|
Euskaldunon komunitatea "ziztubaten" berrosatzen ari garen honetan, han hemenka ikusi uste ditudan itoginen zerrendatxoa (posibleetako bat) prestatu dut, ea zer iruditzen.
GUTXI GARENIK EZ NUKE ESANGO, baina ez gara asko; eta gehienak erdi lehengusu garen arren (Muguruzak dixit), edo horregatik beharbada, ez gara ongiegi konpontzen elkarrekin. Elkarrengana jotzera baino, elkar jotzera edota elkarrengandik aldentzera jo ohi dugu, garaiotan behintzat. Hortaz, euskaldunon dentsitatea euskara erabiltzeko garaian faktore erabakiorra izanik, aldentzeak dentsitatea jaitsiarazi eta erabilerari kalte egiten dio. Eman horri buelta batzuk, ea...
ASIMILAZIOAN MURGILDUTA, BAINA GUSTURA, gutako asko eta asko. Gaztelaniaz euskaraz bezain ongi moldatzen gara, edo hobeto, eta hain da praktikoa gaztelania... Mendietan ere, politagoak dira baso joriak, harizti eta pagadiak, baina errenta ematen duena pinua da, hara. Pagadi-hariztiak gogoan zaituztegu!
"HAURRAK IKAS ZAZUE, euskeraz mintzatzen... laliroliroliro, lalirolirola..." Bai ze, euskararik EGINGO BADA, BATEN BATZUEK ikasi beharko DUTE. Haurron gurasook nahikoa egiten baitugu, haurrok euskaraz ikas dezaten ikastetxeko kuotak ordainduta. Argitxoren laguntzaz euskaraz biziko dira haurrok, ez dago dudarik. Gainera nortasunik badute behintzat, ez dute guk egiten duguna zertan egin, ze arraio!
EUSKAL HERRIA EUSKALDUNA DA DE FAKTO, eta kontrakoa dioena burutik jota dago, edo jota ez badago, buruan jo eta kitto. Euskal Herriko bazter guztietan euskaraz bizi beharra dago, berdin Amoroton edo Buñuel-en, azken herri horretako biztanleek euskararen arrastorik sekula ezagutu ez badute ere, eta beren gurasoak edota aiton-amonek ere ez. Orain arte engainatuta bizi izan dira, erdaldunak direla iritzita, baina gauzak piska bat bideratzen ditugunean (hasita gaude), erraz konbentzituko ditugu gurera bil daitezen. Mil a sien!
"EL EUSKERA ES NUESTRA FORMA DE SER, NUESTRA FORMA DE EXPRESARNOS..." Hitz horiek ez dute zertan izan euskaldun batek erdaldun bati emandako azalpen baten parte. Gure herrian, erdaldun elebakar peto-petoak bota ditzake hitzok edonoren aurrean, baita euskaldunen aurrean ere. Horretarako ezinbesteko baldintza bakarra abertzale izatea da. Adibideak ezker-eskuin. Oso ikuskizun ederra izan ohi da, Urlia, eta sendia, euskarazko lanbide heziketa esijitzen duten pankartak han eta hemen esekitzen, hurrengoa non jarriko duten erdaraz erabakitzen duten bitartean, adibidez...
EUSKARA ELKARTE BAT, EDO EUSKARA BATZORDE BAT, edo euskarazko komunikabide bat, edo euskarazko edozer sortzeko izapideak eta mugarri zerrenda luzea eta korapilatsua izan ohi da. Ez naiz ari Nafarroako gobernuak ezartzen dituen oztopoez, edo Iparraldeko agintariek ematen ez duten laguntzez; ez.
EAEko Administrazio ezberdinetako agintari batzuek, baina baita "Herrigintzaren" muturreko eremu batek, ezartzen dituen baldintza zurrun eta itogarriez ari naiz.
Eremu horietako kide ZENBAITEK lan handia egiten dute euskararen alde, euskarazko azpiegiturak sortuz, egitasmoak bultzatuz, eta administrazioek egin beharko luketena baina egiten ez dutena eginez, sarri-askotan. Euretariko askok uste duenaren kontrara, ez dira euskararen aldeko lanean ari diren bakarrak, hala ere.
Era berean, horietako askok, eremu ofizialetan nahiz "herrigintzak" bultzatutako zenbaitetan, baldintza partidista zurrunak ezartzen dituzte, aniztasun ideologikoari bideak oztopatuz edo itxiz, eta azken baten, herritarren parte hartze zabal eta arruntari oztopo handiak ezarriz.
Hori bakarrik ez; jokabide horretan ohituta dauden taldeek kontrolatzen ez dituzten egitasmoek, boikota jasan ohi dute, sarri-sarri; batzuetan baita debekua edo euren medioetan isilaraztea ere, alde batetik nahiz bestetik.
Horrela gero eta zabalago egiten gara...
ETA KONTUZ... HAY EXCOMUNIÓN! Euskal Herri osoa berreuskaldunduko duen egitasmo zoragarriaren edozein ataletako batek zalantzarik eragiten badizu, eta batez ere, zalantza horiek publiko egiten badituzu, ederra zaude. Eskerrak "herriaren etsai" izendapena modatik at dagoen... Edonola ere, “saldua” jatorrizko izendapenetik nekez libratuko zara... euskaldun, fededun, eta kitto!
Su-etena dator. Aje bat gutxiago.
(JONJO AGIRRE MARTINEZ albaitaria da)
|