|
Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratia biltzen dituen Euskal Irratiak federazioak euskararen normalizazioaren alde Euskal Herri osoan lanean ari den hainbat erakunde publikok bultzatu duen Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainarekin bat egitea erabaki dugu.
Ikusirik beste hedabideek ez diotela ekimenari atxikimendua adierazi, pertsona batek baino gehiagok galdegin digu zergatik guk erabaki dugun egitea. Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren egoera linguistikoak kezka handia ekartzen digu Euskal Irratiei. Euskaldun gisa, gure geroa ere, hedabide gisa, egoera ahul horri zuzenki lotua baitzaio. Ez dugu sekulan gaur egun ditugun euskalduntze tresnarik ukan eta irratiak horren adibide garbia dira. Hori, euskararen aldeko militanteek 35 urtez Iparraldean eraman duten lanaren ondorio da. Bi gauza lortu dituen lana: alde batetik, gaur egun 60 urte baino gehiago duten euskaldun aktiboen garai hartako hamarkadek gure hizkuntzan mintzatzearen harrotasuna sendi dutela Estatu frantsesaren hizkuntzaren zapalkuntza politikaren ondotik galdua zuten harrotasuna; eta bestalde, gizarteak orokorki balio erantsi gisa ikusten duela gure hizkuntzaren jakitea. Baina, aldi berean, geroa ez dela segurtatua ere ikusten dugu gure mikroekin.
Kontestu orokorrean, azken inkesta soziolinguistikoak euskal hiztun aktiboen galera handia baieztatzen du (horietarik gehienak 60 urtez goitikoak), hiztun pasiboen errekuperatze txikia, eta lehen mailako hiru euskalduntze sailen (publiko, pribatu katoliko eta ikastola) irakaskuntzan izen emateen emendatzea. Elementu negatibo eta positibo horiek guztiak ez dira batere konpentsatuak eta Iparraldea pauso handian hurbiltzen ari da UNESCOk hizkuntza bat galtzeko markatu dituen minimoetara. Baina, hori bezain kezkagarria da gure lanean, murgiltze sisteman eskolatuak ez diren haurren euskararen erabilera eskasa sentitzen dugula egun guztiz.
Ikus ditzagun zenbakiak: aurtengo ikasturtean gure lurraldean eskolatuak diren 45 579 ikasleetarik %21,7ek (9.891) ditu materia edo oren batzuk euskaraz. Onar diezaiegun «optimistei» zenbakiak hobetuz doazela eta gaur egun lehen mailan izen emateen ehunekoa %35,5ekoa dela. Baina ohar gaitezen ere 35.688 haur eta gaztek ez dutela inolako kontakturik euskararekin haien eskolatzean. Eskaintza kontuan hartzen badugu, gaur egun diren 349 eskoletarik 219k eskaintzen du «zerbait» euskaraz. Eta «zerbait» erraiten dugu, horien artean 2.732 ikaslek «aukerako ikasgaia» dutelako euskara, hau da, oren batzuk astean, ainitzez gutxiegi dena. Beste 2.040k ikastolek eskaintzen duten murgiltze sistemaren bidez dute euskarazko irakaskuntza. Gelditzen diren 5.562etatik zenbat dira gaur egun haien eskolatze mailak eskatzen duen mailan idatzi eta mintzatzen direnak euskaraz? Ez dakigu. Ez da behar litzatekeen ebaluazio sistema nahikorik.
Baina Euskal Irratietatik, egun guztiko lan arlotik, gure mikroak ematen digun segurtasunetik, errealitate arrunt kezkagarria ikusten dugu.
Zein da gure geroa?
Ipar Euskal Herria euskararen irakaskuntzaren eskaintzaren inguruko eztabaida sakonean sartua da. Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Konfederazioak haien proposamenak aurkeztu dituzte. Hiru elkarteek (Seaska ikastolak, Euskal Haziak irakaskuntza katolikoa eta Biga Bai publikoa kanpaina horren bultzatzaile baita ere) OPLB-EEPren planaren ausardia falta salatu dute gogorki. Euskal Konfederazioak definitu duenaren gisako hipotesia hoberenean ere, 20 urte behar lirateke haurren %90 euskarazko irakaskuntzan eskolatuak izan daitezen, behar bezala prestatua den irakasleriarekin. 2026. urtean, azken inkesta soziolinguistikoak adierazi duen tendentzia segituz, zenbat euskaldun aktibo geldituko da lurralde honetan? Norbaitek ez badu 120 urte bizitzea segurtatzen duen sendagailua atzematen! Egoera biziki larria da Euskal Irratien ustez. Hipotesia positiboenean ere basamortuaren zeharkatze luzea genuke, gure entzuleak desagertuz joanen direlarik (eta ez irratigintzan txarrak garelako) eta entzule potentzialak oraino biziki gazteak izanen direlarik. Eta zer esanik ez, hipotesia txarrena kontuan hartuz, hau da, gaur egungo izen emate kopuruekin segituz.
Egoera horri aurre egiteko politika ausartago bat behar dute botere publikoek euskarari dagokionez. Gure hizkuntzaren ofizialtasunaren beharra garantizatuko lukeen politika, legedi batekin. Eskaintza ikastetxe guztietara hedatuko duen politika bat irakaskuntza mailan, aita-ama guztien eskaera segurtatuko duena eta haurrengan emaitza positiboak emanen dituena, hau da, denek gure hizkuntza ikasiko dutela. Hitz batez, irakaskuntza orokor eta kalitatezkoa. Gaur egun baino ainitzez medio gehiago ukanen duen politika bat. Politika koherente bat eta euskararen lurralde osoan koordinatua izanen dena.
Horregatik aurkeztu genuen lau irratiek joan den abenduaren 14an Kanbon urte bateko gogoetaren emaitza: Euskal Irratiak 2005-2010 deitu dokumentua. Garapenerako plan estrategiko bat, basamortuaren zeharkatzea hobeki eta elkartuago egiten lagunduko gaituena. Zeren gure historiako 25. urtebetetzea betetzear, Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Antxeta Irratiak harrotasunez begiratzen diogu gibelera egin den lanari eta beldurrez aitzinera gure geroa segurtasunik gabe ikusirik.
(STEPHANE ETXEGARAI , JOSE LUIS AIZPURUA ETA AGUS HERNAN Euskal Irratietako kideak )
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|