Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Lehen mailako garrantzia duen kontua

Patxi Baztarrika Galparsoro / Kultura / 2006-04-24 / 07:00


Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia da hizkuntza-politikaren plangintzarako daukagun tresna nagusia. Horixe da euskararen normalkuntzarako Plan Estrategikoa. Plan horrek hiru helburu estrategiko ditu, eta horietako bat hain zuzen ere euskararen transmisioa da.



Hori da lehenengo helburu estrategikoa, eta helburu hori lortzeko bideen artean, hezkuntzarekin eta helduen euskalduntze-alfabetatzearekin batera nabarmentzen eta azpimarratzen dena familiaren bidezko transmisioa da. Gaur hemen esku artean dugun kontua, beraz, lehen mailako garrantzia duen kontua da.

Hizkuntza baten normalizazio-prozesuan erabateko garrantzia du familia bidezko transmisioak. Izan ere, hizkuntza familia bidez jasotzea da hizkuntzarik ikasteko modurik naturaleza, aberatsena, eraginkorrena, errazena eta merkeena.

Esan dut lehen mailako garrantzia duen kontua dela familia bidezko transmisioarena, baina arlo hau, familiarena, ez dago besteak bezain landua. Zergatik? Familia ez delako eragiteko esparru erraza, eremu intimoa delako, norbanakoaren baitan eragitea zaila delako; norberaren esparru intimoa izanik, zaila da Administrazioak esku hartzea. GU EZ GARA NOR INOREN ETXEAN SARTZEKO, baina, hala eta guztiz ere, gizarteak horren inguruko kezka badu, eta hori dela eta, gure esku dagoena egiten ahaleginduko gara, beti ere, errespetu osoz eta beti ere ADMINISTRAZIO-ERAKUNDE desberdinen elkarlanaren babespean.

Urte hauetako ikerketei esker badakigu, duela urte batzuk ez bezala, oro har, Euskal Autonomia Erkidegoan familiaren bidezko transmisioa ona/altua dela. Hiru datu emango ditut:

Beraz, familia bidez transmisioa egoera onean badago, galdera ia-ia denok asmatzeko modukoa da: zergatik programa honen beharra?

Arazoak ere baditugulako. Dena, eta zehazki erabilera, bermatuta ez dagoelako. Egia da, guraso euskaldunek seme-alabei ia kasu gehienetan euskaraz egiten dietela, baina gehiago erabiltzen da euskara seme-alabekin norberaren belaunaldi berekoekin baino (bikotekidearekin, anaia-arrebekin, lagunekin, lankideekin...). Eta kontuan izan behar dugu norberaren harreman-sare hurbileko, familiako eta lagunarteko hizkuntzak berealdiko eragina duela hizkuntza batean komunikatzeko gaitasunean, hizkuntza ohituretan eta portaeretan. Eta, azken batean, euskara lehen hizkuntza bezala eskuratzea oso garrantzitsua izan arren, eta hala da, euskaraz komunikatzeko gaitasun erlatiboa determinatuko duena ez da berez eta nahita nahi ez lehen hizkuntza izango, familia-hizkuntza baizik, etxeko hizkuntza alegia, bikote-hizkuntzatik hasita. Bikote-hizkuntzak, bikoteak bere artean erabiltzen duen hizkuntzak definituko du, batez ere, etxeko hizkuntza.

Helburua: familia esparruan eragitea

Gurasoak dira transmisioaren gakoa. Horregatik da garrantzitsua beraiengan kontzientzia hori sortu eta bultzatzea.

Hori horrela, gurasoengan eragin beharra ikusi genuen, helduak haurren eredu baitira. Esaerak dioen bezala: zer ikusi, hura ikasi... Hortik dator proiektu honen leloa, hain zuzen: “Etxean zer ikusi, hura ikasi. Zeuk duzu giltza.”

Etxean euskara ikastea, transmisio hori ematea, beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Euskara ikasteak euskararen ezagutza bermatzen du, baina ez du erabilera bermatzen. Eta erabileran pisu handia duena familia-hizkuntza da, eta, noski, familiaren harreman-sareko hizkuntza.

Horrexegatik, programaren helburu zehatzak, hiru hauek dira:

Interbentzio-guneak: Osasun zentroak eta ikastetxeak? Zergatik?

Proiektu honek bi adar nagusi ditu: ikastetxeak batetik eta Osasun Zentroak bestetik. Bi adar eta makulu bat: elkarlanaren makulua.

Makuluari dagokionean, azpimarratzeko modukoa iruditzen zaigu gaur aurkezten dugun programa honetan, hainbat erakundetako kideen elkarlan emankorra; nork bere mailan, ahal izan duen ekarpenik aberatsena egin du eta: Buruntzaldeko Udalak (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil), HPS, HABE, Ikastetxeak eta Osasun zentroak, baita Soziolinguistikako Klusterraren aholkularitza ere. Eta oso garrantzitsua Buruntzaldeko Udaletako euskara teknikariek egin duten lana, espresuki eskertu eta aitortu nahi dudana, HPSko eta HABEko teknikariena bezala.

Elkarlan horri esker jarri da abian euskararen familia bidezko transmisioa indartzeko programa pilotua.

Eta era honetako egitasmoa gauzatzeari dagokionez, udalerri-mailan eragiterako orduan, udalak eta ikastetxeek eraman behar dute aurrera egitasmoaren gidaritza haurrak dituzten familien kasuan, eta, udalak eta Osasun Zentroak, gurasogaien kasuan (gurasogaiengana heltzeko beste bide antolaturik topatzea lortzen ez den bitartean).

Programa pilotu hau nori zuzendua dago?

Gurasoak dira (2-3 urteko haurrak dituztenak) programa honen hartzaileak. Bikote hizkuntzaren arabera era ugaritako gurasoak:

Asmo honekin jarraitzeko borondatea dugu eta horretarako, Osakidetzako arduradunekin jarriko gara harremanetan egitasmo pilotuaren balorazioa egin ostean.

Programa honen pilototasuna/berritasuna zertan datza?

Batetik, gurasogai, haurra izan aurretik familia transmisioaren garrantziaz jabearazten ahalegindu gara. Osasun zentroetan ematen diren erditze-ikastaroetan hizkuntzaren gaia txertatu izana...

Bestetik, ikastetxeen babespean, gurasoek beraien haurren irakasleengan duten konfiantzaz baliatuz, beraien hizkuntz jarreren eta portaeren garrantziaz ohartaraztea.

Horretarako, sortutako materiala ere ausarta eta berritzailea sortu dugu: Gurasoentzako Liburuxka

Buruntzaldeko Euskara Batzordeen ekimenez, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS), familiak euskararen transmisioan duen garrantzia kontuan harturik, egitasmoan parte hartzea erabaki zuen, eta HABErekin batera materiala osatzeko eta proiektua finantzatzeko konpromisoa hartu zuen, HPSk arlo honetan abian jarritako hainbat egitasmori jarraipena emanez.

Programa pilotua da, eta HPS programa hauek bultzatzeaz, programa hauen jarraipena egiteaz eta hedapena egiteaz arduratuko da.


(PATXI BAZTARRIKA GALPARSORO Hizkuntza Politikarako sailburuordea da)


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1145835943