![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2006-05-10 / 07:00
Lehengo egunean, euskal elkarte baten agerkarian "komatxo artean" esapidea ikusi nuen. Ez zen lehen aldia, jakina. Baina beti harritu nau zer dela eta esaten zaien "komatxo" komen tamaina ber-bereko diren zer horiei. Kontua areago aldrebesten da ikustean orobat "komatxo" erabiltzen dutela batzuek angelu moduko bikoitzak izendatzeko.
Frantsesez ez dago horrelakorik, bi ikur mota horiei guillemets esaten zaie. Ezta ingelesez ere: ingelesez quotations marks dira.
Iparraldekoen artean, Hegoaldeko oraingo hainbatek baino errespetu handiagoz erabiltzen baitute jeneralean hizkuntza, ez dut inoiz gillemetak edo antzekorik ikusi. Ezta hiztegietan ere: horietan kako, mako agertzen da batez ere. Hegoaldekoetan P. Mujikarenak kakotx ematen du.
Argi dago, alde batetik, bai kako-k eta bai mako-k adiera aski finkatuak dituztela, eta bestetik adiera horien izaeragatik beragatik nekez egokitu litzaikeela "komatxo"en adiera berria; kakotx askozaz ere gutxiago erabiltzen da, baina lausoegia da, agian, adiera hori hartzeko.
Eta erdal hitz bat klonatzekotan, nik ingelesezkoa klonatuko nuke dudarik gabe, eta aipu markak proposatuko: aipu markak ez da gillemetak bezala bitxia gertatzen, eta ez da aldrebesa eta arbitrarioa komatxoen gisa. Gainera, ongi egokitzen da harridura marka, galdera marka sailean. Eta aipu markak bereizteko, bakunak markatuko nituzke, ingelesaren bidetik orain ere, aipu marka bakunak erabiliaz ikur banakoak direnak adierazteko, eta aipu markak baliatuz, besterik gabe, bina ikurrekoak izendatzeko.
Bide batez, iruzkin bat egin nahi nuke kiroltasunez artikulua dela-eta Antton Elosegik idatzi zuenari buruz. Ez dut lehenago idazterik izan, gaixoaldi bat dela medio, eta, beldur naiz dagokion lekuan erantzuten badiot Anttonek berak ere ez duela irakurriko.
Esan dezadan lehenik Elosegirena dela, hain zuzen, artikulu bat idazten dudanean eragin nahi dudan erantzun mota. Kontu pare bat, dena dela:
Eta delako artikulua idatzi aurretik pare bat euskaldun petori –aipu marken artean– galdetu nien kiroltasun hitzaz; biei itxuragabea iruditzen zaie kiroltasunez jokatu zuten bezalako esaldietan.
(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
![]() | Inprimatu |
Txomin Peillen / 2006-05-10 / 11:53
Ibon:
(TXOMIN PEILLEN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
Alfontso Mujika / 2006-05-11 / 09:24
Zilegi du, noski, Ibon Sarasolak harritzea "komatxo" hitza ikusten duenean, eta zilegia eta osasungarria da, nola ez, proposamenak egitea.
Baina ni harritu egin naiz Ibon Sarasolarena irakurri dudanean, "komatxo" hitzaren nondik norakoaz aritzean ez baitu aipatu datu bat, nire ustez erabakigarria eta aipatu gabe ezin utz daitekeena:
"komatxo" hitza Euskaltzaindiak erabaki du, hau da, Hiztegi Batuan agertzen den hitza da (eta, bestalde, "kakotx hobe koma" dio Hiztegi Batuak).
Ez dakit erabaki hori hartu zenean zer eztabaidatu zuten edo ez zuten euskaltzainek, eta ez dakit Ibon Sarasolak zerbait esan ote zuen orduan, ezta Iparraldeko euskaltzainek zer esan zuten ere (Ibonek, bere artikuluxkan, ez digu argitzen nola esaten duten Iparraldekoek; eta berak, datu asko baititu, hori ez badaki, uste izatekoa da ez dela datu askorik izango inon). Nolanahi ere, zerbait esan edo eztabaidatu bazen edo ez bazen ere, kontua da Euskaltzaindiak "komatxo" onetsi eta erabaki duela euskara baturako.
Nik ere ez dakit zer erabiltzen duten Iparraldekoek, baina, Hegoaldean, datuek erakusten dute aski zabaldua dagoela "komatxo" hitzaren erabilera. Adibidez, idazle hauek erabili dute beren liburuetan (Ereduzko prosa):
Iñaki Segurola, Bernardo Atxaga, Itziar Laka, Patxi Zubizarreta, Joxerra Garzia, Aingeru Epaltza, Joxemari Urteaga, Hasier Etxeberria, Santi Iruretagoiena (eta Patxi Altunak "kako artean" erabili zuen).
Eta, horiek baino lehenago ere, hainbat aldiz erabili da, azken 20 urteotan behintzat, hala nola Euskaldunon Egunkariaren Estilo liburuan bertan, XX. mendeko corpus estatistikoan ikus daitekeenez. Eta, erabilera kuantitatiboari eta kualitatiboari dagokionez, Googlek hainbat datu ematen dizkigu. Adibidez:
Hitz bat finkatutzat noiz jo behar den, horra hor eztabaidagai polita. Hiztegigileak zer egin behar du, hizkuntza asmatu edo hiztunek erabiltzen dutena jaso? Galdera aproposa beste eztabaida baterako. Eta gaztelaniatik klonatutako hitzak onargarri bihurtzen noiz hasten diren ere oso eztabaidagai interesgarria da, zalantzarik gabe.
(ALFONTSO MUJIKA ETXEBERRIA Elhuyar Fundazioko zuzentzaile-taldeko kidea da)
Ibon Sarasola / 2006-05-13 / 10:03
Ni ere harritu naiz, Mujika adiskidearen bitartez jakin dudanean komatxo Hiztegi Batuan dagoela, eta, antza denez, ez naiz Euskaltzaindian harritu den bakarra.
Dena dela, argi dago lapsus bat dela, ez baititu Hitegi Batua ontzeko arauak betetzen: ez dago tradizioan eta ez du erdaratiko hitzen minimoa betetzen. Eta ez du Heg. marka, horrelako hitzak nahitaezkoa dutena: horrek berak garbi adierazten du kontrolei itzuri eginik sartu den hitz bat dela komatxo delakoa. Ez da horrelako bakarra Hiztegi Batuan.
Dena dela, komatxo agertzeak ez du esan nahi besterik ezin proposa daitekeenik. Hortxe dugu gaztelaniaz, idazkeraren mundutik atera gabe, cursiva hitza, bastardilla Espainol Akademiaren hiztegian egonagatik bere bidea egin duena, eta zaharrari nagusitu zaiona, antza.
Ildo beretik, ez da ahaztu behar Hiztegi Batuan komatxo agertzeak ez duela inor behartzen hitz hori erabiltzera. Eta -ohar bedi irakurlea Mujikaren lekukotasunen artean ez dagoela bakar bar Iparraldekoa- nik Euskal Herri osorako balio duen hitz bat proposatzen dut, besterik gabe; eta erdaraz cursivak izan duen arrakasta opa diet aipu markei.