Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  'Gora Guipúzcoa!'

'Gora Guipúzcoa!'

2006-05-23 / 07:00 / Jonjo Agirre eta Iñaki Irazabalbeitia   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Lehengo maiatzaren 9an Madrilgo Kongresuan eginiko agerraldian hauxe esan ei zuen Pilar Untzaluk PSEren kongresukide arabarrak komunikabideetan agertutakoaren arabera: «la diversidad cultural, que se manifiesta a través del multilingüísmo, es una fuente de riqueza, no un problema». Hitz politak direla, zuzenak eta egokiak gainera, pentsatuko du irakurle despistatuak, baldin eta ez badaki, zein testuingurutan eta zer asmorekin jaulki ziren.

Kongresuko eztabaida EAEko herrialdeen izen ofizialaren inguruan zen, EAJren talde parlamentarioak 2004an aurkeztutako lege-proposamen baten harian. Lege-proposamenak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutakoak zituen oinarrian. Horietan, hurrenez hurren, hiru herrialdeen izen ofizialak Alava-Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa behar zutela izan aldarrikatzen zen.

Diputatu sozialistaren asmoa hauxe zen: Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusien erabakiari eta nahiari muzin egitea eta herrialde horien izen ofiziala bikoitza izatea Araban legez: euskaraz eta gaztelaniaz.

Jose Eugenio Azpirotz PPren diputatu gipuzkoarra ere antzeko bideetatik ibili zen. Kongresuko gainerako taldeek proposamena babestuko zutela adierazi zuten. Gauzak horrela, EAJk proposamena erretiratu egin zuen, PSOEk eta PPk elkar hartuta, ez zezaten proposamenaren jatorrizko asmoa eraldatu.

Euskaldunon hizkuntza-eskubideetan, behintzat, ados dira PSOE eta PP Estatuko bi alderdi nagusiak. Euskaldunona azpimarratzen dugu. Izan ere, arazorik ez zen egon bere garaian Girona edo Lleida eta Ourense edo A Coruña izen ofizial bakarrak izateko.

Bereziak gara euskaldunak, ez baititugu Estatuko gainerako komunitate linguistikoen eskubide berak. Zer egin dugu euskaldunok Estatuko gainerako komunitate linguistikoen eskubideak ere ez izateko? Horretarako ere, oinarrizko hizkuntza eskubideak ukatzeko, gatazka politikoak bereziak egiten al gaitu? Zein da batzuei eta besteei emandako tratu ezberdinaren arrazoia? Jarrera diferente horren errudun biolentzia ere al da? EAEko instituzioen erabakiak gutxiesteko eta gure herrialdeen izenak ere ezin ditugula erabaki argi uztea? Bigarren mailako herritarrak al gara gure erakundeen erabakiak kontuan hartzen ez direnez?... Irakurleak emango ditu erantzunak. Guk gerok beste arrazoi bat gehiago dugu, Espainiatik bereizi eta euskal estatua eraikitzeko. Gutxi izango bagenitu ere! Egia esan ez gintuzke harritu behar gertatutakoak ikusita euskal erakundeen erabakiek zein errespetu gutxi jaso izaten duten, sarri, Estatutu Berrirako proposamena eta arau fiskalak kasu.

Kongresuan gertatutakoak erakusten digu PSEren eta PPren kide askoren elebitasun orekatuaren eta antzekoen diskurtsoaren atzean zer dagoen benetan: euskararen berreskurapenaren bideari traba trabaren gainean jartzea, ez besterik. gaztelaniarekiko mendekotasun-egoerak irautea.

Alabaina, izango dute aurki PSOEko eta PPko diputatuek eleaniztasunaren aldeko beren diskurtsoa errealitatean aplikatzeko momentuan. Orduan ikusiko dugun zein punturaino eleaniztasuna ez den arazo eta aberastasuna den. Izan ere, Aralarrek legez besteko proposamena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean non eskatzen zaion Estatuko Gobernuari Estatuaren eleaniztasuna onar dezan eta aplikatzeko urratsak egiten has dadila, horretarako Konstituzioaren 3. artikulua aldatzeko abiaraziz non Estatuko hizkuntza guztien maila bereko ofizialtasuna onartuko litzatekeen. Horrek ondorio esanguratsuak izango lituzke: Estatuko ikurrek eleaniztasuna islatzea (Estatuaren izena, nortasun-agiriak, etab.); Gaztelaniaz besteko hizkuntza ofiziala duten komunitate autonomoetan diharduten estatuko funtzionarioek hizkuntza horretan jarduteko gaitasuna izateko neurriak hartzea; Estatuko instituzio amankomunek eleaniztasuna kontuan hartzea, etab. Legebiltzarrean PSE eta PPren legebiltzarkideek parada izango dute zein motako eleaniztasuna defendatzen duten erakusteko euskal hiritarrei, berdintasunezkoa ala mendekotasunezkoa; dibertsitatea ala uniformizazioa. Ikusitakoak ikusita, ez dugu esperantza handirik Aralarren proposamena babestuko dutenik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan antzeko proposamen bati baiezkoa eman ez ziotelako, oraindik orain.

Bien bitartean, Gora Gipuzkoa, beti ere.


(JONJO AGIRRE MARTÍNEZ eta IÑAKI IRAZABALBEITIA FERNÁNDEZ Aralarreko Hizkuntza Politikarako lan taldeko kideak dira.)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Jonjo Agirrek eta Iñaki Irazabalbeitiak erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)


Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com