Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Kiroltasunez

Kiroltasunez

2006-04-26 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Gauza jakina da inguruko hizkuntzetako kirol kazetariek, oro har, aski bereziak izateko fama dutela, oso bere kasako ustea dutela hizkuntzaren adierazkortasunaz, eta, zer esanik ez, hizkuntzari zor zaion errespetuaz. Dena dela ez dut gaztelaniazko edo frantsesezko kirol kazetarien artean deportedad edo sportité-ren gisako ezer ikusi.

Lausoa da –tasun atzizkiaren txertatze eremua; berez izenondoei dagokie, eta izenondoen bidetik, predikatuei: oinarritzat galdekatzaile bat duen nortasun, esaterako, nor izan joskerak ahalbidetzen du; eta gizon jokatu da joskera garbiak egiten du gizontasun aitzakiarik gabeko hitza.

Baina izen soil-soilek, predikatutik ezertxo ere ez dutenek, ez dute erremediorik: mahaitasuna, adibidez, hori oso mahaia da esaldia bezain euskara gaiztoa da. Hobeki esan, mahaitasuna, Txillardegik egoki eratu zuen gorpuztasun bezala, beste zerbaiti dagokio: alaitasuna, adibidez, "alaia denaren nolakotasuna" definitzen dugu; baina gorpuztasuna "gorputz izateko tasuna" da.

Alde horretatik, mahaitasuna, zerbait izatekotan, "mahai izateko tasuna" da, kontzeptu ia filosofikoa ikusten denez. Ildo beretik kiroltasuna, zerbait izatekotan, zerbaitek kirol izateko duen tasuna-edo izango litzateke, xake jokoaren kiroltasunaz eztabaidatu dute bezalako esaldietan.

Baina besterik da kiroltasunez jokatu dute esaldiko kiroltasuna; berez, oso kirol jokatu dute bezain aldrebesa da, erabilera gorabehera. Izan ere, gezurrak, asko errepikatuagatik egia bihurtzen ez diren bezala, hitz aldrebesa beti gertatuko da aldrebesa, beti gertatuko da arrotza hiztun petoaren belarrian, erabilera gorabehera.

Begien bistako gauza da deportividad/sportivité-ren euskal ordain bat behar dugula. Baina hori ezin da izan deportedad/sportité-ren klonikoa forman, hauek bezain itxuragabea baita.

Gainera, kiroltasun horrek badu ordezkoa, aski egokia nik uste. Ez da nik asmatua: Berrian inoiz edo behin irakurri dut, esaterako euren ezintasuna kirol legez onartu beharrean esaldian.

Kirol-legea, ordain txukuna eta aski egokia, gizalege eta Euskaltzaindiak onartu berri duen adei lege-ren bidetik sortua. Bizi joria opa diot, edozein gauzarekin konformatzen ez diren kazetari eta idazleen eskutik, euskararen onerako .


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Bakoitzari berea, Jaungoikoaren legea
2006-04-26 / 08:14 / Pello Elorza

Gure aurrekoek zioten bezala, bakoitzari berea eman behar zaio, eta esan behar dut, oso oker ez baldin banabil behintzat, Euskadi Irratiak ere baduela irratsaio bat "Kirol legez" izenekoa, kirolaren gainekoa.


(PELLO ELORZA URIBESALGO Azpeitiko Udalaren itzulpen zerbitzuaren arduraduna da)

 
Gezurrak beti gezur
2006-04-26 / 09:51 / Xabier Andonegi Santamaria

Ibon Sarasolak dio: "Izan ere, gezurrak, asko errepikatuagatik egia bihurtzen ez diren bezala, hitz aldrebesa beti gertatuko da aldrebesa, beti gertatuko da arrotza hiztun petoaren belarrian, erabilera gorabehera"

Nire ustez, esaldi hori bera da gezurra, asko errepikatuagatik, egia bihurtzen ez dena. Izan ere, hitz aldrebesak erabiliaren poderioz aldrebes izateari uzten dio, eta arrotz izateari ere utzi egiten dio hiztun petoaren belarrian. Bestela ez legoke hiztun petorik ere.

Horixe iruditzen zait gertatu dela "kiroltasunez" horrekin (zalantzan jarri gabe "kirol legez" erabat egokia dela, jakina).

Bestela, atera daitezela hona "kiroltasunez" horren erruz belarriko minez orain arte egon diren guztiak. Ea, ikus dezagun, gezur gehiagorik gabe, zenbat euskaldun diren hiztun peto Sarasolaren esanetan.


(XABIER ANDONEGI SANTAMARIA helduen euskara irakaslea da)

 
Miopia adakemikoa eta akademiko miopeak
2006-04-27 / 00:53 / Erramun Gerrikagoitia

Miopeak ikusi ohi du ondo, inkluso normalak baino hobeto, letra eta detaille nniminnoak baina -eta hortan dago gorabeherea gorabehera tragikoa eta dramatikoa ezen ezin du ikusi normala dena eta gutiago atxiki panoramea edo visione osoa. Esan ere bidenabar nahiz ez legoke zertan hori aklaratu ze miopia da gaixotasun bat eta ondorioz piopea gaixoa zein ez dago holan -behintzat batzutan- gaixorik nahi duelako berak, nahiz gaixotasunaren kausak bai ba dute base eta motivo differenteak zein batzutan dira horiek motivoak konsekuentzia hon viventziak eta praxiak gaixoaren baitarik datozenak eta da -miopia- batzutan konsekuentzia zuzena hon miopea.

Reflexione eta gogoeta hau etorri zait noiz irakurri dut hori hon “kiroltasuna” eta “kirol legea”. Impressione garbia dut ze gabiltza galdurik laino pean eta sobera lar miopeturik. Behar ditu euskarak -guk euskaldunok zeitzuk nahi dugu euskarea geure hizkuntza airoso eta asekible soziologikoki- behar du diot euskareak generalistak eta akademiko generalistak, ez horregaitio miopeak zein galtzen dira an eztakit zein mikrodetaille edo nanodetaille hutsal (kin arrazoi gehiago edo gutiago).


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Proposamen txarra
2006-04-28 / 19:29 / Antton Elosegi

Xabier Andonegirekin bat nentorrela idaztea ez zuela merezi pentsatuz hasi naiz, baina Ibon Sarasolaren proposamena txarra dela gehitu beharra dagoela iruditu zaidanez, Word-i ekin diot.

Zergatik den txarra "kirol-lege"? Gehienbat "deportividad/sportivité" eta enparauekin alderatuta, beste azpikategoriakoa (abstraktua/ ez abstraktua) izanik, erabilera arazo asko sortzen dizkigulako. Baina goazen piskanaka.

"Kirol-lege" hitz berriaren oinarri gisa Sarasolak ematen dizkigun ereduak oso urriak dira: "gizalegea" eta "adei-legea". Ez dut ukatuko bi horietan zentzu abstraktua (tasuna) oso sendoa dela, eta bera dela nagusi, nahiz eta batzuetan, "lege" esanahia ere -"gizalege /jainkolege" jokoa eginez-; ere agertzen den.

Badira "izen + lege" elkarteetan aski gauza bitxiak elkarte horri edozertarako gaiatasuna ukatzeko. Gogora, esate baterako ia estandarrak bihurtu diren "bazkari-lege", "merienda-lege" eta antzekoak. Baina gainerako "izen + lege" elkarteetan, "lege" esanahi konkretua nagusitzen dela esan daiteke. Askotan, zuzenbideko legea; beste zenbaitetan, bestelako legeak, baina legeak. Jakina, "kristau-legez" jokatzea eta "kristautasunez jokatzea" oso antzekoak dira, baina edozein kristaurentzat bi gauza dira kristau-legea eta kristautasuna: bat lege-mota bat da, eta bestea kristau izateari dagokion tasuna.

Orobat esan daiteke "kirol-legez": "kirol-legez jokatzea edo aritzea" bezalako esamoldeetan, eta agian beste batzuetan ere ez legoke eragozpenik "deportividad" ulertzeko, baina "kirol-legea" sarritan erabiltzen da "kirolari dagokion legea" (edozein motatakoa) adierazteko, eta hainbat kasutan hitzaren anbiguotasunak azalpenak ematera behartuko gintuzke. Komunikazioaren kalte nabarmenean.

Ibon adiskideak dio frantsesez ez dela "sportité" sortu, ezta gaztelaniaz "deportedad" ere. Argudio-bide bitxi horrek pentsarazi dit, hiztegien definizioak gorabehera, gaztelaniaz eta frantsesez dakien batek "deportividad/ sportivité" hitzetan ez duela ulertzen "kirolaren araberakoa", baizik eta "kirolariaren" (kirolariari suposatzen zaizkion tasunen) araberakoa. Eta hiztun bezala dudan jakituria hori, inguruko hizkuntzetan, "deportividad"-en baliokideen osaerari begiratuta, are garbiago azaltzen zait: hori adierazteko dagoen hitz eratorriaren erroan dagoena ez da "kirola"; batzuetan "kirolaria" da zuzenean, (sportsmans -ship) beste batzuetan, "kirolari" esanahia ere baduen hitz bat ("sportif(v)-ité") edo kirola egiten duen pertsonari dagokion adjektiboa: ("sportlich-keit", "deportivo", "sportivo") baizik.

Izan ere, gaztelaniazko "deportividad"-en oinarrian dagoen "deportivo" ez da "deporte" hitzetik eratorritako adjektibo erreferentziala (poligono deportivo, año deportivo…) baizik koalifikatiboa (es una mujer muy deportiva). Eta hizkuntza perfektua eraiki nahiko luketenentzat, horrek markatuko luke bidea: kirolaritasuna izango litzateke arazo gramatikal eta semantikorik gabeko hitza, eta nazioarteko erara moldatua gainera.

Baina ni ez nator hori proposatzera, edo bai, Asiskok esango lukeen bezala. "Kiroltasun" jatorri gaiztoko (?) hitza izan daiteke, edo ez. Xabier Andonegik erronka bota du: etor daitezela orain arte belarriko minez ibili diren hiztunak. Erronkak erantzulerik balu, denak izango lirateke -apustu egingo nuke- hizkuntzari esker bizibidea ateratzen dutenak, ni bezalakoak. Zergatik diodan hori? Hain zuzen ere, ustezko min horretaz hitz egin dudanean oso interes gutxi piztu dudalako. Izan ere, '"kiroltasun" hitz berri abstraktuak bere eratorbidea gora behera, nahiko erraz hartu duelako bete beharreko eginkizuna. Antzeko beste batzuk bezala, bidenabar: nazio-eraikuntzaren munduak horrenbeste maite duen "lurraldetasuna" edo aurrera atera nahi den estatutu politiko berrian irakur daitekeen "naziotasuna" (eta ez da nazioaren tasun bat) esate baterako. Hitz horiek, gramatikariok esango dugunaren gainetik, bidea egiten ari dira, egiteko ahalmena badutelako.

Xakea kirola den edo ez eztabaidagai denean, orduan, aukera izango dugu egiaztatzeko "kiroltasun" hitzak horretarako ere ematen duen, edo itzulinguru bat behar den. Bitartean, eta alternatiba erraz eta sendorik ezean, utzi ditzagun bakean jatorriz gezurra, baina egia bihurtzeko bidean doan kiroltasuna eta gainerakoak.


(ANTTON ELOSEGI ALDASORO Euskara juridikoko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean.)

 
Ibon Sarasolaren erantzuna Antton Elosegiri
2006-05-08 / 15:44 / erabili.com

Ibon Sarasolak Antton Elosegiri erantzun dio HEMEN

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com