrek: hamarkada batzuen buruan, errotik aldatuko zituen industrializazio horrek nekazari-giro tradizionaleko hainbat lanbide eta jarduera, ikusmolde eta balore-sinesmen. Errotik aldatuko zituen aurrez aurreko mintzajardunaren elementu askotxo ere, hiztun arrunten leku-aldatzea eta bestelako harreman-sareetan txertatu eta sare horien bestelako aldaera-sorta zabalagoen (erdarazko jardunbideetara makurtuagoen) baitan murgil egin beharra ekarri zuen zeurrian. Bere begien bistan izan ahal izan zituen hortaz, Lardizabalek, molde berriko langintza horren lehen ondorioak.

Neurri apaleko ondorioak izango ziren, halere, bere bizi-denbora laburrean eta bera bizi zen inguruan, lehen uneko industrialiazio-uhin berri horren ondorio ekonomiko eta soziokulturalak. Bertako jende gehienak, bai Goierrin eta bai, bereziki, Zaldibian, lehengo bizimoduaren arrastotik jarraituko zuen izan ere Lardizabalen garaian. Benefiziaduak bazuen, dudarik gabe, han-hemen indartuz zetorren gizarte molde berriaren berri izateko motiborik: herritik 20 kilometroko jira-bueltan bazuen, alegia, industria-iraultza horren testigantza zuzenik. Baina aldaketa horiek mugatuak izango ziren: "betiko" lan moldea, ohiko baserri-legea eta herri-herrixketako artisautza xehea, izango ziren bere bizi-denboran nagusi.


Bidegintza eta garraioa

1840ko hamarkadan Gipuzkoan zehar (batez ere Oria ibaiaren inguruan) jartzen hasitako industriak, eta ez industriak bakarrik, bide berriak eskatzen zituen. Beharrezkoak ziren horiek, bertako produkzioari irteera emango bazitzaion. Hots, Gipuzkoa osoan errepide-sare egokia behar zuen industriak. Baziren bestelako arrazoiak ere, ordea, bide-berritze horren alde zeudenak(28). Aldaketa handien garaia izan zen Gipuzkoan, motibo bat eta beste zela medio, 1845etik 1865erako hamarkada parea(29).

XVIII. mendeko errege-bidearen ordez karretera jenerala osatzeari ekin zitzaion garaia dugu hori, alde batetik. Gipuzkoa barruko herriak eta herrixkak lehen baino bide sendoagoz lotu zituenekoa, bestetik. Karretera jeneralari dagokionez, herritik herrirako joan-etorria errazteaz gainera erdigunearen eta periferiaren arteko ikuspegi berritua ekarri zuen fase berri horrek: aski gipuzkozentrikoa izatetik estatuzentrikoa izatera pasatu zen karretera jeneralaren ikuspegia. Probintzia barruko bide-bidexkak hobetzen, bestalde saio handia egin zen. Orduan zabaldua da, adibidez, Zaldibitik Ordizirako bide berria (oraingoa). Lardizabalek ez zuen, damurik, herritik tren-geltokira zeraman bide berri hori ikusterik izan. Bera hil eta handik zortzi-bederatzi urtera gertatukoa da bide-berritze hori ere.

Geltokia aipatu dugunez, gatozen trenbide kontura. Orduantxe ari zen Europa, jakina denez, tren-karrilez osatzen eta betetzen. Gurdien eta dilijentzien joan-etorrirako bide-berritze eta bide-zabaltze horiek garrantzitsuak izanik ere, are inportanteagoa gertatu zen noski Gipuzkoan barrena, lehenengo aldiz, trenbidea eratzea. Ordukoa dugu Norteko karrila, Madril eta Paris lotuko zituena. Bere eragina bereziki sendoa gertatu zen Goierrin, alderik alde pasatzen baitzen bertatik trenbide hori. Berrikuntza hori ere ez zuen Lardizabalek bere bizi-denboran ikusterik izan. 1863tik 64ra artean estreinatu zen trenbidea, Gipuzkoa barruko zein Espainiako garraio-bidea erabat birmoldatuz.

Bide-berritzearen lehen emaitzak ikusteko egoeran izan zen beraz, bai berrikuntza horien hasieraz baizik ez zuen jabetzerik izan. Bidegintza amaituaz, eta bere ondorio demografiko, sozioekonomiko eta soziokulturalez (eta horien tartean soziolinguistikoez) jabetzeko aukera handirik ez zuen izan. Handik mende erdira Domingo Agirrek bere Garoan azalduko zituen kezka-beldur eta gaitzespenezko juzkuak nekez Lardizabalek izan zitzakeen, nolanahi ere.


Urbanizazioa

Bistan da industrializazioak eta bide berriak zabaltzeak eragin bizia izan zuela herritarren bizilekuan eta bizimoldean. Bizilekuari dagokionez, baserritik kalera (eta, hainbatetan, herrixketatik herri edo industrialde zabalagoetara) egin zuen jendeak. Hots, urbanizazioa indartu zen nonahi eta, neurri berean, hainbat herrixkatan nagusi izandako baserriko bizia nabarmen ahuldu. Ameriketarako emigrazioak berekin zeraman demografia-galeraz aparte, eskualde mailako nukleazioa eragin zuen industrializazioak eta bide berrien (batez ere trenbidearen) zabalkundeak. Xenpelar bat, urrutirago fabe, baserritik kalerako gizarte-aldakuntza horren lekuko xuxena dugu.

Lardizabalen garaian indartu egin zen, dudarik gabe,urbanizazioaren fenomeno hori. XIX. mendearen lehen erdialde horretan ez dirudi ordea, oro har, fenomeno horrek berebiziko neurririk hartu zuenik Gipuzkoan. Ez behintzat, inola ere, 1860ko hamarkadatik eta, batez ere, bigarren karlistadaren amaieratik aurrera, hartuko zuen abiadaren parekorik. Gogoan izatekoa da, alde horretatik, Donostiako harresiak ez zirela 1863ra arte eraitsi. Lardizabal ez dugu hortaz, beste hitzetan esanik, urbanizazio berri eta bizkor horren testigu zuzen izan. XIX. mendeko industrializazioa eta bide-berritzea (fenomeno bien hasiera) aurrez aurre ezagutu ahal izan zituen, baina urbanizazioaren uhina irisi aurretik hil zen.


Ekonomia eta politika

Urte gogorrak izan ziren, ekonomiaren aldetik, Lardizabalen gazte-garaikoak. Kalamidadea kalamidadearen gain metatu zen urteak, askoren esanean. Bertako industria zaharra, ehunka urtean Probintziari dirubide sendorik ekarri izan ziona, maldan behera zihoan: burdinolak ixten ari ziren, bata bestearen ondoan, hortik ez baitzegoen bizitzerik. Motiboak bat baino gehiago ziren Gipuzkoako burdingintza egoera horretara eraman zutenak: atzerrian egindako berrikuntza teknologikoak kalitate hobeko eta prezio egokiagoko produkzio industriala ekarri zuen, eta hemen ez zen berrikuntza horri parez pare erantzuten jakin. Une batetik aurrera, bestetik eta horrezaz gainera, ohiko bezero gehienak galdu (edo galbidean jarri) ziren: batetik Hego eta Erdi Amerikakoak, Monarkiaren barruan egondako kolonia horiek independentzia-bidea hartu ahala. Eta bestetik, Donostiako merkatarien hitzetan oso nabarmen, aduanak Ebron egoteak (eta penintsulan saltzekoak ziren burdin gauzei Madrilek arantzela jartzeak) are larriagoko krisialdira eraman zuen bertako industria tradizionala. 1840tik aurrera hasiko zen industria molde berria suspertzen, gorago esan denez.

Horri guztiari gerra-giroko eta gerra biziko urtealdi ugariak erantsi behar zaizkio: Frantsesteak ondorio latzak utzi zituen Gipuzkoan: herri-lur asko saldu egin behar izan zuten herrietako udalek, gerrak ekarritako zorrei aurre egiteko, eta herri-lur horieik gabe estuasun larrian gertatu zen baserriko bizibidea: gaztaina eta pagotx, su-egur eta ezkur, hori zuen baserritar-jendeak bere bizibidearen oinarrietako bat. Napoleonen kontrako gerrak eta, zer esanik ez, karlistada luzeak, areagotu baizik ez zuen egin estuasun hori.

Politikazko kontuei dakokienean, orobat, aldaketa handiko urteak izan ziren Lardizabalen bizi-denborakoak. Ohiko aginpide-sistemak mendeetako modus vivendi bat ezarria zuen: lekuan lekuko herrien, Probintziaren eta Monarkiaren artean eskubide- eta eginbehar-markoa, Antiguo Régimen delakoa. Aginpide-sistema hori ondotxoz lehenagotik pitzatzen hasia zegoen. Hiru Probintziei dagokienez nabarmena zen, bereziki, 1766 ingurutik honako bilakaera, erreinuko aginte zentralak gero eta eskumen gehiago bereganatu eta hemengo herrialdeak gero eta marko hispanikoan txertatuagotzera zeramana. XIX. mendearen lehen erdi hori, Lardizabalen bizi-denbora alegia, joera horren aplikazio-saio nabarmenekoa izan zen. Lehengo aginpide absolutuak monarkia konstituzionalari eman zion bide, eta bertako Foru-sistemak atzerakada nabarmena izan zuen zenbait alorretan: batez ere pase foralaren galeran, batetik, eta aduana-mugak (bertako merkatari gehienen gogora, antza) Ebrotik kostara ekartzeaz bat galdutako konpartimentazio-ahalmen operatiboan bestetik.

Egia da ordea, guztiarekin ere, 1839ko Bergarako Besarkada eta handik gutxira erreinuko Aginteak jakinarazitako arau-xedapenak erdibidean utzi zutela "Arreglo foral" delakoa. Batzuentzat lehengo aldean "gutxi edo oso gutxi" zena, "halere gehiegi" zen beste hainbatentzat. Tentsio handiko fasea izan zen, hori dela-eta, 1839tik 1868ra artekoa. Karlistaden gerla kontuetan gehiegi zentraturik bizi garelarik errazegi ahazten dugun bestelako tentsio-giroa: bake-giroko tentsioa, nolabait esan. Baziren noski, eta ez gutxi, tirabira hori termino politiko-operatiboetan planteatzen zutenak: konpententzien eta eskuduntzen alorrean neurtzen zituzten horiek, batez ere, unean uneko atzer-aurrerak. Baziren bestalde, Iztueta zaldibiarrak esaldi argiz esana digunez, tirabiraren muina esfera politiko-operatibotik hainbatean, nahiz ez huts-hutsik, esfera soziokulturalera eraten zutenak. Horiek izango ziren hain zuzen, luzarora, joan den mendeko euskalgintzaren iturburu hurbilenekoak. Euskal herriaren jatortasun etnokulturala eta modernizazioa bertako arauz eta bertako autorregulazioz bideratu nahi zuten protoelite (inoiz gutxitan elite) horiek, batetik. Aitzitik, xede nagusia estatu monoetniko uniformea sortzea zuen beste hainbatek, etxean zein (batez ere) kanpoan. Tirabira horrek era askotako argudioak plazarazi zituen, eta aplikazio-eremu berriak eskuratu. Besteak beste argitalpenetan, eskolagintzan, lan-postu publikoen hizkuntza-eskakizunetan eta, oro har, aldez edo moldez ondorio soziokultural nabariak izan zitzakeen beste hainbat alorretan.

Berak jakin edo ez (eta badago motiborik bera ere tirabira horien jakitun izango zela uste izateko), polarizazio politiko eta soziokultural horren altzoan jardun zuen Lardizabalek, Diputazioaren enkarguz eta ordainez bere euskal liburuak (Testamentua, gramatika, eta bidean zituen beste bi eskola-liburuak) prestatzerakoan.


Hezkuntza eta literatura

Aurreko puntuarekin loturik zetorren, oso loturik ere, hezkuntzaren alorreko bilakaera. Ez da txosten hau Gipuzkoako eskolaketaren ibilbide historikoaren azalpen xehetua egiteko lekua, baina mereziko du halere bilakaera horri buruzko ohar xoil batzuk egitea. Jakina denez, Lehen mailako eskolaketak eboluzio nabarmena izan zuen, gure artean ere, ehun urte horietan. Hots, 1750 ingurutik 1850 ingurura. Horrela,

Marko global horretan, aparteko garrantzia eskuratu zuen une batetik aurrera euskarazko testu-liburuen eta euskal irakasleak sortzeko irakasle-eskolen kontuak. Azkenari gagozkionez, 1845etik 48ra eratu zen lehenengo irakasle-eskola, Tolosan(30), eta 1853tik aurrera saio bereziak egin ziren irakasle-eskola handi bat sortzeko. Irakasle-eskola horren xedea, Batzar Nagusien dokumentazioak argi samar dioenez, irakasle euskaldunak sortzea zen: la (Escuela) normal que conviene establecer en esta Provincia es la superior, si ha de atenderse á todas las necesidades y lograrse el fin que se desea, que es el de que haya en todos los pueblos de la hermandad guipuzcoana maestros vascongados, cuya enseñanza sea uniforme. Ikasmaterial bereziak beharko ziren gainera, jakina, ikasketa horiek ondo antolatu eta gutxienezko uniformetasun bat lortu ahal izateko:

Gizarte-giro horretan txertatu behar da, oro har, Lardizabalen euskalgintza-lana. Eta hezkuntza-esparruko politika instituzional horren altzoan esplika liteke ongienik, nire ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lardizabali emandako enkargua, hiru (Testamentuarekin lau?) liburu prestatzekoa.

Zergatik, zertarako eta norentzat idatzi zuen Lardizabalek gramatika-liburua?

Gramatikak ez dira eleberriak, olerkiak edo eliza-liburuak. Kazetari-lanak edo dokumentu administratiboak ere ez, normalean. Xede jakin eta berezia izan ohi dute gramatikek. Xede hori zer den zehazteko, esan dezagun zer ez den: gramatikaren asmo nagusia ez da literatura sortzea, fedea zaintzea, informazioa zabaltzea edota dokumentazio ofiziala tramitatzea. Xede garrantzitsuak dira horiek guztiak, dudarik gabe, hizkuntza idatziaren eremuan. Ez dira horiek, ordea, gramatiken helburu nagusi. Hizkuntzaren erabilera zuzena zein den, edota egilearen ustez zein izan behar lukeen, esan nahi izaten dute gramatika-liburuek. Hori da beren asmo nagusia, aurrez aurrekoa. Ez dute literaturaren berezko edertasun-asmorik, ez eta prosa arruntaren funtzionaltasun-beharrik. Gramatikak ez dira hizkuntzaz baliatzen beste zerbait lortzeko: hizkuntza bera da, azal eta mami, gramatika-liburuen xede eta asmo nagusi. Aurrez aurreko xedea hori izanik ere, ezkutuagoko edo sakonagoko bigarren xede bat ere izan ohi du hainbat gramatikak: hizkuntza horren erabilera sendotzea, aberastea edota, gutxien-gutxienez, bizirik irauten laguntzea. Ez dira sakonagoko horiek gramatika askoren sarrerakoan, ez gehienetan behintzat, hitzez hitz aitortzen. Egon hor egon ohi dira ordea sarri, eta erne dabilen irakurleak ez du hain zaila izaten horretaz jabetzea ere.

Hizkuntzak finkapen-beharra duenean, edo behar hori duela uste denean, prestatzen eta argitaratzen dira gramatika-liburuak. Behar hori, berriz, era askotakoa izan liteke. Inoiz gramatika-azalpenik izan ez duen hizkuntza baten barne-egitura aztertu eta jakitera ematea: hori izan ohi da, hainbatetan, gramatiken iturburuan dagoen motibo nagusia. Lehendik gramatikazko azalpenik baden kasuetan, gramatika hori desegokia dela uste izatea izan liteke beste motiboa. Desegokitasunaren kausa, halakoetan, askotarikoa izan liteke: hizkuntza asko aldatu izana eta, egungo egoeran, lehen emandako arauak zaharkiturik egotea, lehengo azalpenaren oinarrian zeuden formulazio teorikoak traketsak direla uste izatea (edota nabarmen hobetu litezkeela uste izatea), lehengo gramatika hori eskuratzeko zaila dela (ale gutxi gelditzen direlako, garestiak direlako...), lehengo gramatika horrek ofizialtasun-bermerik ez izatea eta hori beharrezkoa dela uste izatea, egungo irakurleen tipologia nagusiarekin aurreko gramatika hori ondo ez uztartzea (teorikoegia eta ilunegia delako, xinpleegia delako, beste hizkuntza batean idatzia dagoelako...). Gogoeta horiek guztiak, eta beste hainbat, zilegi dira noski Lardizabalen gramatika zergatik prestatu eta argitara eman zen argiteko orduan. Formulazio generikoak dira horiek, han-hemen berdintsu balio izan dezaketenak. Norahaiko gogoeta-bideaz gainera, ba ote dago gure kasu partikular honetara hurbilago loturikako kontsideraziorik? Baietz uste dugu, eta horretan saiatuko gara hurrengo pasarteetan.


Zergatik idatzi zen gramatika hori?

Bi motibo nagusi ageri dira orduko paperetan: Aginte bidezko erabakia batetik, eta bere kabuzko deliberamendua bestetik. Ikus ditzagun biak:

Kronologikoki, eta beste hainbat zehar-aipamenen ildotik, badirudi Gipuzkoako Probintziaren enkargua etorri zela lehenik, eta bere deliberamendua gero. "La Provincia de Guipuzcoa que sabe el afanoso empeño con que por complacerla se ha dedicado V. á este importante trabajo".

Litekeena da, ordea, gauzak beste era batera gertatu izana: Lardizabal bere kabuz, eta lehendik, honelako ikasmaterialak prestatzen ibili izana eta Batzar Nagusiek, lan hori erdi-eginik edo aurreratu xamarrik zegoela jakinik, beren asmoekin bat zetorrela uste izanik enkargua zaldibiar idazleari eman izana. Ez litzateke, harritzeko: antzeko konturik gertatu baitzen lehendik ere Iturriagaren lanekin eta, oso bereziki, Zabalaren aditz-liburuarekin, Diputazioak 1848an bere kontura argitara emandakoarekin.

Besterik frogatzen ez den artean, halere, lehenengo hipotesia da sendoena: herri-aginteen iniziatibaz heldu zion Lardizabalek material horren (eta beste zenbaiten) prestakuntzari. Alde horretatik baluke Arrasateko Batzar Nagusien 1853ko erabaki horrek, hainbat motiborengatik, bide-urratzailerik: aurreko urtean, Tolosako Batzarraldian, Larramendiren hiztegia berrargitaratzea zegoen-zegoenean edota eguneraturik argitaratzea komeni ote zen eztabaidatu zenekoa, hain zuzen. Kontura gaitezen, nolanahi ere, urte batean zein bestean language corpus planning eta language acquisition planning egiten ari direla, bete-betean ari ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiak(31).


Zertarako?

Hemen ere bi helburu ageri dira: instituzionala batetik (Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren borondatea), eta partikularra bestetik (Lardizabalen beraren gogo-nahia). Ikus ditzagun biak, hurrenez hurren:

Lardizabali ondo entenditzen bazaio, ordura arteko ikasliburuak (batez ere, Iturriagarenak eta Astigarragarenak) gutxi ziren eta ez ziren nahi bezain erraz eskuratzen. Gogoan izan bedi Iturriaga eta Astigarraga hilik zirela ordurako: deseo de mejorar la escasez que se nota de libros de esta clase(32).

Donostiako Batzar Nagusietara bidalitako 3. puntuak (Puntos remitidos) honela dio: "El establecimiento de una escuela normal en la misma". Ez dugu ahaztu behar laugarren puntuak Lardizabalen "Gramatica Vascongada" lanaz hitz egiten duela. 3. puntuari buruz aurrerago zera erabakitzen dute: "que pase á una comision de instruccion pública". Uztailaren 6ko batzarreko agiriak hauxe dio: "La Comision de instruccion pública encargada de dar su dictámen sobre el punto 3º de los remitidos, presentó el siguiente descargo. (hurrengo lerroan eta bestelako letra batekin) *M.N. y M.L. Provincia de Guipúzcoa. – La Comision de instruccion pública, encargada de dar su dictámen sobre el punto 3º de los remitidos, concerniente al establecimiento de una escuela normal en esta Rpovincia, ha examinado con la detencion y madurez que exigen la gravedad é importancia del asunto, el expediente instruido en su razon; y despues de haber tratado y discutido la materia en todas sus partes, tiene la honra de ofrecer á la resolucion de la Junta el resultado de sus trabajos"*.


Norentzat prestatu zen gramatika-liburua?

Aurreko pasartean erantzuna dago, partez, galdera konkretu hori. Xehetasunen bat eranstea komeniko da, agian.

Bistan da, hasteko, irakurtzen eta idazten ikasi behar zuten neska-mutikoentzat pentsatutako liburua ez zela, inondik inora, Lardizabalen gramatika. Ez edukiaren maila aldetik, ez metodo didaktikoarenetik eta ez hizkuntzarenetik zegoen ligurua bezeria horrrentzat pentsatua. Norentzat, hortaz?


Nola prestatu eta argitaratu zen Lardizabalen Gramática Vascongada?

Lau puntu hartu litezke hemen kontuan. Batetik enkargua eta testuaren idazkuntza, bestetik onespen-azterketa, hurrena argitalpena eta, azkenik, langintza osoaren ordainketa. Ikus ditzagun lau puntuok, halako xehetasun batez.

Hori guztia, dudarik gabe, Herri Aginteen garai hartako status planning zabalagoaren barruan ulertu behar da. Are gehiago garai hartan lanak inprimatu eta publikatzeko zein diru gutxi ematen zen ikusita. Artikulu zabalean helduko zaio puntu horri ere.

Funtsezkoa da hori argitzea, gramatika horren lekua eta xedea garaiko hizkuntza-politikaren markoan kokatzen asmatu nahi bada. Oraingoz, eta lantxo honi amaiera emateko, langintza hori marko soziolinguistiko zabalean txertatzen saiatuko gara. Gerokoak gero.

Euskara-erdaren egoera eta bilakaera, Gipuzkoako gizarte-bizitzan

Diglosia bai, diglosia ez, diglosiaren purgatorioa eta diglosiaren miseriak: ondo erroturiko kontzeptuak eta argudio-bideak ditugu horiek, gure artean. Mende-laurden luzea daramagu ikuspegi horietan murgilduak. Mende-laurden luzea daramagu eta, egungo egunean nagusi diren hainbat aldarrikapen kontuan izanik, uste izatekoa da kontzeptu-lanketa eta sentiera-bide hori aski etxekotua izango dugula etorkizun hurbilean ere.

Ez dago dudarik oinarri sendoak daudela diglosia-egoera haren mugak eta hipotekak azpimarratzeko. Ez da harritzekoa, horregatik, osabetezko hizkuntza-erabileraren helburuak konpartimetazio soziofuntzional haren murriztapen-baldintzei gaina hartu izana. Ez dago gaixoarentzako xede ederragorik, osasun beteko etorkizunaren ametsa baino. Osasun beteko egoera deskribatzeko orduan, nolanahi ere, aspaldidanik zehaztu eta azpimarratu izan ditugu diglosia molde haren ahuldadeak eta gaixotasun-arriskuak. Ondotxoz gutxiagotan saiatu izan gara guztiok, aldiz, diglosiaren bizi-iraupenerako berme-oinarria, diglosiak hemen eta hainbat lekutan menderik mende berekin izan duen ezaugarri nabarmena, aipatzen eta azpimarratzen. Behar-beharrezkoa da ordea kontzeptu-lanketa hori ere, bai hizkuntzaren oraingo egoera eta bai mende joanetakoa halako zehaztasun batez ulertu nahi badugu.

Orain inor gutxik gogoratu nahi badu ere, Mendebal Europa osoaren fenomeno historiko zabala izana da diglosia. Hizkuntza biren edo gehiagoren konpartimentazioa soziofuntzionala, luze-zabal ezarria eta belaunez belaun nolabaiteko (nekez erabateko) oreka batean mantendua, salbuespen bitxi edo mingarri baino areago arau zabal izana da Europa gehienean. Bai gure artean, bai gu bezalako hiztun-herri txiki-ahulduetan eta bai, are, gurea baino askozaz osasun hobea zuten eta duten Mendebal Europako hizkuntza handietan: besteak beste ingelesean, alemanean eta gaztelanian. Erdi Aro gehienean latina izana dute horiek guztiek H funtzioan, funtzio sakro-klasikoetan eta administrazio-lanean bereziki, etxekotua: Bertako hizkuntza ez da, halakoetan, bere lengua vulgar izaeratik lengua propia, natural, nacional edo dena delakora bat-batean pasa izan. Latinarekin batera, hiztun-elkarte eta are hiztun-herri osoetan, hizkuntza bi edo gehiago erabili izan dira H funtzioetan, are Ernazimentutik hona, high culture delakoan. Gogoan izan dezagun , hurrenez hurren, frantsesak Ingalaterran (Erdi Aroan) eta Alemanian (XVIII. mendean) H funtzioan bete izandako lekua eta, batez ere bertako elite politiko eta intelektualetan berekin izandako bizitasuna.

Bistan da aparteko tasunak izanak dituela diglosiak gure artean, Europako molde horretatik aski bestelakotu izan dutenak. Lehengo H (latina) / L (euskara) dikotomiko hura burubiko bihurtu zen gurean, une batetik aurrera. Hots, goiko atalari zegokionez erdara bi hartu behar izan genituen etxean, XIII. mendetik aurrera itxuraz. Egoera berri horretan, jakina denez, lekuan lekuko erromantzea erantsi zitzaion latinari, H funtziorako. Gero, Ernazimentutik aurrera, atzeraka hasi zen latina eta, horren ondoroz, H (gaztelania, frantsesa) / L (euskara) paradigma berria gailendu zitzaion aurrekoari, gero eta nabarmenago. Litekeena da, oso, Nebrixaren 1492ko gramatika-liburuaren sarreran aipatzen den aginte-esparruko gogo-giroak bilakaera horretan bere eragina izana.

Nolanahi ere, konpartimentazio soziofuntzional hori indar betean zegoen XVI. eta XVII. mendeetan, oro har(38). Badirudi goi-mailako instantzia operatiboetan batez ere 1573ko eta 1682ko Batzar nagusietan hartutako erabakiek(39), inoiz besterik esan izan bada ere, eragin bizia izan zutela luzera begira. Jakina denez diglosiazko gizarte-moldaeraren ildotik (baina ez horretatik soilik) erraz esplika litezke Batzarraldi horietan hartutako erabakiak, herriko alkate edo Probintziako aldun izateko irakurtzen eta idazten jakitea ezinbesteko baldintza bihurtu zutenak. Esan beharrik ez dago irakurtzen eta idazten jakiteak, ingurumen horretan, gaztelaniaz irakurtzen eta idazten jakitea esan nahi zuela.

Garaiko testigantza zuzenei dagokienez, XVIII. mendean hasi zen diglosia tradizional hori indargaltzen, arrailatzen eta zenbait lekutan, Araba gehienean bereziki, erabat galtzen. Araban luze-zabal gertatzen ari zen mintzaldatze hori ez zen ordea beste hainbat lekutan, Ipar Euskal herrian eta Bizkai-Gipuzkoetan bereziki, hainbatera iritsi. Ez hainbatera eta ez ondotxoz gutxiagora. Hizkuntzaren belaunez belauneko jarraipena segurtaturik zegoen bertan, neurri zabalean, herri xehearen eguneroko mintzajardun arruntari zegokionean. XVIII. mendeko gatelaniaren (eta frantsesaren) language spread hori ez zen herrialde atlantikoetan, oro har language shift bihurtu. Mintzajardunaren gizarte-moldaera konpartimentazio soziofuntzional argiz zurkaiztua zegoen aspaldidanik eta, erdarak lehen ez bezalako sarbidea izanik ere azken mendean, euskarak etxeko jaun izaten segitzen zuen ohiko bere eguneroko esparru informal, aurrez aurreko eta ahozkoetan. Konpartimentazio soziofuntzional horrek bere alde zituen gainera, oraindik, aginte-esparruko babes-neurri operatiboak. Apaiz eta maisu izateko, esate baterako, euskalduna izan behar zen ezinbestean. Eskakizun-baldintza hori auziperatzen hasia zen zenbait organo eta estamentutan(40), baina eskakizun-arau hori oro har indarrean gorde zela esan liteke, gaurkoz eskueran ditugun datuen arabera, lan-postu horietan. Indarrean gorde zen eta, XIX. mendearen erdialdean, bere beharra espresuki argudiatu eta hainbat kasutan alderik alde aplikatu egin zen.

Neurri zabalean segurtatua egon arren euskararen belaunez belauneko transmisioa, gero eta agerianago zegoen ordea euskara-erdaren molde berriko language contact delakoa ez zela bertako hizkuntza zaharraren osasunerako arriskurik eta kalterik gabea gertatzen ari. Euskaldun buru-jantzi, merkatari edo profesional kaletar askotxok hautsi eta ezabatu egin nahi zuen diglosia molde hori, beren harreman-sareei zegokien neurrian bederen euskararen erabilera alde batera utziz. Hartara iristen ez zen beste euskaldun ikasi askotxo, Bizkaiko eta Gipuzkoako apaiz gehienak barne, gero eta erdal elebidunago zen. Gero eta erdal elebidunago: jakin bazekien herritar jende horrek euskaraz eta erdaraz, baina erdara zen bere hizkuntza nagusia. Erdara zen bere dominance configuration delakoan gailen: gaztelania hegoan, eta frantsesa iparrean. Diglosia molde tradizionalaren galera-bide zen, bide batez, jende jakituna eta zezakeen jendea, gero eta sarriago, euskaldun garbiaren mintzamoldetik urruti gelditzea.

Diglosia-galtze horri aurre eginaz plazaratu zitzaigun Larramendi, XVIII. mendearen lehen erdian, euskara-erdaren ordura arteko gizarte-perspektiba nagusiari paradigma soziolinguistiko berria erantsiz. Euskararen berezko balioak, bere Abstandsprache izaera eta gizarte berriaren zeregin guztietarako gaitasuna, aditzera eman eta euskaldun-erdaldun buru-jantzien artean onartzeko bidean jarri nahi izan zituen berak, lehenik eta behin. Hori izan zen bere iraultza edo paradigma-aldaketa handiaren xede nagusia.

Jakin badakigu nolahalako arrakasta izan zuela Larramendik, ez erabatekoa, bere ahalegin horretan. Nolahalako arrakasta izanik ere bistan da oihartzun zabala, eta iraupen handiko ikusmolde berria, eskuratu ziela berak handik aurrerako euskalariei eta euskaltzaleei. Paradigma berria ekarri zien berak, onerako eta kalterako, euskararen erabileraz, eta erabilera zuzenaz, gero eta kezkatuago agertzen hasi ziren protoeliteei. Hizkuntza-ideologia eta gure arteko Weltanschauung berri bati eman zion berak hasiera, eta ordura artekoak ez bezalako zenbait ondorio praktiko indartu zuen horrenbestez.

Paradigma horren ondorio praktikoetako bat, ongi ezaguna denez, corpus-plangintza sendoari ekitea izan zen. Hizkuntza atzera zihoala ikusten zen hiru alorretan: lurralde-perspektiban, eskualde osoetan atzeraka ari zen euskara eta zenbait lekutan orduantxe ari zen belaunez belauneko jarraipen-katea eteten; perspektiba soziofuntzionalean, ordura arte euskarak bere mendean izandako zenbait jardun-gune eta harreman-sare eskuz aldatzen ari ziren, funtzio horietan erdara gero eta gailenago ageri zelarik. Perspektiba indibidualetik, azkenik, bertako hiztun elebidun asko, gero eta gehiago, erdal elebidun zen funtsaren funtsean, ez elebidun orekatu eta ez euskal elebidun edo euskaldun garbi.

Hiru fenomeno horietatik bigarrena eta hirugarrena ziren, XVIII. mendeko Gipuzkoan, askogatik nagusi. Donostian eta Hondarribian ere, garai hartan probintziako hiririk erdaldunenetan alegia, bizi-bizirik zegoen euskara kalean, herritar gehienen (eta inguruko baserrietatik kalera jaisten ziren euskaldun elebakarren) artean. Ez zegoen han beraz, Araban bezala, galera espazialik. Bigarren eta hirugarren arriskuak ziren, hortaz, kontuan hartzekoak.

Bigarren eta hirugarren kalte-arrisku horiei aurre egiteko, corpus-plangintzan ikusi uste izan zuen Larramendik konponbide nagusia. Nagusia edo, agian zuzenago, larriena eta egingarriena(41). Corpus-plangintak zuen beretzat lehentasuna. Euskarazko eskolen beharra (nahiago bada, euskarari herrietako eskoletan sarbide zabalagoa ematea) gogoan zuen berak(42), baina ez zen horretan zentratu. Aldiz bere zenbait jarraitzaile acquisition planning delakora lerratu zen, Bizkai-Gipuzkoetan bereziki. Euskara bizirik atera ahal izateko, euskal gramatikak eta hiztegiak ez ziren jarraitzaile horientzat aski. Kardaberazek argi ikusi zuen eskolagintza horren beharra: 1761eko bere Eusqueraren Berri Onac liburua, bereziki, ele biko hezkuntza-proiektu berri baten iturburutzat har liteke(43).

XIX. mendearen hasieratik bete-betean heldu zitzaion gure artean, Bizkai-Gipuzkoetan bereziki, Larramendiren paradigma hura indarberritzeari. Hasiera batean, 1740tik 1750era artean jaiotako protoelite euskaltzalearen baitan, corpus-plangintza berrituari heldu zitzaion zuze-zabal, kodeztatze-lanari cultivation atala erantsiz(44). Aldiz hurrengo belaunaldiak, 1770 urte-inguruan jaiotakoak, eskola bidezko euskalgintza hartu zuen bere saioaren oinarri. Horretan saiatu ziren Luis Astigarraga 1806tik aurrera eta, batez ere, Agustin Pascual Iturriagak 1817tik aurrera. Ikusteko dago, gaurkoz, bere garaikide izandako Mariano Arizmendi baten, eta Tolosako maisu Insue aitaren, jarduerak ele biko eskolagintza horren garapenean zer-nolako eragina izan zuen.

Oro har indarrean zegoen euskara, Gipuzkoan, Lardizabalen bizi-denboran. Indarrean zegoen bertako hizkuntza eguneroko jardun-gune ohikoetan: etxean eta familian, kalean eta lagunartean, lan-esparru arruntetan eta, oro har, herri xehearen bizi-poz eta beldur-kezken oinarri ziren prozesu soziokultural nagusietan. Bere lekuari eusten zion euskarak, erdara biekin batera, elizan ere: sermoi-lanean eta konfesio-esparruan, bereziki, euskara zen jaun eta jabe.

Hori guztia egia izanik ere, begian bistan zegoen gaztelania esparru berriak irabazten ari zela. Aldakuntza ekonoteknikoen eta berrantolakuntza soziokulturalen eskutik, ordura arte euskararena izandako nagusitasuna bereganatzen ari zen gaztelania hiztun-elkartearen espazio soziofuntzionalean. Irabazi horiek hain ziren sendoak non, gero eta azkarrago, euskara galtzera zihoakeelako beldurra zabalduz zihoan, bertakoen eta atzerritarren artean. Wilhelm von Humboldt-en iragarpena, 1801ean egina, XIX. mendeko beste prognosi askoren gidari eta eredu bihurtzekoa zen.

Gogo-giro horretan sortu zen, gero eta argiago, euskara indarberrituko bazen herri-aginteen hizkuntza-politika sendoa behar zeneko iritzi zabala. Ez zen hori euskaltzale tradiziozale erregetiarren berariazko ustea, gehiegitxotan esan edo iradoki izan denez, eta ez liberal-aurrerazaleen aparteko bereizgarria. Sektore batean zein bestean nabarmendu ohi zen, ikusmolde politiko-operatiboaren aldeko formulazio horren oihartzunik. Era berean, euskara alde batera uztearen aldeko formulazioak ere, formulazio aktiboak zein pasiboak, esparru bietan ziren indarrean.

Gizarte-giro horretan eratu eta mamitu ziren, gero eta era esplizituagoan, hzkuntzaren aldeko status-planak. Arrasateko Batzar nagusietan, 1830ean, martxan jarritakoa ez zen bakarra izan. Bere ezaugarriak hain ongi ezagutzen ez ditugun arren, jakina da antzeko ekimenak eratu zituztela bizkaitarrek, 1829tik aurrera, Gernikako Batzar nagusietan. Are gehiago: hizkuntza-politikaren orduko dokumentazio teknikoa, Iturriagarena zein Ulibarrirena, hizkuntza-plangintzarako ikuspegi aski osatu baten erakusgarri dugu.

Karlistadak gauza asko aldatu zituen gure artean, jakina denez, baina euskara-erdaren arteko elkarbizitzari zegozkion ingurumen-baldintza nagusiek lehengo bidetik jarraitu zuen nagusiki. Hizkuntza bataren indartzea eta bestearen ahultzea ez zen geldiarazterik lortu, are gutxiago itzulipurdikatzerik. 1840tik aurrera indartzen hasitako industrializazioa, eta bide berriak sortu edo aurrekoak zabaltzea, badirudi deskonpartimentazio soziofuntzionalaren lagungarri gertatu zirela oro har(45).

Batzar Nagusien eta Foru Aldundiaren protagonismoaren epea da, esparru soziokulturalean eta linguistikoan, bi karlistaden arteko epe hori. Eta epealdi horren erdi-erdian kokatzen da, jakina denez, Lardizabalek Probintziaren erabakiz eta enkarguz euskalguntzari heldu zioneko urtealdia. Ingurumen horretan txertatu behar dira beraz, ezinbestean, Lardizabalen hiztegia eta gramatika, ele biko elkarrizketa-liburua eta Testamentu Zar eta Berrico Condairaren prestaera-saioa.

Hots, bertako Herri Aginte nagusiaren hizkuntza-politikaren ardatz nagusian txertatu behar dira bere Gramática Vascongada eta beste hiru liburuak. Lau liburuetatik bi argitara eman (eta, agian, amaitu) gabe gelditu izanak motibo posible bi ditu: Lardizabalen ustegabeko heriotza goiztiarra batetik, eta une hartako gertaera politikoen (tartean 1854tik 56ra arteko urte biko liberalaren) eta Probintzia barruko indar-korrelazioen joera-aldaketa bestetik. Ikuskizun dago, oraingoz, zer pisu izan zuten faktore batak eta besteak esandako ondorio horretan.


(MIKEL ZALBIDE ELUSTONDO euskaltzaina da)


Oin-oharrak


Mikel Zalbidek erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)


Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1152526483