|
Euskararen normalizazioaren bidean, ezinbesteko tresna dugu euskaldunduko duen eskola... Baina... jarraitu aurretik, argi ditzagun terminoak. Eskolaz ari garenean, bere zentzurik zabalenean erabiltzen dugu "eskola" hitza; alegia, eskola publikoez, pribatuez, kontzertatuez, ikastolez, kolegioez, institutuez, lizeoez, lanbide heziketako eskolez, eskola politeknikoez, unibertsitateez, musika eskolez, arte eskolez... horietaz guztietaz ari gara.
Eta, terminoak argitzen hasita, jarrai dezagun langintza berean. Euskalduntzea ez dugu, noski, hizkuntzaren ezagutza hutsarekin lotzen, hizkuntza eta kultura, kultura eta hizkuntza, binomio banaezina baita herri nortasunaren eta norbanakoen identitatearen eraikuntzan. Hala ere, gaurko honetan, eta herren geratzen garela onartuta, "euskalduntze" terminoa hizkuntzaren alorrari lotuta erabiliko dugu nagusiki. Behin argitu beharrekoak argituta, harira! Hasieran genioen bezala, euskararen normalizazioaren bidean, ezinbesteko tresna dugu euskaldunduko duen eskola. Ez tresna bakarra, jakina; baina, zalantzarik gabe, nahitaezko tresna. Alabaina, gaur gaurkoz, ez daukagu horrelako tresnarik; ez behintzat ikasleriaren % 100aren euskalduntze funtzionala bermatzen duenik.
Behin eta berriro baieztatua eta argitara emana denez, Euskal Herriko eskoletan indarrean dauden hizkuntza politikek eta ereduek porrot egin dute beren oinarrizko helburua omen den euskalduntzean. Egindako azterketen emaitza objektiboen argitan, Euskal Herriko ikasleriaren % 75 ez da euskaldunduko. Hala ere, zoritxarrez, agortutako hizkuntza politika eta ereduek indarrean jarraitzen dute. Hezkuntza eta hizkuntza lege, dekretu eta abarren gainetik -edo... haien eskutik?-, eskolak ez du ikasleen euskalduntzea bermatzen. Ezbairik gabe, ikasleriaren euskalduntze funtzionala helburu duen politikak disposizio administratiboen bidez erretorika zabaltzeko estrategiari utzi eta, praktikan, euskalduntzea bermatuko duten baliabideak sortzeari ekin behar dio.
Bide horretan, Euskal Herriko aniztasun soziolinguistiko, ekonomiko eta kulturala oinarri, errealitate diferenteen beharrei erantzuna emateko aukera desberdinak eskainiko duen euskalduntzerako proiektu komuna eraikitzea ezinbestekoa dugu. Euskalduntzea helburu, euskal hezkuntzarako hizkuntza politika berria eta bateratua nahitaezkoa da. Proiektu irekia, tokian tokiko egoera errealean oinarrituz, eskola bakoitzaren eta guztien errealitate eta beharretara egokigarria izango dena. Ezinbestean, hezkuntzan eta euskalgintzan ari diren eragileen arteko elkarlanean eta adostasunean oinarrituko den politika berria. Horixe da azken urteotan euskal hezkuntza komunitatearen eta euskalgintzaren aldarrikapen nagusietako bat. Bistan denez, eskolaren bidezko euskalduntzea erdiesteko egiturazko aldaketen beharra nabaria da.
Gure aldetik, hiru irizpideren gainean oinarritzen dugu egiturazko aldaketa hori: Abiapuntua: Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza. Hori dela eta, euskal herritar ororen oinarrizko eskubidea da euskara jakin eta erabiltzea. Helburua: Euskara eskubidea dela aintzakotzat hartuz, belaunaldi berriek euskaraz bizitzeko aukera ziurtatuta izan behar dute. Tresna: Euskal Herritar orok behar duen euskaraz bizitzeko aukera ziurtatzeko, euskararen ezagutza funtzionala bermatuko duen eskola ezinbesteko tresna da. Alegia, Euskal Herriko ikasle guztiei beren bizitzaren alor guztietan euskaraz aritzeko konpetentziak ziurtatuko dizkiena. Horretarako, euskararen egoera minorizatutik abiatuta, ikasleak euskaraz hezi behar ditu eskolak, bizitzaren alor orotan normaltasunez aritzeko euskararen ezagutza bermatuz.
Agerikoa denez, hori guzti hori ez zaigu hezkuntza gaietan ardura duten administrazioen zerutik, berez, eroriko. Ohi bezala, jendartearen aldarrikapenak administrazioaren aurreikuspenen aurretik doaz; argi-urteak aurretik. Eta administrazioak ez dira horiei erantzuteko gai edo, are larriago, ez daukate erantzuteko borondaterik. Premiazkoa da, beraz, sakoneko aldaketaren aldeko presio soziala areagotzea Euskal Herri osoan.
Horixe da, hain zuzen, Bai Eskolak Euskalduntzeari! kanpainak bilatzen duena. Eskola eredu berri baten beharra mahai gainean jarri eta eztabaida soziala piztea. Hainbat eta hainbat eragileekin batera, Batasunak bat egin du kanpainak markatzen dituen helburuekin eta berau babesteko gauzatu den sinadura bilketarekin. Era berean, gure atxikimendua adierazi diogu egindako lan eskergari ginda jarriko dion maiatzaren 27rako iragarri den amaiera-ekimenari. Donostian egongo da Batasuna egun horretan ere ekimenari babesa emanez. Horregatik, hemendik, deialdi zabala luzatu nahi diegu Euskal Herritar guztiei eta, bereziki, ezker abertzaleko kide orori. Albora ezineko hitzordua daukagu maiatzaren 27an, arratsaldeko 5.30etan, Donostiako Bulebarrean. Maiatzaren 27an, Denok Donostiara! Bertan ikusiko dugu elkar.
(JOSEBA PERMACH, MARIJE FULLAONDO, ELI ZUBIAGA Batasuna alderdi politikoaren kideak dira)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|