Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Euskaraz egiteko eskatu niolako atxilotu ninduten

Olatz Berrojalbiz Intxaurbe / Herri-administrazioa / 2006-03-21 / 07:00


Isilik egon naiz hilabete osoan, gertaerak barneratzeko ahaleginetan, baina badaude irentsi ezin daitezkeen egoerak eta hona natorkizue. Pasadizoa luzea da eta zerrenda zoro bihurtzeko arriskua badut ere, labur kontatu nahi dut. Izan ere, hau bezain sinplea dena baino ez dut plazaratu nahi: Ertzaintzari euskaraz egiteko eskatu niolako atxilotu ninduten.



Otsailaren 18an Bilboko Zazpikaleetako metro geltokian bertako langilearekin tirabira izan ondoren honek Ertzaintza deitu zuen. Hauek erdaraz hasi zitzaizkidan, eta nik, mesedez, euskaraz egiteko esan nien. Orduan hasi zen kalbarioa! Agenteak «euskaraz badakit, baina zurekin ez dut hitz egingo», bota zigun... Kartera erakutsita, euskaraz eskatuz gero emango niola errepikatu nion, baina ez zidan begiratu ere egin. Orduan euskaraz hitz egin nahi zuen norbait bidal zezaten eskatu eta bost bat minutura uniforme beltzez jantzitako lau ertzain agertu ziren, eta euskara zekiten galdetu nienean inortxok ez zidan erantzun. Ez zetozen, antza, ni laguntzera... Pare bat minutura «Detenida!» esan, eta konturatu nintzenerako bultzaka ninderamaten eta euskaraz hitz egitea baino ez nuela nahi oihuka hasi nintzaienean, gorroto biziz, eskuburdinak jarri zizkidaten martxan gindoazela. Hori guztia sei ertzain handiren artean, ni metro eta erdi baino ez izanda... Gehiago nahasteko, ertzain euskaldunak belarrira «zu ez zara euskalduna» xuxurlatu zidan irribarretsu. Esaldia ulertzen dut, baina zentzua eta asmoa ez...

Bitartean, argazkiak atera zituen lekukoa lurrera bota zuten, argazki kamera (mugikorra) kendu eta nahi zutena ezabatu zioten.

Behin polizia-etxera helduta, biluzarazi ninduten, argazkiak egin zizkidaten, hatz markak artxibatu eta ziega batean sartu. Abokatuari deitzeko telefono zenbakia eman nien, eta denbora aurrera zihoanez zaintzaileari deitu nion. Ea zer gertatzen zen, ea zergatik nengoen han, ea non nengoen, ea abokatua non zegoen... galdetuta, medikua ikusi nahi nuela ulertu zuen berak. Izan ere, ez zuen euskaraz hitz bakarra ulertzen, bertan egon ziren beste gehienak bezala. Salbuespena fitxa bete zuen sasieuskalduna eta ziegatik medikuarengana eraman nahi ninduena izan ziren. Gau hartan 18 bat ertzainekin izan nuen tratua.

Pare bat ordura goiko bulegoetara eraman ninduten, nire gauzak bueltatu zizkidaten eta sinatzeko paperak eman. Lehenengo dokumentua nire eskubideena zen. Erdaraz zegoen paper hark erkidegoko edozein hizkuntza ofizialetan deklara nezakeela esaten zuen... Hara! Nire eskubidea nire delitua... Nork ulertu! Hurrengo egunean epaitegira joan behar nuela esan zidaten, eta itzultzailerik beharko nuen galdetu zidatenean, ea zein hizkuntzatarako(!), bota zidan... Adarra jotzeko gogoarekin, zu!

Hurrengo egunean epaitegira etorri ez zirenak ertzainak izan ziren, eta martxoaren 8ra atzeratu zen epaiketa. Han entzundakoak ez ziren makalak izan: euskara pa' marear la perdiz erabiltzen nuela eta en mis trece jarraitzen omen nuen gainera (tematia izan ere banaiz)... Batek airean ninderamatela eta besteak, ordea, lasai asko lagundu nindutela atxiloketan, ez zuten gogoratzen eskuburdinak jarri zizkidaten... eskubideak bi hizkuntzetan irakurri omen zizkidaten, ni erdaraz ibili omen nintzen...

Beraz, salatu beharrekoak asko dira eta Behatokira, Arartekora, Sailburuordetzara eta hedabideetara igorri ditut jada nire kexa-idatziak. Orain arduradun politikoek eta epaileak diotenaren zain nago, ni bainaiz akusatua! Ertzainek beren jarrera lotsabakoa erakutsi zuten, eta neuk ere eskertu behar diedan bakarra botijo gabe etorri izana da.


(OLATZ BERROJALBIZ INTXAURBE zornotzarra eta euskalduna da)

Inprimatu


Erantzunak


Elkartasuna

Andoni Sarriegi Eskisabel / 2006-03-21 / 08:00

Egun on Olatz. Ez zaitut ezertarako ezagutzen, baina hedabideen bitartez jakin dut zure kasuaren berri eta ezer askotarako balio izango ez badizu ere, gutxienez ere zeure kontzientzia ondo, fin, zintzo eta Euskal Herriko alaba legez jokatu izanaz seguru eta sendo izan dezazun, elkartasun-lerro hauek idazten dizkizut. Zoritxarrez, oso ondo ulertzen dut zuri gertatua. Herri honetan dauden boteretxoak, benetako morroiak dira kolonia honek dituen bi metropoliekiko eta, aldiz, izugarrizko otsoak herrikideekiko. Hori da kolonietako administrazioak gidatzen dituztenen jokabidea eta patua.

Etxean hainbesteko jauntxokeria jasanezinak egiteko eta egiten uzteko prest dauden gure politikotxo kargudunak, ez dute gure hizkuntza nazionalaren sentimendurik, jakinduriarik ez erabiltzeko asmorik eta prest daude erabili nahi dugunoi kartzela bera oparitzeko ere.

Eutsi goiari eta duintasunari, gure lurralde honetan bizi diren saldu guztien gainetik, hori handia duzula erakutsi duzu eta.

Omen dugun "demokrazia" hau neurtzeko neurgailu ederra da zerbitzuak eskaintzean geure hizkuntzari egiten dioten lekua. Espero dezagun luzaro baino lehen jendaila horri guztiari benetako justizia egin ahal izatea.

Zorionak zure portaera duinagatik.


(ANDONI SARRIEGI ESKISABEL Beasaingo Udalaren Euskara Zebitzuburua da)

Beasain, 2006-03-21a


Responsableak eta responsable gorakogoak

Erramun Gerrikagoitia / 2006-03-21 / 12:01

Gogoratu soil zelan nik ere bitarteko dela euskarea kin ertzainak jaso nuen zigorra edo ordezko arresto domiziloarioa -ondoren sententzia hon tribunal espainola, zeinak dira illegitimo an Nafarroa- non azkenean aukeratu nuen arrestoa ez pagatu gurarik zigor injustua eta illegitimoa an hemen Nafarraoa. Ez dakit nik zertaz harritzen dira non herriak deitzen dien zipaio, ez ote dakite zuzen zer da zipaioa ala? Edozean ere responsable zuzenak dira Gobernua -orai tripartitoa- zeinen ez du deus esan ondoren jakin zer gertatu da. Responsable gorenak gobernukoak eta bat zuzena andere akademiko Miren Azkarate zeinak honakoetan segitzen du mutu baina ere responsable direktu.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)


Mila esker eta zorionak, erakutsitako adorea eta duintasunagatik!

JJ Agirre / 2006-03-21 / 14:24

Lotsaemangarria, negargarria, eta zoritxarrez ustekabean harrapatzen ez gaituena, hamalaugizon uniformatu horien jarrera.

Ausarta eta duina zurea. Horra nire animoak eta besarkada ere.

Hamalaugizon horien ardura (edo zaintzaren ardura esan beharko da?) dutenek esango dute bada zerbait; ikertuko dute zerbait, hartuko dute neurririk... edo Justicia-ren eta informes policiales-en arabera esango dute iruditzen zaiena hilabete batzuk barru?


(JONJO AGIRRE MARTÍNEZ euskara teknikaria da Eusko Jaurlaritzan)


Justizia Euskaraz

Esteban Umerez Argaia / 2006-03-23 / 15:26

Zur eta lur utzi nau zure istorioak baina, egia esan, zertaz harritu? Aurreko erantzunetan bezala, nire elkartasunik beroena ere baduzu. Eta txalotzeko moduko jarrera zintzo horren aurrean nire miresmena. Nire izenean eta, ziur, "Justizia Euskaraz" elkartearen izenean nahi nizuke eskatu gertakari honen garapenaren jakinaren gainean izan gaitzazula, egoki baderitzozu. Epaiketaren berri eta ararteko nahiz sailburuordetzaren aurrean jarritako salaketen erantzunen berri ematea eskertuko genizuke, gertakari hau aireratzen laguntzeko, hain esperientzia zital eta tamalgarri batek oihartzunik zabalena izan behar baitu. Ezertan laguntzerik badugu, zure esku gaude. Horra nire e-mail helbidea.

Besarkada bat.


(ESTEBAN UMEREZ ARGAIA abokatua eta JUSTIZIA EUSKARAZ Elkarteko lehendakaria da)


Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1142868972