![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Juankar Aretxabaleta Perez / Irakaskuntza / 2006-05-26 / 07:00
Luzaroan egindako lanari esker, eta hainbat herritarren antolaketa eredugarriari esker, Euskal Herriko eskola publikoetan irakaskuntza euskalduna martxan ipini da; murgiltze eredua martxan ipini da, eta XXI. mendean euskaraz bizi den eskola errealitate ezaguna da . Eta hau guztia, hezkuntza kudeatzen duten administrazioek ezarritako batzuetan eraso bestetan oztopo eta gainontzeko kasuetan babes falta nabaria egonagatik.
Ikastolak eta ikastetxe publiko euskaldunak izan gara azken urteotan herri sektore zabalekin batera, etengabeko lanaren bidez hizkuntza planteamendu honen egokitasuna praktikan erakutsi eta indartu dugunak. Bai eta planteamendu hau gainontzeko ikastetxeetan hedatzeko akuilu bilakatu garenak. Eta guztiontzat ezaguna da egun euskal jendartean euskarazko irakaskuntzak ezagutzen duen prestigioa. Hizkuntzaren eremuan esan daiteke, jarraitu beharreko eredua zein den argi erakutsi dugula. Murgiltze eredua da hain zuzen, euskalduna, Euskal Herriko ikaslea euskalduntzen duen eredua.
Baina zein da gaurko egoera? Euskalduntzen duen eredua zein den argi erakutsita ere, oraindik ere euskara normalizatu gabe dago irakaskuntzan eta hutsuneak Euskal Herriko lurralde guztietan pairatzen ditugu. Oraindik orain, Derrigorrezko Eskolaldia amaituta ikasleen bi heren maila arruntean euskaraz trebatzeko gaitasunik gabe ateratzen dira eskolatik.
Gure ustez, honen erantzukizuna argi dago non kokatzen den. Hezkuntza eskumenak dituzten Erakunde publikoak dira lege egokiak egin behar dituztenak: Frantziako Gobernua, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza dira herritarrok euskaraz treba gaitezen eskolak bete beharreko maila duina era egokian legez ezarri behar dutenak.
Euskal Herritarrok Hezkuntza Sistema Propioa lortu bitartean, hainbat lurralde babesik gabe eta erasopean egongo dira, eta gure hezkuntza eskubideak beteko dituen hezkuntza eredua definitu eta osotasunean aplikatzeko aukera baztertua egongo da.
Horregatik eman ditzagun pausoak Euskal Eskola Publiko Berrirantz eta Hezkuntza Sistema Propiorantz. Oraingoan pauso bat osotasunean euskalduntzen duen eskolarantz. Egin dezagun indarra Euskal Herrian hezkuntza eskumenak dituzten instituzioek behar diren legeak ezar ditzaten. Gaurko hizkuntza ereduen sistemak agortuta baitaude; datu ofizial ugarik horrela ziurtatzen du. Belaunaldi berriei euskararen transmisioa ziurtatu ahal izateko eskola planteamendu egokia behar dugu. Eta horretarako lege egokiak behar ditugu.
Instituzioei hau aldarrikatzeko, azken hilabeteetan Sortzen-Ikasbatuaz ikastetxe publiko euskaldunen elkartea, euskalgintza eta hezkuntzako beste 15 talderekin batera etengabe aritu da ikastetxe publikoetako guraso, ikasle, irakasle eta gainontzeko langileen sinadurak biltzen Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainan murgilduta. Eta paregabeko erantzuna jaso dugu.
Lana ez da amaitu ordea. Bihar, 2006ko maiatzaren 27an, azkeneko ahalegin bat egin beharrean aurkitzen gara Donostiara hurbilduz. Eskola publiko euskaldunetako kideok presente egongo gara gainontzeko eragile euskaltzaleekin batera. Azken finean, eskola komunitateko kide eta herritar guztiok eskolak euskalduntzearen alde indarra egin beharra daukagu eta Instituzioei lege duin bat eskatu behar diegu. Honetarako har dezagun parte 17:30ean Bulebarretik aterako den jai giroko manifestazioan. Euskarak merezi du horrelako ahalegina eta festa!
(JUANKAR ARETXABALETA PEREZ Sortzen-ikasbatuaz Elkartearen lehendakaria da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
Juankar Aretxabaletak erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |