|
Badira hitzak ustez ia erabiltzen ez direnak eta gutxien uste duzunean testu batean aurkitzen dituzunak.
Lehengoan Kondestablearen jauregia irakurri nuen gure egunkarian, Iruñeko Gazteluko plazan 2002. urtean aurkituriko aztarnategiaz ziharduen artikulu batean.
Erdarazko condestable/connétable-ren euskal ordaina hiru formatan agertzen da gure tradizioan: gaztelaniatiko kondestable, XV. mendeko nafar kanta batean eta Iztuetaren Kondairan agertzen dena, frantsesetiko konetable, Egiategi zuberotarrak erabiltzen duena eta konestable, J. Etxeberri Ziburukoak eta Tartasek erabiltzen dutena.
Ikusten denez, tradizioak ez du bere pisu, kasu honetan txikia, inongo aldetara makurtzen. Ezta gaurko erabilerak ere: Ereduzko Prosa Gaur aplikazioan ez dut aurkitu ez kondestable, ez konetable, ez konestable-rik.
Horiek horrela, inguruko hizkuntzei begiratzen badiegu, ikusiko dugu badela Europan, Erdi Aro Berantean, forma bat, conestable, latineko comes stabuli-tik datorrena eta katalanez, italianoz eta frantses zaharrean erabiltzen dena, eta ingelesezko constable eta alemanezko konstabler-en jatorria dena.
Hori da hain zuzen J. Etxeberri Ziburukoak eta Tartasek erabiltzen dutena, konestable, nire ustez euskara batuan dudarik gabe hartu behar litzatekeena. Zein hautatu behar genuke bestela?
(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)
- Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN
|