![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ibon Sarasola / Hizkuntza / 2006-04-19 / 07:00
Hori irakurri nuen orain dela aste batzuk Berrian: Kosovon "soilik behin" egin direla boz demokratikoak zioen izenburu batean. Irakurri ahala halako zimiko bat egin zidan belarriak.
Oso hitz bihurria da soilik: nik bederen zalantza asko izaten ditut beti, esaldian non kokatu jakin ezinik. Gauza bera gertatzen zait bere kide bakarrik-ekin. Badaude, egon, soilik-en erabilerari buruzko arauak, baina, nik ikusi ditudanak bederen, aski badaezpadakoak iruditzen zaizkit. Adibidez soilik aditzaren aurrean jarri behar dela dioena, beti betetzen ez dena: esaterako, duela gutxi irakurri nuen bero espezifikoa tenperaturaren funtzio soilik da esaldia ez zait inondik ere onargarria iruditzen. Delako erregelak, gainera, huts egiten du esaldian aditzik ez dagoenean, jakina.
Nik, egia esan, gero eta gehiago erabiltzen dudana "ihesbide" bat da, beti ez baina asko-askotan aterabide oso erosoa opa duena: soilik-en ordez, baizik ez edo baino ez erabiltzen dut. Aterabide hau arrunt erabilia da euskara batuan baina antza denez hainbat idazlek ez dute ezagutzen.
Horrela, nire ustez bederen aski egoki konpontzen dira baizik ez-ekin esaldi mota hauek: bost galdera baizik ez zituen zuzen erantzun; hamar lagun baizik ez ziren bertaratu; aurpegiz baizik ez dut ezagutzen; bere maila berekoekin baizik ez du hitz egiten; sutearen ondoren errautsak baizik ez dira gelditzen; hau baizik ez dakit:...; urtebete baizik ez zuen egin han; helduentzat baizik ez. Eta baino ez-ekin, agian dotoreago: langileena baino ez den eskubidea; huts bat baino ez du; estatuarentzat zama baino ez diren zaharrak; arazo formalez baino ez da arduratzen; mesede baino ez dit egin; hasieran baino ez.
Eman bitza irakurleak esaldi hauek soilik edo bakarrik-en bidez; seguru nago alde ederra dagoela konturatuko dela. Orobat Kosovorekikoa behin baizik/baino ez dira egin Kosovon boz demokratikoak, edo goian aipaturiko esaldia bero espezifikoa tenperaturaren funtzio baizik/baino ez da esaldien bidez emanda.
(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
![]() | Inprimatu |
Borja Ariztimuņo López / 2006-04-19 / 13:19
"Baizik ez/baino ez" horien ondotik doake "besterik ez"? Nik behintzat horrela esaten dut askotan: "bi pertsona besterik ez dira etorri", "hori besterik ez genuen behar"...
Bestalde, uste dut "soilik behin" horrek ez duela horren gaizki ematen zuk aipatutako esaldian, nahiz eta erosoago zaidan "behin bakarrik", edo askoz jota "behin soilik".
Ez dakit arazoa zertan den: hitz hurrenkera jakinean ala "soilik" hitzean soilik, izan ere ez baita nire eguneroko jardunean erabilitzen dudana eta beraz edozein eratara gertatzen zait arrotz.
Guztiak dira zuzenak? Ala bada baten bat oker dena, edo hobea?
(BORJA ARIZTIMUŅO LÓPEZ Euskal Filologiako ikaslea da)
Sonia Isasi / 2006-04-21 / 11:47
Borja Ariztimuņo Euskal Filologiako ikasleari erantzun nahi nioke azalpentxo hauekin. Borja Ariztimuņori, era berean, Ibon Sarasolaren "baizik ez/soilik ez/baino ez" eta abar gaitzat dituzten ohar batzuek eman diote arreta.
Ikasleak dioenez, berak "besterik ez" erabiltzen du "Bi pertsona besterik ez dira etorri" eta tankerakoak sortzen dituelarik. Ondo ote dabilen galdetzen du.
Ba, Zubiritarren Euskal Gramatika Osoak gaiari buruz azaltzen duenari jarraituz, oker dabil ikaslea. "Besterik ez" honek baditu zenbait ezaugarri beste hirutetatik bereizten dutena:
Nago sarritan ikusi ditudan azken esaldi horietan eta antzekoetan "beste" hitzak "inor" galdetzailearen lana egiten duela, eta bigarren irizpidean azaldutakoa ukatzen dutela dirudien arren, gramatikaren beste atal bati dagozkiola begitantzen zait.
Besterik ez, ikasle, nire azalpenek lagunduko dizutelakoan...