![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2006-05-17 / 07:00
Artikulu sail honetan guztian ez dut inoiz erabili Euskara batuaren ajeak liburuan ukitu nuen gairik. Salbuespen bat egin nahi dut, idazle frantziarrak bezalako joskerak direla-eta Gotzon Garatek Argian idatziriko artikulu bati buruz Eibar aldeko forum batean irakurri ditudanak bultzaturik.
Gure literatura tradizioa ezagutzen dutenek badakite frantziar idazleak joskera euskalki guztietan alde handiz nagusitzen zaiola idazle frantziarrak joskerari. Baina, nahiz ezaguna izan, nagusitasun hori ez zegoen inongo ikerketa zehatzetan finkatua. Gaur egun, ordea, Xabier Alberdik "-tar atzizkia: tradizioa eta erabilera berriak" Espezialitate-Hizkerak eta Terminologia: Jardunaldia (Bilbo, 2003) liburuan argitaraturiko artikulu jakingarrian, kopuru zehatzetan jarri du joskeron arteko aldea: %83,2 frantziar idazleak bezalakoentzat, %16,8 idazle frantziarrak bezalakoentzat. Beste kontu bat da -tar persona izen bati dagokionean: Alberdik adierazten duenez askoz ugariagoak dira tradizioan Pernando Amezketarra modukoak (121 agerraldi) Amezketar Pernando modukoak baino (23 agerraldi).
Beti izan dira nagusi euskaraz, ahoz nahiz idatziz, frantziar idazleak motakoak. Eta gaur egun ere hori da nagusi, G. Garatek erakutsi duenez, beti hitz egin den bezala hitz egiten dutenen artean. Eta erabat nagusi izaten jarraitzen du Iparraldean, bai –tar bidez eraturiko jentilizioetan, eta bai bestela eratutako herritar izen guztietan. Hori ikusi nahi duenak aski du frantses, aleman edo amerikano hitzei begiratzea Ereduzko Prosa Gaur aplikazioan eta Astekari euskaldunak atalean eta Iparraldeko idazleenetan klik egitea, Bush amerikano presidentak, frantses gobernuaren, aleman lehen ministroak bezelakoak, edo espainiar konstituzioaren eguna, Chevarnadze georgiar lehendakariaren alaba bezalakoak ehundaka irakurtzeko.
Baina etorri dira gero –Hegoaldean, noski– tradizioa eta erabilera erreala baino nahiago dituztenak beren teoria edo apeta pertsonalak, eta etorri dira kontsignak eta segizioak eta segiziokoak, eta hasi dira hedatzen idazle frantziarrak bezalakoak. Eta, okerrago dena, arrakasta nabarmena izan dute berrikeria horiek euskara batu berri honetan, batez ere bigarren mailako idazleen artean (aipatu beharrik ba al dago Koldo Mitxelenak, esaterako, beti frantziar idazleak joskera erabili zuela?).
Eta orain, norbaitek azaltzen badu idazle frantziarrak bezalakoak direla betidaniko joskerak, hor hasten dira forumetan bazter-nahasletzat eta berrikeria-proposatzailetzat salatuz, hain zuzen, betiko erabilera azaltzen eta defendatzen ari dena.
Uste dut ordua dela kontuak bere onera ekartzeko: frantziar idazleak idazten duenak beti idatzi denari eusten dio eta Iparraldearekiko betidaniko batasuna atxikitzen du; idazle frantziarrak idazten dutenak, berriz, –eta esan behar dut harrigarria gertatzen zaidala puntu honetan BERRIAren jokabidea– ez dakit zertan ari diren.
Ez da zuzena Euskaltzaindiak biak onartzen dituela esatea. Euskaltzaindiaren Euskal Gramatikako baieztapenek ez dute inondik ere gomendio indarrik: azalean bertan ikus daitekeenez, lehen urratsak baino ez dira. Eta gramatikako azken liburukiak oso seguruak badira ere ezin da beste horrenbeste esan lehen liburukiez. Bestalde, beti erakutsi izan du Euskaltzaindiak azken urteotan frantziar idazleak joskera motaren aldeko joera: azkenengo aldiz duela oso gutxi, Europar Batasuna –eta ez Batasun Europarra– araua eman duenean.
Eta hori da guztia. Hortik aurrera, bakoitzak nahi duena egin dezake eta nahi duena egingo du, jakina. Baina ez erabilera onaren edo Euskaltzaindiaren izenean.
(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
![]() | Inprimatu |
Inazio Barquero / 2006-05-17 / 12:37
Eta, frantziar idazleak ez al da berrikeria? Galdetzen dut, ez bainago ziur eta ez baitut daturik hori baieztatzeko. Guk, Tolosaldean (edo Toloserrian, nahiago baduzu), babarrunei, Tolosako babarrunak deitzen diegu, eta ez tolosar babarrunak. Jakina, esaten dugu halako edo halako tolosarra dela, baina ez hura nire tolosar laguna dela.
Esan nahi dut, (t)ar bukaerako hitz horiek ez ditugula izenondo moduan erabiltzen; agian izenlagun gisa bai, tolosar(-)jendea eta horrelako joskeretan; baina, uste dut hori beste kontu bat dela.
Nik behintzat ez nuke sekula esango honelakorik: hori nire lagun tolosarra da; nire laguna tolosarra (Tolosakoa) da, bai; baina beste hori ez…
Ondo izan,
Inazio
Txomin Peillen / 2006-05-18 / 11:37
Ibon. Batzuen gogoan ustekeria sartu da izen lagunak beti izenaren atzetik behar duela egon eta gaztelaniaren kalkoz sartu zitzaizkigun Botanika hiztegia idazteko ordez hiztegi botanikoa eta beste. Euskaltzaindiak mailegu izenak onartu zituenean ez zuen esan izen lagunek, espainol itxura hartu behar zutela eta beti iko, -al,-ario eta beste gaztelaniazkoak hobe zirela eta hala uste dute zenbaitek errazago ikasiko dela gure hizkuntza espainol atzizkiekin eta izenlaguna beti ondotik ipiniz. Aspaldiko gaitza da, baina dirudienez idazle frantziarrak partida galtzen ari zaizkigu. Ikusarte.
(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Josu Lavin / 2006-05-18 / 13:57
Esan digu Txomin Peillen jaunak:
"Batzuen gogoan ustekeria sartu da izen lagunak beti izenaren atzetik behar duela egon eta gaztelaniaren kalkoz sartu zitzaizkigun Botanika hiztegia idazteko ordez hiztegi botanikoa eta beste."
Nire iritziz hain "gaiztoa" den gaztelanian "diccionario de botánica" gehiago erabiltzen da "diccionario botánico" baino.
Eta geroago esan digu:
"Euskaltzaindiak mailegu izenak onartu zituenean ez zuen esan izen lagunek, espainol itxura hartu behar zutela eta beti iko, -al,-ario eta beste gaztelaniazkoak hobe zirela eta hala uste dute zenbaitek errazago ikasiko dela gure hizkuntza espainol atzizkiekin eta izenlaguna beti ondotik ipiniz. Aspaldiko gaitza da, baina dirudienez idazle frantziarrak partida galtzen ari zaizkigu. Ikusarte."
Seguru al dago Peillen jauna -iko, -al eta -ario atzizkiak gaztelaniazkoak direla huts hutsean? Ez al daki ezen ez direla "espainol atzizkiak", baina espainolez ere erabiltzen diren nazioarteko atzizkiak direla?
Ibon Sarasola eta Txomin Peillen jaunen USTEKERIA zeharo perbertsoa begitatzen zait. Ez al dira existitzen FRANTSES IDAZLEAK eta IDAZLE FRANTSESAK?
Gaztelania' frantsesa baino gaiztoago al da, ala? Zertan?
(JOSU LAVIN CAMPO, Herri Ikastetxeko Irakaslea da)
Inazio Barquero / 2006-05-18 / 17:12
Peillen jauna,
Barkatu eztabaida akademiko edo akademiko-eztabaida honetan muturra sartzera ausartzeagatik, baina uste dut (agian ustekeria izango da) oker zaudela: nik ez diot inori entzun esaten izenlagunek izenaren atzetik joan behar dutenik, eta are gutxiago izenondoek izenaren aurretik. Hor ez dago eztabaidarik: izenlagunek izenaren aurretik joan behar dute; izenondoek, berriz, atzetik, eta hori ez du inork ukatzen.
Kontua da guretzat, hegoaldekoentzat (hegoaldetarrentzat), gauza berria dela izen batzuk izenlagun gisa erabiltzea: niretzat, frantziar edo frantses izenak dira, eta ez izenlagunak, eta ez ditut izenekin lotzen. Idazle bat Ipar Euskal Herrikoa bada, labur beharrez, Iparraldeko idazlea dela esango dut, eta ez iparraldetar idazlea edo idazle iparraldetarra.
Amaitzeko, esan behar dut ez dudala gogoko ustekerietan sinestea edo pellokeriak esatea; baina, are gutxiago, akademikoei koipe ematea.
Inazio