![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2006-05-24 / 07:00
Igandean, aski egoki idazten duen kazetari baten artikulu batean hau irakurri nuen: "Hilaren 13an hartz baten gorpu hila aurkitu zuten mendian paseoan ari ziren hiru lagunek". Euskaraz gorpuak dira aurkitzen, ez gorpu hilak, hilik ez badaude ez baitira gorpuak.
Bizia galdu duen gorputza izendatzeko tradizio hoberena duen hitza hilotz da: Orotariko Euskal Hiztegian ikusten ahal denez Detxeparez gero maiz erabili izan dira hilotz(a) erori, hilotz(a) egon, hilotz(a) gelditu bezalako esapideak; orobat erabili izan da izenondo gisa, korde gabe erori zen bere alaba hilotzaren gainera gisakoetan, eta orobat, Ipar nahiz Hegoaldean, izen gisa, hilotza zerraldoan estalirik dakarte bezalakoetan.
Euskara batuan, berriz, bizkaierazko tradiziokoa zen gorpu hedatu zen. Uste dut espainolezko cuerpo-ren itzala erabakigarria izan zela gorpu-k, hilotz-en kaltean, izan zuen arrakastan. Zergatikoak gorabehera, kontua da gorpu erabat nagusi agertzen dela euskara batuan: Ereduzko Prosa Gaur aplikazioko 154 liburutan eta 370 artikulutan agertzen da. Dena dela ez du gorpu-k hilotz euskara batutik ezabatu: 93 liburutan eta 86 artikulutan agertzen da hilotz aplikazio berean. Eta ez dira gutxi bi hitzak erabiltzen dituzten idazleak.
Gorpu hil esapidea behin bakarrik agertzen da tradizioan, Añibarroren adibide batean. Eta ez dut uste euskara batuan inondik ere egokia denik, gorpua berez baita hila, Añibarroren adibidea gorabehera. Gorpu hil esapidea onartzekotan gorpu gorputz-en sinonimotzat onartu beharko genuke, tradizioaren joera erabat gaiztotuz.
Gorpu hedatu zen garaian, askotan entzun genuen gorputz ezin zela hilotzen -eta gorpuren- sinonimo gisa erabili. Eta arrazoia zuten hori ziotenek, baina erdizka, erabat normalak baitira tradizioan apeza etorri orduko gorputz zen bezalako esapideak.
(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
![]() | Inprimatu |
Josu Lavin / 2006-05-30 / 18:53
Esan digu Ibon Sarasola jaunak:
> Igandean, aski egoki idazten duen kazetari baten artikulu batean hau irakurri nuen: "Hilaren 13an hartz baten gorpu hila aurkitu zuten mendian paseoan ari ziren hiru lagunek". Euskaraz gorpuak dira aurkitzen, ez gorpu hilak, hilik ez badaude ez baitira gorpuak.
Ekarri duen aipua aski desegoki idatzirik da, zeren azkenengo hitza irakurri arte ez baita egoki ulertzen kazetari horrek adierazi nahi diguna. Baldin "lagunek" idatzi beharrean "lagun" idatzi balu ondokoa irakurri (sic) genuke:
"Hilaren 13an hartz baten gorpu hila aurkitu zuten mendian paseoan ari ziren hiru lagun".
Askozaz ere hobeki idatzi (sic) luke baldin egin balu honetara:
"Hilaren 13an mendian paseoan ari ziren hiru lagunek hartz baten gorpu hila aurkitu zuten".
"gorpu hila(k)" beste batzuek ere erabili izan dituzte, nola ikusten ahal den in google.
"Elur zuria" edo "ikatz beltza" esaten dakigun bezala, zergatik ukatu behar zaigu, bada, "gorpu hila" esan dezagun?
Adeitsuki
(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea da)
Erramun Gerrikagoitia / 2006-05-31 / 11:36
Ez al da asko interesanteago kommentatzea, komparatzea edo ere diskutitzea razionalki kin argudio konvinzenteak ea phrase bat -azken finean kommunikatzea, efektivoago informatzea- dago hobeto redaktatua hori delako phrasea ezi beste phrase parallelo bat ezen-ez kommentatzea, komparatzea edo diskutitzea irrazionalki ea detailletxo bat (quasi insignifikatea) da korrektua?
Horrela ez al da hobeto determinatu nahi izatea ze dago hobeto redaktatutua -informativoki prefosta- hau phrasea (kasurako, izkiriatua ganik akademiko numerario Ibon Sarasola):
"Hilaren 13an hartz baten gorpu hila aurkitu zuten mendian paseoan ari ziren hiru lagunek"
edo ostera dago (edo behintzat dagoke) hobeto redaktatua -informativoki prefosta- hau replika komparativo hau (kasurako, izkiriatua hak Josu Lavin):
"Hilaren 13an mendian paseoan ari ziren hiru lagunek hartz baten gorpu hila aurkitu zuten"
Goiko guzi horrekin komparaturik -eta ere deusekin komparatu gabe ere- ba al du zentzurik, burubiderik edo deus indarrik aritzeak gogoetakari ea dago ondo edo txarto edo relativoki permisible izkiriatzea -ez horregatio redaktatzea- gorpu hilak edo gorputz biziak? Adarrik ez jo. Apporta dezala bakoitzak ahal duena baina zeozer apportaturik positivo.
(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da)