|
Oso interesgarria eta arrazoi guztizkoa iruditu zait Ibon Sarasolaren hausnarketa komaren debekua altxatzearen inguru’ subjektua eta ondoko objektuaren arterako.
Bestela, maiz ez daukagulako jakiterik sintagma bat non bukatzen den eta non hasten hurrengo berria. Eta hori arazo handia bihurtu da hegoaldean 1900ez geroztik Azkue eta Altuberen eraginez, eta oso bereziki "euskara batuan", apokrifoki zabaldu diren Subjektu + Objektu/Atributu + Aditza edo Mintzagaia + Galdegaia + Aditza joskera lehenetsien arrakastaren ondorioz. Pello Esnalek ongi gogoratu bezala (Mitxelena, Villasante eta besteren ildotik) hori ez da horrela izan lehenago edo iparraldean. Nik bi atal desberdin ireki nahi nizkioke eztabaidari (zoritzarrez luzetxo beti bezala) inork jarraitu nahi baleza.
- 1. Arazoa ez dela bakarrik gertatzen subjektu eta objektua bereiztean, baizik eta euskaraz (ahoz) derrigor bereizten ditugun segidako edozein bi sintagmaren artean, eta argitu zer gertatzen den hauen ahoskatzean; eta
- 2. Zer gertatzen den euskal ahozko erabilera txukunenetan edota tradiziozko idatzietan "galdegaia" edo esaldian informatiboki azpimarratu nahi den osagai bat’ aditzaren ondoretik ematen denean, edozein postutan dela ere, aurreko guztia mintzagaitzat emanez (euskarazko esaldien 2/3etan edo gertatzen ohi den bezala orain ere gure aho txukunenetan, gure tradizio literario guztian edota iparrekoan oraindik ere, eta are gaur eguneko euskara batu ohikoan 5 esalditik behin edo); nola gertatzen den hori ahoz; zein soluzio proposatu diren orain arte hori idatzian adierazteko (Josu Lavinek gogoratu ildoan); eta zein irtenbide izan litekeen egoki.
- 1. Segidako subjektu eta objektua bereizi beharraz gain, euskaraz maiz gertatzen da bereizi behar izatea segidako zeinahi bi osagai. Esaterako, subjektua eta aditza ere edo objektua eta aditza. Euskaraz ez baita berdin [JON etorri da] kolpe bakar batean ebakitzea, arrunki Jon etorri da idatzia, edota hau bitan ebakitzea [JON] [etorri da], idatzi litekeena koma batez bereizirik Jon, etorri da, bereiziki adieraziaz Jonek zer egin duen, eta ez nor etorri den lehenean bezala. Ahoskerak desberdin izanen dira. Bigarrenak bi gailur prosodiko (edo azentu) izango ditu eta lehenak bakarra intonazio unitatearen hasieran. Gauza bera gertatuko litzateke [JON ikusi dut] (Jon ikusi dut) eta [JON] [ikusi dut]en artean (Jon, ikusi dut). Baina bai eta ere aditzik gabeko esaldietako segidako bi sintagmen artean. Ez da berdin euskaraz bihar ni bezalako segida bat’ kolpe (intonazio unitate) bakarrean ahoskatzea [BIhar nik] (Bihar nik), unitateko azentu bakarra hasierako bihar osagaian duela, nik zer edo zer noiz egingo dudan adieraziz, edota hau bi unitatetan eta bi azentuz ematea [BIHAR] [NIK], adieraziaz bihar nik egingo dudala zer edo zer (eta ez beste norbaitek edo), eta hau idatzian koma batez adierazi liteke: Bihar, nik.
Euskaraz, gure inguruko VO hizkuntzetan ez bezala, intonazio unitatearen hasieran eman ohi da honen gailur prosodikoa, eta horregatik zaigu hain inportantea ongi bereiztea non hasten den intonazio unitate berria. [Unitatearen gailur prosodikoa ohituraz amaiera aldera eman ohi den VO hizkuntzetan’ irakurtzen ari garenaren, zentzuak eraman ohi gaitu besterik gabe atal hura azpimarratzera.] Eta eten hori egin liteke koma batez, artean aditza eman gabe badoa esaldian, edota bi koma ematen badira elkarren hurbil, orduan komak behar bezalako goranzko intonazio bat eragin ohi duelako amaitzen duen unitatean, ondoko atalen garrantzi predikatiboa iragarriz (gure hizkuntzan eta ingurukoetan). Bai, subjektua eta objektuaren arteko komek, edota zeinahi sintagmaren artekoek.
- 2. Ez dut uste, ordea, berdin gertatzen denik aditzaren ondotiko komekin (ez badoaz bi koma elkarren hurbil). Hauek gure hizkuntzan bederen, beheranzko intonazioa eragin ohi dute eta esaldiaren amaiera iragarri, eta ez segida. Konparatu ditzagun, esaterako: Jon etorri da goizean eta Jon etorri da, goizean esaldiak. Esan ohi da batak zein besteak eragin ohi digutela irakurketa komunikatibo bertsua’ Jon osagaia azpimarratuz, eta hau doan unitatearen amaieran beheranzko intonazioa eraginez: [JON etorri da goizean] kolpe bakarrean emana, edota [JON etorri da] [goizean]. Nahiz azken honetan, dislokaturik bezala erantsi goizean informazioa, aurrekoan kolpe berean emana zena. Hori irakatsi digute Azkue eta Altuberen galdegai lege apokrifoaren arrastoan. Baina hori ere ez da hain egia gertatzen esaldiak hutsean eman ordez beren testuinguruan aurkitzen ditugunean. Goiko esaldiok jasotzen baditugu Nor etorri da (goizean)? galderaren ondoren, ez da batere zalantzarik denok Azkue/Altubek proposatutako prosodia eta irakurketa eginen dugula. Ordea, testuaurrea izanda Noiz etorri da Jon?, gutako nork irakurriko du Jon etorri da goizean segida Azkue/Altuberen prosodian eta esanahian? Esan liteke eta hala irakatsi zaigu halako prosodia eta ordenamendu bat ez ote den euskarazkoa, baina hori ez da egia. Ahozkoan, euskaldunik txukunenek egin ohi dute hori oso maiz (ez hori bakarrik, noski, baina hori ere bai). Nor zara zu? galderari bezala erantzunez Ni naiz Gregoria Asteasukoa euskaldun zahar guztiek maizenik egin ohi duten bezala. Eta idatzian ere testuaurreak irakasten digu irakurketa zuzena Axular, Agirre Asteasukoa, Añibarro, Mogelak, Duvoisin edo zeinahi klasiko irakurtzen dugunean inongo arazorik gabe (gaur eguneko ohiko euskara batuaren aldean), aditz aurreratuko joskera bat darabiltelarik (Esnalek eta Zubimendik proposatutako bidean).
Baina, hala ere, interpretazio arazorik suertatzen baldin bada, nola konpondu? Esaterako, testuaurre lagungarriegi bat gabe Jon etorri da goizean, Ni naiz Gregoria Asteasukoa edo Maria ezkondu da alargunarekin bezalako esaldietan, nola iragarri geniezaioke irakurleari hiztunak aditz ondorengo osagaia azpimarratu nahi duela eta ez honen aurrekoa. Komak ez digu balio, ze hauek, testuaurre lagungarririk gabe, aditzaren aurreko osagaia azpimarratzera garamatzate eta komaren aurreko osagaiaren beheranzko intonaziora, esaldia (edo honen bihotza behintzat) amaitutzat edo emanez: Jon etorri da, goizean edo Ni naiz, Gregoria Asteasukoa. Aldiz, uste dut, Josu Lavinek gogoratzen digun goiko arrastak, beste eragin bat izanen lukeela eta izan ohi duela. Hau da, goiko arrastaren (apostrofoaren) aurreko osagaiaren amaiera ez ematea beherantz, predikazioaren amaiera iragarriz, baizik eta gorantz, ondoko osagaien garrantzi predikatiboa iragarriz. Hala: Jon etorri da’ goizean; Ni naiz’ Gregoria Asteasukoa, edo Maria ezkondu da’ alargunarekin. Eta sistemak ez du bakarrik balioko aditzaren ondore justuko osagaiarentzat. Baita ere, apostrofoaren ondorengo zeinahi osagarri azpimarratzeko, eta irakurleari gogoratzeko, apostrofoaren aurreko osagaia goranzko intonazioz amaituko dela, eta batez ere, ondorengoak hasieran izanen duela bere gailur prosodikoa. Esaterako adibidez: Jon etorri da goizean’ lana egin behar zuelako (, ez nahi izan duelako.)
Ni ez naiz orain arte ausartu halako lanabes baten propaganda gehiegi egiten (nahiz jada nire tesian jasotzen den 1995ean), apostrofoen halako erabilera ez delako ezagun (nik dakidalarik) munduko beste hizkuntzatan, eta horrek zuhur izatera eraman behar gaituela uste dut. Baina geroztiko esperientziak’ apostrofoaren halako erabilera baten gero eta aldekoago bihurtzen nau, eta tarteka erabili ohi dut nire idatzietan behintzat (agian arrakasta handiegirik gabe).
Bukatzeko aipatu (nik dakidalarik) Azkue dela lehenengo apostrofoa modu honetan erabiltzen bere lehen garaiko idatzi guztietan (Grankanton arrantzaleak, Peru Matraka ta Pedr'Anton, Izkindea …) eta azken honetan teorizatzen duela modu zuhur eta zentzu osozko batean (nahiz bere garaiko euskara bitxian, 1891, 27 eta 35-6 orr.):
"LENENGO ARAUA. Esaldiak ondo oguzteko' alkar mendetuta dagozan itzak' arnasa baten oguzi bear daue. / … / Noiz arnasa artu leiken' edo zeintzuk daizan itz alkar mendetuak' itzen goiko marratxoak dinoskue. (27 or.) / … / Goiko arrasta. Marra au barria dai; bear bearra dailako sortu daut. Euskal itzak' euren berarizko Irizpidea gaitik' erdaldunak marrarik ipinten ez dauen lekuan bere' marraren bat bear daue' euren agerkizuna ilundu nai izan ezik. / … / 90. ¿Noiz, bada, oitu bear izango dai goiko arasta? / Arnasa artuteko peremiñaa' ta itzen agerkizuna nastuteko arrizkua dagoenean, bezte marrarik onetarako oitu al izan ezik. (35-6 orr.)."
Azkueren arrastoan Altubek 1932an defendatzen du delako coma superpuesta (El acento vasco en la prosa y en el verso, 102-3 orr. eta gero 195-199 orr., oraindik ongi irakurgarriak diren pasarteetan):
"§ 108. La elevación de tono que se produce en la pronunciación del miembro ante-inquirido o de su sílaba final, es como se sabe, un fenómeno común a la generalidad de los idiomas; … / ... / § 110. La conjunción del miembro ante-inquirido y el inquirido se efectúa mediante un pequeño silencio o pausa que se produce después de pronunciado el primero, el ante-inquirido; por lo que éste asume el carácter de miembro especialmente independiente y por ende, tónicamente desvinculado del segundo, el inquirido. ..." Edo: "§ 109. Por todo ello, para los efectos de la acentuación grafica, se puede considerar como elemento característico de las frases de referencia, la repetida elevación de tono, la que sera señalada, en este estudio, por el signo apóstrofo () colocado inmediatamente después del miembro ante-inquirido, así: / Gaur auxe = GAUR auxe. / Biyar' orixe = BiyAR orixe. /…/ Es ésta otra de las razones por la que el apóstrofo, o sea la coma superpuesta, colocada entre ambos miembros, nos parezca el signo apropiado para indicar la entonación entrecortada de esas locuciones; ...". (1932, 195-196 orr.): "II.- La coma superpuesta como signo tonal. / § 211. La extructura sintáctica del euskera requiere, con mas necesidad que la de otros idiomas, el uso del del apóstrofo o coma superpuesta colocada al final de los miembros de frase ante-inquiridos ...".
Eta Altubek geroztikako idatzietan maiz erabili ohi zuen apostrofoa.
Azkue/Altuberen hausnarketa hauei egoki zerizten Orixek ere 1933ko artikulu batean (275 or.):
"El procedimiento de la coma superpuesta me parece cosa muy práctica para la lectura; …"
Eta Lavinek gogoratzen duen bezala, Justo Maria Mokoroak ere erruz erabiltzen du apostrofoa bere lokuzioetan, eraginkortasun apartaz, nornahik frogatu lezakeen moduan.
Hasiko al gara gu ere apostrofoa erabiltzen behar denean, aditz ez atzeratuko joskera ulergarri bat erabiltzeaz gain, gure hiztun hoberenen eta alde eta aldi guztietako gure idazle klasiko guztien legean?
(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE Euskal Herriko Unibertsitateko Filologia Saileko irakaslea da)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
-
|