![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Erramun Osa / Hizkuntza / 2006-06-30 / 07:00
Euskararen indarberritzeak kezkatu egiten gaitu. Hiztun kopuruak, hiztun hauen dentsitatea, euskaraz bizitzeko dituzten egiazko aukerak eta abar.
Hargatik, normalkuntzari buruz dihardugunean, hainbatetan, inbidiak jota edo, normalizaturik dauden hizkuntzek dituzten aukerak mintzagai izaten ditugu, antzekoak bagenitu beste kuku batek joko ligukeela esateaz batera, ametsen zein usteen munduan murgilduz. Hiztun-elkarte txikia gara, ordea. Hiztun kopuru mugatua duena. Gauzak horrela, ingelesa edo gaztelania bezalako hizkuntzek askotariko komunikazio-jarduerak asebetetzeko dituzten aukerak aztergai izan ordez, gure hizkuntzak belaunez belaun iraun ahal izateko, asebete beharko lituzkeenak bistan eduki beharko genituzke, ezinbestean.
Gaztelaniaz ez dakit zenbat telebista-kate omen daude, irrati zein bestelako hedabideak are gehiago. Eta hori esatean, euskarazko kate kopurua antzeko parametroetara hurreratu beharko genukeela iradokitzen da, bidenabar. Alabaina, euskarazko telebista, periodiko, irrati edo dena delako gehiago egonagatik, berez ahula den hiztun-elkarte hori are sendoagoa eta osasuntsuagoa egonen da? Irakurle edota ikusle are gehiago izango ditu? Euskara gehiago erabiltzea lortuko ote da? Ezetz esango nuke nik. Diren irakurleak edota ikusleak dagokeen eskaintzan barreiatuko lirateke, gehien jota, eta hainbat egitasmo kolokan geratuko lirateke, gainera. Euskaraz dakiten askok, dela are erakargarriagoak direlako, ustez hobeak direlako edo dena delako arrazoiengatik gaztelerazko produktuak kontsumitzen dituzte; beste batzuek, ostera, askotariko eskaintza dute gogoko, hori baita erdal elebakarrekiko euskaldun elebidunek duten abantaila ia bakarra, gaztelerazko produktu andanaren eta euskarazko produktuen artean aukeratzeko modua eginez.
Horregatik guztiagatik, gaztelerazko produktuetan euskarari sarbidea ematea lehentasunezkoa da nire ustez, batetik, euskaratik aparte bizi den erdal mundura hurreratzeko pausoa litzatekeelako hori, indarberritze ahaleginean urrats berri bat eginez, bestetik, euskaraz dakiten hiztunei, egun dituzten aukera are gehiago zabaltzeko pauso erabakigarria izango litzateke, besteak beste, euskararen erabileran egiatan lagunduz.
(ERRAMUN OSA IBARLOZA Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioaren Hizkuntza arduraduna da)
Erramun Osak erabili.com-en argitaratutakoak (ikusteko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |
Joxemari Muxika / 2006-06-30 / 16:02
Erramun Osak euskaraz aukera gehiago izanez hizkuntza biziberritzeko bidea ematen dela zalantzan jartzen du Erabili.com-eko “Ikusmirak” artikuluan. Berak dionez “...euskarazko telebista, periodiko, irrati edo dena delako gehiago egonagatik, berez ahula den hiztun-elkarte hori are sendoagoa eta osasuntsuagoa egonen da? Irakurle edota ikusle are gehiago izango ditu? Euskara gehiago erabiltzea lortuko ote da? Ezetz esango nuke nik ... eta hainbat egitasmo kolokan geratuko lirateke, gainera" Zertarako ikasi behar da gaurko teknologiekin egin daitezkeen kalitatezko ekoizpenen aukerarik ez duen hizkuntza? Euskaldunok erdal unibertsoko erreferentziekin bakarrik bizi behar ote dugu? Euskaraz aukera gehiago jartzearekin zer jartzen da kolokan?
“Gaztelerazko produktuetan euskarari sarbidea ematea lehentasunezkoa da nire ustez”, dio. Nik garrantzizkoa dela uste dut, zenbat eta euskara gehieago hobe, hizkuntzaren unibertsoa zabaltzen ari garelako. Baina jakin beharko da itxurakeriaren muga pasatzen duen edo zaping egiten den, TV2ko ilunabarreko euskarazko emanaldiarekin gertatzen den moduan. Zer audientzia dauka programa horrek? Edo Deiak argitaratzen duen “Hortzadar”gehigarriak zenbat irakurle ditu? Gainera, Erramun Osak berak diona, “hainbat egitasmo kolokan” geratzeko arriskua berak babesten duen ideia horrek ere sor dezake. Beraz nork esan dezake lehentasunezkoa dela? Proba egiteak ez du kalterik baina “enbidiak jota” edo adiskidekeriarekin ez dugu jardun behar, ez. Egiten ari garenetik zer den lehentasunezkoa, erabiltzaileen asebetetzearen neurketa sinesgarriak eta kostu errealak mahai gainean ditugunean jakingo dugu erabakitzen. Euskarazko ekoizpenek zaila dute hizkuntza handiagoen ekoizpenei konpententzia egitea, beraz euskarazko eskaintzak, maila onekoa izan behar du, argi dago. Eleanitzak garenok hizkuntza guztietaz baliatzen garen arren, neretzat euskara lehen mailan dago. Ni eleanitza izanik ere euskalduna naiz eta erdarazko ekoizpenak eskura izateagatik, lehentasunak jarri eta mota guztietako euskarazkoak ekoizten saiatzearen aldekoa naiz.
Joxemari Muxika. Soziologoa