![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Mario Zapata / Irakaskuntza / 2006-06-12 / 07:00
2005. urtean Kontseilua eta Hezkuntza Sailaren artean, etorkinen seme-alabak euskarazko eredutara erakartzeko izeneko egitasmoa hitzartu zuten. Kontseiluaren egitasmo honetan burututako diagnostikoaren aztergaietako bat hau izan zen: etorkinak eta hizkuntz ereduen hautua.
Hemen aurkezten dugun gaia ikuspuntu ezberdinetatik azter daiteke; oraingo honetan, hizkuntz normalizazioa eta immigrazioa hartu ditugu ardatz gisa. Hizkuntz politika zein immigrazioa zehar-lerro moduan lantzen ohi diren bi gai ditugu. Euskararen hizkuntz normalizazioa abiapuntua izanik ere, esandako bi ikuspuntuak uztartzen saiatu gara, kasu honetan Hezkuntzaren eremuan kokaturik.
XX. mendean Hego Euskal Herrian izandako immigrazio fluxuak Estatu espainiarretik etorri ziren. XXI mendean, berriz, estatu barneko migrazio-mugimenduez gain, estatuaz kanpoko beste herrialdeetatik datozen etorkinak gero eta gehiago dira. Eta, horien artean, bereziki Europar Batasunetik kanpoko herrialde ez-garatuetatik.
Estatuz kanpoko immigrazioari dagokionez, Hego Euskal Herriko egoera aztertzen dugunean kopuru erlatiboei dagokienez alde handia dago EAEko eta Nafarroako datuen artean (% 4 eta % 9 inguru). Bestetik, EAEko herrialdeei dagokienez ere beraien artean ezberdintasunak daude, kopuru absolutu handiena Bizkaian badago ere, kopuru erlatiborik handiena Arabakoa da.
Estatuz kanpoko etorkinak, gehienak latinoamerikarrak dira (Ekuador, Kolonbia, Argentina, Bolivia, Peru...). Ondoren magrebiarrak daude (Marokokoak bereziki). Atzetik Europar Batasuneko etorkinak ditugu (Portugal, Frantzia...). Eta azkenik Europa erdi eta Ekialdekoak (Errumania, Bulgaria...), Saharaz hegoaldeko Afrikakoak, eta Asiakoak (Txinakoak).
Datu orokor horiek, baina, batzuetan ez dute ongi islatzen gure eskualde edo herrietako errealitatea. Leku batzuetan estatuz kanpoko etorkinik ia ez dagoen bitartean, besteetan kopuru absolutua edota erlatiboa nabarmena da (bereziki hirietan eta lan-eremu espezifiko batzuekin loturiko zonaldeetan).
Hezkuntza sistemari dagokionez, azken urteotan Euskal Herrian estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben kopurua urtez urte nabarmen igotzen ari da, eta Hego Euskal Herriko 2005-2006 ikasturteko datuak hauek lirateke: EAEn 12.991 (% 4,6) eta Nafarroan 7.775 (% 8,7).
Berezko hizkuntza gutxiagotua dagoen kasuetan, gurean bezala, argi dago eskolak protagonismo handia hartzen duela hizkuntzaren normalizazio eta berreskurapen prozesuan. Erantzukizun osoa eskolaren esku utzi ezin bada ere, horretan duen zeregina funtsezkoa da, hizkuntza ikasteko bidea ematen baitu.
Euskal Herrian D edo B ereduetan matrikulatzeko joerak gora egin badu ere, oso ezberdina da zonalde batzuen eta beste batzuen dinamika. Esaterako, EAEn gehiengoak bi eredu hauetan matrikulatuta egonik ere (2004-05 ikasturtean, derrigorrezko hezkuntzan, % 51 D eta % 22,6 B), herrialdeen arteko kopuruak oso ezberdinak dira (D ereduan Gipuzkoan % 66, Bizkaian % 45 eta Araban % 29). Hala ere, azken urteotan kasu guztietan gorako joera dago, eta Haur Hezkuntzako matrikulazio berrien gorakada bereziki adierazgarria da (2005-06 ikasturtean % 62,7 D, % 29,5 B eta % 7,8 A ereduan).
Nafarroako datu orokorrei dagokienez, D ereduan matrikulatutakoak gutxiengoa izanik ere (2003-04 ikasturtean % 21), zonaldeen arabera datuak oso bestelakoak dira (Sakanan, esaterako, 2004-05 ikasturtean % 75 D ereduan), eta, oro har, gorako joera dago. Iparraldeari dagokionez, berriz, gorako joera hori oso apala da.
Estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben matrikulazio datuak, berriz, oso ezberdinak dira. EAEn % 51,8 A ereduan matrikulatzen den bitartean, erdia baino gutxiago B eta D ereduetan matrikulatzen da (% 27,8 eta % 20,4). Nafarroan, berriz, D ereduan matrikulatutako etorkinen seme-alaben kopurua % 2 ingurukoa da. Iparraldeaz, berriz, daturik ez dugu.
Naturala al da etorkin gehienek beraien seme-alabak A ereduan matrikulatzea? Hasieran aipatu den Kontseiluaren egitasmorako egindako diagnostikoan, besteak beste, guraso etorkinen hautuan eragin dezaketen faktoreak aztertzen saiatu gara. Ezin artikulu honetan azterketa bere osotasunean azaldu; A ereduaren aldeko hautura bideratzen duten hainbat faktore aipatu eta laburbilduko dugu.
Motibo ugari dira hautu horren atzean; fenomeno sozial gehienetan bezala, honetan ere ez dago faktore eragile bakarra. Beharbada faktore nagusi batzuk aurkituko ditugu, baina betiere beste faktoreekin elkarreragin harreman batean.
Egoera soziala eta soziolinguistikoa
Hezkuntza-sistema
Informazioa eta eragile estrategikoen eragina
Eragile estrategikoak honako hauek dira: bere kokapen estrategikoagatik gurasoen hautuan eragin zuzena izaten ahal dutenak. Eta ikusiko dugun bezala horrelako ugari ditugu.
Agente horien aldetik, etorkinen seme-alabak A eredura bideratze horren atzean jarrera edo motibazio ezberdinak egon daitezke: ikuspegi paternalistak (etorkin gaixoak...), interes korporatiboak (A eredua mantentzeko interesa), euskararen kontrako jarrera ideologiko /politikoak, erosotasuna, jarrera baztertzaileak, agenteen formazioa edota sentsibilizazio eza.
Ugari dira gurasoen hautuan eragina izaten ahal duten eragile estrategiko horiek:
Harreman-sareak eta bestelako harremanak
Familiaren egoera eta migrazioaren bizipena
Migrazio-prozesuaren dinamika
Jatorrizko kultura
Bestelakorik
Jendartearen jarrera
Hezkuntza-komunitatean ere integrazioarekiko sentsibilizazio eza eta jarrera baztertzaileak ikus daitezke. Izan ere, Hezkuntza-komunitatean jendartean agertzen den hainbat portaera baztertzaile ere erreproduzitzen da, etorkinen seme-alaben integrazioa eta kohesio soziala beraren kontra jotzen duena.
Jarrera negatiboak, oro har, etorkinen seme-alaben kontzentrazioaren inguruko pertzepzioan iturria izaten du. Kontzentrazioa, bestetik, hainbat estereotipo negatiborekin lotzen da: kalitatearen galera, gatazkak...
Aurrekoaren ondorioz, eskolan edo gelan etorkinen kopurua handitzat hartzen dutelako, kasu batzuetan guraso autoktonoek bere seme-alabak A eredutik B eredura, edo B eredutik D eredura aldatzen dituzte. Bestetik, ikastetxeetan ere horrelako jarrerak detektatu dira: ikastetxearen irudiaren kalterako izanen delakoan (kalitatea jaitsiko delakoan) ez dute interesik etorkinen seme-alabak eskolan edo eskolako D / B ereduetan matrikulatzeko, eta beste eskola batzuetara bideratzen dituzte (A ereduetako ikastetxeetara, dagoeneko etorkinen seme-alabak dauden beste ikastetxeetara...), edo A eredura.
Euskararen normalizazioaren ikuspuntutik, helburua etorkin guztiak prozesu horren subjektuak izatea izan beharko litzateke.
Hasieran aipatu bezala, hizkuntz normalizazioaren eta immigrazioaren ikuspuntuak bidean, hizkuntz ereduen gaia eta euskara ikastea integrazio soziokulturalaren ikuspegitik aztertu nahi dugu, betiere ahalik eta ikuspegirik osatuena izateko.
Hainbat etorkinei euskararen inguruko kezka beharbada urruti samar geldituko bide zaio, askok bestelako lehentasunak izanen baitituzte (lana, etxebizitza...). Alabaina, hizkuntz ereduen hautuak, euskara ikastearekin loturik dagoen heinean, eragin zuzena izan dezake beraien seme-alaben etorkizunean, beraien integrazioan, hain zuzen ere. Izan ere, haur horientzat euskara ikasteak edo ez ikasteak hainbat ondorio izan ditzake haien orainaldiari zein etorkizunari begira.
Euskara ikas dezaten bultzatu
Aipatu integrazio soziokulturalaren ikuspegitik, Euskal Herriko gainontzeko ikasleak bezala, etorkinen seme-alabak ere euskara ikas dezaten bultzatu beharko litzateke. Eta helburu horri begira, euskara ikasiko dutela ziurtatuko duen irakaskuntza eredura bideratzen saiatu. Besteak beste, ondorengo arrazoiengatik:
Integrazioa vs asimilazioa / segregazioa
Hizkuntz integrazioa aipatu dugunean, baina, integrazioa asimilazio zein segregazioarekin kontrajarri nahi dugu. Eta xede horri begira, gure ustez, betiere mahai gainean ondorengo helburuak jarri beharko lirateke.
Egun estatuz kanpoko etorkinen seme-alaben matrikulazio datuak eta datu orokorrak alderatzen ditugunean halako disoziazioa ikusten ahal dugu, bereziki hizkuntz ereduen hautuari dagokionez.
Etorkin gehienen hautuak, seme-alabak A ereduan matrikulatzeko, hainbat ondorio ekar ditzake: seme-alaben aukera berdintasun eza, ghettizazioa, kohesio sozialerako distortsioa...
Erantzukizuna, baina, ez da bakarrik etorkinena. Hautu horren atzean faktore eta eragile ugari dago; guztioi dagokigu eta guztiok dugu maila ezberdinetako ardura.
(MARIO ZAPATA SOLANO soziologoa da eta Kontseiluak 2005 urtean burututako Ikasle etorkinak murgiltze ereduetara erakartzeko egitasmoaren koordinatzailea izan zen)
![]() | Inprimatu |