|
Joan den martxoaren 22an, aukera egokia eskaini zuen, gune honetantxe, Ibon Sarasolak plazaratutako "Komak eta debekuak" lanak, euskara komunikatiboaren gaia jorratzeko. Eta, aukera galdu nahi ez eta, berehala bidali nuen neure erantzuna. Hala ere, lagun batek baino gehiagok aitortu dit irakurria duela Ibonena, baina nire erantzuna ez, eta mereziko lukeela gaia berriro ere hartzea. Batik bat, bigarren arrazoi honengatik bidaltzen dut berriro erantzuna, 22an idatzi nuen bezalaxe.
Astero bezala, arretaz irakurri dut Ibonen lana. Eta oraingo honetan, arretaz ez ezik, esker onez ere bai; ez baita egunero gertatzen baten lana –kasu honetan, Joxe Ramon Zubimendiren eta bion Idazkera-liburua– aintzakotzat hartzea.
Eta asmoa euskara komunikatiboa lantzea izanik, jarrai dezagun horretan, merezi du-eta.
Korapilo asko ditu euskara idatziak askatu beharrekoak. Eta, besteak beste, puntuazioaren hari-muturra aukeratu genuen Zubimendik eta biok zenbait korapilo askatzeko. Agian, "orga idien aurretik" jarriko genuen. Baina jarrai dezagun gaia lantzen.
Hasteko, merezi du gauzak ez gehiegi soiltzea. Ibonen hitzetan, "oso oinarri ahulak ditu debeku horrek [subjektuaren eta predikatuaren artean ez da koma bakarra jarri behar]. Zubimendik eta Esnalek diotenez, bi dira arau hori ezartzeko arrazoiak". Bai. Oinarri ahulak izango lirateke, bi horiek soilik izan balira gure arrazoiak. Baina, gutxienez, beste bi ere hartu genituen aintzat:
- 1) pausaldi ortografikoak eta prosodikoak bereizi beharra (koma jarriko genuke, bestela, hizketan geldialdiren bat egiten dugun bakoitzean, eta testuak kaos hutsa izango lirateke) eta
- 2) gure idazle onen puntuazio-marken erabilera. Esaterako, zenbat aldiz ipini zuen koma bakarra Koldo Mitxelenak subjektuaren eta predikatuaren artean? Eta, bide batez, zenbat jarri ditu Ibonek gaurko bere honetan?
Komeni da, bestetik, gauzak gehiago zehaztea. Esaterako, salbuespen bat ere jarri genion arau horri: "mintzagaia salbuespen". Gaur, gehiago zehaztuko genuke (eta zehazten dugu): "mintzagai hanpatua salbuespen". Hain zuzen, mintzagai hanpatuak dira "zazpi izarrak" eta "ikusi dituán zazpi kandelerak", Ibonek aipatutako Leizarragaren esaldian [zazpi izarrak, zazpi Elizetako Aingeruak dituk, eta ikusi dituán zazpi kandelerak, zazpi Elizák dituk].
Eta, gauzak zehazten jarraituz, egia da batzuetan joskera aldatzea proposatu genuela arazoak konpontzeko. Baina joskera aldatzea, konponbideetako bat da, eta ez "konponbidea" edo konponbide bakarra. Beraz, estrategia bat –aukeretako bat–, baina ez bakarra.
Azkenik, badago, Ibonen artikuluan, horiek baino gai garrantzizkoago bat. Honelaxe dio Ibonek:
Maria ezkondu da alargunarekin balitz euskaraz esaldi neutroa, ez genuke arazorik; baina, esan beharrik ez dago, esaldi hori markatua da euskaldun gehienontzat, eta markatua da euskara batuan. Tamalez baina hala da…
Galderatxo bat, Ibonentzat. Gure araua ez da ofiziala izango; konforme. Baina ofiziala al da baieztapen hori: Maria ezkondu da… markatua dela euskara batuan? Non gelditzen da, orain, Iparraldekoen euskara? Eta XX. mende hasiera arteko tradizioaren puskarik handiena?
Hasieran esan dudanez, korapilo asko ditu euskal prosak. Eta kontu handiz zaindu beharrekoak. Ea asmatzen dugun aurrera egiten, ahalik eta zuhurren.
(PELLO ESNAL ORMAETXEA Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze -HABE- erakundeko didaktikaria da.)
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|