Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Tokiko telebista guztiak gaztelaniaz

Tokiko telebista guztiak gaztelaniaz

2006-04-11 / 07:00 / Marijo Deogracias   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Tokiko telebista guztiak gaztelaniaz izango dira Eusko Jaurlaritzaren dekretua onartzen bada.

Jaurlaritza gertatzen ari den proiektuak euskarazko emisioei lehentasuna emango diela jasotzen duen arren, joan zen 2006ko martxoaren 17an Eusko Legebiltzarrean egindako osoko bilkuran atzera bota zuten dekretua hobetzera zetorren egitasmoa. Era horretan hirukoak uko egin zion barruti bakoitzean euskara hutsezko tokiko telebista bana izateari.

Eztabaida Aralarren ekimenez egin zen Legebiltzarrean. Baina, talde horren parlamentariak adierazi zuenez, “Euskaldun erkidego handienetan tokiko telebistak nagusiki gaztelaniaz izango dira Jaurlaritza egiten ari den dekretua bere horretan onartzen baldin bada. Horrela izango da Donostian programazioaren laurdena bakarrik euskaraz izango delako, Bilbon %12 baino ez da izango euskaraz eta Gasteizen programazioaren %10”. Euskaldun erkidego handienak euskarazko tokiko telebista gabe geratuko dira, dekretuak ez baitu ziurtatzen hori horrela izango ez denik.

Martxoaren 17ko osoko bilkuran gainera, tokiko telebistentzako estrategikoa den arlo baten kontra ere jo zen: finantzazioari dagokion dirulaguntzei, hain justu. 2006ko aurrekontuetan jasoriko diru partida datozen urteetako aurrekontuetan mantendu eta handitzeko konpromisoa hartzea eskatu zen Legebiltzarrean, baina hori ere bertan behera geratu zen hirukoak, PP-k eta PSOE-k kontra bozkatu zutelako.

Segidan jaso ditugu Aralarrek Legebiltzarrean aurkeztu zuen bost puntuko legez besteko proposamena, Eusko Jaurlaritzari dei eginez:

  • 1- Hizkuntz normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko, tresna ezin hobea dira tokiko telebistak: hori dela eta, euskarak behar eta merezi duen garrantzia izango du esleipen guztietan.
  • 2- Barruti bakoitzean esleipen bat gordeko da, euskara hutsean emitituko duten telebistek eskuratu ahal izan dezaten.
  • 3- Euskaraz emititzen duten tokiko telebistek laguntzak izango dituzte jarri beharreko fidantzak jarri ahal izan ditzaten.
  • 4- Dagoeneko emititzen ari diren euskara hutsezko tokiko telebistek laguntza jasoko dute, ekoitzi beharreko programazio-orduetara iristea izan dezaten eta digitalizazio-prozesua egin ahal izan dezaten.
  • 5- 2006ko aurrekontuetan jasoriko diru partida datozen urteetako aurrekontuetan mantendu eta handitzeko konpromisoa hartzen da.

Hori izan zen eskaria, baina bozketaren orduan, eta EHAK-k alde bozkatu zuen arren, Aralarrek aurkeztutako legez besteko proposamena bertan behera geratu zen eta hirukoaren osoko zuzenketa onartu zen, talde sozialistaren aldeko botoarekin. Hirukoaren proposamenak zera jasotzen zuen:

  • 1- Tokiko telebista digitalak tresna egokiak dira komunikazioaren gunea eratzeko, gure izaera sozial, kultural eta linguistikoa kontuan izanik.
  • 2- Hizkuntza normalizazioaren bidean aurrera egiten jarraitzeko, tresna ezin hobea dira tokiko telebistak, hori dela eta, euskarak behar eta merezi duen garrantzia izango du esleipen guztietan, inguruko gizartearen errealitateari egokituaz.
  • 3- Tokiko telebisten euskararen erabilera sustatzeko orain arte emandako dirulaguntzen azterketa eta ebaluazioa egitea. Azterketa honen ondorioak kontuan hartuko dira etorkizuneko dirulaguntzen irizpideak zehazterakoan, Legez besteko Proposamen honen lehen eta bigarren puntuetan aipatzen denaren haritik.


(MARIJO DEOGRACIAS Aralar alderdiko talde parlamentarioaren komunikazio arduraduna.)


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratutakoak
(irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

 
Euskara hutsezko toki telebistek ateak zabalik dituzte Jaurlaritzaren Dekretuan, ez horrela gaztelania hutsezkoek
2006-04-12 / 14:53 / Luke Uribe-Etxebarria

Hemen ez du balio botilaren adibideak. Hau ez dago erdi hutsik edo bete erdia. Datozen hilabetetan Eusko Jaurlaritzak aterako duen Toki Telebistak arautzeko Dekretuak zer edo zeri ateak ixten badizkio gaztelania hutsezko toki telebistei da, ez inondik ere euskara hutsezko telebistei. Beraz, ez du egiarik dionak Eusko Jaurlaritzaren dekretua onartzen bada tokiko telebista guztiak gaztelaniaz izango direla. Eta hau diodanean ez naiz ari iragarlearen bola irakurtzen edo eta izan nezakeen lehen eskuko informaziorekin, hori agerian geratzen baita informazio publikora atera zen dekretu zirriborroan eta atal horretan, ziur naiz, Dekretuak ez duela aldaketarik izango.

Esan bezala, Eusko Jaurlaritzak tokiko telebista digitalei ezarri dien helburu eta ezaugarri nagusietariko bat euskararen presentziarena da, eta horregatik euskarak lehentasunezko lekua izan dezan neurriak aurreikusten zituen dekretu zirriborroak. Hori horrela ez denik nekez argudia daiteke dekretu zirriborroaren argitan, dekretuak bermatu egiten baitu euskararen presentzia toki telebista digital guzti-guztietan, salbuespenik gabe.

Une honetan Euskal Autonomia Erkidegoan emititzen ari diren behin behineko toki telebistei erreparatzea nahikoa da ikusteko euskararen lekua urria dela, oso urria. Hemendik aurrera hori ez da horrela izango, egoera aldatzeko neurriak ezarri asmo baititu Eusko Jaurlaritzak telebista lokalei buruzko dekretuan.

Hemendik aurrera, nahitaez, toki telebista guztietan, pribatuetan zein publikoetan, izango du presentzia euskarak, presentzia duina gainera. Titular pribatuen kasuan gutxienez telebistaren eremuko euskaldunen portzentajearen adinakoa, eta titular publikoen kasuan gutxienez %50ekoa, inoiz ez gutxiagokoa, izango da euskararen presentzia, eta hortik gorakoa euskaldunen portzentajea handiagoa denean. Eta hortik gora, gainera, nahi adinako lekua egin ahal izango zaio euskarari, euskara hutsezko telebista egiteraino.

Zehatz azalduta, ondorengoak dira euskarari lehentasunezko trataera emateko eta leku duin eta aurreratua egiteko informazio publikora atera zen dekretu zirriborroan jasotzen ziren hizkuntza irizpideak:

  • Udalek kudeaturiko kanalek euskaraz egin beharko dute beren emisioen erdia gutxienez. Euskaldunen portzentajea %50a baino handiagoa denean, portzentaje hori bera izango da euskarazko emisioen gutxienekoa. Horrek esan nahi du, hiriburu eta hiriburu inguru guztietan –hain zuzen ere elebidunen 2/3 bizi diren tokietan- Udalek kudeaturiko telebistek gutxienez erdia euskaraz egin beharko dutela. Hori da gutxienekoa, gehiago egitea, euskara hutsean egiteraino, beren esku dago.
  • Kudeatzaile pribatuak dituzten telebista guztiek beren eremuko euskaldunen portzentajearen neurriko lekua egin beharko diote euskarari gutxienez. Gehiago egitea, euskara hutsean egiteraino, beren esku dago, baina ez dago gutxiagorako aukerarik.
  • Euskarazko programazioaren zati pisuzko bat audientziarik handieneko orduetan eman beharko dute.

Euskararen presentziari dagozkion betebeharrak gutxienekoak dira, eta tokian tokiko hizkuntza egoera kontuan harturik euskarari leku duin eta egokia bermatzea dute helburu. Baina euskarari lehentasunezko trataera ematearen irizpidea ez da bakarrik betebehar horien eskutik bermatzen, areago baitoa araua. Izan ere, gutxienekotik gorako euskararen presentzia progresiboki baloratzeko bidea zabaltzen zuen dekretu zirriborroak, espresuki esaten zuelarik bereziki baloratuko direla osorik euskaraz jardungo duten telebistak. Horrek bistakoa den zerbait esan nahi du, honakoa: lehiaketan euskara hutsezko telebistak kontzesioa lortu ahal izango duela hain zuzen ere euskarari ematen zaion lehentasunaren ondorioz.

Beraz, barruti bakoitzean euskara hutsezko telebista kanal batek –edo bik edo …- jardun ahal izango dute eskaintzarik baldin badago eta guztiek bete beharreko bideragarritasun baldintzak betetzen badituzte.

Bada, beraz, argi eta garbi esan beharreko zerbait: Kultura Sailaren dekretu zirriborroak ez zien ateak itxi euskara hutsezko telebistari, zabalik baitaude ate horiek; ateak itxi gaztelania hutsezko telebistari itxi zaizkio, ez baita euskararik gabeko gaztelania hutsezko toki telebista digitalik izango. Gainera, lehiaketako puntu-banaketa egiterakoan kontuan hartuko da gutxienekotik goragorako euskararen presentzia, bereziki eta modu erabakigarrian baloratzeraino osorik euskaraz jardungo luketen telebista-proiektuak.

Kale itsuak ez dute irteerarik eta gauzak nahastu ezin daitezkeelako esan beharko da, dirulaguntzei dagokionez, aurrekontuetan jasotako diru partida bat ezin dela egonkortu ez legezko proposamen baten bitartez, egonkortzekotan urteari dagokion Aurrekontu Legean sartuta egonkortzen baita eta horretarako Eusko Jaurlaritza elkarrekin osatzen dugun parlamentari taldeak prest gara. Beste batzuk ere bai?


(LUKE URIBE-ETXEBARRIA EAJko Eusko Legebiltzarkidea da.)

 
Erabateko kontraesana
2006-04-18 / 09:53 / Dionisio Amundarain

> BIHAR EGUN HURBILEKO TOKIKO TELEBISTA EUSKAL HERRIAN. Adar jotzen???? Alde batetik, Marijo Deogracias, Aralar-en parlamentu-taldearen komunikazio-arduraduna; bestetik, Luke Uribe-Etxeberria EAJko Legebiltzarkidea. Erabateko kontraesana bien artean. Zertan ari zarete? Legebiltzarrean zertan ari zareten jakiteko, zuen zirriborro guztiak irakurtzera jo behar ote dugu? Lotsagarria iruditzen zait herriari begira agertzen ari zareten modua.

Agian, i eskatu beharko genioke: edota zirriborroa irakurri eta inpartzialki haren mamia emateko, edota zirriborroa bere hartan argitara emateko. Politikoena ez baita, bistan dagoenez, fidagarria.


(DIONISIO AMUNDARAIN SARASAOLA itzultzailea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com