Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskararen erabilera epaiketagai

Euskararen erabilera epaiketagai

2006-05-15 / 07:00 / Esteban Umerez Argaia   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Legelari euskaldunek osatutako Justizian Euskaraz Elkarteak honako adierazi nahi du epaitegietan, euskararen erabilerarekin zerikusia duten azken gertakarien aurrean:

Sarrera : Bilboko 4. Zigor Epaitegian, 403/2005 zenbakidun Prozedura Laburtuan A.B.L., autoritateari obedientzia eza larria deliktuaren egile gisa zigortu berri izan da, (Egintza: beste auzi saio batean-Bilboko 5. Zigor Epaitegiko 117/2004 auzia- lekuko gisa deklaratzera deitua izan zen A.B.L. eta euskaraz hitz-egin nahi izan zuen arren, itzultzaile-interpretaririk gabe, epaileak itzultzailea onartzera behartu zuen, honek muzin eginez)

EPAITEGIETAN, EUSKARAREN ERABILERAREKIN ZERIKUSIA DUTEN AZKEN GERTAKARIEN AURREAN, “JUSTIZIA EUSKARAZ” ELKARTEAK HONAKOA ADIERAZI NAHI DU:

Lehenenegoa: Gure Elkartea, aipatu auziari buruzko informazioa aztertuta, gaia ez dela berria adierazi nahi du. Tamalez.

Euskara ofiziala ere baden epaibarrutietan, euskara, gazteleraren pareko erabili nahi izateak dituen ezinak aspaldikoak dira eta kalteak, galantak. Hori ez da berria. 1982. urtean azaroaren 14ko 10/1982 Legea (“euskararen erabilpena arauzkotzeko oinarrizko legea”) onartu zenetik, aurrerapausu estrukturalik eratzen sikiera ez da saiatu egiten Justizia Administrazioan.

Bigarrena: Itzulpena ez da bidea: edozein arrazoiagatik justizia administrazioaren aurrean agertu behar duenak euskaraz jardun nahi badu, itzultzaileen bidez aritzea da aukera erreal bakarra, gaur egun. Itzulpena ez diren beste bideak martxan beharko lukete egon 2006. urtean, plangintza oso eta osatu baten barruan (esate baterako, euskaraz osoki jarduteko epaitegien eraketa).

Hirugarrena: Zigor Kodearen bitartez konpondu nahi dute ofizialtasun teoriko eta legezkoaren benekotasun gabezia. Eta horrek ez luke kabidarik izan behar, ustez, aurrerakoia, integratzailea eta anitza den Estatu batean. Zigorra ez da bidea.

Laugarrena: Bilboko 4. Zigor Epaitegian gertatu dena ez da justua, ez da arrazoizkoa eta Zuzenbidekoa, Soziala eta Demokratikoa den Estatu batekin ez dator bat. (Zer gertatu da? Asier Basabe Lejazegiren delitua, bera lekuko gisara deitutako auzi-saioan epaileak itzultzailea derrigorrez erabiltzeko aginduari itzultzailerik onartuko ez zuela erantzutea izan da, argi utziz, euskaraz, bestela, deklaratuko zuela. Sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote. Askatasun gabetzea, alegia.). Bide batez adierazi, Bilboko 3. Argibide Epaitegiak, Olatz Berrojalbiz Intxaurbe zigortu berri du “agintaritzaren agenteei desobeditze-falta” batekin (hamar isun-eguneko zigorra, egun bakoitzeko sei euro ordaintzera) Ertzain batek identifika zedila eskatuta, honek euskaraz zuzentzeko eskatu zion agenteari, egin ez zuena, esaten ziona ulertzen zuen arren.

Bostgarrena: Larriak dira gertakariok eta are larriagoak ondorioak. “Justizia Euskaraz” Elkarteak deitoratu egiten dituela adierazi nahi du, garaiz kanpokoak izatearekin batera, indarreango legediaren interpretazio murriztaile eta kaltegarriena egiten du gaztelera erabiltzen ez duten beste hiritarrekiko. Euskararen normalkuntzarako plangintza integral eraginkor eta benetako baten premiaz ohartu nahi dugu. Garaia da Justizia Administrazioan ere euskararen normalkuntzaren aldeko benetako pausuak ematen hastekoa. Dagoeneko, berandu da.


(ESTEBAN UMEREZ ARGAIA abokatua eta JUSTIZIA EUSKARAZ Elkarteko lehendakaria da)

Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)


Esteban Umerezek erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com