 |
Eguneroko mintzajarduna indartzea du euskarak osasun-biderik sendoena |
 |
2006-05-16 / 07:00 / Euskaltzaindia |
BESTELAKOAK |
|
MIkel Zalbide euskaltzain oso izendatu berriak garbi dauka euskararen sendabidea nondik etorriko den: "Eguneroko mintzajarduna, aurrez aurreko solaskideen gatz-piperrez oraturiko berbakera bizia, hori izan ohi da nonahi hizkuntzaren bihotz eta hauspo. Mintzajardun hori indartzera datozen ekimenak, batez ere bere buruari eusteko eta belaunez belaun transmititzeko gai direnak: horiek dira gure hiztun-herriaren osasun-bide sendoenak. Horien arabera antolatu behar genituzke gure lehentasunak eta ekimen-saioak, euskara indarberritu nahi badugu".
Orain euskaltzain oso izendatu zaituzte, baina 1983az geroztik urgazle izan zara. Iker eta Jagon sailetan ibilia zara, Orotariko Euskal Hiztegiaren proiektuaren sorreran lan handia egin zenuen.
Egia da, diozun moduan, etxea lehendik ere ezaguna dudala. 1976 inguruan izan nituen lehen harremanak, Euskaltzaindiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren ganbara-partean zuen egoitza xume baina bizi hartan. Laurogeiko hamarkadan, batez ere 1983tik aurrera, lotura-bide zuzena izan nuen Akademiarekin: bai urgazle gisa eta bai Herri Aginteen (batez ere Hizkuntza Politikarako Idazkaritzaren) eta Euskaltzaindiaren arteko antolamendu-lanetan. Barruko lanari dagokionez, Hiztegigintza-batzordean izan nuen parte-hartzerik biziena. Jagon sailean ere, neurri apalagoan, parte hartu nuen. Batzordearen idazkari izana naiz bietan.
Hori guztia egia izanik ere, bistan da besterik dela euskaltzain oso gisa hileroko bere jardunean eta aldian behingo erabakietan parte hartzea. Gauza berria da hori niretzat, eta oraingoz entzutea, ikustea eta ikastea dagokit.
Euskararen esparruan, terminologia teknikoari eta zientifikoari dagokionez, ez da txikia orain arte eman den aurrerakada. Zer geratzen da egiteko eta zein izan daiteke Euskaltzaindiaren ekarpena?
Errazena egin da orain arte: jakintza-atal jakinetako hitz-zerrendak eta definiziobideak prestatu dira, eta hiztegi edo glosario modua eskaini. Orain dator zailena: paperean (gehienetan elkarren lehian) ezarrita dauden hitzak eta hitzarteak hiztunen (hitz horien beharrean dauden profesionalen) ezpain-lumetaratzea. Lan gaitza da hori. Hizkuntzalaritzaren eta lexikografia teknikoaren mugak gainditzen dituena, nolanahi ere. Hitz bat aurrera aterako bada (edota ustez hobea den beste batez ordezkatuko bada) gizarte-ingurumenezko baldintza jakinak behar dira: profesional horiek hitz horien beharra sentitu behar dute, batetik (eta horretarako, jakina, euskarazko jardunak bere lekua eta ohitura eskuratua izan behar du esparru horretan); bestetik, proposatu zaien hitza gustukoa izan behar dute profesional horiek, buruz ikasia eta beren mintzajardunean ongi txertatua; eta horren guztiaren ondorioz, azkenik, luze-zabaleko adostasunez erabili behar dute, eta (partez bahintzat) belaunaldi gazteagoetara transmititu. Hori guztia gabe, ezer gutxitarako dira era bateko edo besteko terminologia tekniko-zientifikoak.
Ikusteko dago, Euskaltzaindiak zer leku izango duen esparru horretan. Orain arte behintzat, beste eginkizunetan izan ditu bere lehentasunak.
Hizkuntza "boteretsuen" eta gutxituen arteko harremana. Non dago gakoa? Zure ustez, zelan ziurtatuko dugu euskararen etorkizuna?
Ahuldutako hizkuntza da euskara, alde askotatik begiratuta. Neurri llaburreko hiztun-elkartea gara aspaldidanik, hasteko. Gizarte-berrikuntzaren eta urbanizazioaren ondorioz erdaldun elebakarrekin (edo erdaraz diharduten hiztun-idazle elebidunekin) gero eta nahastuago bizi gara, eta euskarazko harreman-sareen trinkotasunean eta kontzentraziomailan eragin bizia du horrek. Erdarak (batak zein besteak) euskararen espazio fisiko osoa bereganatua du joan den mendean, aldi berean euskara hutsezko hiztun-taldeak (ohiko funtzio-esparru guztietan euskara hutsez ari direnak) desagertu egin direlarik eta euskararen nagusitasunezko lurralde-esparrua murriztuz joan delarik.
Belaunez belauneko transmisioan galera nabarmenak izan ditu hizkuntzak azken berrehun urtean. Eta, hori guztia aski ez balitz, espazio soziofuntzionalean (onerako eta gaitzerako) hain nabarmen markaturik genuen konpartimentazioa (hots, diglosia) ia erabat galdu dugu azken berrogeita hamar urtean: behinolako diglosia horren arabera idatzizko esparru gehienean, ikasketen eta agintaritzaren jardun-esparru formalean eta goi-mailako status sozialari loturikako harreman-sareetan erdara izan ohi zen jaun eta jabe; hitzezko jardunean eta etxean, familian, auzoan eta lagunartean, herri-bizitza hurbilean eta ohiko lan-esparruan, aldiz, euskara izaten zen aurrez aurreko harreman gehienetan nagusi. Moldaera hura apurtu egin da, ia erabat, eta diglosiarik gabeko elebitasunaren bidean barrena goaz, gero eta azkarrago: lagun arteko hitzaspertu lasaiak, maitasun-hitzak eta gorrotoak, txisteak eta haserreak erdaraz azaltzen dizkiogu elkarri (are euskaldunon artean) gero eta sarriago. Aldiz, lehen ez bezala, medikuntzaz eta linguistikaz, filosofiaz edo fisika nuklearraz tesi doktoralak euskaraz egiten dira orain, edota Kant-en lanak zein sona handiko filmak euskaratzen.
Gure hizkuntzaren salbamena goi-mailako zabalkunde horretatik datorrela uste izaten dugu sarri. Bistan da, jakina, kalterako ez direla saio horiek. Eguneroko bizibide arruntean geure arnasgune segurtaturik (euskaldunok egunez egun osaturik eta erdal munduak kontsentsualki onarturik) ez dugun artean, ordea, nekez ekar dezake gorabide horrek, euskararentzat, probetxu handirik. Espazio soziofuntzionalen garrantzia ez da gutxiestekoa. Irakaskuntzaren alorreko saioa, hainbat aldetatik ezinbestekoa, motz gelditzen da hizkuntzaren espazio soziofuntzional barrenkoi-intimo hori segurtatzeko orduan, eta oso motz bere eragina (etxetik erdaldun diren umeekin ari delarik) hartara zabaldu nahi duenean. Irakasle-jendeak daki, inork baino hobeto agian, egia horren berri.
Eguneroko mintzajarduna, aurrez aurreko solaskideen gatz-piperrez oraturiko berbakera bizia, hori izan ohi da nonahi hizkuntzaren bihotz eta hauspo.
Mintzajardun hori indartzera datozen ekimenak, batez ere bere buruari eusteko eta belaunez belaun transmititzeko gai direnak: horiek dira gure hiztun-herriaren osasun-bide sendoenak. Horien arabera antolatu behar genituzke gure lehentasunak eta ekimen-saioak, euskara indarberritu nahi badugu.
Europako Parlamentuak ateak itxi dizkio euskarari, baita katalanari eta galegoari ere. Zein da honi buruzko egiten duzun balorazioa?
Aurreko puntuan erantzunik diot, neurri on batean, oraingo galdera honi. Zerbait eranstekotan, zera esango nuke:
- 1) Plano politiko-juridikoan hartzen diren erabakiak garrantzitsuak dira, noski: bai berez sor dezaketenagatik eta bai, bereziki, lehendik eskuratua dagoen status baten aitormen gisa duten balio sinboliko eta operatiboagatik.
- 2) Luzera begirako ondorio efektiboak ekartzen dituzte ordea, ekartzen dituztenean, horrelako ekimen gehienek. Gaisotasun larrian dagoenak, berriz, berehala nahi eta behar du osagarria.
- 3) Euskararen egungo osasun-egoera kontuan izanik badago aurreragoko, egingarriagoko eta eragimen biziagoko zereginik: hirugarren puntuan zentraturiko langintza sendo eta jarraikia, batzuek eta besteek ahal den neurrian adostua eta ebaluazio-lanetan oinarrituz hobetua, hori dugu lehentasunezko esparrua. Hor aurrera egiten badugu, Europako aitormenak ez dira urruti ibiliko. Hori gabe, aldiz, alferrik ditugu kanpoko aitormen guztiak.
___________________________________________________________
- Estreinakoz Euskaltzaindiaren Plazaberri agerkari digitalean argitaratua, 2006ko maiatzean.
Mikel Zalbidek erabili.com-en argitaratuak (ikusteko gainean sakatu)
|
Erantzun |
| |
 |
| «Benetan hizkuntza bat ez da bizi, bizi garenak hiztunak gara» |
 |
2006-05-16 / 07:00 / Ion Muñoa - Goierriko HITZA |
|
«Euskara erabiltzen duen hiztun-talde horrek, hiztun talde gisa bizirik jarrai dezan zein behar dituen aztertu behar da», euskaltzainaren ustez
 | | Mikel Zalbide euskaltzaina ARGAZKIA: Goierriko HITZA | Mikel Zalbide (Donostia, 1951) Euskaltzaindiaren 24 eserlekuetako bat okupatzen duen euskaltzain osoa da joan den apirilaren 27az geroztik. Donostiarra den arren, azkeneko hamar bat urtean Zeraina etortzen da tartetxo bat hartzen duenenero; asteburu eta jai egun, Zerain aldean ibiltzen da familia eta lagunekin. Gaztetatik hasi zen euskalgintzan, «kasualitatez» bere esanetan. Garaiko Donostiako ikasketa aukerak zirela-eta, ingeniaritza ikasi zuen. Baina zenbaki hutsek asetzen ez nonbait, eta garaian euskara ikastoletan sartzeko zegoen beharrak eraginda eta Donostiako euskal giroan sartuta, ingeniari ikasle batzuk bildu eta Elhuyar lan taldea sortu zuten beren gaiak euskaraz lantzeko. Hala hasi zuen Zalbidek euskalgintzako ibilbidea. 1981 urteaz geroztik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa saileko Euskara Zerbitzuaren buru da. Eta horrez gain, euskarari lotutako hainbat alorretan aritu da lanean. Zeraingo lasaitasunean, euskaraz eta Euskaltzaindiaz aritu gara.
Orain dela 15 egun izendatu zintuzten euskaltzain oso. Ordutik hona zertan aldatu da zure bizimodua?
Prentsarekiko harreman handirik ez dut izaten nik normalean, eta oraingoan horrelako zaparrada moduko bat izan dut. Astearte batez, goiz eta arratsaldez izan nintzen prentsarekin eta ordutik hona, gehiagotan ere deitu didate. Orain arte, aldaketarik handiena prentsarekiko harreman hori izan da.
Euskaltzain oso orain izendatu zaituzte, baina 1983az geroztik zara euskaltzain urgazle. Zein da ezberdintasuna?
Euskaltzain urgazle edo laguntzaileok Euskaltzaindiaren batzorde eta azpi-batzordeetan parte hartu izan dugu, dakigun alorrean, dakigun hartaz gure argitasunak ematen saiatuz. Gainerakoan, erakundearen eguneroko eta hilez hileko jardueran ez dugu partehartze zuzenik izan. Eta euskaltzain oso izateak hain zuzen horretan du aldea, hileroko bileretara joan eta bere ohiko jardueran partaide izatea. Azken erabakitze maila hori euskaltzain osoen alorrekoa da eta beraz hor dagoela esango nuke batzuen eta besteen arteko muga.
Zeintzuk dira gaur egun euskararen behar nagusiak?
Guztiok esaten dugu euskararen beharrak zein diren, euskararen ahalmenak zein diren eta euskararen etorkizuna zein beharko lukeen... Funtsean hori modu sinple bat da esateko euskaldunon beharrak, hiztun gisa, zein diren. Hau da, benetan hizkuntza bat ez da bizi. Bizi garenak hiztunak gara; hizkuntza hori ere erabiltzen dugun hiztunak. Eta hiztun-talde horrek, hiztun-talde gisa, bizirik jarrai dezan beharrak zein diren aztertu behar izaten dira, baldin eta benetan hizkuntzaren beharraz zentzu soziologiko batean hitz egin nahi bada. Euskaldunok joan den mende honetan, izugarrizko aldaketak izan ditugu gure gizartean. Oro har kaletartu egin gara, oro har esan nahi dut, gaur egun euskaraz mintzo den bostetik lau kale giroan bizi baita. Kalegiroa esaten baldin badugu, bost mila biztanletik gorako nukleoak esaten ari gara. Ez gara herri txiki eta baserrietan bizi, estatistikoki. Batez ere, aldaketa hori XX. mendean gertatu da. Horrek esan nahi du euskaldunok eta euskaraz ez dakiten erdaldunak, edo euskaraz gutxi-asko jakin arren normalean erdaraz egiten dutenak, (eta ikuspegi funtzional batetik, beraz, erdaldun dira horiek ere), batera bizi garela. Euskaldunok eta erdaldunok elkarrekin bizi gara, elkarren pegante. Eta gure jardunean etengabe, euskaldunok, biziko bagara, eta gizartean aurrera egingo badugu, erdaldunekin bizi behar izaten dugu. Aldaketa hori handia izan da. Eta horrek hiztunoi, hiztun gisa funtzionatu ahal izateko behar berriak sortzen dizkigu. Kolektibitate moduan horrek plano guztiak aldatu ditu eta neurri batean lortu da berez horrek zekarren galerari halako freno bat jartzea, eskola bidez eta komunikabideetan egiten ari garen saioen bidez eta... Baina bistan da hori ez dela seguru dagoen gauza bat. Horrek atzera egiten jarrai dezake edota, horri frenoa erabat eman eta gainera, bere etorkizuna segurtatzeko bideak jar daitezke. Hori da nolabait ere ikusi beharko litzatekeen kontua.
Zer egin daiteke orduan, errealitate honetan, euskaren etorkizuna segurtatzeko?
Hizkuntzak, zentzu horretan, hiztunon eguneroko jardun bezala, etorkizuna izan dezan, nik uste, orain arte jorratu diren esparruez gainera bestelako esparruak landu behar direla. Orain, azkeneko 30 urtean baino ondotxoz atentzio handiagoa eskaini behar diogu gure bizileku inguruari; bai etxeari, bai auzoari, bai herri bizitzari. Neurri batean, euskalgintzak herrigintza edo auzogintza bihurtu behar du. Pentsatzea umeak eskoletara bidali eta han euskara ikastearekin horiek hazten direnean euskaldun peto izango direla eta euskarazko gizarte bat osatuko dutela, lehen agian posible zen, proba egin gabe geundelako. Orain proba egin dugu. Orain ez dugu eskubiderik horretan pentsatzen jarraitzeko. Eta gainera, pittin bat kanpoko beste esperientzien berri ikasi dugun neurrian, badakigu beste lekuetan ere berdin gertatzen dela. Horrek bakarrik ez du balio. Eskola eta horren inguruko bestelako liburugintzak, literatura eta prentsa euskaraz izatea mesederako dira, dudarik ez dago. Horiek beharrezkoak dira, baina horiek ez dira aski. Eta beste era bateko formulazioetara pasa beharra dago, eta neurri batean gure bizilekuak, ingurune hurbil horiek eta gure lan-esparruko harreman minimo batzuk euskaraz nola taxutzen diren edo nola segurtatzen diren edota galduta dauden lekuetan nola berreskuratzen diren planteatu beharra dago. Hor daude euskararen gerorako behar-izan handienak eta nik uste Goierrin ere halatsu dela.
Goierriko "euskerea" nola ikusten duzu?
Oro har, Gipuzkoako (eta seguruena Euskal Herriko) fenomeno nagusien bide bertsutik dabil. Goierri ez da beharbada Urola bezain euskalduna, baina oro har bada Gipuzkoan eskualde euskalduna, eta Gipuzkoa Euskal Herriko euskaldunena denez, lasai esan dezakegu orain ere, Goierri lekurik euskaldunenetako bat dela. Garai batean izan zitezkeen mugak Goierrin, eman dezagun Zumarraga eta Beasain alde batetik eta beste herri txikien artekoak bestetik, baina muga horiek galtzen ari dira seguru asko. Eta gaur, Zumarraga eta Beasain ez dira orain dela hogeita hamar urte bezain erdaldunak izango eta Ataun eta Zegama ez dira hain euskaldunak izango. Baina, oro har, nik ez dut ikusi azkeneko hamar-hamabost urtean hizkuntzak galerarik daukanik.
- Estreinakoz Goierriko HITZA berripaperean argitaratua, 2006-05-14an.
|
|
Erantzun |
|