|
Hemen ez du balio botilaren adibideak. Hau ez dago erdi hutsik edo bete erdia. Datozen hilabetetan Eusko Jaurlaritzak aterako duen Toki Telebistak arautzeko Dekretuak zer edo zeri ateak ixten badizkio gaztelania hutsezko toki telebistei da, ez inondik ere euskara hutsezko telebistei.
Beraz, ez du egiarik dionak Eusko Jaurlaritzaren dekretua onartzen bada tokiko telebista guztiak gaztelaniaz izango direla. Eta hau diodanean ez naiz ari iragarlearen bola irakurtzen edo eta izan nezakeen lehen eskuko informaziorekin, hori agerian geratzen baita informazio publikora atera zen dekretu zirriborroan eta atal horretan, ziur naiz, Dekretuak ez duela aldaketarik izango.
Esan bezala, Eusko Jaurlaritzak tokiko telebista digitalei ezarri dien helburu eta ezaugarri nagusietariko bat euskararen presentziarena da, eta horregatik euskarak lehentasunezko lekua izan dezan neurriak aurreikusten zituen dekretu zirriborroak. Hori horrela ez denik nekez argudia daiteke dekretu zirriborroaren argitan, dekretuak bermatu egiten baitu euskararen presentzia toki telebista digital guzti-guztietan, salbuespenik gabe.
Une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan emititzen ari diren behin behineko toki telebistei erreparatzea nahikoa da ikusteko euskararen lekua urria dela, oso urria. Hemendik aurrera hori ez da horrela izango, egoera aldatzeko neurriak ezarri asmo baititu Eusko Jaurlaritzak telebista lokalei buruzko dekretuan.
Hemendik aurrera, nahitaez, toki telebista guztietan, pribatuetan zein publikoetan, izango du presentzia euskarak, presentzia duina gainera. Titular pribatuen kasuan gutxienez telebistaren eremuko euskaldunen portzentajearen adinakoa, eta titular publikoen kasuan gutxienez %50ekoa, inoiz ez gutxiagokoa, izango da euskararen presentzia, eta hortik gorakoa euskaldunen portzentajea handiagoa denean. Eta hortik gora, gainera, nahi adinako lekua egin ahal izango zaio euskarari, euskara hutsezko telebista egiteraino.
Zehatz azalduta, ondorengoak dira euskarari lehentasunezko trataera emateko eta leku duin eta aurreratua egiteko informazio publikora atera zen dekretu zirriborroan jasotzen ziren hizkuntza irizpideak:
- Udalek kudeaturiko kanalek euskaraz egin beharko dute beren emisioen erdia gutxienez. Euskaldunen portzentajea %50a baino handiagoa denean, portzentaje hori bera izango da euskarazko emisioen gutxienekoa. Horrek esan nahi du, hiriburu eta hiriburu inguru guztietan –hain zuzen ere elebidunen 2/3 bizi diren tokietan- Udalek kudeaturiko telebistek gutxienez erdia euskaraz egin beharko dutela. Hori da gutxienekoa, gehiago egitea, euskara hutsean egiteraino, beren esku dago.
- Kudeatzaile pribatuak dituzten telebista guztiek beren eremuko euskaldunen portzentajearen neurriko lekua egin beharko diote euskarari gutxienez. Gehiago egitea, euskara hutsean egiteraino, beren esku dago, baina ez dago gutxiagorako aukerarik.
- Euskarazko programazioaren zati pisuzko bat audientziarik handieneko orduetan eman beharko dute.
Euskararen presentziari dagozkion betebeharrak gutxienekoak dira, eta tokian tokiko hizkuntza egoera kontuan harturik euskarari leku duin eta egokia bermatzea dute helburu. Baina euskarari lehentasunezko trataera ematearen irizpidea ez da bakarrik betebehar horien eskutik bermatzen, areago baitoa araua. Izan ere, gutxienekotik gorako euskararen presentzia progresiboki baloratzeko bidea zabaltzen zuen dekretu zirriborroak, espresuki esaten zuelarik bereziki baloratuko direla osorik euskaraz jardungo duten telebistak. Horrek bistakoa den zerbait esan nahi du, honakoa: lehiaketan euskara hutsezko telebistak kontzesioa lortu ahal izango duela hain zuzen ere euskarari ematen zaion lehentasunaren ondorioz.
Beraz, barruti bakoitzean euskara hutsezko telebista kanal batek –edo bik edo …- jardun ahal izango dute eskaintzarik baldin badago eta guztiek bete beharreko bideragarritasun baldintzak betetzen badituzte.
Bada, beraz, argi eta garbi esan beharreko zerbait: Kultura Sailaren dekretu zirriborroak ez zien ateak itxi euskara hutsezko telebistari, zabalik baitaude ate horiek; ateak itxi gaztelania hutsezko telebistari itxi zaizkio, ez baita euskararik gabeko gaztelania hutsezko toki telebista digitalik izango. Gainera, lehiaketako puntu-banaketa egiterakoan kontuan hartuko da gutxienekotik goragorako euskararen presentzia, bereziki eta modu erabakigarrian baloratzeraino osorik euskaraz jardungo luketen telebista-proiektuak.
Kale itsuak ez dute irteerarik eta gauzak nahastu ezin daitezkeelako esan beharko da, dirulaguntzei dagokionez, aurrekontuetan jasotako diru partida bat ezin dela egonkortu ez legezko proposamen baten bitartez, egonkortzekotan urteari dagokion Aurrekontu Legean sartuta egonkortzen baita eta horretarako Eusko Jaurlaritza elkarrekin osatzen dugun parlamentari taldeak prest gara. Beste batzuk ere bai?
(LUKE URIBE-ETXEBARRIA EAJko Eusko Legebiltzarkidea da.)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak (irakurtzeko gainean sakatu)
|