|
Igandean, aski egoki idazten duen kazetari baten artikulu batean hau irakurri nuen: "Hilaren 13an hartz baten gorpu hila aurkitu zuten mendian paseoan ari ziren hiru lagunek". Euskaraz gorpuak dira aurkitzen, ez gorpu hilak, hilik ez badaude ez baitira gorpuak.
Bizia galdu duen gorputza izendatzeko tradizio hoberena duen hitza hilotz da: Orotariko Euskal Hiztegian ikusten ahal denez Detxeparez gero maiz erabili izan dira hilotz(a) erori, hilotz(a) egon, hilotz(a) gelditu bezalako esapideak; orobat erabili izan da izenondo gisa, korde gabe erori zen bere alaba hilotzaren gainera gisakoetan, eta orobat, Ipar nahiz Hegoaldean, izen gisa, hilotza zerraldoan estalirik dakarte bezalakoetan.
Euskara batuan, berriz, bizkaierazko tradiziokoa zen gorpu hedatu zen. Uste dut espainolezko cuerpo-ren itzala erabakigarria izan zela gorpu-k, hilotz-en kaltean, izan zuen arrakastan. Zergatikoak gorabehera, kontua da gorpu erabat nagusi agertzen dela euskara batuan: Ereduzko Prosa Gaur aplikazioko 154 liburutan eta 370 artikulutan agertzen da. Dena dela ez du gorpu-k hilotz euskara batutik ezabatu: 93 liburutan eta 86 artikulutan agertzen da hilotz aplikazio berean. Eta ez dira gutxi bi hitzak erabiltzen dituzten idazleak.
Gorpu hil esapidea behin bakarrik agertzen da tradizioan, Añibarroren
adibide batean. Eta ez dut uste euskara batuan inondik ere egokia denik,
gorpua berez baita hila, Añibarroren adibidea gorabehera. Gorpu hil esapidea
onartzekotan gorpu gorputz-en sinonimotzat onartu beharko genuke,
tradizioaren joera erabat gaiztotuz.
Gorpu hedatu zen garaian, askotan entzun genuen gorputz ezin zela hilotzen -eta gorpuren- sinonimo gisa erabili. Eta arrazoia zuten hori ziotenek, baina erdizka, erabat normalak baitira tradizioan apeza etorri orduko gorputz zen bezalako esapideak.
(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
- Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|