|
Izenburuan ipini dudan esaldia ("Etxean zer ikusi, hura ikasi") da Gipuzkoako Buruntzaldeko udalen iniziatibaz modu pilotuan eskualdeko hainbat ikastetxetan martxan jarri den ekimena.
Ikasturte hau osorik hartu duen proposamena da, eta jadanik prentsaren aurrean azaldu bada ere, seguruenik ekaina izango da bere emaitzez hitz egiteko unerik aproposena. Hala ere, artikulu honetarako puntua jartzen didala iruditu zait.
Eskolak gero eta zeregin zabalagoa du haurraren heziketan. Gizartean, garaian-garaian pisua hartzen doazen gaien balioak eskolaren bidez transmititzen zaizkie gaztetxoei, eta eskola-curriculumean zehar lerro gisa lantzen dira.
Horrela haurrek -eskolan ikasita- erakusten digute gurasooi kanila ez dela irekita utzi behar hortzak garbitzen ditugun bitartean; plastikoak plastikoarekin jarri eta ontzi berezietara bota behar ditugula edota eskolara oinez joatea, ahal denetan behintzat, egokia dela.
Horrela, maiz jabetzen gara gurasook hutsune handi samarrak ditugula gure eguneroko jardueran eta gure diskurtsoak ez datozela askotan bat praktikan egiten dugunarekin.
Etxea eta eskola dira haurraren heziketarako bi zutabeak eta biek zentzu berean joan beharra daukate heziketa horrek emaitzarik emango badu. Haurrak erreferentzia bertsuak izan behar ditu batean eta bestean, nola jokatu jakiteko, bere inguruak zer baloratzen duen eta zer ez ezagutzeko... azken batean, bere nortasuna osatzen joateko.
Erreferentzia eta balore horiek balioa izan dezaten praktikan jartzen direla ikusi behar du haurrak. Areago, diskurtsoa ez badator praktikaz lagunduta, kontrako eragina izan dezake eta haurra noraezean jartzea besterik ez da lortuko; baloretzat eman zaiona gutxiestera iritsiz.
Koherentzia kontuan gurasook asko daukagu ikasteko. Eskolaren esku uzten dugu gehiegitan gure haurren heziketa; diskurtso zuzenak darabilzkigu jendaurrean, baina behin etxeko atea itxitakoan kosta egiten zaigu hitzari eustea.
Hizkuntza kontuak ez dira panorama honetatik kanpo gelditzen. Eskolaren esku uzten dugu maizegi gure haurren euskalduntzea, motibazioa, euskararekiko sentsibilizazioa. Hizkuntza, eskolan landu beharreko balore bat balitz bezala. Gurasoon praktika, ordea, aldendu egiten da askotan erabiltzen dugun diskurtsotik. Gurasook badugu gogoeta egiteko premia gai guzti hauekiko.
(MALORES ETXEBERRIA Hernaniko Udaleko euskara teknikaria da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|