Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  EBPNren Komunikaziorako Gida

EBPNren Komunikaziorako Gida

2006-03-27 / 08:00 / Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza   HERRI-ADMINISTRAZIOA

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren (EBPN) Komunikaziorako Gida aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Udal-mailan udalek euskararen sustapenerako egiten duten ahaleginen berri emateko komunikaziorako estrategia eskaintzea da Publis agentziak egin duen gidaren helburua.

Aurkezpena

Aurkezpena

Udaletako hizkuntza-politikaren ahaleginen helburu nagusia da euskaraz bizi nahi duten herritarrei horretarako aukerak bermatzeko behar diren hizkuntza-politikako neurriak erabakitzea eta bultzatzea, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak dioen moduan. Herritarra da, beraz, udalen lanen azken xede-taldea. Jakina da, euskararen geroa bermatzeko ezinbestekoa dela herritarren parte-hartzea eta inplikazioa izatea. Horretarako, berebiziko garrantzia du komunikazioak. Eta eremu horretan laguntzera dator gida hau.

Ezinbestekoa da komunikazio-plan egokia diseinatzea eta gauzatzea, izan ere, euskara sustatzeko egiten dugun lana, ez da nahi edo beharko genukeen bezain ezaguna gizartearen gehiengo zabalarentzat, eta beharrezkoa da euskalgintzaren inguruko komunikazioa hobeto lantzeko bide eta aukerak bilatzea eta ezartzea.

Gida honen helburua da, hain zuzen, udalei komunikazio-estrategia eraginkorra ezartzen laguntzeko jarraibideak ematea, helburu, jasotzaile eta mezu egokiak zehaztuz eta udalerri bakoitzak, egoera soziolinguistikoa eta tamaina edozein direla ere, bere errealitatera egoki dezakeen tresna-aukera zabala eskainiz.

Zertarako da gida hau? (Komunikazioaren garrantziaz bi hitz)

Herritarren sentsibilizazioa areagotzea helburu duen egitasmo batek gauzak egin egiteaz gainera, ezinbestekoa du egin asmo direnak eta egindakoak gizarteari ondo komunikatzea.

Plan Estrategiko guztiek behar dute, herritarrengan eragiteko premia duten neurrian, Komunikazio Plan bat. Eta helburu hori du esku artean duzun gida honek: EBPN garatzen diharduen udal bakoitzak bere urte osoko Komunikazio Plana diseinatu eta garatu ahal dezan laguntza eskaintzea.

Hizkuntzaren normalizazioa eskuratzen jarraitzeko helburua du EBPNk, eta zentzu horretan, gizartearengan eragiteko premia duen heinean, behar-beharrezkoa du komunikazioa ondo lantzea.

EBPNren komunikazio eraginkor batekin soilik lortuko da plana bizirik eta indarrean dagoela erakustea, eta udalaren lana ezagutzera ematea eta baloratua izatea.

Argi dago, halaber, EBPNren baitan antolatutako ekintza bakoitzaren arrakasta ere, hein handi batean, hura komunikatzerakoan lortutako eraginkortasunaren araberakoa izango dela.

Hitz batean esateko: udaletako euskara arloko arduradunek eginbehar asko eta askotarikoak dituzte. Denbora aldetik larri ibiltzen dira udaletan komunikazioari behar litzatekeen arreta eskaintzeko. Azken batean, nahikoa lan badute gauzak egiten, haiek komunikatzen ere modu eraginkorrenean asmatzeko.

Horregatik, komunikazioaren alorrean duten zereginean lagungarri izateko helburuarekin sortu dugu Komunikaziorako Gida hau, udal Komunikazio Plan bat dakarrena eredu gisa, gero udal bakoitzak bere udalerriko ezaugarrietara eta beharretara egokitzeko aukera izan dezan.

Non Gaude? (diagnostikoa)

Abiapuntua ezagutzea behar-beharrezkoa da, ahuleziak identifikatu, konponbideak bilatu eta eman ahal izateko. Gaur egungo egoeraren diagnostikoa egiteko, galdera hauei erantzun behar liekete zintzotasunez udal bakoitzeko arduradunek:

  1. Nire udalerrian jendeak ba al daki zer den EBPN? Bertako biztanleek ezagutzen al dute udalaren euskara atala eta haren egitekoa?

    Gutxik edo oso gutxik ezagutuko dute EBPN, zer den eta zertan den azaltzeko moduan. Udalaren euskara atala, ordea, zertxobait ezagunagoa izango da ziur asko udalerri gehienetan.

    Edonola ere, nabarmena da asko dugula egiteko: jendeak bertako Euskara Zerbitzua ezagutu eta baloratu dezan.

  2. Zeinek izenpetzen ditu burutzen ditudan komunikazio ekintza eta euskarriak?

    Udalaren logoak? Udalerriko Euskara Zerbitzuak bere logoarekin?... Eta egiten al diot aipamenik EBPNri, grafikoki edo testuan zeharka bada ere, ekintza bere testuinguru orokorrean kokatzeko?

  3. Udalerriko gizarte eragileekin harremanik ba al daukat? EBPN garatzeko interesgarriak izan daitezkeen guztiekin?

    Guztiek izan beharko lukete udalaren euskara alorrean egindakoaren berri. Udalerriko agente guztiak interesatzen zaizkigu: merkatariak, enpresak, ikastetxeak, kultur eragileak (dantza taldeak, abesbatzak, antzerki taldeak...), kirol taldeak, aisialdirako taldeak, erakunde erlijiosoak, elkarte gastronomikoak... Harreman hori landu beharko genuke guztiekin. Euskararen Aholku Batzordeak lan hau bideratzen lagunduko digu zeregin honetan.

    Komeni zaigu udaleko agente eta elkarteekin zuzenean harremanetan jartzeko datuak eskura izatea.

  4. Komunikaziorako ekintza eta euskarri asko eta ezberdinak erabiltzen al ditut? ala beti berdintsuak erabiltzen ditut?

    Jendearengana heltzeko bitartekoak hautatzerakoan inertziarekin jokatu ohi dugu sarritan, eskurago dauzkagunak edo lehendik ezagutzen ditugunak aukeratuz eta landuz behin eta berriz (kartelak, adibidez).

    EBPNren baitan antolatzen eta garatzen dugun ekintza bakoitzak xede-talde jakin bat du, eta harengana heltzeko bide eta modu egokiena bilatzen saiatu beharko genuke kasu bakoitzean (mailing-a, bilera edo aurkezpenak, webgunea...).

  5. Herrian/hirian irakurri, ikusi edo entzuten diren hedabide guztietara jotzen al dut?

    Komunikazio tresnak hautatzerakoan bezalaxe, ohiturei jarraiki jokatzen dugu sarritan informazioa zein hedabideetara bidali erabakitzerakoan. Harreman estua eta ona beharko genuke eduki udalerrian irakurri, entzun eta ikusten diren hedabide guztiekin (udalerriz eta eskualdez gaindiko komunikabideekin eta estatu mailako hedabideekin zaila izango dugu, jakina). Haien guztien kontakturako datuak behar ditugu txukun, eskura.

    Eta gauza izan beharko genuke, baita ere, interesgarria izan daitekeen informazioren bat daukagunean hura hedabideei behar bezala "saltzeko". Geroxeago hitz egingo dugu horretaz.


(adibide orientagarriak dira honako erantzunak)

  1. Jendeak ezagutzen al ditu Udalaren Euskara Zerbitzuaren egitekoak eta EBPN?
    • Euskara Zerbitzua ezagun samarra da udalerrian. Baina askok ez dute haren berririk, eta ezagutzen dutenek ez dute bereziki baloratzen.
    • EBPNk ez du presentziarik udalerrian, ez behintzat jarraitua.
    • ...
  2. Zein logok sinatzen ditu komunikazio-ekintzak?
    • Euskara Zerbitzuak bere logo eta leloarekin sinatzen ditu soilik aurrera ateratzen dituen komunikazio-ekintza eta euskarriak.
    • EBPNren logoa ez dugu erabiltzen.
    • ...
  3. Nolakoa da udal gizarte-eragileekiko harremana?
    • Batzuekin harreman estu samarra dugu, baina badira hobeto ezagutu beharko gintuzkeen taldeak.
    • Zailtasunak edo eragozpenak ditugu zehatz-mehatz talde hauekin:...
    • ...
  4. Zein euskarri erabiltzen dugu komunikazio-ekintzetarako? Eta zein ez?
    • Kartelez eta udal webguneaz baliatzen gara batez ere. Noiz edo noiz eskuorriren bat ere egin dugu.
    • Saiatu beharko genuke agian e-posta zerrenda bat sortzen talde guztiekin harreman zuzena izateko.
    • Ekintza puntualetan beste euskarri batzuk erabiltzen hasteko aukera aztertu beharko genuke.
    • Denbora pixka bat hartu beharko nuke ekintza bakoitzean zein euskarri erabiltzea komeni zaidan erabakitzeko.
    • ...
  5. Zein hedabidek ematen dute gure berri? Eta zeintzuk ez?
    • Ohitura ez dudan arren, badira hedabide batzuk kontuan hartu beharko nituzkeenak gure berri emateko:...
    • Seguru asko izan dugu noiz edo noiz tokian tokikoak baino handiagoak diren hedabideentzako interesgarriak ziren edukiak.
    • Haiekiko hartu-emana mekanizatu eta estutu egin beharko genuke.
    • ...


Laburbilduz

Gure udalak zer hobetu badu komunikazioaren eremuan:

  1. Komunikazioa hobeto lantzeko beharra dugu, udalerriko biztanleriak Euskara Zerbitzuaren lana eta EBPN hobeto ezagutu ditzan, eta gure lana behar bezala balora dezaten.
  2. Egiten ditugun komunikazio-ekintza eta euskarri guztiak udalak eta EBPNk sinatu beharko lituzkete beti (kartelak, prentsa-oharrak...), gure lana testuinguru orokorrean ulertua izan dadin.
  3. Udalerriko gizarte-eragileekin dugun harremana landu behar dugu, eta etorkizunean haiekin harremanetan jartzeko informazioa bildu eta txukun antolatu.
  4. Komunikazio-ekintzak garaiz antolatu behar ditugu.
  5. Erabiltzen ditugun komunikazio-euskarriak era askotarikoak izan daitezke, beti bitarteko berak edo antzekoak baliatu beharrean.
  6. Hedabideekiko harremanetan zer hobetu ere badugu: ezagutzen ditugunekin hartu-emana hobetuz eta hain gertukoak ez zaizkigunekin elkarlana bultzatuz.
  7. Informazioa era interesgarriagoan aurkezten ahalegindu behar gara.


Egiteko daukagu:

1. EBPN logotipoa eskura eduki, formatu estandar batean (.jpg, adibidez), egiten ditugun komunikazio ekintza guztietan txertatzeko.

2. Udalerriko gizarte-eragile guztien zerrendak lortu.

3. Udalerrian irakurri, entzun edo ikusten diren hedabide guztien zerrenda egin.

Non egon nahiko genuke? (helburuak)

Nondik abiatzen garen jakitea bezain garrantzitsua da jomuga non dugun argi edukitzea.

Erraz eta labur deskribatu daiteke nora iritsi nahiko genukeen:

  1. Gizartearen gehiengo zabalak oso iritzi ona du EBPNri buruz, eta zinez txalogarritzat jotzen du plan estrategikoa garatzen diharduen udal bakoitzaren lana.
  2. Gizartearen gehiengo zabalak badaki euskararen alde EBPN garatzen giza sare zabala ari dela lanean. Tokiko Euskararen Aholku Batzordearen egitura eta egitekoa ezaguna da udalerrian.
  3. Udalerriko gizarte-eragileekin harreman estua eta emankorra du bertako udalak, elkarlanean ere antolatzen baitituzte ekintzak.
  4. Komunikazio-ekintza eta euskarri interesgarri asko eta askotarikoak erabiltzen dituzte EBPN garatzen duten erakundeek, sormen handiz, gainera.
  5. Hedabide garrantzitsuenetan asko eta ondo agertzen dira udaleko lan, ekintza eta emaitzak.

Horiek horrela zerrendatuta, amets baterako osagai utopikoak dirudite, baina sinets dezagun: zer egin asko, eta batez ere, zer irabazi asko dugu komunikazioaren eremuan.

Zer komunikatu gutxiago eta ez hain interesgarria duten erakunde askok beren lanari etekin handia ateratzen asmatu dute, komunikazioaren kudeaketa eraginkor bati esker. Guk ez dugu garena baino gehiago garenaren itxura eman nahi, ezta egin ez dugunik "saldu" nahi ere. Egunero-egunero egiten dugun lanak gizartean neurriko isla izan dezan nahi dugu, eta horretarako behar dugu komunikazio-estrategia egokia lantzea.

Nola irits gaitezke hara? (tresna eta baliabideak)

Ondo da, oso lagungarri suerta daiteke komunikazioaren kudeaketa ona gure eguneroko lanerako. Zer ikasi eta egina badugu eremu horretan, eta badakigu zein dugun helburu. Ez goaz, baina, komunikazioan aditu bihurtuko gaituen masterra egitera. Zer egin dezakegu, hortaz?

Komunikazioaren munduan eroso eta arinago mugitzeko lagungarri izan nahi duten zenbait irizpide, gomendio, tresna eta funtzionamendu-era ematen ahaleginduko gara atal honetan, labur-labur bada ere:

  • LEHENBAILEHEN JAKIN ETA SINISTU BEHARREKOAK
    • Den-dena da komunikagai

      Edozer izan daiteke, komunikagarri baino areago, komunikagai. Edozer hori komunikatzeko moduan dago giltzarria. Jakin egin behar da gauzen xarma aurkitu eta kontatzen.

      EBPNren baitan antolatzen eta garatzen ditugun ekintza guztiak izan daitezke komunikagai. Horrek ez du esan nahi, ordea, egiten dugun guztia interesgarria denik hedabideentzat eta gizartearentzat. Ez dugu bat-batean informazio gehiegi eta hutsala zabalduz inor aspertu nahi.

      Komunikaziorako jarrera aktiboa geureganatuta, beste ikuspegi batekin ikusiko ditugu sarritan gure eguneroko laneko kontu asko. Haietako batzuk urte amaierako balantzea egiteko baino ez digute balioko; beste batzuk, ordea, modu egokian komunikatu baditugu, oihartzun mediatiko nabarmena izatera irits daitezke. Eta hori behar dugu.

    • Freskoa eta deigarria bada, hobe

      Zernahi dela ere komunikatzera goazena, modu arin eta ulerterraz batean ematen ahalegindu behar dugu. Tonu arinak ez dio zertan gaiari seriotasunik kendu. Aitzitik, edukiaren seriotasun edo sakontasunak arintasunaren premia behar du, jendearengana benetan iritsiko bada. Guztiok maite dugu, gainera, azaletik ibiltzea, freskotasuna.

      Atsegina behar du izan eskaintzera goazenak. Informatu baino gehiago, limurtu eta gureganatu egin behar dugu jendea. Eskaintzera goazena ona dela sinistu, eta halaxe transmititu behar diogu bai jendeari bai hedabideei.

      Guztiok gaude ohituta honezkero, film, kartel, eskuorri eta emankizun ikusgarrietara; hori dela eta, gure testu zein komunikazio-pieza (kartel, eskuorri, webgune...) guztiek ere maila duin bat izan behar dute: erakargarriak, dotoreak, zehatzak, xehatuak...

    • Hedabideei jaten emateko

      Ahaztu azalpen luzeak, dosier amaiezinak, excell taulak eta lehorkeriak. "Salgarri" edo argitaragarri iruditzen zaion zer edo zer nahi du kazetariak, labur eta zuzen esana edo idatzia, gainera.

      Albiste deigarriak, ezohikoak, bitxikeriak atsegin dituzte hedabideek. Erakargarritasunen bat izan dezaketen kontu eta gorabeherak. Beraien langaia ez da kalitatea, berritasuna baizik. Berri gisa aurkeztu behar zaie dena, gaurkotasunezko kontu gisa, albistegai ikus dezaten.

      Esate baterako, eskainiko dugun poesia-emanaldi batek edo pailazo-jaialdi batek ez du beste batzuen aldean, berez, interes berezirik sorrarazten, ez badu behintzat alde ezberdin edo ezohiko bat aurkezten. Sormena erabili behar da antolatzen dugun edo eskaintzen dugun edozein ekintza komunikatzeko (herriko baten omenez idatzitako olerkia irakurriko du agian poetak...).

      Ekintzaren xehetasun erakargarrienari heldu (gogoangarri suerta daitekeen hari muturrari) eta handik tiraka osatuz edertuko dugu gure eskaintza. Lehen mailako garrantzia/erakargarritasuna izan dezakeen gorabehera bereiztu eta azpimarratu behar dugu lehenik, eta horren ostean gainontzeko informazioa emango dugu.

    • Amua jarri, eta handik tiraka

      Lehen begiratuan bertan, ahora zer eramana ikusi behar du xede-taldeak gure mezu eta eskaintzetan. Errotulazioa euskaratuz gero, dirulaguntzak emango dizkiogula adierazi nahi diogun merkatariari, adibidez, gutun informatibo soila bidali beharrean, aterako duen etekina nabarmendu behar diogu aurrena (deskontua, dirulaguntza, irabazten duena), eta gero, hariari tiraka, behin bere interesa piztutakoan azalduko dizkiogu zeintzuk diren jakin beharreko gainontzeko gorabeherak.

      Mezuaren hartzailearen golkoan sartu behar dugu beti, eskaintzeko dugunetik hari zer interesatuko zaion asmatzeko. ("Hau irudituko zaio harrigarriena", "hau azpimarratuta neureganatuko dut seguru haren arreta"). "Promesa" bat egin behar dugu aurrena, bakar bat eta betetzeko modukoa, eta gero haren inguruan antolatu gainontzeko informazioa.

    • Kanabera botatzen asmatu

      Komunikatu beharreko mezua modu erakargarrian antolatu ostean, hura zein euskarritan edo komunikabideetan zabaltzea komeni den ondo hausnartu behar da (alderantziz ere izan daiteke: behin xede-taldea non harrapatu dezakegun erabaki ostean, mezua euskarri hartan nola eman asmatu behar da).

      Non dago ekintza honetarako interesatzen zaigun gizaki multzoa? Zein da ekintza honen lehentasunezko xede-taldea? Zein bide edo euskarriren bitartez iritsiko gara harengana?

      Hura harrapatu dezakegun lekuetara eraman behar dugu gure eskaintza: sarri joaten den kaleetara kartelen bidez? Irakurtzen duen aldizkarira ­albiste gisa edo iragarki bitartez­, bere egongelan harrapatu dezagun? Bere postontzira zuzenean, eskuorriari berehala helduko diolakoan? Tentatuko dugu telefonoz?...

      Zenbat eta gehiago jakin xede-taldeaz, orduan eta zorrotzagoak izango gara gure "ehizaldian". Zer gustatzen zaio? Nola? Zein garaitan?... Eta beretzat daukadana jakinarazi nahi badiot, ba al dakit nora jo, non harrapatuko dudan berehala?

OHARRA:Adierazi asmo duenaren kasu praktiko bat ere izan nahi zuen lezio ttipi horrek. Honaino iritsi bazara, teoria didaktiko lehorra izan zitekeena irakurgai atsegin eta interesgarri bihurtzen asmatu dugulako izango zen beharbada... ;-)


Laburbilduz

  1. Ekintza guztiak dira komunikagai. Lehen-lehenik, haietako bakoitzak zenbaterainoko erakargarritasuna izan dezakeen, eta noraino eraman gaitzakeen erabaki behar da. (Zenbait postontzitaraino soilik? Herriko aldizkariraino ere bai? ETB 1eraino ez? Seguru?...).
  2. Komunikagai dugun eduki hori tonu atsegin eta freskoan eskaintzeko gauza gara, seguru. Limurtu egin behar dugu hartzailea.
  3. Har dezagun gaiak eskaintzen duen alderdirik deigarriena, hartzailearentzat gogoangarriena izan daitekeena, eta eman diezaiogun titular erakargarri bat. Izan gaitezen sortzaileak.
  4. Mezu nagusiaren bitartez erakarri ostean, jantziko dugu gero gainontzeko informazio eta gorabeherez hartzailea.
  5. Horretarako, jakina, behar duen lekuan, berak nahi duen tokian jarriko diogu mezua hartzaileari. Bere gustuko tonu, kolore eta formatuan gainera, ahal izanez gero.


Egiteko daukagu:

1. Datorren urtean euskara sustatzeko aurrera eramango ditugun ekintza guztiak zerrendatu.

2. Ekintza horietako bakoitzak komunikazioaren eremuan eman dezakeenari buruz hausnarketa egin, eta bakoitzaren komunikazioan ia ahalegin txikia, dezentekoa edo handia egin behar dugun erabaki, kasuz kasu.

  • JOMUGAN BETI XEDE-TALDEAK

    Era askotakoak eta oso ezberdinak dira, era batera edo bestera, gure komunikazioa planifikatzerakoan aintzakotzat hartu behar ditugun xedetaldeak:

    • Barne publikoa
      • EBPN garatzen ari diren gainontzeko teknikariak, udaletakoak, foru aldunditakoak zein Eusko Jaurlaritzakoak.
      • Udal ordezkari, langile eta zinegotziak.
    • Kanpo publikoa
      • Udalerriko biztanleria osoa.ç
      • Udalerriko gizarte-eragileak:
        • Merkatariak: dendak, tabernak, hotelak, jatetxeak...
        • Enpresak: zuzendaritza, langileak.
        • Eskola eta ikastolak: irakasleak, guraso-elkarteak eta ikasleak.
        • Kultur eragileak: dantza taldeak, abesbatzak, antzerki taldeak...
        • Kirol taldeak: futbola, saskibaloia, eskubaloia, eskupilota...
        • Aisialdirako taldeak, erakunde erlijiosoak, elkarte gastronomikoak...
      • Hedabideak:
        • Tokiko telebista, irratia, egunkaria eta aldizkariak.
        • Eskualdeko telebista, irratia, egunkaria eta aldizkariak.
        • Tokiko kronika duten egunkariak (Diario Vasco edo Correo adibidez).
        • EAE osoan diharduten telebista, irrati, egunkari, aldizkari eta webguneak.

    Xede-talde guztiengana, -eta nahi izanez gero, haietako bakoitzarengana modu berezituan-, erraz eta azkar iristeko bideak izan behar ditugu eskura eta txukun antolatuta.

    Honako hauek izan daitezke xede-talde horietako bakoitzarengana iristeko bide egokienak:

    Xede-taldeaHarenganako bide ohikoena
    Gainontzeko EBPN teknikariak, Udaletakoak, foru aldundikoak zein Eusko Jaurlaritzakoak- Telefonoa
    - E-posta
    Udal ordezkari, langile eta zinegotziak- Telefonoa
    - E-posta
    - Bilerak eta aurkezpenak
    Udalerriko biztanleria osoa- Albistea hedabideetan
    - Iragarkia hedabideetan
    - Kartela kaleetan edo leku jakinetan
    - Jendaurreko aurkezpenak
    - Ekitaldi berezi eta jaialdiak
    - Mailing-a etxebizitzetara
    - E-mailing-a
    - Udal webgunea edo propioa
    - Eskuorriak postontzietan edo leku jakinetan
    Udalerriko gizarte-eragileak- Telefonoa
    - Bilerak eta aurkezpenak
    - Mailing-a arduradunei
    - E-posta
    - Albistea hedabideetan
    - Iragarkia hedabideetan
    Hedabideak- Telefonoa
    - E-posta (prentsa-oharrak + argazkiak)
    - Prentsaurrekoak


Laburbilduz

  1. Ahalik eta harreman zuzenena izan behar da beti xede-taldeekin. Hau da, udalerriko biztanleria osoarengana jotzeko beharra ez dugun kasu guztietan, telefono, e-posta bidezko harremana edo aurrez aurrekoa (bilera edo aurkezpena) da egokiena.
  2. Ekintzaren xede-taldea osatzen dutenak gehiegi baldin badira haietako bakoitzarengana zuzenean eta modu pertsonalizatuan zuzentzeko, guztientzako baliagarria izan daitekeen biderik zuzenena aurkitu behar da.

    Adibidez: gehiegi dira merkatariak, seguru asko, haietako bakoitzarengana telefonoz edo bilera bidez jotzeko. Orduan mailing bat izan liteke egokiena (haiei zuzenean bidalitako eskutitza + eskuorria) edo/eta e-mailing bat (mezu elektronikoa). Horrek ez du esan nahi, jakina, beste euskarri batzuk ere baliatu ezin daitezkeenik (udalerriko aldizkarian albiste bezala edo iragarkia jarriz, esaterako).

  3. Zenbat eta gehiago izan xede-taldearengana heltzeko bideak, orduan eta bermatuago gure mezua ondo jasoko dutela. (Gehien interesatzen zaizkigun merkatariei -adibidearekin jarraitzearren-, eredu izan daitezkeenei, telefono dei bat ere egin diezaiekegu).
  4. Komunikazioan modu eraginkorrean moldatzeko, gure xede-taldeen inguruko informazioa behar dugu. Datu-baseak behar ditugu: batez ere gizarte-eragileen helbideekin, eta hedabideetako e-posta eta telefono zenbakiekin.
  5. Komunikazioak gure arreta eskatuko du: denbora kenduko digu, batetik, eta inbertsio ekonomikoa beharko da egin, bestetik. Gauzak ondo egiten baditugu eskainiko dizkigun emaitzak, ordea, agerikoak eta eskertzekoak izango dira, seguru.


Egiteko daukagu:

1. Udalerriko gizarte-eragile eta hedabide guztien harremanetarako datuak lortu.

2. Eta datu base txukun eta gaurkotu bat osatu behar dugu, gero guztiak eskura eta baliagarri izateko.

  • KOMUNIKAZIO EUSKARRIAK

    Xede-taldearengana heltzeko bide eta euskarri ezberdinetaz baliatu gaitezke. Bitarteko horietako bakoitzak bere abantaila eta desabantailak ditu, eta beraz, kasu bakoitzean egokiena izan daitekeena aukeratu eta erabiltzea da onena.

    • Bilerak eta aurkezpenak

      Komunikazio zuzenerako egoera ezin egokiagoa eskaintzen dute bilerek eta aurkezpenek. Barne-komunikaziorako erabili ohi dira batik bat, baina xedetaldea osatzen dutenak gehiegi ere ez direnean, merezi du haiekin halako aurrez aurrekoak egin eta kontaktu zuzena aprobetxatzea jendea inplikatzeko.

    • Publizitatea

      Iragarkiak hedabideetan (aldizkarietan, prentsan, irratian, telebistan, zineman) zein publizitate euskarrietan (hesietan, markesinetan...) jar daitezke, (ordainduta, noski;-). Komunikazioaren eremuko erremintarik ezagunena da publizitatea seguru asko, baina gure kasuan ez da egokiegia. Ez bada behintzat, jende multzo zabal batengana heltzeko komunikazio behar berezi bat dugulako.

    • Kartelak

      Publizitate-euskarri egokiak dira gure mezuak ikusgai jarri nahi ditugun lekuetaraino eraman ahal izateko. Kaleetan, kultur etxeetan, ikastetxeetan, udaletxeetan... nonahi jar daitezke. Eta merkea eta erraza izan daiteke haien kudeaketa (haiek inprimatu eta itsatsiko dituen langilerik izanez gero udalean).

    • Mailing-a

      Gizarte-eragile jakin batzuen egoitzetara edo haien arduradunen etxebizitzetara gutunak, eskuorriak edo dena delako komunikazio-euskarriak bidaltzeko bide ezin egokiagoa da. Mezua nori bidali zehazten laguntzen du, eta ez du ahalegin handiegia eskatzen; helbideen datu-base antolatu bat izanez gero, nahikoa delako bidaltzera goazen "pieza" egin eta haren kopiak atera eta bidaltzea.

    • E-mailing-a

      Gero eta gehiago erabiltzen den komunikazio-tresna da e-posta bidezko bidalketa masiboa. Xede-taldeen helbide elektronikoen datu-base txukun eta gaurkotua behar da horretarako, baina gero nahikoa da mezu bat ondo prestatu eta hura nahi dugun guztiei bidaltzearekin (doan, noski;-).

    • Webgunea

      Udalak bere webgunea erabil dezake, edo bertako hedabideren bat, edo guztiak, bere mezua sareratu eta biztanle "internautengana" iristen saiatzeko. Euskarri osagarria da; ez da nahikoa bera bakarrik.

      Newsletter edo e-posta zerrenda batetaz balia gaitezke gure mezuak posta elektroniko bidez jaso nahi dituztenei helarazteko. Euskarri honen bitartez bermatuago izango dugu behintzat ziurtatzea zenbait hartzailek jaso dutela gure informazioa.

    • Eskuorriak

      Komunikazio euskarri egokiak dira informazio luze samar bat zabaltzeko. Formatu askotakoak izan daitezke (biorrikoak, hiruorrikoak, A4 tamainakoak, formatu amerikarrekoak...). Nahi izanez gero, xede-talde jakin bat osatzen duten eragileen helbideetara bidal daitezke soilik; edo udalerriko etxebizitza guztietako postontzi guztietan bota; edo xede-taldea ibili ohi den leku jakin batzuetan jarri haien eskura (polikiroldegian, kultur etxeetan, zahar egoitzetan, musika eskolan...).

    • Merchandising-a

      Gure irudi korporatiboa daramaten opariak (egutegi bat, boligrafo bat, saguarentzako alfonbra txikia...) erabili ditzakegu udalak edota Euskara Zerbitzuak zenbait gunetan presentzia eduki dezan edota bere webgunearen helbidea sustatzeko, esate baterako.

      Argitaratu eta banatu ditzakegun bestelako pieza batzuek ere (hitz goxoen zerrenda, poltsikoko kantu bilduma...) funtzio sustatzaile berbera bete dezakete, eduki interesgarria eskaintzearekin batera. Baina kontuz opari soil moduan erabiltzearekin: helburuak sustatu nahi dugun azken xedearekin lotura izan behar du.

    • Babesgoa

      Komunikazio-erreminta hau ez da egokiena gure kasuan, gastu handi samarra dakarrelako eta ez duelako informazio handirik hedatzeko balio (marka korporatiboa ezagunagoa bihurtzeko eta balore positiboekin lotzeko erabili ohi da). Dena dela, zenbait kasu berezitan, kultur ekintzak edo emanaldi bereziak babestu ditzakegu, ekintzon antolatzaile gisa agertzen baldin bagara egokiago izan daitekeen arren.

    • Albistea "saldu"

      Hedabideetan agertzen asmatu behar dugu, publizitatea kontratatu gabe, guretzako inongo diru kosturik gabe, alegia. Ezinbestekoa dugu gure ekintza eta mezuak hedabideetan albiste gisa argitaratu ditzaten ahalegin planifikatua egitea. Horretarako, ondo landu behar ditugu kazetariekiko harremanak. Lana eginda, samu-samur eman behar zaie. Eta ez da nahikoa haiei prentsa ohar bat eta argazki bat helaraztearekin; igorritako informazioaren jarraipena egin behar da (ziurtatu jaso dutela, arduradunari telefonoz deitu ekintzaren datu esanguratsuak emateko...). Prentsaurrekoak antolatzekotan ere, zerbait deigarria eta berezia izan behar dute.


Garrantzitsuena, sormena

Sormena da komunikazio-tresnarik indartsuena. Edozein dela ere erabiliko dugun komunikazio-euskarria, hura sormen handiz lantzen asmatu behar dugu. Edozein ekintza, gauza, mezu, erakargarri eta gogoangarriagoa suertatzen baita modu sortzaile batean komunikatzen bada.

Bizi garen gizartea informazioz gainezka dago, kartelez gainezka daude kaleak, eskuorriz gainezka leku askotako mostradoreak eta kazetariek ere hamaika albiste dituzte egunero mahai gainean haietako zein argitaratu erabakitzeko. Sortzaileak garen neurrian lortuko dugu guk sortutako albiste, kartel, eskuorri eta gainontzeko komunikazio-euskarri guztiak benetan ikusiak eta eraginkorrak izatea.

Komunikazio formaturik ohikoenek ere, prentsaurreko batek esaterako, grazia eduki dezakete, sormenarekin lantzen badira, burua pixka bat nekatuta. Horrek ez du esan nahi, ordea, ahalmen bereziak lantzen hasi behar dugunik. Guztiok gara sortzaile, eta betiko ekintzei bueltaren bat emateko gai.


Laburbilduz

  1. Ekintza bat garatzera noan bakoitzean, hura nola komunikatu hausnartzeari unetxo bat eskainiko diot. Xede-taldearengana nola heldu naitekeen pentsatu, ekintza horretarako egokiena(k) dirudi(t)en komunikazioeuskarria(k) zein(tzuk) izan daite(z)keen erabakitzeko.


Egiteko daukagu:

1. Erabiltzeko ohiturarik EZ dugun tresnen aukera kontuan hartu.

2. Tresna desberdinek eskaintzen dituzten aukerak aztertu, eta zein ekintzatan erabili ahalko ditugun erabaki.

  • KOMUNIKAZIO EKINTZAK

    EBPNren baitan garatzera goazen ekintza bakoitzaren komunikazioa ahalik eta hobekien lantzeko ahaleginak egin behar ditugu, batetik, baina bestetik, ekintzaz ekintzako komunikazio puntualaz gain, bestelako komunikazioekintzak ere antolatu beharko genituzke.

    Gutxi batzuk oso eraginkorrak suerta daitezke, ondo antolatzen baldin badira behintzat. Bi proposamen egiten ditugu orriotan:

    • Euskara Bizi jaialdia

      Egun berezi edo jaialdi handi bat antolatu dezake urtean behin, udalerri bakoitzean bertako Euskara Zerbitzuak.

      Udalerriko kultur taldeekin batera egun berezi bat sortu eta antolatzea litzateke onena, baina kontua ez da derrigor ezer ez dagoen lekutik ekintzez jositako egun oso bat asmatu eta antolatzea. Nahikoa izan daiteke dagoeneko herrian baden egun berezi bat edo bertan egiten den ekitaldi berezi bat aprobetxatuz, ekintza handi samar bat antolatzea.

      Herri guztietan daude dantza taldeak, antzerki taldeak, abesbatzak, ikastetxeak... Astero-astero egiten dituzte entseguak, eta gustu handiz parte hartu ohi dute herri mailako kultur ekintzetan: Balearen eguna Orion, Elkanoren porturatzea Getarian, Euskal Jaiak han-hemen... Herri guztiek dituzte egun berezi batzuk urtero, -bertako jaiak, besterik ez bada ere-, ezin egokiagoak liratekeenak EBPNren baitako zabalkundea egiteko. Udal bakoitzak bere neurrian eta ahal duen bezain ondo eginez, jakina.

      Herriko kultur talde eta eragileak inplikatzea da helburua, guztien artean egun berezi bat sortzeko euskararen inguruan, eta EBPNk eta bertako Euskara Zerbitzuak protagonismoa izan dezaten.

    • Euskara Bizi erakusketa

      Urtean EBPNren baitako ekintzei esker egindako aurrerapausoekin erakusketa bat egin daiteke. Urtean zehar esparruz esparru lortutako emaitzekin erakusketa bat egin ahalko litzateke udalerri bakoitzean, biztanle guztiei zabalik: merkataritzan euskaratutako piezak, antolatutako aisialdi-ekintzak...

      Horrela, EBPNren baitako programaren batean parte hartu duten enpresa, erakunde edo talde guztiek ikusi ahalko dute ez direla plana garatzen ari diren bakarrak, beren ahalegina ez dela isolatua izan, plan zabal baten zati baizik. Bai plana garatzen parte hartu duten gizarte-eragileek eta baita gainontzeko herritarrek ere, EBPN udalerrian lortzen ari den emaitza guztien ikuspegi orokorra izango dute. Partehartzaileek nolabaiteko harrotasunez jasoko dute erakusketa, egindako lan onaren errekonozimendu moduan; eta bestetik, motibagarria suerta daiteke oraindik plana garatzeari ekin ez diotenentzat.

      Eta biztanleek udalaren lana balora dezaten lortzeko urrats polita izan daiteke, seguru. Horretarako, erakusketa txukun eta ikusgarri samarra egiten asmatu beharko litzateke, jakina.


Egiteko daukagu:

1. Udala zein ekintza antolatzeko moduan dagoen hausnartu.

2. Udalerriko gizarte-eragileekin hitz egin, egon daitezkeen aukerak aztertzeko.

3. Eta animatu hura egin egitera, emaitzak mereziko du-eta.

  • LAN METODOLOGIA, labur-labur

    Ekintza bakoitzaren komunikazioa planifikatzeko garaian, lagungarria suertatuko zaigu honako urrats hauek ematea:

    • Zer?

      Garatzera goazen ekintzak zer-nolako komunikazio ahalegina merezi duen baloratu behar da lehendabizi, haren alderik deigarri edo interesgarriena bilatu eta izan dezakeen potentzialtasuna neurtuz.

    • Nori zuzendua?

      Ondo zehaztu behar da (edo dira) ekintzaren xede-taldea(k). Ahalik eta zehaztasun handienarekin sailkatu behar dira lehentasunezkotzat jotzen ditugun gizaki multzo eta hedabideak, haiek banan-banan zehaztuz (posible bada).

    • Zeren bitartez?

      Komunikatu asmo dugun ekintza bera eta hura nori zuzendu nahi diogun aintzat hartuta, mezua igorri eta hedatzeko bide eta euskarri aproposenak aukeratu eta landu behar ditugu.

    • Zein mezurekin? Ekintzak xede-taldearentzat izan dezakeen alderdirik interesgarrienean oinarrituta, ahalik eta modurik erakargarrienean eskaini behar dugu mezua hautatutako komunikazio-euskarrian.
    • Nola?

      Eta ekintza zehatz-mehatz zer-nola garatuko dugun planifikatuko dugu gero. Esate baterako: aurrena dirulaguntzen eskuorria prestatu eta gutun batekin bidaliko diegu merkatariei; e-posta ere helaraziko diegu; eta gure webgunean ere informazio osoa emango dugu; gero merkatari garrantzitsuenei aurrez aurreko aurkezpena egiten saiatuko gara; eta azkenik, hedabideei prentsa oharra bidali eta deitu egingo diegu ekintzaren berri emateko...

Urteko udal Komunikazio Plana

(eredu bat)

EBPN garatzen dihardutenek urte osoko Komunikazio Plana diseinatu eta garatu ahal dezaten laguntza eskaintzea du helburu gida honek. Komeni da urteko kudeaketa plana diseinatzearekin batera, prest izatea urte osorako Komunikazio Plana.

Helburu horretan laguntzeko ekarri ditugu orriotara aipatu gomendio, azalpen eta tresna guztiak, eta asmo berarekin eskainiko dugu orain, hemen, edozein udalerriko Euskara Zerbitzuaren Komunikazio Plana izan ahalko lukeena.

Esan gabe doa, eredu gisa aurkezten dugula honakoa, eta ez norbaitek bere horretan hartu eta bere egin dezan.

Adibideak baino ez dira komunikazio Gida honetan jarri ditugun ekintza guztiak. Herri bakoitzak bere errealitatera egokitutakoak landu beharko ditu, jakina.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


Laburbilduz

  • EBPN garatzeko aurrera eramango dugun ekintza bakoitzaren komunikazioa garaiz eta ondo antolatuz gero, aurrerapauso handia emango dugu. Eta horrez gain, komunikazio-ekintza handi samar bat antolatzeko gauza baldin bagara, gizarte-eragileekin elkarlanean, hobeto.
  • Urtean zehar noizbait, udaleko Euskara Zerbitzuaren berri emateko elkarrizketa bat lortu beharko genuke tokian tokiko hedabide nagusienekin. Haiekin harremana estutzeko, lan egiteko modu bat finkatu eta abar. Eduki interesgarriak ditugu haientzat.
  • Egiten dugun guztiaren berri eman beharko genuke gure webgunean edo argitalpenean, horrelakorik izanez gero.

    Baina horrez gain, hedabide (ia) guztiei ere informazioa helarazi behar diegu argitara dezaten.

Ebaluazioa

Urte osorako Komunikazio Plana garatu ostean, egindako bideari begiratu beharko zaio, lortutako emaitzak zer-nolakoak izan diren ikusteko, guztiz ondo egin ez ditugun kontuetatik ikasteko eta, batez ere, hurrengo urtean hobetu beharreko kontuak zeintzuk diren zehazteko.

Horretarako, gida honen hasierara itzultzea komeniko da urte amaieran, hurrengo urteko Komunikazio Plana prestatzeko:

  • Non gaude?
    • Jendeak ba al daki zer lan egiten duen erakundeak? Eta zer den eta zertan den EBPN?
    • Komunikazio-euskarri eta bide ezberdinak erabili al ditugu aurten ekintzak komunikatzeko? Erabili ahalko nukeen zein komunikazio-erreminta ez dut erabili?
    • Eta erabili ditugun euskarriekin, izandako esperientzietatik, zer ikasi dugu hurrengoetan kontuan hartzeko?
    • Harreman ona eta normalizatua al daukat udalerriko gizarte-eragileekin? Eta bertan irakurri, entzun eta ikusten diren hedabide guztiekin? Nola joan da haiekiko hartu-emana? Zerbait hobetu al dezaket haiekiko harremanean?
  • Non egon nahiko genuke?
    • Zenbait helburutan dezente aurreratuko dugu, baina oraindik zer komunikatu asko daukagu. Zein dira aurten gure komunikazio-helburu orokorrak?
    • Xede-talde nagusi guztiengana zuzenduko al gara?
    • Xede-talde jakinen batekin ba al dugu komunikazioan zer hobeturik?
  • Nola irits gaitezke hara?
    • Asmatzen al dugu komunikagai ditudan edukiak modu erakargarrian transmititzen? Zer dugu hobetzeko zentzu horretan?
    • Zein xede-taldeekiko harremanak landu beharko genituzke aurten gehiago?
    • Zein komunikazio-euskarri erabili behar ditugu horretarako?
    • Zein komunikazio-ekintza egingo ditugu aurten? Noiz? Nola?...

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.

Eskuliburu moduko txosten honi gainbegirada berri bat ematea komeniko da urte amaieran, bertan ematen diren gomendioak berriz gogora ekartzeko eta batez ere, bertan egiten diren galderei eta ezartzen diren atalei puntuz puntu erantzunez, aurreko urtekoa baino Komunikazio Plan osatu eta aberatsago bat prestatzen saiatzeko datorren urterako.

  • EBPNren Komunikaziorako Gida PDF eran eskuratu nahi izanez gero, HEMEN sakatu.

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com