|
Irakurri ahal izan dudanez orain dela gutxi Lizarrako Udalak Nafarroako Gobernuari herriaren izen ofizialaren aldaketa eskatu dio eta oraingo izen bikoitza, Estella eta Lizarra, izan beharrean, Estella-Lizarra izen bakarra izan dadila. Gobernuak ukatu egin dio Udalari eskaera hau.
Udalak proposatutakoa onartuz gero, idazki ofizial guztietan, herriaren izena jartzean beti Lizarra (eta Estella, noski) agertuko lirateke batera; orain, aldiz, idazkia erdaraz badago Estella jartzearekin aski da eta honela herri horren benetako sustrai euskalduna estalita gelditzen da. Honen bitartez, eta esandako gobernuaren euskararekiko daukan maitasun eta begirunea ezagutuz, inoiz gertatuko ez den zerbait espero du gobernuak, hau da, euskal izena estaliz, denboraren poderioz sustrai hori lizarratarren buruetatik ezabatzea.
Ukapen honek ez gaitu harritu behar. Administrazioek euskararekiko orain dela gutxi arte toki guztietan, eta oraindik ere hainbat tokitan, izan duten jokaera negargarria denok ezagutzen duguna da, hau da, euskara agertu ez dadila inongo paper ofizialetan. Honela, adibidez, herri baten ikerketa bat egiteko, nahiz eta lekua guztiz euskalduna izan, Goizueta, esaterako, bertako paper ofizialak hartuko bagenitu historian zehar bertan erdara baino ez dela mintzatu pentsatuko genuke. Baina, benetako egoera oso bestea da eta paperetan islatzen dena gure hizkuntzaren zapalkuntzaren ondorio bat baino ez da. Zapalkuntza horren ondorioak egunero ikus ditzakegu hasi familia izenekin eta toponimiarekin jarraitu, besteak beste.
Herriak hitz egiten duen hizkuntzaren eta eskribau erdaldunaren arteko desadostasunak makina bat izenen desitxuratzea ekarri digu. Honela, esaterako, Zabala izeneko batek eskribaurengana joan eta bere izena esan ondoren, honek, bere logika erdaldunarekin eta gizaseme baten izena -a batekin bukatzea ezinezkotzat jotzen, bere kabuz -o bat jartzen zion a-aren tokian eta honela Zabalo izena agertu zen, beste horrenbeste Ezkerra izenarekin Ezkerro izateko edo Uriarekin Urio nahiz Zuriarekin Zurio (edo Jurio), eta abar eta abar emateko.
Baina, lehen toponimia ere aipatu dugu. Arlo honetan egindako astakeriak eta bortxaketak ikaragarriak dira. Orain baino lehen beste lantxo batean Irurtzun ondoko erdaraz Dos Hermanas izendatzen den tokiarekin egindakoa salatu nuen. Leku honen benetako izena Bi Haizpe da, hots, bi haitz azpitik pasatzen den bidearena, gaztelupe edo arkupe moduan. Aldiz, eta bertako euskaraz ahizpa ahoskatu beharrean ahizpe esaten dutenez, Bi Haizpek eskribau erdaldunak erdaraz zer esan nahi zuen galdetu zuenean sasiletratu baten batek Dos Hermanas esan zion eta honela gelditu da ofizialki toponimo hori. Eta hau bakarrik izango balitz, gaitzerdi, baina Nafarroatik irten gabe eta beste okerkeria askoren artean, hor daukagu, beste toponimo izugarria, Muruarte de Reta, alegia, herri honen benetako izena Muru-Artederreta da, hau da, bi euskal toponimoren uztarketaren bidez sortutakoa, bigarrenak, bestalde, arbola baten (artea, alegia) edertasuna aipatzen digu, baina eskribau erdaldunak Muruartederreta entzun eta izena luzeegia zela pentsatuz, alde batetik, Lasarte edo Ezkabarte bezalako, izenaren barnean euskal toponimo bat zegoelakoan onartuz, nahiz ulertu ez, eta bestetik Reta toki baten izena izango zelakoan, de horretan gaztelaniako preposizioa ikusiz, esandako perla erditu zuen.
Hau guztia gogoratu ondoren goazen gure harira. Estella-Lizarra izeneko herria dagoen lekuan lizarra izeneko arbolen ugaritasuna nabarmena da, nahiko bertatik dauzkagu Lizarrusti edo Lizarraga bezalako beste toponimoak esandakoaren lekuko gisa. Gauza ezaguna da antzi-antzinatik gaur Ega ibaiaren hiria dagoen tokian Lizarra izeneko enklabe bat bazegoela, gaur egun hau San Juan izeneko auzoaren barnean dagoena, alegia. 1090. urtean Nafarroako Erregeak bertan hiri bat eraikitzea erabaki zuenean eta horretarako zegokion Forua (latinez idatzia) eman zionean, hiri berria bataiatzeko tokiaren aurretiko izena galdetuko zuen, eta hemen hasten da bihurkeria: Lizarra zegoen tokian, latinez idazten zuen eta euskaraz ez zekien eskribauak bertako jakintsu baten bati galdetu zion bertako izenaren esangura jakiteko eta honek lizarra izan ordez izarra itzuli zuen eta honela latinez stella zela esan zion, aipatutako Foruan agertzen den bezala eta hortik datorkigu erdal izena nahiz hiriaren armarria: izar eder bat, hain zuzen. Eta behin hanka-sartze hori idatzia gelditu ondoren betiko daukagu jatorritik gaizki egindakoa.
Gauza normala den bezala, gaur egun inork ez du proposatzen historiak berea egin duen Estella izena baztertzea, baina bertako Udala nolabait gaizki egindakoa zuzendu nahiz eta benetako sustraia argi gera dadin, bi izenak, hau da, jatorriz euskarazkoa eta latinezkoa, uztartu nahi izan dituenean, biak beti elkarrekin ager zitezen, Nafarroako Gobernuak, beti bezala lingua navarrorum alde jarrita, ikaragarrizko erraztasunak eman ditu... euskal izena estaltzeko, noski.
(LUIS BANDRES UNANUE Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle da)
Luis Bandresek erabili.com-en argitaratutako artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
|