![]() |
Egin klik hemen INPRIMATZEKO |
Ttakun Kultur Elkartea / Kultura / 2006-02-23 / 07:00
Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko lanerako tresna zehatzak proposatzen dira txosten honetan, eta, tresnekin batera, haiek erabiltzeko kontuan hartu beharreko alderdiak eta aplikaziorako adibide jakinak ere txertatu dira.
Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua Ttakun Kultur Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuen eskariz landu duen egitasmo bat da, eta Tresnak eta adibideak deituriko txosten hau proiektuari dagokion bigarren dokumentua.
Lehenbiziko dokumentuan adierazi bezala, 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin eskola-orduz kanpoko jardueretan aritzen diren hezitzaileei euskararen erabilera sustatzeko tresnak eskura jartzea da lanaren xede nagusia.
Hezitzaileek asko egin dezakete gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko proiektu honen lehen partean, euskararen erabilera sustatzeko prozesuaren urratsak eta inplementaziorako prozedura jaso ziren; bigarren honetan, berriz, lanerako tresna zehatzak proposatzen dira, eta, tresnekin batera, haiek erabiltzeko kontuan hartu beharreko alderdiak eta aplikaziorako adibide jakinak ere txertatu dira.
Nolanahi ere, eta esan gabe doa, Tresnak eta adibideak izeneko dokumentu honetan proposatzen dena ulertzeko eta behar bezala erabiltzeko, ezinbestekoa da I. dokumentuan jasotako oinarriez jabetzea.
Segidako orrialdeetan, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko balia daitezkeen hainbat tresna proposatzen dira eta adibide batzuk aurkezten.
Tresna-adibideak, berez, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuaren oinarriak jasotzen dituen I. dokumentuan zehaztutako prozeduraren arabera garatu dira. Hona hemen zein den prozeduraren ondoz ondokoa:
1- Taldeak erabilera urratsetan kokatzea, gazteen komunikatzeko gaitasunaren eta gazteek erabileran hartzen duten iniziatibaren arabera.
2- Erabilera-urratsaren arabera, interbentzioko eremua hautatzea.
3- Interbentzioko eremuari dagozkion estrategiak zehaztea; hots, hizkuntzazko estrategiak eta begiralearen taldeko kokapenari dagozkionak.
4- Estrategiak garatzeko tresnak aukeratzea.
5- Tresnak baliatu ahal izateko bete beharreko baldintzak aintzat hartzea, edota kontuan izan behar diren hainbat alderdi zaintzea.
6- Tresnak aplikatzea.
Horixe da, beraz, prozedura osoa, eta, txosten honetan, prozedura horretako 4. eta 5. puntuak aurkezten dira. Lehenik eta behin, prozedura azaltzen duen taula dator; hurrena, tresna bakoitza deskribatzen da, kontuan hartu beharrekoak zehazten dira eta adibide batzuk aurkezten dira; azkenik, tresnen aplikazioari dagozkion hainbat ohar ere egiten dira.
ERABILERA ATSEGINAREN URRATSEKO TRESNAK
| ERABILERA ATSEGINAREN URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Elkarrizketak baliatzea. - Gaztea laguntzaile aritzea |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Hezitzailearen eta gazteen arteko harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea taldeko zentroa denean erabili ahal izango dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Hezitzaileak produkzio elebakarra baliatuko du; hau da, euskaraz mintzatuko da beti, gazteekin erlazionatzen denean. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan eta integratzailean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak ertaina izan behar du gutxienez |
Erabilera atseginaren urratseko gazteak euskaraz oso nekez komunikatzen direnez gero eta euskara erabiltzeko iniziatibarik hartzen ez dutenez gero, hezitzaileak gazteekin hariltzen dituen elkarrizketak edo berbaldiak izango dira erabilera lantzeko tresna nagusi. Elkarrizketei bide emateko, jarduerako ekintza edo denbora-bitarte jakinak baliatuko dira, hala nola, jardueraren azalpena egitean edo egindakoan, entzundakoari buruz galderak eginez elkarrizketak sortzea, jarduera garatzean egiten ari direnaz elkarrizketak sortzea eta abar.
Hezitzaileak galdera asko egin behar du. Galderak mailakatuak izango dira, eta, hasiera batean, bai/ez erantzun beharko dute gazteek. Ondoren, hitz batekin erantzun beharreko galderak egingo dira, eta, progresiboki, erantzunak luzeagoak izango dira.
Gazte bakoitzaren gaitasuna neurtu behar da, banako bakoitzaren hizkuntza-mailara egokitzeko. Horrela, komunikazio on bat lortuko da, eta gazteek ez dute euskara ez erabiltzeko aitzakiarik izango. Apurka-apurka aurrerapausoak egiten dituztela konturatzen badira, motibazioa handiagoa izango da.
Gazte bakoitzarekin egoteko tartea aurkitu behar da. Gazte guztiak berdin tratatu behar dira, eta hezitzaileak disponibilitatea transmititu behar du. Jardueratik kanpo sortzen diren tarteak ere baliatu behar dira gazteekin erlazionatzeko; eskolan, kalean edo bestelako lekuetan elkartzean, harremana landu behar da.
Gazteren bat laguntzaile hartuz gero, erabilera bi modutara lan daiteke gaztearekin: batetik, elkarrekin hitz egiteko aukera handiagoa baliatuz (zertan laguntzea nahi den azaldu, iritzia eskatu...), eta, bestetik, gainerakoei zenbait gauza euskaraz azaltzeko eskatuz (azalpen laburren bat, arau errazen bat...).
Laguntzaileak hezitzaileak aukeratuak edo boluntarioak izan daitezke. Bigarren kasu horretan, bere burua eskaini duen bat izango da, eta haren motibazioa ziurtatua dago. Nolanahi ere, baldin gazte jakin batekin egin nahi bada lan, hezitzaileak aukeratzea izan daiteke egokiena. Adibidez, oso tresna egokia da, euskaraz oso nekez komunikatzen den gazteari bidea urratzen laguntzeko. Era berean, oso aproposa da aurrerapauso nabarmenak egin dituen gaztearentzat, motibazioa indartzeko edo ahalegina saritzeko.
Gazteak talde txikietan bereizita eta talde bakoitzak hezitzaile bat zentro duela, play-back bat prestatuko da. Behin lana burututa, beste taldeen aurrean antzeztuko da. Play-backa prestatzean, gazte bakoitzak bere instrumentua egingo du tailerra baliatuta. Nola gazteek horretarako hezitzailearen laguntza beharko baitute, hezitzailea taldekide bakoitzarekin erlazionatuko da. Harreman horretan, hezitzaileak hizkuntzazko helburuak landuko ditu gazteekin, elkarrizketen bitartez.
Hurrena, emanaldia prestatuko da. Hezitzailea partaide izango da, eta play-backean hartuko du parte. Oso garrantzitsua da gazteei eskatzen zaiena hezitzaileek ere egitea, zeren era horretan lortzen baita konfiantzazko eta erreferentziazko hezitzaile izaten hastea.
Gazteetako bat, astero, hezitzailearen laguntzaile arituko da, eta gazte-laguntzaileek harreman handiagoa izango dute hezitzailearekin. Jardueran hasi berriak diren gazteen kasuan, haien inplikazioa eta interesa ezagutzeko aukera ere izango du hezitzaileak, jardunbide hori aplikatzen badu.
Hezitzaileak beti izan behar du taldeko zentroa laguntzailearekin diharduenean. Erabilerako urrats horretan, oso zaila izango da helburuak lortzea, modu horretan jokatu ezean.
Honako hauek izan daitezke laguntzaileari proposatzeko moduko lan batzuk:
| ERABILERA ATSEGINAREN URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Informaltasuna baliatzea. - Gaitasun bereko taldeak osatzea |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Hezitzailearen eta gazteen arteko harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea taldeko partaide denean erabili ahal izango dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Hezitzaileak produkzio elebakarra baliatuko du; hau da, euskaraz hitz egingo du beti gazteekin erlazionatzean. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan eta integratzailean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak ertaina izan behar du gutxienez |
Oso eragingarria da egoera informalak baliatzea, gazteak euskara erabiltzera bultzatzeko. Espazio informaletan, gazteekin erlazionatzeko ahalegina egin behar du hezitzaileak. Horretarako, jarduera guztiek izan ohi dituzten espazio edo denbora-bitarte informalak baliatu behar dira, eta, beharrezko jotzen bada, sortu ere egin daitezke. Egoera informaletan, gazte guztiekin erlazionatzeko ahalegina egin behar da, eta, erlazioan, euskararen erabilera sustatu behar da elkarrizketen bidez.
Egoera informaletan gazteekin erlazionatzea ez da soilik euskararen erabilera sustatzeko bide moduan hartu behar. Era horretako erlazioaren bidez, gazteekiko interesa agertzen du hezitzaileak eta gazteentzat erreferente moduan izan dezakeen izaera garatzen du. Erreferentziazko izaera garatuz, aiseago sustatuko da euskararen erabilera.
Hainbat jardueratan, komunikatzeko gaitasun ezberdineko gazteak bilduko dira talde berean. Talde osotik talde txikiagoak osatu behar direnean (ekintza jakin baterako, adibidez) egokia izan daiteke gaitasun bera duten gazteak elkarrekin jartzea. Talde horietan, komunikatzeko gaitasunaren arabera landu ahal izango da erabilera, gazteen arteko komunikazioa errazteko eta motibazioan eragiteko.
Nahiz eta egokia den taldeak osatzean gaitasuna kontuan hartzea, ez da etengabe balia daitekeen tresna. Taldeak beti hezitzaileak egitea arriskutsua izan daiteke, zeren gazteek gustuko izaten baitute beren erara antolatzea. Beraz, oreka aurkitzen ahalegindu beharko da beti.
Kirolerako orduetan, garrantzitsua izango da gazteekin ohartuki konparti daitekeen informaltasuna. Hezitzailearen interesak jardueratik kanpo ere badirauela transmititu behar da. Nola pertsonak ari baitira parte hartzen, gazteekiko interesa landu behar da harreman informaleko erlazioan. Nahita sortutako elkarrizketetan eta bestelakoetan, gaia jarduerarekin zerikusia duena izango da batzuetan, baina, beste askotan, jarduerarekin zerikusirik ez duena: gazteen ikasketak, nahiak, arazoak... izan daitezke mintzagai. Ildo horretan, hona hemen har daitezkeen zenbait iniziatiba:
Talde txikietan, hezitzailea parte dela, esketx bat prestatuko da. Taldeak hizkuntza- mailaren arabera osatuko dira, euskaraz aritzeko konfiantza har dezaten. Taldeak ondoko lan hauek egingo ditu, hezitzailearen laguntzarekin:
| ERABILERA ATSEGINAREN URRATSA |
|---|
| Proposatzen den tresna: - Jardueraz kanpoko erreferenteak baliatzea |
| Tresna jakin hori erabiltzeko irizpidea: Interbentzio-eremua: - Gazteen eta beste erreferenteen arteko harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Erreferenteak taldearen zentroa direnean erabili ahalko da tresna hori Hizkuntzazko estrategia: - Erreferenteek eta hezitzaileak produkzio elebakarra baliatuko dute; hau da, euskaraz mintzatuko dira beti, gazteekin erlazionatzen direnean. Motibazioak: - Tresna hori motibazio komunikatiboan eta integratzailean oinarritzen da Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak ertaina izan behar du gutxienez |
Hezitzaileek asko egin dezakete egitasmoaren ikuspegitik, hezitzaileak izan behar du jarduerako gazteen erreferente nagusia. Hala ere, hizkuntzazko helburuak lantzeko garaian, oso interesgarria izan daiteke jarduerarekin zerikusia duten beste erreferente batzuen laguntza: kirolari ezagunak kiroleko jardueren kasuan, tailer bereziak lantzeko irakasleak gaztelekuen kasuan; antzezle ezagunak, musikariak, herriko pertsona ezagunak... antzerki-tailerretan, etc.
Erabilera atseginaren urrats horretan, erreferente horiek oso aproposak izan daitezke hezitzaileak egiten duen lana indartzeko. Izan ere, gazteak euskaraz oso nekez komunikatzen direnez gero edota euskara erabiltzeko iniziatibarik ez dutenez gero, erreferenteak gazteekin elkarrizketatuko dira jardunean zehar. Horretarako, jarduerak eskaintzen dituen aukerak baliatu behar dira: jardueraren azalpenari buruzko galderak eginez, jardueran egiten ari direnaz mintzatuz... sorraraz daitezke elkarrizketak edo berbaldiak.
Erreferente diharduenak oso argi izan behar ditu hizkuntzazko helburuak. Hezitzailearen gisan, galdera asko egin behar du, eta, hezitzailearen laguntzarekin, galderak gazteen komunikatzeko gaitasunera egokituak izatea lortu behar du, komunikazio on bat erdiesteko eta gazteak euskaraz aritzera bultzatzeko.
Pertsona ezagunen bisitak antolatuko dira. Kirol-munduan ezagunak diren pertsonak izango dira: herriko taldeetakoak edo talde profesionaletakoak. Beren esperientzia azaltzea interesgarria den arren, gazteekin erlazionatzea eta elkarrekin solasean aritzea da helburua. Horregatik, horretara bideratuko da jarduna:
Pertsona ospetsuak bere esperientziaren azalpen bat egiten badu, gazteekin solasean aritzeko adina galdera egingo ditu, eta hezitzaileak lagunduko dio horretan. Gazteek ere hainbat galdera presta ditzakete aurretik.
Kirol-jardueran bertan ere har dezakete parte, eta jarduera aprobetxatu solastatzeko. Entrenamendu bat zuzentzea, entrenamendu barruko partidan parte hartzea... izan daitezke bideak.
Bisita puntuala izan daitekeen arren, oso interesgarria da harremana mantentzea:
Eskola-orduz kanpo, hezitzailea antzerkia ikustera joango da gazteekin batera. Hori egitea zaila bada, antzerkirako sarrerak banatuko zaizkie. Behin emanaldia igarota, antzerkiko antzezle bat gonbidatuko da taldearen saiora, eta, hura bere antzezlanari buruz aritzeaz gain, gazteek ariketa batzuk egingo dituzte haren antzezlanean oinarrituta.
| ERABILERA ATSEGINAREN URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Informaltasuna baliatzea - Erreferente hurbilak baliatzea |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Gazteen eta beste erreferenteen arteko harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Erreferenteak taldeko parte direnean erabili ahal izango dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Erreferenteek eta hezitzaileak produkzio elebakarra erabiliko dute; hau da, euskaraz hitz egingo dute beti gazteekin erlazionatzean. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan eta integratzailean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak ertaina izan behar du gutxienez |
Oso interesgarria da jardueraz kanpoko erreferenteak jardueran parte hartzera gonbidatzea eta bide horretatik hizkuntzazko helburuetan inplikatzea. Aurreko puntuan azaldu bezala, horrelako erreferenteek oso argi izan behar dituzte hizkuntzazko helburuak, eta, hezitzailearen laguntzarekin, berbaldiak sortu behar dituzte gazteekin. Gazteekin elkarrizketak sortzeko, jarduerak eskaintzen dituen baliabideak baliatu behar dira batik bat: erreferenteak bere esperientzia azaltzea, jardueraren zati bat berak zuzentzea eta abar.
Horretaz gain, erreferenteak gazteekin harreman informalak lantzea ere oso interesgarria da. Jarduera guztiek dituzte espazio edo denbora-bitarte informalak. Erreferenteak aukera horien berri izan behar du eta horietan nola lan egin azaldu behar zaio: gazteenganako interesa azaldu behar du, elkarrizketak sortu behar ditu, elkarrizketetan erabilera-urrats jakinari dagozkion hizkuntzazko helburuak hartu behar ditu kontuan eta abar.
Horrelako harremana oso motibagarria izan daiteke gazteentzat, eta hizkuntzazko erabileran eragin oso positiboa izan dezake.
Jardueraz kanpoko erreferenteak balia daitezkeen arren, jardunetik gertu dauden erreferenteak ere balia daitezke. Esate baterako, jarduera bera egiten duten baina helduagoak diren beste talde bateko gazteak balia daitezke erreferente moduan.
Sarritan, helduagoak diren eta jarduera bera egiten duten gazteak oso erreferente erakargarriak dira. Horregatik, haiek hizkuntzazko helburuak argi badituzte, jardunean inplika daitezke eta erabilera sustatzeko tresna bihurtu, dela jarduera arautuetara gonbidatuz eta han elkarrizketak sustatzeko bidea emanez, dela tarte informaletan harremanak sustatuz, dela beste era batzuk baliatuz.
Ziurtatu egin behar da erreferente horien koherentzia linguistikoa, eta helburua argi transmititu behar zaie. Erabilera urrats honetan, gazteek ez dute erabileran iniziatibarik hartzen, baina, jokamolde horri begira, hurbileko erreferenteak erabiltzeak eragin handia izan dezake. Iniziatiba hartzeari begira, oso interesgarria izan daiteke gazte helduagoen erreferentzia, zeren gazteak iniziatiba hartzera motiba baititzake.
Hezitzaileak, noski, erreferenteekin harremanetan egon behar du, eta jarraipena egin behar die. Behar den kasuetan, gainera, baliabideak eskaini beharko dizkie, helburuak lortzeari begira: nola lagundu gazteei berarekin erraz komunikatzen, zailtasunen aurrean nola jokatu eta abar azaldu beharko dizkie.
Kirolean, hurbileko erreferente oso interesgarriak dira goragoko mailetan jokatzen duten gazteak. Gazteentzat eredu oso erakargarriak dira. Erreferente horietako batzuk kirol jarduerara ekar daitezke, entrenamendu batzuetan eta entrenamendu barruko partida batzuetan parte hartzera. Gazteak erreferenteekin nahasi behar dira horrelako partidetan, eta erreferenteekin harremanetan jartzeko aukera eman behar zaie. Bestalde, entrenamenduko beste ataletan ere parte har dezakete; hala nola, beroketak zuzentzen eta elkarrizketak sortzen, luzaketetan eta abarretan.
ERABILERA ZUZENDUAREN URRATSEKO TRESNAK
| ERABILERA ZUZENDUAREN URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Ustekabeko erantzunak baliatzea - Gaztea laguntzaile aritzea |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Gazteek hezitzailearekin eta beste erreferenteekin duten harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea edota erreferentea taldearen zentroa direnean erabili ahal izango dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Hezitzaileak edota erreferenteek ulermen elebakarra baliatuko dute. Hau da, gazteekin duten harremanean euskaraz hitz egingo dute beti, eta, gainera, gazteek erdaraz egiten badiete ez adituarena egingo dute. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan eta integratzailean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak ertaina izan behar du gutxienez |
Erabilera zuzenduaren urratsean, erdietsia izan behar da gazteek berek hartzea euskaraz mintzatzeko iniziatiba, hezitzailearekin eta erreferenteekin erlazionatu behar dutenean.
Hala ere, urrats horren lehenengo fasean, gerta liteke gazteek noizbehinka hezitzaileari erdaraz hitz egitea. Horrela agitzen denean, hezitzaileak ez adituarena egin dezake eta gazteek inola ere espero ez dituzten erantzunak balia ditzake. Adibidez,
Erabilera zuzenduaren urratsean aurrera egiteko, egokia da gazteak hezitzailearen laguntzaile aritzea. Hezitzaileak gazteekin elkarrizketa gehiago izango ditu, eta, beraz, erabilera indartuko du. Gazteei, bestalde, hainbat azalpen edo arau taldeari azaltzeko eskatuko die, eta euskaraz egin beharko dute hezitzailearen laguntzaz. Beraz, oso egoera formaletan bada ere, gaztea beste gazteekin euskaraz komunikatzen hasiko da.
Laguntzaileak boluntarioak izan daitezke edota hezitzaileak aukeratuak. Fase horretan, aztertzen hasi behar da taldeko liderrarekin edo lider linguistikoarekin lanean hasteko unea den. Txosten honetan aurrerago azaltzen den bezala (2.5.1 puntuan), une batean taldeko liderrekin edo lider linguistikoekin hasi behar da lanean, erabilera naturalera hurbiltzeko urratsera pasatu ahal izateko, eta, kasu batzuetan, oraingo fase hau izan daiteke horretan hasteko egokia.
Gazteak hezitzaileari erdaraz hitz egiten badio, hezitzaileak berak asmatutako hizkuntza batean erantzungo dio. Helburua hizkuntza-aldaketa modu atseginean eta dibertigarrian egitea izango da batetik, eta, bestetik, gaztea hezitzaileari euskaraz hitz egin behar diola ohartaraztea.
Gaztea berehala ohartzen bada eta euskaraz egiten badio, hezitzaileak erantzun egingo dio, eta azpimarratu egingo dio erruz eskertzen diola euskaraz esatea eta, gainera, aurrerapauso on bat dela.
Gaztea ez bada ohartzen edo euskaraz egin nahi ez badio, hezitzaileak helburua gogoratuko dio; alegia, berari euskaraz hitz egitea nahi duela esango dio, eta horregatik erabiltzen duela teknika hori. Bestalde, gauzak azaltzeko zailtasunak baditu, laguntza eskainiko dio.
Ezaguna den erreferente bat gonbidatuko da jardueran parte hartzera.
Benetan ulermen elebakarra balia dezakeen norbait bada, hobe (Iparraldeko norbait Hegoaldeko jarduera batean, adibidez).
Horrela ez bada, jardueraren hasieran erreferenteak berari euskaraz hitz egitea nahi duela eskatuko die gazteei; erruz eskertuko liekeela horrela egitea.
Entrenamenduan, hainbat azalpen emango ditu eta hainbat elkarrizketa izango ditu gazteekin. Noizbehinka erdaraz hitz egiten badiote, euskaraz egiteko eskatuko die ez adituarena eginez.
Gainera, laguntzaile bat hartzeko aukera ere badu, azalpenekin eta ariketekin lagunduko diona. Laguntzaileak, nola erreferentearekin komunikatzeko ahalegin handiagoa egin beharko baitu, gehiagotan hartu beharko du iniziatiba.
| ERABILERA ZUZENDUAREN URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Presentzia fisikoaren bidez eragitea - Gazteek erdaraz egitean erreferenteak alde egitea |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Gazteek hezitzailearekin eta beste erreferenteekin duten harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea edota erreferenteak taldeko parte direnean erabili ahal izango dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Hezitzaileak edota erreferenteek ulermen elebakarra baliatuko dute. Hau da, gazteekin duten harremanean euskaraz mintzatuko dira beti, eta, gainera, gazteek erdaraz egiten badiete, ez adituarena egingo dute. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan eta instrumentalean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak ertaina izan behar du gutxienez |
Erabilera zuzenduaren urratsean, taldearen hizkuntza-erabileran eragiteko hezitzailearen presentzia fisikoa nahikoa izatea lortu behar da. Helburu horretara iristeko, askoz lehenago urratu behar da bidea: erabilera atseginaren urratsean bertan, zehazki.
Gazteak hezitzaileari euskaraz hitz egiteko iniziatiba hartzea lortu bada; hezitzaileak elkarrizketetan parte hartu gabe ere hizkuntzaren erabileran eragitea lortu behar da; alegia, taldeko partaide izate hutsarekin eragitea lortu behar da.
Erabilera atseginaren urratsean eta erabilera zuzenduaren urratseko lehenengo fasean, hezitzaileak begirale berritsu moduan jokatu behar du euskararen erabilera lantzeko: galdetuz, proposatuz, erantzunak eskatuz, ez ulertuarena eginez... jokatu behar du. Behin eta berriz zirikatu behar ditu gazteak, euskara erabil dezaten.
Progresiboki, gazteek euskara jokamolde hori baliatu gabe erabiltzea lortuko da. Noski, ez da berehala erdietsiko beren arteko harremanean euskaraz egitea; lehenik eta behin, hezitzailea tartean denean euskaraz egitea lortu behar da.
Hezitzailea, horretarako, jardueran erdaraz ari diren gazteen taldeetara hurbilduko da, eta taldeetan sartuko da edozein aitzakiarekin (zerbait azaldu behar duela esanez, galderaren bat eginez, zertan ari diren galdetuz...). Era horretan, begirale berritsu moduan jokatuz (galdetu, erantzunak eskatu...), gazteek euskaraz egitea lortu behar du. Taldetik urruntzen denean oso normala izango da gazteak erdaraz mintzatzen jarraitzea, baina, behin eta berriz horrela jokatuz gero, lor daiteke hezitzailea taldera hurbiltzen denean gazteak euskaraz aritzea, zeren horrela eskatuko baitie haren presentzia fisiko hutsak.
Erreferenteak erabiltzeak hizkuntzari buruzko kondizioak jartzeko aukera ematen du, zeren gazteentzat erakargarri diren pertsonak baitira. Erreferenteak helburua argi badu eta gazteei hizkuntzaren aldetik jokatzeko modua argi utzi bazaie, baliabide oso aproposa izan daiteke erabilera sustatzeko.
Erabilera-urrats honetako fase honetan, erreferentearekin euskaraz hitz egiteko eskatuko zaie gazteei, bai erreferentearen galderei erantzutean, bai beren iniziatibaz dihardutenean. Gazteek baldintzak betetzen ez badituzte, erreferenteak bertan behera utz dezake jarduera. Dena dela, hezitzailearen ardura izango da erabakitzea, eta ondo baloratu beharko ditu, besteak beste, honako alderdi hauek: helburua lortzeko gazteei zenbaterainoko ahalegina eskatu zitzaien, erabakiak zer ondorio izan ditzakeen eta zenbaterainoko malgutasunarekin joka daitekeen.
Saskibaloiko partida bat jokatuko da entrenamenduan. Hezitzaileak rol berezi bat hartuko du: epaile, animatzaile... izango da. Modu horretan, ekintzaren parte izango da, baina rol horrek hainbat eratan aritzeko aukera emango dio: elkarrizketak sortuz eragingo du; taldetxoetan sartuta, begiraden bidez eragiten saiatuko da, etc. Gazte-taldea erabilera zuzenduaren urratseko fase horretan baldin badago, gero eta errazago gertatuko zaio presentzia fisiko hutsarekin eragitea.
Graffiti-tailer bat antolatu da, eta Euskal Herriko graffitigile ezagunenak saio bat emango du. Azalpenak emateaz gain, tailerrean parte hartuko du gazteekin batera. Hainbat elkarrizketa sortuko ditu tailerrean, eta hezitzailearen laguntza izango du horretarako.
Gazteek erdaraz egiten badiote behin eta berriz, utziko egingo du jarduera.
Hezitzaileak adostua ez bete izana aztertuko du gazteekin, eta ondorioa baloratuko dute. Graffiti-tailerra izatean, nola hasitako graffitia amaitu gabe geratuko baita, modu grafikoan irudikatuta geratuko da ondorioa.
| ERABILERA ZUZENDUAREN URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Presentzia fisikoaren bidez eragitea - Gazteek erdaraz egitean erreferenteak alde egitea |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Gazteek taldekideekin espazioan duten harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea taldeko partaide denean edo zentro denean erabili ahalko dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Erabilera arautua erabiliko da; hots, euskararen erabilera arautua izango da aktibitatearen espazio batzuetan. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan eta instrumentalean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak altua izan behar du |
Erabilera zuzenduaren urratsean, tresna hori erabiltzea proposatzen den bigarren aldia da, eta, bigarren hau, lehena garatzera dator.
Erabilera zuzenduaren urratseko lehenengo interbentzio-eremuan, gazteek hezitzailearekin duten harremana hartzen da oinarri, eta, beraz, hezitzailearen esku dago tresna lantzea eta behar bezala erabiltzea.
Bigarren kasu honetan, gazteek taldekideekin espazioan duten harremana da interbentzio-eremua, eta, erabilera hainbat espaziotan arautua izango denez gero, gazteak ere erabileraren arduradun izango dira, hezitzailearekin batera. Beraz, gazteek jakingo dute espazio batzuetan euskara erabiltzea arautua dagoela eta jarduerak horrela eskatzen duela. Nola beren joera erdaraz aritzekoa izango baita, ez da harritzekoa izango espazio izendatuetan ere erdarara jotzea.
Hezitzaileak adi egon behar du gazteek espazio izendatuetan zein hizkuntza erabiltzen duten jakiteko, eta, erdarara lerratzen direnean, taldera hurbildu behar du. Inguratzen denean, hizkuntzaz aldatzeko ahalegina egingo du elkarrizketetan sartuz. Alabaina, egoera behin eta berriz errepikatzen dela ohartzen bada, espazio arautua dela gogoraraziko die.
Gazteek erdararako joera hartu arren, denborak aurrera egin ahala hezitzailearen presentzia nahikoa izango da espazio horietan beren artean euskaraz egiteko.
Tresna hori ere bigarren aldiz proposatzen da, erabilera zuzenduaren urrats honetan. Lehenengo kasuan, gazteei erreferentearekin euskaraz egiteko eskatzen zitzaien; hots, praktika horretan iniziatiba hartzeko. Bigarren kasu honetan, erreferenteak parte hartzen duen tartean eta espazioan euskaraz egiteko eskatuko zaie, bai erreferentearekin, bai elkarrekin.
Erabilera-urrats honetan, nola erabilera arautu egingo baita espazio batzuetan, espazio horietako bat baliatuko da erreferentearekin. Modu horretan, erreferenteak parte hartzen duenean, euskaraz egin behar dela ikusteaz gainera, eremuko araua indartuko da.
Gazteek aurretik oso argi izan behar dute zer eskatzen zaien eta hori ez betetzeak zein ondorio izan ditzakeen. Beraz, espazio horretan erreferenteak parte hartzen duen tartean ez badute euskaraz egiten, erreferenteak taldea utziko du. Dena dela, hezitzailearen ardura izango da taldea utzi behar duen ala ez eta zein malgutasunekin jokatu erabakitzea.
Oholtza espazio euskalduna dela azalduko diegu gazteei; oholtzaren gainean euskaraz egin behar dutela, alegia. Jarduna euskaraz izatea nahi denez gero, espazio batzuetan erabilera arautu egin dela esango zaie gazteei; kasu konkretu honetan, oholtza espazioa arautu dela.
Gazteak oholtzan entseguren bat egiten ari direnean, hezitzailea adi egongo da, eta, elkarren arteko harremana erdaraz denean, taldera hurbilduta eta modu aktiboan (galderak eginez, aldaketak proposatuz…), jarduerako hizkuntza aldatuko du. Behin eta berriz berdina gertatzen bada, jarduera euskaraz dela gogoratuko die gazteei eta oholtzan euskaraz egin behar dutela. Poliki-poliki, ohartu gabe, gazteak ohitu egingo dira hezitzailearen presentzia hutsarekin oholtzan euskaraz egitera. Horrela gertatzen ez bada eta araua gogoratuta ere ez badira ohituraz aldatzen, bertan behera utziko da entsegua eta beste ariketaren bat egingo da oholtzatik kanpo. Gazteei azaldu egingo zaie erabaki horren arrazoia.
Erreferente ezagun bat gonbidatuko da udalekuetara. Orientazioko jolas bat prestatuko da, mendi-ingururen batean gauzatzeko. Jolas horretara, mendi-kontuan aditua edo ezaguna den pertsona bat (Ińurrategi, Beloki, Bereziartua...) eramango da edo herriko ezagunen bat. Jolasean, taldeka parte hartuko dute gazteek, eta guztiek ibilbide bera osatu beharko dute. Ibilbidean barrena, pistak aurkitu beharko dituzte, eta talde guztiek gonbidatuarekin egingo dute ibilbidearen parte bat.
Gazteei oso argi azalduko zaie orientazioko jolas horretan euskaraz egin behar dutela. Talderen batek ez badu horrela egiten, abisu bat emango zaio. Hezitzaileak eta erreferenteak ikusten badute taldeak araua inolaz ere ez duela betetzen, jokotik kanpo utziko dute, eta, hala dagokionez, bertan behera geratuko da jolasa. Erabaki hori hartzen bada, arrazoia oso argi azaldu behar zaie gazteei.
| ERABILERA ZUZENDUAREN URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Liderraren laguntza lortzea - Ekintza erakargarriak baliatzea |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Gazteek taldekideekin espazioan duten harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea taldetik kanpo dagoenean erabili ahalko dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Erabilera hitzartua erabiliko da; hau da, aktibitatearen espazio jakin batzuen kasuan, euskararen erabilera adostu egingo da gazteekin. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan, integratzailean eta instrumentalean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak altua izan behar du |
Gazteek lagunartean euskara erabiltzea nahi bada eta horretarako ohitura oso finkatua ez badago, oso garrantzitsua da euskararekiko kontzientzia lantzea. Hau da, jardueran bertan, jardueraren ezaugarriak baliatuz, lor daiteke gazteek euskaraz egitea, baina jardueraz kanpo ere euskararekiko jarrera aktiboa hartu behar dute, ohitura finkatzeko. Oso zaila da kontzientzia hori eta erabilerarako jarrera hori talde oso batekin maila berean lantzea. Horregatik, oso interesgarria izan daiteke lan horretan liderrekin aritzea.
Taldeko kideen mintzagrama bat eta soziograma bat osa daitezke. Lan horietan oin hartuta, taldekideen interakzio pertsonalak eta linguistikoak aztertuko dira. Zenbat talde, hainbat irakurketa aterako dira, eta aurrera begira nola jokatu behar den ikusten lagunduko dute. Azterketak taldeko liderrak eta lider linguistikoak (euskararen erabilerari dagozkion lider linguistikoak) bistaratuko ditu.
Gerta liteke bi rolak pertsona berak betetzea, baina maiz ez da horrela izango. Hala ez denean, taldeko liderraren jokaerak aztertzea izango da garrantzitsuena, eta lider linguistikoaren rola gara dezakeen ikusi beharko da. Horrela bada, harekin lan egiteak izango du lehentasuna. Bigarren aukera izango da lider linguistikoak, taldean betetzen dituen rolen arabera, eragina izan ote dezakeen aztertzea, eta, horrela bada, bide horretatik eragiten saiatzea.
Taldeko liderrarekin lanean hastea erabakitzen bada, taldean duen eraginaz jabearazi behar da. Era berean, hizkuntzarekiko motibazioa landu behar da, eta ahalegin berezia egingo da hizkuntzazko hainbat helburu harekin lantzeko: espazio batzuetan taldekideekin euskaraz egitera animatu eta eboluzioaren jarraipena egin, lortzen duena azpimarratu eta abar. Hizkuntzarekiko jarrera eta interesa garatzea lortzen den neurrian, erreferente garrantzitsua izango da taldearentzat. Lan handia egin beharko da horrelako liderrekin, euskaraz eroso sentitu behar baitute eta konfiantza eta babesa eman behar baitzaie. Aipatu lanean, garrantzi handia izango du hezitzaileak liderrarenganako eduki dezakeen motibazio komunikatiboak; hau da, hezitzailea gaztearentzat erreferentea edo aszendentziazko erreferentea bada, lor daiteke liderrak bide hori hartzea. Taldeko liderra lider linguistiko bilakatzea lortzen bada, aiseago erdietsiko da hezitzailea taldetik kanpo dagoenean ere gazteak elkarrekin euskaraz mintzatzea.
Bigarren aukera, esan bezala, lider linguistikoa taldean lider natural gisa indartzea da. Haurren taldeetan begirale-rolean jartzea da alderdi hori garatu ahal izateko bideetako bat. Haientzat erreferentea dela konturatuko da, eta kontzientzia hori haurrekin hartzen dutenean azaldu behar zaie taldekideekin ere erreferente izan daitezkeela.
Liderrei oso argi azaldu behar zaie adin bereko taldekideen artean duten eragina hezitzaileak izan dezakeena baino askoz handiagoa dela. Taldekideen hizkuntzazko erabileran eragingo badute, bestalde, lagundu egin beharko zaie eta tresnak eskaini beharko zaizkie. Adibidez, taldean betetzen duten rola elkarrizketa batean hizkuntzazko joera aldatzeko nola balia dezaketen azaldu beharko zaie.
Erabilera-urrats honetako interbentzio-eremu honetan, hitzartu egingo da erabilera gazteekin. Hezitzailea tartean ez denean ere elkarren artean euskara hainbat espaziotan erabiliko dutela adostuko da.
Erabaki horrek, hasiera batean behintzat, ahalegin nahiko handia eskatuko die gazteei, eta, beraz, ekintza erakargarriak balia daitezke hasierako ahalegin hori indartzeko. Esate baterako, ohiko jardueraz gain, ekintza berezi batzuk (edo erreferente erakargarri batzuk) balia daitezke urrats hori eman ahal izateko.
Gazteen taldeko kide guztiak haurren taldekoekin aritzera eramango dira, haurrekin teknika batzuk lantzen laguntzeko. Oso argi azalduko zaie haurren taldean euskararen erabilera lantzen ari direla eta berek ere horretan parte hartu behar dutela. Gazteen taldeko guztiek parte hartuko dute jarduera horretan.
Jardueraren ondoren, arrakastatsua izan bada, taldeko kideekin hitz egingo da, gustura aritu diren jakiteko. Ahalegin berezia egingo da liderrarekin hitz egiteko, begiraleen eta erreferenteen rolean nola sentitu den ikusteko. Segidan, taldean bertan eragin handia izan dezakeela eta han ere hizkuntzazko helburuen eragile izan daitekeela adieraziko zaio. Proposamen zehatz batzuk egingo zaizkio eta frogatzeko eskatuko zaio.
Proposamenak oso zehatzak eta oso bitarte laburrerakoak izango dira, eta hezitzaileak jarraipena egingo du.
Musikaren espazioan aldaketak egitea proposatuko zaie gazteei: musikako ekipamenduaz gainera, musika nahasteko mahaia eta ordenagailua ere jarriko dira.
Aldaketaren barruan, hizkuntzaren erabilera ere hitzartuko da, eta espazio horretan beti euskaraz egin behar dela adostuko da.
Aldaketa errazteko, musika nahasteko mahaia eta ordenagailua jartzen direnean, DJ ikastaro bat antolatuko da, eta aditua den norbait gonbidatuko da.
ERABILERA NATURALERA HURBILTZEKO URRATSEKO TRESNAK
| ERABILERA NATURALERA HURBILTZEKO URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Informaltasuna baliatzea - Gazteak begirale-rolean jartzea - Erreferente hurbilak baliatzea. - Ekintza erakargarriak baliatzea. |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Gazteek taldekideekin denboran duten harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea taldeko partaide denean edo zentro denean erabili ahalko dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Erabilera hitzartua baliatuko da; hau da, euskararen erabilera adostu egingo da gazteekin, aktibitatearen espazio jakin batzuei dagokienez. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan, integratzailean eta instrumentalean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak altua izan behar du |
Berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean, jardueraren barruko espazio eta denbora-bitarte batzuetan guztia euskaraz egiteko eskatzen zaie gazteei, baina, kasu honetan, hitzartu egiten da erabilera. Salto hori egitea, noski, ez da erraza, eta, horregatik, hezitzaileak tarte informalak baliatu behar ditu gazteei urrats hori egiten laguntzeko.
Jarduera guztiek izaten dituzte espazio edo denbora-bitarte informalak, eta egoera informaletarako bidea ematen duten espazio-denboretan gazteekin erlazionatzen saiatu behar du hezitzaileak, dela elkarrizketak sortuz, dela gazteen elkarrizketetan parte hartuz. Modu horretan, errazagoa izango da gazteentzat euskaraz aritzea eta ohiturak finkatzea.
Gazteek jabetu behar dute hezitzaileak hitzartua betetzen lagundu nahi diela eta ez duela kontrolatzailearen rola jokatzen. Horregatik, hezitzaileak gateekiko interesa erakutsi behar du tarte informaletan. Hortaz, jarduerarekin zerikusia duten eta ez duten gaiez aritu behar du, eta abar.
Nolanahi ere, hezitzailea konturatzen bada gazteek ez dutela hitzartua betetzen, gorabehera horretaz mintzatu beharko du gazteekin, eta adostua betetzera animatu eta motibatu beharko ditu.
Gazteak begirale-rolean jartzea oso tresna aproposa izan daiteke euskararen erabilera indartzeko. Bi modutara egin daiteke lan hori: jardunean bertan begiralearen rola emanez eta zenbait ekintzaren antolaketaren ardura emanez, edota berak baino gaztetxoagoak direnen taldeetan begirale laguntzaile moduan jardunaraziz.
Bigarren kasu horretan, gaztetxoagoekin hainbat teknika edo ariketa lantzen lagunduko diote hezitzaileari. Zeregina burutzean, taldeetan zein helburu dauden ezarriak azalduko zaie; hizkuntzazko helburuak barne. Hizkuntzazko helburuak lantzeko garaian nola jokatzea nahi den ere azalduko zaie.
Modu horretan, gazteak hizkuntzazko helburuen sustatzaile izango dira gazteagoen taldeetan. Horretara helduz gero, errazagoa izango da hizkuntzarekiko jarrera kontziente bat hartzen hastea, eta beren talderako helburu batzuk hitzartzeko eta betetzeko prest egotea.
Baldin gazteekin hitzartzen bada jardueraren denbora-bitarte batzuetan euskara soilik erabiltzea, erabakia betetzen lagundu behar zaie, ahalegina nahiko handia izango da eta.
Ahaleginerako, oso aproposa izan daiteke hurbileko erreferenteen laguntza lortzea: jarduera bera egiten duten baina helduagoak diren gazteena, adibidez. Erreferenteak taldera gonbidatuko dira eta zenbait saiotan taldeko gazteekin batera arituko dira.
Erreferenteak oso erakargarriak izaten dira gazteentzat, eta, hizkuntzazko helburuak argi badituzte, laguntza handia eman dezakete. Azken batean, gazteen taldekoak are gazteagoekin begirale-rolean jartzea proposatzen den bezala, helduagoek rol bera bete dezakete gazteen taldean, baina betiere adinaren eta taldearen ezaugarrietara egokituta, noski.
Gainera, hurbileko erreferenteak euskara erabiltzeko ohitura dutenak badira (ahal den neurrian hala izan behar dute), jardueratik kanpo ere mantendu ahal izango dute harremana gazteekin, eta gazteen euskarazko harreman-sareak zabaltzeko eta sendotzeko balioko dute.
Aipatu bezala, gazteei ahalegin handia eskatzen zaie, zeren jarduerako hainbat espaziotan eta unetan euskaraz bakarrik mintzatu behar baitute. Hortaz, ekintza erakargarriak balia daitezke haien egitekoaren irozgarri. Ohiko jardueraz gainera, ekintza berezi batzuk edo erreferente erakargarri batzuk balia daitezke, urratsa gainditzen laguntzeko.
Entsaioak egiten direnean, eten bat egingo da saioaren erdi aldera. Tarte hori, egindako lana baloratzeko eta jenderen iritziak jasotzeko erabiliko da. Modu informalean, leku goxo bat aukeratuta, hainbat gai izan daitezke hizpide: antolaketarekin zerikusia duten gaiak, emanaldien inguruko gaiak, asmo berriak eta abar. Horrelako denbora-bitarteetan euskaraz egingo dutela itzartuko da, eta, hezitzailea partaide denez gero, errazago gertatuko zaie hitzartua betetzea.
Horrelako tarteak egokiak dira gazteen arteko harremana eta hezitzailearekin dutena lantzeko. Gazteek jarduerarekiko duten motibazioa neurtzeko ere oso aproposak dira.
Zenbait ekintzatan, begirale-rola hartzeko eskatuko diegu gazteei: gaubelak antolatzean, taldekako ekitaldiak egitean eta abarretan. Horrelako ekintzen antolaketan aritzea oso motibagarria izaten da gazte askorentzat, eta batzuen inplikazioa handia izaten da.
Ekintzaren prestaketa, antolaketa eta koordinazioa utziko dira beren esku. Begirale-rolari dagozkion funtzioak berek beteko dituzte eta hezitzaileek taldean hartuko dute parte. Ekintzaren ezaugarri orokorrak adostu egingo dira gazteekin, antolaketari ekin baino lehen, eta, tartean, hizkuntzari dagozkion puntuak ere hitzartuko dira.
Teniseko entrenamenduetan, helduagoak direnen taldeetako kide batzuk gonbidatuko dira saioetan parte hartzera. Gazte bakoitzak helduago batekin osatuko du bikotea, eta beste bikote baten aurka arituko dira partidatxoak jokatzen. Tarte horretan, teknikari eta pistan kokatzeari buruzko hainbat aholku emango dizkio helduenak gazteenari.
Helduagoei, noski, oso argi azalduko zaizkie hizkuntzazko helburuak, eta behar bezala adieraziko zaie berek nola jokatzea espero den.
| ERABILERA NATURALERA HURBILTZEKO URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Liderren laguntza lortzea - Ekintza erakargarriak baliatzea. |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Gazteek taldekideekin denboran duten harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea taldetik kanpo dagoenean erabili ahalko dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Erabilera hitzartua baliatuko da; hau da, euskararen erabilera adostu egingo da gazteekin, aktibitatearen espazio jakin batzuei dagokienez. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan, integratzailean eta instrumentalean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak altua izan behar du |
Tresna hori erabilera zuzenduaren urratserako ere proposatu da (2.2.4 puntuan). Han zehaztu den gisan, taldeko liderrak lider linguistiko bihurtzea oso tresna aproposa izan daiteke erabilera-urratsetan aurrera egiteko.
Berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean, baldin denbora-bitarte batzuetan erabat euskaraz aritzea adostu bada eta erabakia betez badoa, liderraren laguntza lortzea oso garrantzitsua izango da, helburua jardun osoan euskaraz egitea izango dela aurreikusten denerako.
Aurreko urrats gehienetan, hezitzailea taldeko zentroa eta partaidea denean baliatzeko markatu dira estrategia nagusiak. Alabaina, euskara erabiltzeko ohitura finkatuko bada, ezinbestekoa da hezitzailea taldetik kanpo dagoenean ere hizkuntza horretan mintzatzea lortzea.
Urrats honetan, helburu horri begira, hainbat denbora-bitartetan euskaraz egitea adostuko da, eta oso lagungarria izango da liderraren laguntza lortzea, hitzartua aiseago betetzeko.
Erabilera urrats honetako fase honetan, hezitzailea tartean ez denean ere hainbat denbora-bitartetan euskaraz hitz egitea eskatzen zaie gazteei, baina bi aldeen artean adosten da erabilera.
Jokamodu horrek, hasiera batean behintzat, nahiko ahalegin handia eskatuko die gazteei, eta, horregatik, ona da ekintza erakargarriak baliatzea, hasierako ahaleginaren sendogarri. Beraz, ohiko jardueraz gainera, ekintza berezi batzuk edo erreferente erakargarri batzuk balia daitezke markatutako urratsa egiten laguntzeko.
Gaztelekuko jarduera batzuen antolaketa gazteen esku utziko da. Oinarriak adostuko dira, eta hizkuntzaren erabilera ere adostuko da.
Antolaketa zehaztean, liderrak ardura hartzea bideratu behar da. Liderrarekin, antolaketari buruz hitz egin beharko da, eta hizkuntzazko helburuena azpimarratuko zaio. Hezitzaileak konfiantza osoa agertuko dio. Konfiantzak, gainera, taldekide guztien aurrean geratu behar du argi.
Behin jarduera gauzatuta, ebaluazioa egin behar da: liderrarekin, batetik, eta talde osoarekin, bestetik. Liderrari egindako lana eta ahalegina azpimarratuko zaizkio, ahalik eta mezu positiboena emanez. Ebaluazioa talde osoarekin egitean ere taldekide guztiek egindako ahalegina azpimarratuko da.
Jarduera erakargarriak hainbat eta hainbat izan daitezkeen arren, hona hemen ideia batzuk:
| ERABILERA NATURALERA HURBILTZEKO URRATSA |
|---|
| Proposatzen diren tresnak: - Liderraren laguntza lortzea - Sarak baliatzea. |
| Tresna jakin horiek erabiltzeko irizpideak: Interbentzio-eremua: - Jardun osoko harremana Hezitzailearen taldeko kokapena: - Hezitzailea taldetik kanpo dagoenean erabili ahalko dira tresna horiek Hizkuntzazko estrategia: - Erabilera hitzartua baliatuko da. Jardun osoan euskaraz arituko direla adostuko da. Motibazioak: - Tresna horiek motibazio komunikatiboan, integratzailean eta instrumentalean oinarritzen dira Jardueraren intentsitatea: - Jardueraren intentsitateak altua izan behar du |
Erabilera-urrats honetan, gazteek jardun osoan euskaraz egiteko ohitura finkatzea lortu nahi da; hau da, jardunaren espazio guztietan eta denbora osoan, gazteek elkarrekin euskaraz egiteko ohitura finkatu nahi da.
Fase honetara igaro aurretik, lortua izan behar da hezitzailea tartean ez denean ere espazio batzuetan eta denbora-bitarte batzuetan taldekideak elkarrekin euskaraz aritzea. Hala ere, jardun osoan euskaraz aritzera iristea ez da urrats erraza, eta talde askoren kasuan kosta egingo da ohitura hori finkatzea.
Fase hori oso aproposa izan daiteke sariak erabiltzeko. Sari erakargarriak proposatuz gero, ahalegin hori egitea errazagoa izan daiteke gazteentzat, eta erabilera-ohiturak finkatzen laguntzeko akuilu izan daitezke. Gainera, sariak lortzen badituzte edo horretarako bidean badaude, behin eta berriz gogoratuko dute zein diren erabilerari dagozkion lorpenak.
Berezko erabilerara hurbiltzeko urratseko azken fase honetan, aurreko urratsean eta erabilera zuzenduarenean proposatzen den bezala, oso tresna aproposa izan daiteke liderraren laguntza lortzea, taldeak jardun osoa euskaraz egiteko ohitura finka dezan.
EUSKARAZ KOMUNIKATZEKO GAITASUN EZBERDINEKO GAZTEAK BILTZEN DITUZTEN TALDEEI BURUZ
Eskola-orduz kanpoko jarduera askotan, normala da komunikatzeko gaitasun ezberdineko gazte-taldeak aurkitzea. Kasu horietan, euskaraz nekez komunikatzen direnak eta erraz komunikatzen direnak nahastuta egongo dira, eta gerta daiteke batzuek beren artean ere euskaraz egitea eta beste batzuek hezitzaileari ere euskaraz ez egitea.
Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan, taldeak hartzen dira oinarri: taldeentzat jartzen dira helburuak eta taldeentzat zehazten dira tresnak eta estrategiak. Komunikatzeko gaitasun ezberdineko gazteak biltzen diren taldeetan, talde osoa hartu behar da kontuan eta osotasunaren arabera jarri behar dira helburuak.
Gazteetako batzuek beren artean euskaraz egiteko ohitura izan arren, beste batzuek ez badute batere egiten, erabilera atseginaren urratsetik abiatu beharko du taldeak. Talde guztia aurrerapausoak eginez doan neurrian, hurrengo erabilera urratsetan kokatu ahal izango da taldea.
Dena dela, gorabehera horrek ez du esan nahi talde horretako gazte guztiekin berdin jokatu behar denik. Euskaraz egiteko ohitura dutenen kasuan, ohitura ez galtzeko ahalegina egin behar da, eta horretarako, agian, erabilera zuzenduaren urratseko edo berezko erabilerara hurbiltzeko urratseko estrategiak eta tresnak erabili beharko dira. Gainera, horrelako ezaugarriak dituzten taldeen kasuan, estrategiekin ondo asmatuz gero, taldeak azkarrago egingo du ibilbidea, zeren euskaraz egiteko ohitura dutenek prozesua azkartzeko aukera emango baitute.
Gero eta ohikoagoa da gazte-taldeetan euskaraz ez dakien norbait egokitzea. Maiz gertatzen da, esate baterako, kanpotik etorri berriak diren gazteen kasuan.
Horrela denean, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuaren ikuspegitik, oinarri hauei erreparatu behar zaie:
Komunikatzeko gaitasunik ez duen gaztearen kasuan, gainera, ondoko irizpide hauek kontuan hartzea gomendatzen da:
Azken batean, hezitzaileak erabilera sustatzeko ahalegina jardueraren parte bezala ikusi behar du, eta zeregin hori ondo betetzen ahalegindu behar du. Lan horrek ez du karga bat izan behar hezitzailearentzat, baizik eta hezitzaile den ikuspegitik gogoz egiten duen ahalegin gisa hartu behar du. Horrela izan dadin, ordea, ezinbestekoa da ahalegina ondo planifikatzea.
Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)
![]() | Inprimatu |