Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Komak eta debekuak

Komak eta debekuak

2006-03-22 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

Bada arau ez ofizial bat gure ortografian euskara egokiari -euskara komunikatiboari- kalte nabarmena egiten diona: esaldi bateko subjektua eta objektua koma batez bereiztea debekatzen duen araua, hain zuen.

Euskara Batuari dagokionez, J. R. Zubimendiren eta P. Esnalen Idazkera-liburuan ezarri zen debekua, "inoiz ez da koma bakar bat jarri behar sujetuaren eta aditzaren artean" arauaren bitartez. Harrezkero gainerako estilo gida guztiek errepikatu dute, dogma moduko bat bihurtzeraino. Adibidez, IVAPeko estilo-liburuak "subjektuaren eta aditzaren artean ezin da koma bakarra jarri" dio; ezin da hori nik azpimarratu dut.

Egia esan, oso oinarri ahulak ditu delako debekuak. Zubimendik eta Esnalek diotenez, bi dira arau hori ezartzeko arrazoiak:

  • a) arau hori orokorra da euskararen inguruko hizkuntza landu guztietan;
  • b) kontu horretan zirt-zart egin beharra dago.

Lehenengo arrazoiak gauza garrantzitsu bat ahazten du: "euskararen inguruko hizkuntza landu guztiek" euskarak ez bezalako joskera dutela. Hots, hizkuntza horietan subjektua eta objektua tartekatzen den aditzak bereizi ohi ditu, eta, hortaz, ez dute komaren beharrik hainbat anbiguotasun desegiteko. Guk ere -Zubimendi eta Esnalen adibide bat erabiliko dut- Maria ezkondu da alargunarekin balitz euskaraz esaldi neutroa, ez genuke arazorik; baina, esan beharrik ez dago, esaldi hori markatua da euskaldun gehienentzat, eta markatua da euskara batuan. Tamalez agian, baina hala da: Maria alargunarekin ezkondu da esaldia da euskara batuan joskera neutroa, bere anbiguotasuna gorabehera.

Bigarren arrazoiari dagokionez, badirudi puntuazio marken kontua gauza erabat zurruna eta ezin aldatuzkoa dela, zirt-zart egitea eskatzen duena. Baina aski da puntuazio marken historiaren hastapenak jakitea ikusteko gauzak ez direla inondik ere horrela: hor dugu, adibidez, XIX mendean gure inguruko hizkuntzetan gertatu zen iraultza komaren erabileran.

Kezkagarriena, dena dela, Zubimendik eta Esnalek proposatzen duten konponbidea da, bigarren arrazoiarekin lotua dagoena: esaldi "zuzen eta argia" hau omen da: alargunarekin ezkondu da Maria.

Hau da, koma tartekatzearen debekuak joskera aldatzera behartzen gaitu. Beste hitz batzuekin esateko, puntuazio dogmen mendean jartzen da joskera euskaraz; hizkuntza guztietan azken mailako kontua den gauza bat joskeraren gainetik jartzen dugu guk. Hots, komaren debekuak orga idien aurretik jartzera behartzen gaitu.

Eta ez da hori bakarrik. Har ditzagun bi esaldi hauek:

irakaslea gaztearen atzetik dabil

gaztearen atzetik dabil irakaslea

inork ez du ukatuko euskara batuan bi esaldiak ez direla kidekoak: ñabardura argi batek bereizten ditu, horrelako esaldi laburretan behintzat. Alta bada, komaren dogmak ñabardura hori egitea debekatzen du Zubimendik eta Esnalek aipatzen duten beste bi esaldi hauek bezalakoetan:

alaba gaztearen atzetik dabil

gaztearen atzetik dabil alaba

izan ere, Zubimendik eta Esnalek ongi diotenez, lehen esaldia, zuzena izanik ere iluna da, bitarikoa baita. Koma batek konponduko luke kontua:

alaba, gaztearen atzetik dabil

baina esaldi hori, Zubimendi eta Esnalen ustean, "argia baina okerra" da eta, hortaz, gaztearen atzetik dabil alaba da kasu honetan esaldi "zuzen eta argi" bakarra.

Beste hitz batzuez esateko, komaren dogmaren ondorioz -a organikoa duten hitz guztiak diskriminatuak gertatzen dira euskaraz: alaba bezalako hitzek debeku dituzte irakasle bezalakoek zilegi dituzten bi joskerak, eta batekin etsi behar dute.

Uste dut subjektuaren eta objektuaren arteko komaren debekua ezin dela hain zorrotz aplikatu gurea bezalako joskera duten hizkuntzetan, traba ez-arrazoizkoa eta nabarmena jartzen diolako euskararen komunikagarritasunari. Gainera, uste dut

alaba gaztearen atzetik dabil / alaba, gaztearen atzetik dabil

bikotean, bi esaldiok desberdin ebakitzen dituela edozein euskaldunek, eta bigarrenean egiten duen eten modukoa oso ongi irudika daitekeela koma baten bidez. Eta komaren betekizun nagusia -edo bakarra- anbiguotasunak desegitea bada, erabat zilegiztatua gertatzen dela hor koma. Bestalde, koma hori ez zaio euskarari arrotz, beste milaren artean, Leizarragaren Apokalipsiaren itzulpeneko

zazpi izarrak, zazpi Elizetako Aingeruak dituk, eta ikusi dituán zazpi kandelerak, zazpi Elizák dituk

adibidean ikus daitekeen bezala.

Nolanahi ere, koma zilegiztatzeak ez ditu, inondik ere, subjektu eta objektuen arteko anbiguotasun arazo guztiak konpontzen. Adibidez,

exergia-analisiak suntsiketak edo galerak non gertatzen diren identifikatzea eta horiek garrantziaren arabera ordenatzea ahalbidetzen du

esaldian koma faltak adierazten bide du, hain zuzen, subjektuaren eta objetuaren arteko muga: analisiak-en ondoan koma jarriko bagenu exergia-analisiak, suntsiketak edo galerak non gertatzen diren suntsiketak edo galerak subjektutzat ulertaraztea eta esaldia itxuragabetzea besterik ez genuke lortuko. Dena dela, nik bederen ez nuen esaldia lehen irakurketan ulertzea lortu. Nolanahi ere, uste dut horrelakoetan bide bat besterik ez dagoela esaldi komunikatibo bat lortzeko: aditza subjektuaren eta objektuaren artean kokatzea:

exergia-analisiak ahalbidetzen du suntsiketak edo galerak non gertatzen diren identifikatzea eta horiek garrantziaren arabera ordenatzea

Kasu hauek gorabehera, adibide askotan koma da anbiguotasunak saihesteko bide erosoena. Adibidez,

lehenengo osagaia igarotzen den fluxu-lanarekin erlazionatua dago

esaldian, osagaia subjektua dela, baina erlazionatua dago-rena eta ez igarotzen den-ena markatzeko modu erosoena,

lehenengo osagaia, igarotzen den fluxu-lanarekin erlazionatua dago

idaztea da, XIX. mendeko gipuzkoar idazleek bederen ongi zekitenez. Orobat,

sabaiaren ganga-forma hilzorian zegoen estilo gotikoaren garaipen beranta da

esaldiarenak saihestesko modu erosoena

sabaiaren ganga-forma, hilzorian zegoen estilo gotikoaren garaipen beranta da

idaztea da.

Ildo beretik, gure egunkarian duela gutxi letra handitan irakurri nuen

nobela abentura baten idazkeraren abentura da

izenburuan lotura xelebreak ez egiteko modu erosoena

nobela, abentura baten idazkeraren abentura da

idaztea da.

Edo, beste anbiguotasun bati buruz arituz, biziki maite dudan idazle baten

ez zidan erantzun hori ofizio bat ote zen galdetu nionean

esaldian, erantzun izentzat hartzea saihesteko modu erosoena

ez zidan erantzun, hori ofizio bat ote zen galdetu nionean

idaztea da.

Beste alternatiba, kasu guztietan, esaldia bi edo hiru aldiz irakurtzea da, irakurriaren irakurriaz anbiguotasun guztiak desegin arte. Hauta beza irakurleak berak zer komeni zaion. Eta zer komeni zaion euskara idatziari.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
Goiko koma
2006-03-22 / 13:41 / Josu Lavin Campo

Nire iritziz goiko koma edota koma altua erabiltzeak ekar lezake arazo honendako irtenbidea:

Beraz, idatzi behar bidean ezen:

alaba, gaztearen atzetik dabil

idatz genezake ezen:

alaba' gaztearen atzetik dabil

Hau da gure egingo genuke inoiz Azkuek eta batez Mokoroa jaunak bere lokuzioetan erabilitako goiko koma hori.


(JOSU LAVIN CAMPO Herri Ikastetxeko Irakaslea da)

 
Korapilo asko ditu euskara idatziak askatu beharrekoak
2006-03-22 / 13:47 / Pello Esnal

Astero bezala, arretaz irakurri dut Ibonen lana. Eta oraingo honetan, arretaz ez ezik, esker onez ere bai; ez baita egunero gertatzen baten lana –kasu honetan, Joxe Ramon Zubimendiren eta bion Idazkera-liburua– aintzakotzat hartzea.

Eta asmoa euskara komunikatiboa lantzea izanik, jarrai dezagun horretan, merezi du-eta.

Korapilo asko ditu euskara idatziak askatu beharrekoak. Eta, besteak beste, puntuazioaren hari-muturra aukeratu genuen Zubimendik eta biok zenbait korapilo askatzeko. Agian, "orga idien aurretik" jarriko genuen. Baina jarrai dezagun gaia lantzen.

Hasteko, merezi du gauzak ez gehiegi soiltzea. Ibonen hitzetan, "oso oinarri ahulak ditu debeku horrek [subjektuaren eta predikatuaren artean ez da koma bakarra jarri behar]. Zubimendik eta Esnalek diotenez, bi dira arau hori ezartzeko arrazoiak". Bai. Oinarri ahulak izango lirateke, bi horiek soilik izan balira gure arrazoiak. Baina, gutxienez, beste bi ere hartu genituen aintzat:

  • 1) pausaldi ortografikoak eta prosodikoak bereizi beharra (koma jarriko genuke, bestela, hizketan geldialdiren bat egiten dugun bakoitzean, eta testuak kaos hutsa izango lirateke) eta
  • 2) gure idazle onen puntuazio-marken erabilera. Esaterako, zenbat aldiz ipini zuen koma bakarra Koldo Mitxelenak subjektuaren eta predikatuaren artean? Eta, bide batez, zenbat jarri ditu Ibonek gaurko bere honetan?

Komeni da, bestetik, gauzak gehiago zehaztea. Esaterako, salbuespen bat ere jarri genion arau horri: "mintzagaia salbuespen". Gaur, gehiago zehaztuko genuke (eta zehazten dugu): "mintzagai hanpatua salbuespen". Hain zuzen, mintzagai hanpatuak dira "zazpi izarrak" eta "ikusi dituán zazpi kandelerak", Ibonek aipatutako Leizarragaren esaldian [zazpi izarrak, zazpi Elizetako Aingeruak dituk, eta ikusi dituán zazpi kandelerak, zazpi Elizák dituk].

Eta, gauzak zehazten jarraituz, egia da batzuetan joskera aldatzea proposatu genuela arazoak konpontzeko. Baina joskera aldatzea, konponbideetako bat da, eta ez "konponbidea" edo konponbide bakarra. Beraz, estrategia bat –aukeretako bat–, baina ez bakarra.

Azkenik, badago, Ibonen artikuluan, horiek baino gai garrantzizkoago bat. Honelaxe dio Ibonek:

Maria ezkondu da alargunarekin balitz euskaraz esaldi neutroa, ez genuke arazorik; baina, esan beharrik ez dago, esaldi hori markatua da euskaldun gehienontzat, eta markatua da euskara batuan. Tamalez baina hala da…

Galderatxo bat, Ibonentzat. Gure araua ez da ofiziala izango; konforme. Baina ofiziala al da baieztapen hori: Maria ezkondu da largunarekin markatua dela euskara batuan? Non gelditzen da, orain, Iparraldekoen euskara? Eta XX. mende hasiera arteko tradizioaren puskarik handiena?

Hasieran esan dudanez, korapilo asko ditu euskal prosak. Eta kontu handiz askatu beharrekoak. Ea asmatzen dugun aurrera egiten, ahalik eta zuhurren.


(PELLO ESNAL ORMAETXEA Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze HABE erakundeko didaktikaria da.)

 
Gaderak dira erantzuteko, baldin bada erantzunik eta gogoa erantzuteko eta ...
2006-03-25 / 10:06 / Erramun Gerrikagoitia

Egon naiz zain ea noiz hak akademiko Ibon Sarasola zuen erantzungo galdereari eginikoa hak Pello Esnal zein da didaktikaria hon HABE (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzea) erakundea zeren galdetu bait zuen hau

Galderatxo bat, Ibonentzat. Gure araua ez da ofiziala izango; konforme. Baina ofiziala al da baieztapen hori: Maria ezkondu da largunarekin markatua dela euskara batuan? Non gelditzen da, orain, Iparraldekoen euskara? Eta XX. mende hasiera arteko tradizioaren puskarik handiena?

Baina ikusi daroat ze ez duela erantzun hak akademiko Ibon zeren ez dauka erantzunik (possibilitate probableena) edo ez du nahi erantzun zein -baldin bada hola- ez zait iruditzen normala eta ez edukationezko. Ez al da galderea hon Pello Esnal zentzuz beterikoa eta harira datorrena kin akademiko Sarasolak berak esana? Forum hau da forum bat zeinetan behar luke egon interrelationea artean nahi dutenak parte hartu noiz mintzo dira zentzuz eta edukationez. Horrek galdereak hon Pello Esnal arduraduna hon HABE behar du erantzun bat eta ere beste asko gehiagok zein planteatu izan dira lehenago. Ez dute foroetan lekurik monologo exkluienteak eta omphalozentrikoak.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Goiko arrastak
2006-03-25 / 14:16 / Bittor Hidalgo

Oso interesgarria eta arrazoi guztizkoa iruditu zait Ibon Sarasolaren hausnarketa komaren debekua altxatzearen inguru’ subjektua eta ondoko objektuaren arterako. Bestela, maiz ez daukagulako jakiterik sintagma bat non bukatzen den eta non hasten hurrengo berria. Eta hori arazo handia bihurtu da hegoaldean 1900ez geroztik Azkue eta Altuberen eraginez, eta oso bereziki "euskara batuan", apokrifoki zabaldu diren Subjektu + Objektu/Atributu + Aditza edo Mintzagaia + Galdegaia + Aditza joskera lehenetsien arrakastaren ondorioz. Pello Esnalek ongi gogoratu bezala (Mitxelena, Villasante eta besteren ildotik) hori ez da horrela izan lehenago edo iparraldean. Nik bi atal desberdin ireki nahi nizkioke eztabaidari (zoritzarrez luzetxo beti bezala) inork jarraitu nahi baleza.

  • 1. Arazoa ez dela bakarrik gertatzen subjektu eta objektua bereiztean, baizik eta euskaraz (ahoz) derrigor bereizten ditugun segidako edozein bi sintagmaren artean, eta argitu zer gertatzen den hauen ahoskatzean; eta
  • 2. Zer gertatzen den euskal ahozko erabilera txukunenetan edota tradiziozko idatzietan "galdegaia" edo esaldian informatiboki azpimarratu nahi den osagai bat’ aditzaren ondoretik ematen denean, edozein postutan dela ere, aurreko guztia mintzagaitzat emanez (euskarazko esaldien 2/3etan edo gertatzen ohi den bezala orain ere gure aho txukunenetan, gure tradizio literario guztian edota iparrekoan oraindik ere, eta are gaur eguneko euskara batu ohikoan 5 esalditik behin edo); nola gertatzen den hori ahoz; zein soluzio proposatu diren orain arte hori idatzian adierazteko (Josu Lavinek gogoratu ildoan); eta zein irtenbide izan litekeen egoki.
  • 1. Segidako subjektu eta objektua bereizi beharraz gain, euskaraz maiz gertatzen da bereizi behar izatea segidako zeinahi bi osagai. Esaterako, subjektua eta aditza ere edo objektua eta aditza. Euskaraz ez baita berdin [JON etorri da] kolpe bakar batean ebakitzea, arrunki Jon etorri da idatzia, edota hau bitan ebakitzea [JON] [etorri da], idatzi litekeena koma batez bereizirik Jon, etorri da, bereiziki adieraziaz Jonek zer egin duen, eta ez nor etorri den lehenean bezala. Ahoskerak desberdin izanen dira. Bigarrenak bi gailur prosodiko (edo azentu) izango ditu eta lehenak bakarra intonazio unitatearen hasieran. Gauza bera gertatuko litzateke [JON ikusi dut] (Jon ikusi dut) eta [JON] [ikusi dut]en artean (Jon, ikusi dut). Baina bai eta ere aditzik gabeko esaldietako segidako bi sintagmen artean. Ez da berdin euskaraz bihar ni bezalako segida bat’ kolpe (intonazio unitate) bakarrean ahoskatzea [BIhar nik] (Bihar nik), unitateko azentu bakarra hasierako bihar osagaian duela, nik zer edo zer noiz egingo dudan adieraziz, edota hau bi unitatetan eta bi azentuz ematea [BIHAR] [NIK], adieraziaz bihar nik egingo dudala zer edo zer (eta ez beste norbaitek edo), eta hau idatzian koma batez adierazi liteke: Bihar, nik.

    Euskaraz, gure inguruko VO hizkuntzetan ez bezala, intonazio unitatearen hasieran eman ohi da honen gailur prosodikoa, eta horregatik zaigu hain inportantea ongi bereiztea non hasten den intonazio unitate berria. [Unitatearen gailur prosodikoa ohituraz amaiera aldera eman ohi den VO hizkuntzetan’ irakurtzen ari garenaren, zentzuak eraman ohi gaitu besterik gabe atal hura azpimarratzera.] Eta eten hori egin liteke koma batez, artean aditza eman gabe badoa esaldian, edota bi koma ematen badira elkarren hurbil, orduan komak behar bezalako goranzko intonazio bat eragin ohi duelako amaitzen duen unitatean, ondoko atalen garrantzi predikatiboa iragarriz (gure hizkuntzan eta ingurukoetan). Bai, subjektua eta objektuaren arteko komek, edota zeinahi sintagmaren artekoek.

  • 2. Ez dut uste, ordea, berdin gertatzen denik aditzaren ondotiko komekin (ez badoaz bi koma elkarren hurbil). Hauek gure hizkuntzan bederen, beheranzko intonazioa eragin ohi dute eta esaldiaren amaiera iragarri, eta ez segida. Konparatu ditzagun, esaterako: Jon etorri da goizean eta Jon etorri da, goizean esaldiak. Esan ohi da batak zein besteak eragin ohi digutela irakurketa komunikatibo bertsua’ Jon osagaia azpimarratuz, eta hau doan unitatearen amaieran beheranzko intonazioa eraginez: [JON etorri da goizean] kolpe bakarrean emana, edota [JON etorri da] [goizean]. Nahiz azken honetan, dislokaturik bezala erantsi goizean informazioa, aurrekoan kolpe berean emana zena. Hori irakatsi digute Azkue eta Altuberen galdegai lege apokrifoaren arrastoan. Baina hori ere ez da hain egia gertatzen esaldiak hutsean eman ordez beren testuinguruan aurkitzen ditugunean. Goiko esaldiok jasotzen baditugu Nor etorri da (goizean)? galderaren ondoren, ez da batere zalantzarik denok Azkue/Altubek proposatutako prosodia eta irakurketa eginen dugula. Ordea, testuaurrea izanda Noiz etorri da Jon?, gutako nork irakurriko du Jon etorri da goizean segida Azkue/Altuberen prosodian eta esanahian? Esan liteke eta hala irakatsi zaigu halako prosodia eta ordenamendu bat ez ote den euskarazkoa, baina hori ez da egia. Ahozkoan, euskaldunik txukunenek egin ohi dute hori oso maiz (ez hori bakarrik, noski, baina hori ere bai). Nor zara zu? galderari bezala erantzunez Ni naiz Gregoria Asteasukoa euskaldun zahar guztiek maizenik egin ohi duten bezala. Eta idatzian ere testuaurreak irakasten digu irakurketa zuzena Axular, Agirre Asteasukoa, Añibarro, Mogelak, Duvoisin edo zeinahi klasiko irakurtzen dugunean inongo arazorik gabe (gaur eguneko ohiko euskara batuaren aldean), aditz aurreratuko joskera bat darabiltelarik (Esnalek eta Zubimendik proposatutako bidean).

    Baina, hala ere, interpretazio arazorik suertatzen baldin bada, nola konpondu? Esaterako, testuaurre lagungarriegi bat gabe Jon etorri da goizean, Ni naiz Gregoria Asteasukoa edo Maria ezkondu da alargunarekin bezalako esaldietan, nola iragarri geniezaioke irakurleari hiztunak aditz ondorengo osagaia azpimarratu nahi duela eta ez honen aurrekoa. Komak ez digu balio, ze hauek, testuaurre lagungarririk gabe, aditzaren aurreko osagaia azpimarratzera garamatzate eta komaren aurreko osagaiaren beheranzko intonaziora, esaldia (edo honen bihotza behintzat) amaitutzat edo emanez: Jon etorri da, goizean edo Ni naiz, Gregoria Asteasukoa. Aldiz, uste dut, Josu Lavinek gogoratzen digun goiko arrastak, beste eragin bat izanen lukeela eta izan ohi duela. Hau da, goiko arrastaren (apostrofoaren) aurreko osagaiaren amaiera ez ematea beherantz, predikazioaren amaiera iragarriz, baizik eta gorantz, ondoko osagaien garrantzi predikatiboa iragarriz. Hala: Jon etorri da’ goizean; Ni naiz’ Gregoria Asteasukoa, edo Maria ezkondu da’ alargunarekin. Eta sistemak ez du bakarrik balioko aditzaren ondore justuko osagaiarentzat. Baita ere, apostrofoaren ondorengo zeinahi osagarri azpimarratzeko, eta irakurleari gogoratzeko, apostrofoaren aurreko osagaia goranzko intonazioz amaituko dela, eta batez ere, ondorengoak hasieran izanen duela bere gailur prosodikoa. Esaterako adibidez: Jon etorri da goizean’ lana egin behar zuelako (, ez nahi izan duelako.)

Ni ez naiz orain arte ausartu halako lanabes baten propaganda gehiegi egiten (nahiz jada nire tesian jasotzen den 1995ean), apostrofoen halako erabilera ez delako ezagun (nik dakidalarik) munduko beste hizkuntzatan, eta horrek zuhur izatera eraman behar gaituela uste dut. Baina geroztiko esperientziak’ apostrofoaren halako erabilera baten gero eta aldekoago bihurtzen nau, eta tarteka erabili ohi dut nire idatzietan behintzat (agian arrakasta handiegirik gabe).

Bukatzeko aipatu (nik dakidalarik) Azkue dela lehenengo apostrofoa modu honetan erabiltzen bere lehen garaiko idatzi guztietan (Grankanton arrantzaleak, Peru Matraka ta Pedr'Anton, Izkindea …) eta azken honetan teorizatzen duela modu zuhur eta zentzu osozko batean (nahiz bere garaiko euskara bitxian, 1891, 27 eta 35-6 orr.):

"LENENGO ARAUA. Esaldiak ondo oguzteko' alkar mendetuta dagozan itzak' arnasa baten oguzi bear daue. / … / Noiz arnasa artu leiken' edo zeintzuk daizan itz alkar mendetuak' itzen goiko marratxoak dinoskue. (27 or.) / … / Goiko arrasta. Marra au barria dai; bear bearra dailako sortu daut. Euskal itzak' euren berarizko Irizpidea gaitik' erdaldunak marrarik ipinten ez dauen lekuan bere' marraren bat bear daue' euren agerkizuna ilundu nai izan ezik. / … / 90. ¿Noiz, bada, oitu bear izango dai goiko arasta? / Arnasa artuteko peremiñaa' ta itzen agerkizuna nastuteko arrizkua dagoenean, bezte marrarik onetarako oitu al izan ezik. (35-6 orr.)."

Azkueren arrastoan Altubek 1932an defendatzen du delako coma superpuesta (El acento vasco en la prosa y en el verso, 102-3 orr. eta gero 195-199 orr., oraindik ongi irakurgarriak diren pasarteetan):

"§ 108. La elevación de tono que se produce en la pronunciación del miembro ante-inquirido o de su sílaba final, es como se sabe, un fenómeno común a la generalidad de los idiomas; … / ... / § 110. La conjunción del miembro ante-inquirido y el inquirido se efectúa mediante un pequeño silencio o pausa que se produce después de pronunciado el primero, el ante-inquirido; por lo que éste asume el carácter de miembro especialmente independiente y por ende, tónicamente desvinculado del segundo, el inquirido. ..." Edo: "§ 109. Por todo ello, para los efectos de la acentuación grafica, se puede considerar como elemento característico de las frases de referencia, la repetida elevación de tono, la que sera señalada, en este estudio, por el signo apóstrofo () colocado inmediatamente después del miembro ante-inquirido, así: / Gaur auxe = GAUR auxe. / Biyar' orixe = BiyAR orixe. /…/ Es ésta otra de las razones por la que el apóstrofo, o sea la coma superpuesta, colocada entre ambos miembros, nos parezca el signo apropiado para indicar la entonación entrecortada de esas locuciones; ...". (1932, 195-196 orr.): "II.- La coma superpuesta como signo tonal. / § 211. La extructura sintáctica del euskera requiere, con mas necesidad que la de otros idiomas, el uso del del apóstrofo o coma superpuesta colocada al final de los miembros de frase ante-inquiridos ...".

Eta Altubek geroztikako idatzietan maiz erabili ohi zuen apostrofoa.

Azkue/Altuberen hausnarketa hauei egoki zerizten Orixek ere 1933ko artikulu batean (275 or.):

"El procedimiento de la coma superpuesta me parece cosa muy práctica para la lectura; …"

Eta Lavinek gogoratzen duen bezala, Justo Maria Mokoroak ere erruz erabiltzen du apostrofoa bere lokuzioetan, eraginkortasun apartaz, nornahik frogatu lezakeen moduan.

Hasiko al gara gu ere apostrofoa erabiltzen behar denean, aditz ez atzeratuko joskera ulergarri bat erabiltzeaz gain, gure hiztun hoberenen eta alde eta aldi guztietako gure idazle klasiko guztien legean?


(BITTOR HIDALGO EIZAGIRRE Euskal Herriko Unibertsitatearen Filologia Saileko irakaslea da)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com