Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  Euskara batua eraikitzen: adibide praktikoa

Euskara batua eraikitzen: adibide praktikoa

2006-03-15 / 07:00 / Ibon Sarasola   HIZKUNTZA

"Mundu guztiak" euskara idatzian bederen telefonoa "eseki" edo "eskegi" egiten omen du. Egia ote da hori? Eta, telefonoa eskegi esapidea al da egokiena Euskal Herri osoari begira?

Egia da, Ereduzko Prosa Gaur aplikazioaren arabera bederen, telefonoa eskegi eta telefonoa eseki direla egungo euskaran gehien erabiltzen diren esapideak. Badirudi bien arteko "borroka", norbaitek irabaztekotan, eskegi-k irabaziko duela: duela urtebete eskegi-ren 17 agerraldi eta eseki-ren 20 genituen Ereduzko Prosa Gaur-en; aurten eskegi-ren 29 eta eseki-ren 26: hots, azken urtean eskegi-ren 12 agerraldi berri izan ditugu; eseki-renak, aldiz 6 izan dira.

Erabilienak dira telefonoa eskegi eta telefonoa eseki, baina ez erabiltzen diren bakarrak. Gainera, telefonoa eskegi/eseki erabiltzen duten idazle guztiak Autonomia Erkidegokoak dira. Nafarroan Aingeru Epaltzaren pertsonaiek gakotu egiten dute telefonoa, eta Alberto Ladronenek kakotu; Iparraldekoen luman telefonoa pausatu, besterik ez dut ikusi. Eta ba omen da telefonoa katigatu erabiltzen duenik.

Horiek horrela, zein da egokiena Euskal Herri osoari begira? Gehien erabilienaren irizpideari baino begiratzen ez diotenak telefonoa eskegi-ren alde makurtuko lirateke. Nire ustez bi alde txar ditu eskegi-k: bata, eseki-rekin duen lehia; bestea, larriagoa, espainolaren ikuspuntuaren mirabe dela; eta gaur egun, telefonoak dagoeneko eskegitzen ez direnean, espainolaren lekuko bitxi.

Iparraldeko esapidea, telefonoa pausatu, aldiz, beregaina da, eta naturala. Izan ere, pausatu, tradizio bikaineko hitza eta esanahi sare aberatsekoa, ezin hobeki egokitzen zaio hitz egin ondoan telefonoarekin egiten dugunari. Bestalde –kontu praktikoagoetara itzuliz–, ez dago euskaldun ikasirik telefonoa pausatu zuen lehen kolpean ulertuko ez duenik; ez dut uste beste horrenbeste esan daitekeenik telefonoa eskegi zuen-i buruz.

Eta Euskal Herri osoari begira telefonoa pausatu lehenetsiko bagenu, euskara batuaren une hoberenetara itzuliko ginateke, arkitu edo huelga erabiliagoak gorabehera aurkitu eta greba hautatu ziren uneetara; hots, euskara batua Euskal Herri osoari begira eraikitzen genuen une gogoangarri haietara.


(IBON SARASOLA ERRAZKIN hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

  • Orain arte argitaratutako guztiak irakurtzeko sakatu HEMEN

Inprimatu


Erantzun

 
zergatik ote
2006-03-15 / 09:58 / Xabier Andanegi Santamaria

Eta zer gertatu ote da une gogoangarriak atzean uzteko eta egungo garai gogaikarrian egoteko? zergatik jada ez da euskara Euskal Herri osorako eraikitzen?

Erantzuna ez da honakoa inolaz: jada ez du inork nahi euskara Euskal Herri osorako eraiki. Erantzuna beste hau bide da: egun euskara eraikitzen dutenek ez dakite euskara Euskal Herri osorako eraikitzen, Sarasolak-eta ez bezala, jakina.

Beraz, ondorioztatu beharko dugu badela gurean pentsatzen duenik euskararen eraikuntzan lehen lerroan daudenak (Berria-koak eta idazleak, baldin eta hegoaldekoak badira, jakina) ez daudela garai gogoangarrietako aitzindarien (Sarasolaren eta abarren) mailan. Euskara gaiztoz-edo jabetuta ote daude? edo inkonpetenteak dira sinpleki?


(XABIER ANDONEGI SANTAMARIA helduen euskara irakaslea da)

 
Entelegua
2006-03-15 / 17:38 / Erramun Gerrikagoitia

Nik ez dut ulertzen zelakoa da entelegua hon akademiko Ibon Sarasola. Zertan ari da hori akademikoa? Ote da irresponsable hutsa eta divagantea? Ez al du simpleki izkiriatzeko gairik? Nork ulertzen du horren entelegua?


(ERRAMUN GERRIKAGOITIA RODRÍGUEZ maisua eskola publikoan)

 
Behar da dialogoa eta elkarren eretxi trukaketa
2006-03-16 / 11:45 / Erramun Gerrikagoitia

Ikusi dira possibilitateak esateko eskegi, eseki, gakotu, kokatu eta pausatu telephonoa eta zer pasatzen da beste hauekin ipini (pausaturen synonymoa), zarratu, itxi, eten, amaitu, akabo ... edo ...?

Foro batean ez al dago dialogorik (dia + logo)? Ez al da hori foro baten funtsa non basatzen da zientzia edo aitzitik behar du izan unilaterala huts, monodirektionala? Harria bota eta eskua ezkutatu? Hori ez da elegante, ez justu.

 

Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com