|
Hiztunok berez jotzen dugu hitz-kateak laburtzera eta sinpletzera. Emaitza, batzuetan, halamoduzkoa izaten da; anbiguoa, onenean ere. Albiste-testuetan, eta testu landuetan, oro har, arretaz zaindu behar dugu sinpletutako hitz-kateak ez duela okerreko ulerbiderik ekarriko.
Azpiko esaldiak oharkabean pasatuko zaizkie askori. Iñigo Aranbarri («Hizlandia», Berria, 2006.03.26) eta beste hainbat hiztun zailduri irri maltzurra aterako diete, hain txapel astunak eta kantari urtetsuak ba omen direla ikusita.
- 1968 urteko kantariak bigarren diskoa kaleratu du.
- Bi urteko gela zabaldu nahi dute eskolan.
- Abadiñok eraman du 680 kiloko txapela.
Egia da hitz-kateak sinpletzeko hitzak eta datuak "jaten" ditugula. Baina hizkuntzak bide jakin batzuk jorratu ditu abstrakzioak egiteko.
- 1968garren urtean jaio nintzen
1968garren urtekoa naiz
1968garrenekoa naiz
68koa naiz
Azken esaldi trinkotu hori argia da entzulearentzat, gauza bat baita «68 urtekoa izatea», eta beste bat «68koa izatea». «1968 urteko kantaria», ostera, barregarrikeria bat da. Desegokia, beraz.
«Bi urteko gela» esaten denean ere, abstrakzio-bidea ez da egokia, «bi urteko umeen gela» esan nahi baita; ez «bi urte dituen gela».
Eta «sokatirako 680 kiloko txapela»?
Kiloak, metroak eta litroak kiroletan
Probak eta kategoriak sailkatzeko, neurriak erabiltzen dira kirol askotan: pisua, luzera, zilindrada... Horretarako, -ko atzizkia erosoa eta erabilgarria da, hitz-kateak laburtzeko bidea ematen digulako. Baina arriskuak ere baditu, "demaseko txapelak" sortzea, kasurako.
Atletismoan, igeriketan...
- EZ
- Asafa Powellek munduko marka du 100 metroetan / 100 metrotan.
- BAI
- Asafa Powellek munduko marka du 100 metroko lasterketan.
100 metrokoan
- ETA HAU ERE BAI
- Asafa Powellek 100 metroko munduko marka du.
Ez dago eragozpenik hitz-katea sinpletu eta «100 metroko (munduko) marka» esateko, «lasterketaren» osagaia arrastorik utzi gabe ezabatu den arren («100 metroko probaren munduko marka»). Izan ere, «marka» izena ez da neurgarria, eta, beraz, «100 metroko marka» kateak ez du gauza barregarririk esan nahi.
- BAI
- Emakumezkoen tximeleta erako 200 metroko probak ezustekoa eman du.
200 metrokoak
Osagaiak beste era batera ordenatuta egon litezke («200 metroko tximeleta erako proba»), baina berdin laburtuko genuke («200 metrokoa»).
Halterofilian, judoan, sokatiran...
Kirol hauetan, pisuaren arabera zehazten dira kategoriak, gehieneko pisua aipatuta.
- BAI
- Kenji Uematsu bosgarren gelditu da 60 kilo arteko kategorian.
60 kiloko kategorian
60 kilokoan
- EZ
- Nafarrak nagusitu dira 560 kilotan / kiloetan.
- BAI
- Nafarrak nagusitu dira 560 kiloko mailan.
560 kilokoan
- ETA HAU ERE BAI
- Gaur jokatuko da emakumeen 480 kiloko finala.
Gorago «marka» izenaren gainean esan duguna «final» izenaren gainean ere esan dezakegu.
- EZ
- 480 kiloko txapela Badaiotzek irabazi zuen.
- BAI
- Badaiotzek irabazi zuen txapela 480ko mailan.
Motoziklismoa
Kategoriak motorraren zilindradak markatzen ditu. Esateko hainbat aukera ditugu, ezerk ez duelako eragozten hitz-kateak ahalik eta gehien murriztea, ez gaizki-ulerturen batek, ez barregarrikeriaren batek (erabiltzen erosoenak belztuta dauzkazue).
(ASIER LARRINAGA LARRAZABAL Euskal Telebistako Euskara Sailaren burua da)
- Orain arte argitaratutako artikulu guztiak ikusteko sakatu HEMEN
|