![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Roberto Alkarterri / Irakaskuntza / 2006-06-23 / 07:00
Ez duzu txarto irakurri, ez. Gaixotasun berria da, Euskal Herrian barna aspaldion oso hedaturik duguna. Hego Euskal Herrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan bereziki. Euskara-ikasleek pairatzen dute gehienbat, eta, ikasturte-amaieran, oso erraz kutsatzen diote elkarri. Irakasleak ere arriskuan daude, noski.
Garai batean euskalduntzera joaten ginen euskaltegira. Euskara ikasi eta euskaraz bizitzea genuen helburu. Ikas-prozesuan zehar euskaltzaletu egiten ginen eta, euskara ikasteaz gain, Euskal Herria eta bertako kultura ere geureganatzen genuen. Orain, berriz, euskara-agiriren bat lortzea beste xederik ez dute izaten euskaltegira hurbiltzen diren gehienek. Berdin die non eta zenbat egiten den euskaraz, zenbat euskalki ditugun bizirik edota, euskara hilez gero, zenbaterainoko altxorra galduko lukeen munduak. Ez baitute euskaraz bizitzeko asmorik, eta, denontzako aberastasuna barik, maiz, traba edo oztopo baino ez daukate euskara. Lanpostuan exijitu eta horrexegatik ikasten dutela argudiatzen dute, eta, egia esan, hala izaten da gehienetan. Gutxi batzuek baino ez dute gogoz eta nahita ikasten, eta askotxo dira, nire ustez behintzat, amorruz eta gogoz kontra "euskalduntzen" direnak. Horrela, agerian da nor ateratzen den galtzaile: EUSKARA. Eta, ondorioz, euskaldun eta euskaltzale garen guztiok eta Euskal Herria bera, noski.
Badirudi, hortaz, ofizialtasunak eta erakundetzeak kalte ere egin diotela euskarari, neurri batean bederen. Euskarari dagokion estatusa ematea baldin bazen helburua, okerreko bidetik ari garela ematen du, edo, espero baino emaitza eskasagoak ari gara batzen. Eta nolabaiteko porrot honetan denok dugu erantzukizunik, dudarik gabe.
Egun, euskara-agiri ugari dugu. Maila ezberdinak aitortzeko, maila bakoitzeko titulu edo agiri bakarra eduki beharrean, hainbat dauzkagu, baldin eta nork luzatzen duen kontuan hartuta. Gutxi gorabehera honako mailaketa hau dugula esan daiteke:
| HABEren Curriculum Zaharra (Urratsak) | HABEren Curriculum Berria (Mailak) | Hizkuntza Eskola Ofiziala (HEO – EOI) | IVAP – HAEE Hizkuntza Eskakizunak (HE – PL) | IRALE Hizkuntza Eskakizunak (HE – PL) |
|---|---|---|---|---|
| 1. Urratsa | 1. A Maila | Oinarrizko Zikloa | 1. HE | 1. HE |
| 2. urratsa | ||||
| 3. urratsa | ||||
| 4. urratsa | 1. B Maila 1. Egiaztapen maila | |||
| 5. urratsa | ||||
| 6. urratsa | ||||
| 7. urratsa | 2. Maila 2. Egiaztapen maila | 4. Kurtsoa | 2.HE | |
| 8. urratsa | ||||
| 9. urratsa | ||||
| 10. urratsa | 3. Maila (EGA) | Goi Zikloa (Aptitud) | 3. HE | 2. HE |
| 11. urratsa | ||||
| 12. urratsa | ||||
| EGAtik gora | ? | ? | 4. HE (Teknikaria) | ? |
Taula hau ikusita, bistan da gutxienez lau direla egiaztatu daitezkeen euskara-mailak. Beno, egia esan, lau bider hainbat agiri-emaile berdin ez-dakit-zenbat; eta hori, Osakidetza eta Ertzaintza albo batera utzita, horiek ere beren kasa ematen baitituzte "tituluak".
Egia da IVAP-HAEEk ezartzen duela kontrolik handiena hizkuntza-eskakizunak ematerakoan. Izan ere, euskaltegietako irakasleei eskatzen zaien laugarren profilerako azterketan, IVAP-HAEEko teknikariek dute zeresanik handiena, eta, era berean, Osakidetzan nahiz gainerako erakunde publikoetan ere egiaztatu beharreko eskakizunetan beraiek egiten dute zirt edo zart. Baina euskalduntze prozesua bera euskaltegiek, publikoek edo pribatuek, garatu ohi dute, HABEren kontrol eta araupean betiere.
Hortaz, ezinbestekoa da, edo izan behar luke, erakunde hauen arteko elkarlana eta uneoroko harremana. Baina, antza denez, elkarren lehian dihardute eta, esaterako, HABEk luzatzen dituen 1. eta 2. mailako egiaztapenek ez omen dute ezertarako balio, IVAP-HAEEk, Hizkuntza-Eskolak, IRALEk, Osakidetzak edota Ertzaintzak ez dituztelako aintzat hartzen. Euskaltegietan, berriz, ikasleak mailakatzerakoan, oso kontuan izaten ditugu zein akreditazio dakarten kanpotik, hau da, zein hizkuntza eskakizun lortua duten IRALEren, IVAP-HAEEren edo Osakidetzaren eskutik, baita Hizkuntza Eskola Ofizialean oinarrizko zikloa gainditua duten ere. Agidanez, Osakidetzak onartzen ditu IVAP-HAEEko, IRALEko eta Hizkuntza Eskoletako akreditazioak, baina ez euskaltegietakoak (EGA izan ezik, noski). Gainera, kasuistika oso zabala izaten da. Aurreko taula hori gogoan, badira, adibidez, Hizkuntza Eskolako oinarrizko zikloa gainditu baina HABEko lehenengo egiaztapena gainditu ezinik dabiltzanak, edo alderantziz; badira EGA atera ezin baina IRALEko bigarren eskakizuna lortzen dutenak; eta nahi beste konbinaketa egin daitezke puzzle bitxi bezain ulertezin honetan.
Horrela, euskaltegietan gero eta zerbitzu bereiziagoa ematera behartzen gaitu honek guztiak, ikasle bakoitzak helburu zehatzak ekartzen baititu euskaltegian matrikulatzerakoan; hau da, ikasleek erakunde ezberdin horietariko baten akreditazioa lortu nahi / behar izaten dutenez, euskaltegiko programazioa, dinamika eta abar aldarazi egiten digute, euskaltegiaren erabateko akademizazioa lortzeraino aldarazi ere. Eta, jakina, azken ondorioa bistan da: azterketitisa.
Beharbada horixe da euskaltegien patua, euskara irakasteko akademiak izatea, alegia. Baina, hala bada, ados jar daitezela inplikaturik dauden erakunde horiek guztiak eta ezar dezatela azterketa bakarra maila bakoitza egiaztatzeko. Hain zaila al da? Nik uste borondate kontua baino ez dela.
Bestalde, HABEren curriculum berriaren egokitzapena dugu. Orain urte gutxi, ikasleak urraska mailakatu beharrean, mailaka egitea proposatu zen; hau da, hiruhilabetez hiruhilabete funtzionatzeari utzi eta ikasturtez ikasturte egiten hastea zen kontua. Horrela, errealistagoa izango zen ikaslearen mailaketa nahiz ikas-prozesua bera, eta, gainera, 1. eta 2. mailen egiaztapenak ezarri ahalko ziren, EGAtik behera zegoen hutsunea nolabait betez, hizkuntz akreditazioei begira behintzat.
Baina, helburua mailaka funtzionatzea bada ere, eta mailekin batera egiaztapen probak parekatu arren, HABEk euskaltegi bakoitza behartzen du zein ikasle zein probatara aurkeztu ahal den aurretiaz esatera, horretarako urratsen araberako aldez aurretiko mailaketa eginaraziz. Arestiko taulari begira, zera litzateke: ikaslea 1. egiaztapen mailako azterketara aurkeztu ahal izateko, aurretik euskaltegiak aitortu behar dio 6. urratsa egin eta gainditu izana; eta, era berean, 2. egiaztapen mailako azterketa egin ahal izateko, euskaltegiak 9. urratsa aitortu behar dio aldez aurretik. Beraz, urratsek erabakitzen dute, betiere, maila bata edo bestea egiaztatu ahal izatea, eta euskaltegiak derrigortuta daude neurri handi batean urraska funtzionatzen jarraitzera.
Horrela, mailaketa pertsonalizatu eta interesatuak lortzen ari gara. Izan ere, irakasleak nahiz euskaltegiak oso ezberdinak izan gaitezke (gara) ebaluatzerakoan; hainbat arrazoirengatik, jakina. Eta, benetako azterketa egiterakoan, okerreko mailaketa horren gorabeherak azaltzen dira: ikasle bat EGA prestatzen egon eta 2. mailako egiaztapena lortu ezinik; edo zortzigarren urratsean (2. maila, ikusi taula) ibili eta 1. mailako azterketa ezin gainditurik, eta abar.
Maila bata edo bestea egiaztatzeko azterketa ofizialak baldin badaude, nik uste dut beroriek, azterketek alegia, ezarri behar dutela mailaketa. Hau da, egiaztapen azterketak giltzarri izan behar dira, derrigorrean izan ere, benetako mailaketa serio bat lortu nahi badugu. Bestela, nola uler daiteke ikasle bat egiaztatu ezin duen baino goragoko maila bat prestatzen ibiltzea euskaltegian? Nola lor daiteke lizentziatura bat horren aurretiko diplomatura eskuratu barik? Hizkuntza Eskolan, esaterako, ez da horrela gertatzen, eta goi zikloan aritzeko ezinbestekoa da, jakina, oinarrizko zikloa aurretiaz aitortu izana.
Bi arazo handi ditu helduen euskalduntzeak (euskaltegietan egiten ari garenari "euskaldundu" esan badakioke):
Arazook konpontzekotan, dagokien erakundeek hartu behar dute esku. Bitartean, azterketitis horrezaz gain, ikasleen euskararekiko fobia, amorrua, nazka eta gorrotoa besterik ez gara lortzen ari. Hainbeste azterketarekin, normala.
(ROBERTO ALKARTERRI helduen euskara-irakaslea da)
![]() | Inprimatu |