Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Baitan: debeku orokorregia?

Baitan: debeku orokorregia?

2006-03-17 / 07:00 / Saroi Jauregi - Alfontso Mujika   HIZKUNTZA

Gai interesgarria plazaratu du Ibon Sarasolak baitanen erabilera dela eta; uste dugu gaia ez dela iritzi horretan agortzen, eta badirela, hortik tiraka, haren iritzian oinarriturik, zehaztu edo zorroztu beharreko puntu batzuk.

"baitan formaren erabilera tradiziotik bestelakoetako joskeretara hedatu da euskara batuan" dio Ibonek, eta bi adiera "hedatu" esleitu dizkio. Lehenengoa (berak "Xk artista hasiberrien erakusketaren baitan aurkeztu zituen bere margolanak" adibidearen bidez azaldu duena), "non" adiera, gaitzetsi egin du, eta gu ere ados gaude berarekin, berak jarri duen adibidean bai behintzat. Bigarren adiera "hedatua" (berak "Euroligako partiden baitan egongo da magazina asteko zer egunetan eman" adibidearen bidez azaldu duena) korapilatsuagoa dela dio. OEHren datuen arabera oso badaezpadako tradizioa duela esan arren, "ez ditut nik gaitzetsiko erabilera horiek" dio.

Guk ez dugu uste bigarren adiera hori "hedatua" denik, berezkoa baizik; hau da, uste dugu baitanen adiera hori ohikoa dela, euskaldun batzuentzat guztiz normala eta erabilera arruntekoa, eta ez inola ere euskara batuaren ondorio berria. OEHren arabera oso badaezpadako tradizioa duela dio Ibonek. Badaezpadakoa zer den alde batera utzita, OEHk dio Goierriko gipuzkeraz eta baztaneraz erabiltzen dela ("en dependencia" erdal esanahia esleitzen dio), eta Joxe Migel Barandiaran eta Gotzon Garate aipatzen ditu horren bermetzat. Adibide hauek ematen ditu:

  • Hori ez dago nire baitan (eso no depende de mi) (Jose Migel Barandiaran: Hitz batzuek eta beren esan-nahiak, gehienak Ataunen...)
  • Ez dago orren baitan ori egitea (Gotzon Garatek Baztanen bildua)
  • Gibel-jale eta errankizun dunak ongi obratuz mespreza zatzu;... ez dago gure baithan, ez gure eskuan, bat-bederak zer erran dezan (Etxeberri Sarakoa).

Beste esanahi bat ere esleitzen dio OEHk, "pendiente de, a merced de" esanahiarekin (Adibideak ikusita, ez du ematen esanahi hori eta aurrekoa hain desberdinak direnik), eta adibide hauek ematen ditu:

  • Errial baten baitan zaudete tratub' egiteko? (¿Estáis pendientes de un real para hacer vuestro trato) (Tolosaldeko gipuzkera)
  • Etxeko lanak e(g)itteko oi(e)n battean e(g)on bear ba degu... (si para hacer los quehaceres de casa hemos de estar a merced de esos) (Orixe, Euskaldunak).

Gaur egungo ahozko euskara bizian ere erabiltzen da baitan adiera horretan. Goierrin, behintzat, ohikoa da, Andoni Sarriegik Iboni egindako erantzunean aipatu duen moduan. Han entzunak ditugu guk honelakoak:

  • Zoriona ez dago diruaren baitan bakarrik
  • Bertso-saioa frontoian edo plazan da? Eguraldiaren baitan dago hori.
  • Diputazioak hartzen duen erabakiaren baitan dago errepide berriaren proiektua
  • Upelaren baitan dago sagardoaren kalitatea

Baina ez bakarrik euskara zaharrean (OEH), ez bakarrik ahozko euskara bizian (Goierri), gaur egungo idatzizko euskara batu ereduzkoan ere badira horrelakoak. Ereduzko Prosaren corpusean begiratzea besterik ez dago:

  • Juan Garzia
    • Gene asko ez dira hasten lanean egoerak hala eskaturik baino: ingurunea nolakoa den eta bakterioak zer elikagai behar duen, eta horren baitan.
    • Izakien forma, haien tasunak, haien karaktereak, sistema horren barne-erregulazioaren baitan daude, elementuen jarduera koordinatzen duten eragin-trukeen jokoaren baitan.
    • Gaitza gertatzea, hala ere, beste gorabehera batzuen baitan dago; ingurumena da, maizenik, eragile.
    • Bereizmenaren baitan dago mikroskopioak xehetasunak jasotzea.
  • Andu Lertxundi
    • Gizaki guztiok ama batengandik jaioak bagara ere, ez gaituk leialak izateko sortuak, hori norbere erabakiaren baitan zagok...
  • Aingeru Epaltza
    • Horiek guztiak hurrengo egunaren apeten baitan utzi beharreko gertakizunak ziren.
    • Ez ote da irrigarria halabeharrak norbaiten heriotza ebatzi eta heriotza horren inguruko gorabeherak -zenbateraino isilpean gorde edo zabaldu, ordubeteko epea ala mende batekoa- ez egotea halabeharraren baitan?
    • Ene zaldiaren deliberamenduaren baitan utzi nuen bidea.
    • Oinazetan, harpeen geriza berreskuratzeko ezgauza, hareatza ezezagunean biluzik, ilargiaren eta eguzkiaren jolasen baitan utzi nuen neure asturu gaitza.
    • Bideak gora eta behera egiten zuen: "Gora ala behera, joan-etorriaren baitan zagok.
  • Andres Urrutia
    • Hori dela bide, oreka berreskuratu eta negozioak zintzotasunaren baitan jarri ditu hark beste behin ere.
  • Andoni Egaña
    • Diskurtsoaren antolatze-lana kentzen digu, jolasaren baitan baitago antolatze-lan hori.
    • Ohituak gaude unean uneko estualdia igaro eta gero dena ahazten, haizearen baitan uzten.
  • Xabier Olarra
    • (...) hiru dimentsiotan ematen zioten Pontitoren "eredu" ia mugarik gabe xehea, eta orain bazuen gogamenaren ibilaldietan paseatzeko edo esploratzeko erabil zezakeen antzoki edo ibiltoki alegiazko bat, alderdi berriak, ikuspegi berriak hartzeko, edonora begiraturik ere: gaixotasunaren aurretik zituen oroimen eta iruditeria miragarriaren baitan zegoen hori, noski.
  • Antton Olano
    • Neurri handi batean, kokotsa eramateko moduaren baitan zagon estiloa.
    • Hau oso gauza serioa da, eta nire zorion etorkizunaren parte handi bat, eta orobat zurea ere, zeure erantzunaren baitan dago.
    • Baten baino gehiagoren zoriontasuna dago zure erantzunaren baitan.
  • Koldo Biguri
    • Hori zuzendaritzaren nahiaren baitan ez dagoen gauza da

(...)

Beraz, baitanen adiera hori ez da, gure ustez, zalantzan jartzekoa. Jatorra, bizirik dagoena eta erabilia da, eta, beraz, uste dugu baliagarria dela –gehiegikeriarik gabe, jakina–, beste baliabideekin batera, eta ez dela zalantzagarria.

baitan delakoaren inguruan, bada beste puntu bat, atentzioa –eta hizpidea– eman diguna. Ibon Sarasolak honela dio: "Lehen motakoak gaitzetsi egin ditu Euskaltzaindiak, Euskara Batuaren bigarren itzulian". Hori izango zen, ez dugu zalantzarik, Euskaltzaindiaren asmoa, baina asmo hori gauzatzeko orduan, Euskaltzaindia urrutiegi joan ote den zalantza piztu zaigu. Izan ere, Hiztegi Batuan begiratuta, honela agertzen da baita sarrera:

baita 2 1 (ezkerrean daraman osagarriak pertsona izan behar du. Lekuzko kasuetan erabiltzen da, eta inoiz ere ez pluralean): zure baitan; zuen baitan; ni baitan; ene baitan... (*perpaus baitan, *perpausaren baitan, erabili perpausean, perpausaren barruan, perpaus barnean). 2 (inoren etxea izendatzeko, leku kasuetan, edo etxe izen gisa): medikuaren baitatik heldu naiz; "Martinbaita" deitzen da nire sortetxea.

Ezin jakin, beraz, Hiztegi Batuak ez baitu argitzen, zein adierari dagokion. Bi adiera daudela dio Ibonek, eta gu ados gaude, baina Hiztegi Batuak bakarra dakar (etxea adierazteko adiera kontuan hartu gabe, ez baitu zer ikusirik aztertzen ari garen kasuarekin), eta ez dakar esanahiari buruzko aipamenik. Zer ondorio atera behar da hortik? Pentsatu nahi dugu bigarren adiera ez dela deskribatzen, falta dela besterik gabe, Hiztegi Batuan beste hitz eta adiera batzuk falta diren bezala; baina hori interpretazioa da, logikoa gure ustez, baina interpretazioa.

Interpretazio horren haritik, garbi dago Hiztegi Batuaren "ezkerrean daraman osagarriak pertsona izan behar du" hori Ibonek aipatu duen lehen adiera 'hedatuari" dagokiola. Baina, orduan, nola ulertu behar dira Hiztegi Batuak ezarri dituen agindua eta debekua?:

  • AGINDUA: ezkerrean daraman osagarriak pertsona izan behar du
  • DEBEKUA: *perpaus baitan, *perpausaren baitan, erabili perpausean, perpausaren barruan, perpaus barnean. Hiztegi Batuari men egin nahi izanez gero, esan beharko genuke honelako esaldiak ezin direla erabili euskara batuan, kasu hauetan guztietan ez baita pertsona ezkerrean daraman osagarria:
  • Piarres Xarriton
    • Michel de Certeau adiskideak zioen bezala, kristauaren "eguneroko" esperientzia laburbildu nahi banu, erran nezake berak proposatzen zuen definizio horrek bere baitan biltzen zituela Pio XII.aren, eta Vatikanoko II. kontzilioaren irakaspenak.
    • Ez gara orain hasiko kontatzen zer ondorio izan zuten, ondoko lauzpabost mendeetan, Erromako, Pariseko eta Valladolideko erreinuen arteko konkordatu horiek guztiek, Eliza osoaren edo gure Euskal Herrietako historia nahasiaren baitan.
  • Patxi Altuna
    • Hasieran, ahozko kontaketak izan ziren: norbaitek kontatuak, tradizio baten baitan, leku eta momentu jakin batean, halako xede baten arabera.
  • Juan Garzia
    • Kono ikaragarriak bere baitan ispilatu zuen sutea.
  • Itxaro Borda
    • Alderdientzat hondarrean eta alderdietako partaide bakoitzarentzat, izan Iparraldean ala Hegoaldean, borroka armatua, Euskal Herria askatzerako prozesu orokorraren baitan ezinbesteko eta derrigorrezko ekintza bilakatua zen
  • Koldo Zuazo
    • Euskalki honen baitan arazo larriak direla ikusi da.
  • Andu Lertxundi
    • Arteak -eta, artearen baitan, literaturak- asko du adibide horien baitako ikuspuntu urrutiratutik.
    • Eta bizitzan zehar ikusitako arbolen memoria dugulako dakigu orain lehendabizikoz ikusitako hori arbola bat dela eta ez beste zernahi, errealitateak oroimenaren baitan hartzen baitu ostatu.
    • Etsita dago, ez du sinesten buruzagi militarrek esan diotena: nola egongo da Europaren etorkizuna bere fusil zaharrak botatako balen baitan?
    • Melankoliak bere-berea duen bazka horren baitan ulertu behar dela gizonezkoei normalean sartzen zaien seme-alaben zaintzarekiko larritasuna ere; baina galdutakoa ordezkatu bezain agudo, bukatu dela melankolia, eta seme-alabekiko kezka ere bai.
  • Bernardo Atxaga
    • Ez, noski, bere praktika Lautréamont bezalako plajiatzaile batenetik urrun zegoelako, baizik eta maite zuen idazle-ereduaren baitan jarraitu eta bere posizio sozialari eutsi nahi ziolako.
    • Egun sargorietako animaziorik gabe, Urtza bi aldiz isil, bi aldiz bakarti iruditzen zitzaidan, han ibilitako jendearen builak eta zalapartak hutsune bat utzi izan balute bezala, zulo bat uraren baitan.
  • Joxe Austin Arrieta
    • Begirada altxatu orduko, hantxe ikusten nuen neure burua, antigoaleko erretratu batean bezalaxe: Walter Faber, entsalada jaten ari, urreztaturiko marko baten baitan.
  • Pako Aristi
    • Aurkezpena idatzi egin dut, eta liburuaren baitan txertatu.
    • Emakume Abertzale Batzan sartu zen Polixene oso gazterik, PNVren baitan emakumeek sortu zuten talde berezi hartan, eta irratiko elkarrizketan kontatu duenez, bere lehen mitina Urduñan eman zuen, Aberri Egun batez.
    • Polixene Trabudua gure senaren baitan dagoen baso izoztu bateko ahotsa besterik ez zen izan Urduñako hitzaldi hartan.
    • Erdi-erdian dago eta handia da benetan; hiri txiki bat hiriburu erraldoiaren baitan.
    • eta inoiz ez genuen Gelatxo estimatzen ikasi, haien eta gure denborak ez zuen inoiz bat egin, ezta festa ospatzeko moduaren baitan ere
  • Unai Elorriaga
    • “Ustekabeak salbu eta, beti ere, gure mugen barruan –txikiak izan arren, mugak baitziren–, kezkatzen gintuen guztia azaltzera heldu ginen aspaldi, 60ko hamarkadaren baitan.
  • Iñaki Mendiguren
    • Esanguratsua da erromatar armadaren ostrazismo hori Kristau Elizaren aldetik armada oraindik borondatezko izen-ematearen bidez erreklutatzen zen garaian geratu zela bertan behera, teorikoki beti beharrezkoa zen soldadutza Dioklezianok (K.o. 283-305 bitartean erreinatu zuen) berriro praktikan jartzean erromatar gobernu inperialaren baitan arazoa sortu baino ehun urte baino lehenago.
    • "Oparotasunaren urritzea, haztea bezala, ez da izango kanpotiko "kausa asaldagarrien" eraginez, baizik eta negozio-munduaren beraren baitan zertzen diren prozesuen eraginez.
  • Josu Zabaleta
    • 1943an soldadutzara deitu zutelarik, eta armak alemaniarren esku uzteko agindu zitzaiela, ihes egin zuen; 1945ean Guido, anaia gazteagoa, berak partisano sartzen lagundua, Italiako iparraldeko partisano talde desberdinen arteko borroketan hil zuten Friuli Jugoslaviaren baitan sartzearen aldeko garibalditar brigadek.
  • Xabier Mendiguren Elizegi
    • Idazteko trebezia hura eskolarako gaitasun orokorraren baitan urturik zegoen niretzat ordea.
    • Hobe zen bakoitzaren imajinazioaren baitan uztea dena

Eta Joxerra Garzia, karlos Linazasoro, Lander Garro, Jose Morales, Markos Zapiain, Iñaki Heras, Harkaitz Cano, Felipe Juaristi, Pablo Sastre, Juan Martin Elexpuru, Patziku Perurena, Hasier Etxeberria, Joxe Azurmendi, Iñigo Aranbarri, Aritz Gorrotxategi, Iñaki Iñurrieta, Arantxa Iturbe, Pello Lizarralde, Jon Arretxe, Joxean Muñoz... Nahi beste adibide eman litezke. Gaur egungo idazle eta itzultzaile onenak, eta euskaltzain osoak tartean, gaizki idazten ari dira, eta -ean, barruan edo barnean idatzi behar lukete baitan idatzi duten tokian, beraz, Hiztegi Batuak agintzen duen moduan idatzi nahi izanez gero. Bai?

Pentsa liteke goiko adibide horietako batzuetan nolabaiteko pertsonifikazioa dagoela, eta, alde horretatik, ez dutela hausten Hiztegi Batuak ezartzen duen debekua. Egia da, halaber, goiko adibide horietako batzuek aise onartzen dutela -ean/barruan/barnean jartzea baitan dagoen tokian, baina, hala izanik ere, euskara baturako txartzat jo beharrekoak ote dira?

Idazle horiek guztiak oker daude eta gaizki ari dira, edo Hiztegi Batua errealitatetik kanpo kokatu da? Edo Ibonen adibideko "Xk artista hasiberrien erakusketaren baitan aurkeztu zituen bere margolanak" desbideratze gaiztoaren modukoak bakarrik gaitzetsi nahi izan ditu Hiztegi Batuak, eta, oharkabean, debeku orokorra –orokorregia– ezarri du?


(SAROI JAUREGI eta ALFONTSO MUJIKA Elhuyarreko teknikariak dira)

Inprimatu


Erantzun

 
Realitatean edo realitatetik mila leguaz aparte
2006-03-17 / 11:05 / Erramun Gerrikagoitia

Galdetzen da azkenean Hiztegi Batua errealitatetik kanpo kokatu da?

Ba niretzat ez dago dudarik ze batzutan dago realitatetik guziz aparte, ze bestela egin dezagun estudio prospektivo bat eta detektatu non dagoen realitatetik arras aparte, hori da estudio bat egin ahal dena prefosta. Realitatetik klarki aparte dago hitz asko eta asko nola: penintsula (peninsula), errifle (rifle), bolumen (volumen), esleitu (?) (topaizue hau non bizi da an euskara)...

Hori, kommentarioa buruz hitzak berba eginik mundu lexikalean, gero syntaxian ere gauza asko eta asko joten dira txartzat edo daudeke kanpo tik realitatea. Euskara' gaur irakurri ohi dena dago nahiko urrun tik realitatea edo egungo euskalduna. Besterik litzateke ea euskara bera -gure hitzkuntza- zenbat dago realitatetik kanpo kontuan hartuz gure populatione osoa. Baina muga gaitezen geu geurera euskaldunon kollektivora, hemen ere esan den lez hiztegi batua dago guganik -gu euskaldunok gara realitate soziologiko aktuala- aparte, lar aparte eta arrotz.


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua da eskola publikoan)

 
Mugarria irristatzen...
2006-03-17 / 11:16 / Patxi Petrirena

Bukaeran zerrendatu dituzuen adibideak ikusita, haietako bakarren batzuk "erakusketaren baitan aurkeztu" bezain arrotz egiten zaizkit; beste asko, berriz, natural.

Apustu egingo nuke Hiztegi Batuko "perpausaren baitan" adibide gaitzetsiaren bila ere ez duela Euskaltzaindiak oso urruti joan beharrik izan...

Egia esan, zentzuzko iritzi nion gaitzespenari ("Hitzaldi zikloaren baitan, gaur Urlia mitzatuko da", adibidez, bitxi gertatzen zait), baina ez dakit non dagoen muga. Beharbada, mugarria irristatzen ari da.

Eskerrik asko lanagatik.

(PATXI PETRIRENA Euskaldunon Egunkariako hizkuntza-arduradun ohia)

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com