Egin klik hemen INPRIMATZEKO


Hezitzaileek asko egin dezakete

Ttakun Kultur Elkartea / Kultura / 2006-02-23 / 07:00


Gazteen artean euskararen erabilera bultzatzeko zein urrats eman behar diren eta jarraitu beharreko prozeduren nondik norakoak zehazten ditu txosten honek.



Sarrera

Sarrera

Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua Ttakun Kultur Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuen eskariz landu duen egitasmo bat da.

Lanaren xede nagusia zehazten hasita, esan dezagun jomuga behinena dela 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin eskola-orduz kanpoko jardueretan aritzen diren hezitzaileei euskararen erabilera sustatzeko tresnak eskura jartzea.

Proiektu hau, nolanahi ere, ez da hutsetik abiatua; aitzitik, ondoko beste lan hauei segida ematera dator. Ttakun Kultur Elkarteak, 2003. urtean, Asko egin dezakete begiraleek haurren artean euskararen erabilera bultzatzeko argitalpena kaleratu zuen. Hurrena, 2004an, hastapeneko lan hori osatze aldera, Nahia eta jarrera lantzeko gida eta adibideen txostenak egin zituen, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuen babesean.

Goiko hiruko sorta horretan, 12 urte bitarteko haurrekin aritzen diren begiraleentzako materiala atondu zen: haurren nahi-jarreretan oin hartuta, euskararen erabilera modu natural batean sustatzeko tresnak landu ziren, hainbat adibidez hornituta.

Behin lan hori amaituta, oso beharrezko jo zen, halaber, 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin jarduten diren hezitzaileentzako oinarriak jartzeari ekitea, eta Hezitzaileek asko egin dezakete izeneko txosten hauxe da ahaleginaren uzta.

Jakina denez, han-hemen ez da buruhauste makala euskararen ezagutza eta erabilera uztartzen asmatzea: gero eta gazte gehiagok dakite euskara, baina gutxirentzat da ohiko mintzabidea. Datuek ispilatzen dutenez, gazteen euskararen ezagutzak igoera nabarmena izan du azken urteotan1, eta gaurko Euskal Herrian %40tik gora dira gazte euskaldunak: duela 20 urte baino %20 gehiago, zehazki. Euskararen erabilerak, ordea, aski apal egin du gora, eta %8tik %13ra bakarrik iritsi da denbora berean.

Kontua horrela, hainbat erakundek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote eskola-orduz kanpoko jardueretan euskararen erabilera indartzeari, zeren irizten baitiote arlo horretako aktibitateek ezaugarri aproposak dituztela gazteak euskara mintzatuan aitzinarazteko. Adibidez: gazteek berek hautatutako jarduerak dira; beren gustukoak. gazte gehienek ordu ugari ematen dute eskola orduz kanpoko jardueretan: aisian, kirolean, dantzan, antzerkian...

Alabaina, gazteek eskola-orduz kanpoko jardueretan euskaraz hitz egitea erdiesteko, modu planifikatuan eta eragingarrian lan egitea komeni da, eta, ildo horretan, nahitaezkoa da jardueretako “aktore nagusiak” ongi identifikatzea. Gazteentzako programatutako aktibitateetan, esan gabe doa, gazteak berak dira protagonistak; baina, haiekin batera, jarduera zuzentzen duen pertsona da enbor eta ardatz; hau da, jarduerako hezitzailea.

Enbor edo ardatz nagusi hori bestela izenda bazitekeen ere, generikoki hezitzaile izena baliatzearen alde egin da, honako arrazoi hau tarteko: idazgai dugun arlo honetan, era askotako aktibitateak programatzen dira, baina bakan izan ohi dira dena delako jarduerari lotutako helburu espezifikoak bakarrik lantzera bideratuak, eta, halatan, barne izan ohi dituzte gehientsuenetan irakaskuntza informalarekin ikuskizun duten xedeak, hala nola gizarteratzearekin, balioekin, pertsonen garapenarekin eta abarrekin zerikusia dutenak. Jarduerako enborrak edo ardatzak, beraz, jardunarazi eta hezi egin behar izaten ditu gazteak.

Gure kasura etorrita, aktore nagusi horrek, besteak beste, gazteak euskararen erabileran gidatzea, heztea... izango du eginkizun gehigarri, eta horrexegatik ipini diogu proiektuari Hezitzaileek asko egin dezakete gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko izenburua.

Txosten honetan, beraz, lan horixe aurkezten da, bi ataletan bereizita. Lehenengoan, gazteentzako antolatzen diren jardueretako hizkuntzazko errealitatea, erakunde parte-hartzaileak, hezitzaileak eta gazteak aztertzen dira; bigarrenean, hizkuntzazko helburuak nola finka daitezkeen eta helburuak lortzeko zer estrategia balia daitezkeen proposatzen da.

Hirugarren atal bat ere badu proiektuak. Parte horretan, adibide praktikoak txertatu dira, proposamenak aiseago ulertzen laguntzeko eta tresnak praktikan nola erabil daitezkeen jabetzeko, baina lanaren II. dokumentura eraman da osorik, hezitzaileei erabilerrazago gerta dakien.

Proiektuaren edukia zedarritzeko urratsak

Sarreran adierazi dugun moduan, Ttakun Kultur Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuen eskariz landu du Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua.

Hasieratik beretik, Ińaki Eizmendi, Aitor Uriarte eta Olatz Zubillaga hirukoari egokitu zaio lana hezurmamitzea, eta prozesu guztian bidelagun izan dute, aholkulari gisa, Marga Iturritza irakaslea. Lehenengo hiru lagunek, bestelako merezimenduak alde batera utzita, esperientzia handia dute gazteen eskola-orduz kanpoko jardueretan, eta azkenak dagoneko bide luzea egina du haurren irakaskuntza formalean, euskararen gorabeherekin borrokan.

Lantaldearen egitekoa izan da proiektua bera definitzea eta egin beharreko urratsak zehaztea. Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteriako eta Euskarako departamentuetako teknikariek prozesuaren jarraipena egin dute, eta hainbat informazio lortzeko laguntza ere eman dute. Eskerrak, beraz, Gazteriako Maria Solanari eta Euskarako Joxan Amondaraini eta Izaro Ugalderi.

Hasieran zerrendatutako urratsen artean, gaiari lotutako bibliografia aurkitzeko eta zedarritzeko eginbeharra agertu zen goien-goienean, eta, arlo horretan, Ińaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Batzordeko teknikariak eman zuen laguntza kualifikatua, eta Nagore Amondarain Ikastolen Konfederazioko Normalkuntzako teknikariak ere egin zuen bere ekarria.

Hurrena, bibliografia zedarritu eta aztertu ondoren, egoki bezain premiazko iritzi zitzaion gaiari buruzko elkarrizketa batzuk egiteari, eta bi esparru hauetako lagunak hautatu ziren gogoetak biltzeko: euskalgintzako pertsona adituak eta gazteen eskola-orduz kanpoko jardueretako hezitzaileak.

Hona hemen elkarrizketatuak izendatuki:

Idatzizko eta ahozko informazio-andana horren guztiaren analisi ahalik eta osoena egiten ahalegindu ondoren, proiektuaren aurkibidea erabakitzeko tenorea heldu zen, eta, jakina, aurkibidea edukiz betetzekoa ere bai. Ezina ekinez egina, Larramendiren eskolari jarraituz.

Orain, eskuartean duzue Hezitzaileek asko egin dezakete gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko izendatu dugun proiektuaren I. dokumentua, ondoz ondo hizkuntzazko errealitatearen azterketari buruzko atala eta hezitzaileek euskararen erabilera sustatzeko prozesuari dagokiona biltzen dituena.

Horra bitarteko horixe da oskola. Segidan, ikus dezagun barruko fruitua.

Txostenaren antolamendua

Lehenbiziko dokumentu honetan, bi atal hauek landu dira:

Bestalde, gazteen jarduerez oro har aritzea lausogarri gerta zitekeela iritzita, bakanaldi bat ematea erabaki zen, eta segidako lau hauek jo ziren begiz:

Bi arrazoi hauek determinatu zuten hautua, batik bat:

Errealitatearen azterketa

Sarrera

Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuaren atal honetan, 12 eta 18 urte bitarteko gazteei eskaintzen zaizkien eskola-orduz kanpoko jardueretako errealitatea aztertzen da, zeren bidezko baitirudi, hizkuntzazko helburuak eta bestelakoak proposatzen hasi aurretik, gazteentzako aktibitateen goi-barrenak bistara ekartzea.

Ahalegin horretan, eskola-orduz kanpoko jardueretan begiz jotako lau aktibitateen (gaztelekuak, udalekuak eta auzolandegiak, kirola eta antzerkia) ezaugarriak izan dira azterkizun, batetik; baina arreta handia jarri da, berebat, gazteen, hezitzaileen eta erakunde antolatzaileen nolakotasunean.

Dagoneko adierazi dugun gisan, jardueretako hezitzailea aktore nagusia da gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko egitekoan, zeren bera baita zuzen-zuzenean gazteekin hitzezko komunikazio etengabea izaten duena. Kontua horrela, eskola-orduz kanpoko hezitzaileak deskribatzen saiatu gara: formazioa, esperientzia, hizkuntzazko profila eta abar.

Bestalde, ondo bistakoa denez, jarduerak ez dira berez jaiotzen eta ibiltzen. Erakunderen batek antolatzen ditu, eta erakunde antolatzailea da erantzule, baita jardueraren hizkuntzari dagokion gorabeheran ere. Horrenbestez, jardueran bertan euskararen erabilera sustatzearen ardura hezitzailearena bada ere, erakunde antolatzaileari dagokio hizkuntzazko irizpideak ohartuki eta esplizituki markatzea, haiek aurrera ateratzeko baliabideak jartzea, hezitzaileei transmititzea, irizpideen aplikazioa begiratzea eta abar. Bada, hori guztia kontuan izanda, zerrenda batera ekarri dira erakunde antolatzaileak, eta jardueretan dagozkien funtzioak aztertu dira.

“Giza baliabidezko” bi zutabe horiek etsaminatuta, hirugarren bat geratzen zen azterkizun: jardueretan ibiltzen diren gazteena, hain zuzen. Gazteak direnez gero jardueretako hiztunak, berbadunak, eleketariak..., noraezekoa da aldian aldiko belaunaldien nolakotasunen berri izatea, bestela nekez iritsiko baikara haien nahietan, jarreretan... neurri bateko edo besteko itzalen bat izatera. Hortaz, nahitaezko giltzarria da “norengan” eragin nahi den jakitea; hartzaileak “nolakoak” diren ikastea.

Jardueretako antolatzaileen, emaileen eta hartzaileen azterketa bukatutzat eman eta gero, aukeratutako lau jardueren ezaugarriak biltzeko unea heldu zen. Beraz, gaztelekuak, udalekuak eta auzolandegiak, kirola eta antzerkia aktibitateak aztertzeari ekin zitzaion, eta hona hemen lau horietara mugatu izanaren arrazoiak:

Errealitatea etsaminatzean, bada, jarduera horien ezaugarriak aztertuko dira, bai helburuak eta estrategiak proposatzeko oinarri izan daitezen, bai adibide praktikoak azaltzeko balio dezaten.

Puntu hau bukatutzat emateko, hona hemen beste azalpentxo bat. Nahiz eta azterketa lau jarduera horietara mugatu den, emaitzak besteetara estrapola daitezkeenak dira, zeren, azken batean, jarduera orotako elementu nagusien eta komunen ispilu baitira. Hortaz, euskararen erabilera sustatzeko egin diren proposamenek berdin balio dute gazteentzako antolatzen diren beste jardueratarako.

Gazteentzako jarduerak antolatzen dituzten erakundeak

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn), segidako erakunde hauek antolatzen dituzte gazteentzako eskola-orduz kanpoko jarduerak. Bi multzotan sailkatuko ditugu:

Erakundeen titularitatearen eta agintearen arabera, hainbat eratako antolamoduak ageri dira jardueretan.

Erakunde publikoei gagozkiela, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak agintaritzako organoak dituzten instituzioak direla esan behar dugu, lehenik eta behin. Hurrena, berriz, beren arteko finantza-araudiak eta bestelako korapiloak alde batera utzita, hiru modutan lan egiten dutela edo egin dezaketela esango dugu:

Euskal Autonomia Erkidegoan, ikastetxe publikoak Eusko Jaurlaritzaren titularitatekoak dira, eta, berez, Hezkuntza Sailak araututako irakaskuntza formalari erantzutea da haien egiteko nagusia. Halaz guztiz, ikastetxe publiko guztiek antolatzen dituzte eskola-orduz kanpoko jarduerak, eta, sarri askotan, ikastetxeko guraso-elkartearekin batera programatzen dituzte. Kasu horretan, bi erakunde izaten dira jardueraren antolatzaile eta, horrenbestez, jarduerari ezartzen zaizkion “hizkuntzazko eskakizunen” erantzule ere bai. Bestalde, eskola-orduz kanpoko jarduera gehienak administrazioak diruz lagundutakoak izaten dira, eta, beraz, hizkuntzazko eskakizun jakin batzuei lotuak.

Erakunde pribatuen arloan, jabetza pribatuko ikastetxeei erreparatuko diegu lehenbizi. Gaurko EAEn, elizaren titularitatekoak eta publifikatu gabeko ikastolak nabarmentzen dira ugaritasunean, eta, eskola-orduz kanpoko jarduerei dagokienez, bete-betean balio du ikastetxe publikoen paragrafoan jasotakoak.

Gazteen aisiako jarduerak zerbitzu moduan ematen dituzten erakundeak, hau da merkatuko jarduera ekonomiko bat gauzatzen duten enpresak, ezinezkoa da patroi bakarrera biltzea. Gaur egun, badira giza baliabidez nahiz baliabide materialez zerbitzua euskaraz egoki emateko prestatuak daudenak, baina, ondo jakina denez, bestelakoak ugariago. Enpresen kasuan, dena dela, enpresako zuzendaritza da beti aktibitateko hizkuntzazko jardunaren erantzule, eta, baldin bezeroarekin hitzartu duen zerbitzua euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko eskakizunak dituena bada, bidezkoa dirudi profesionalki erantzuteko prestatua egotea.

Azkenik, elkarteak geratzen zaizkigu. Orain arte, kulturako elkarteek, kiroletakoek... pisu handia izan dute gazteen aisiako jardueretan, eta, enpresa zerbitzu-emaileak gaina hartzen ari diren arren, egungo egunean ere presentzia handia dute. Elkarteak, oro har, bazkideek egiteko zehatz baterako sortutako erakundeak izaten dira, eta, jeneralean, txandakako borondatezko zuzendaritza izateaz gainera, borondatezko edo erdi borondatezko giza baliabideen bitartez funtzionatzen dute. Kontua horrela, euskararen aldeko jarrera agertu arren (horrela izaten da arruntean), oso egitura ez egonkorra izaten dute, eta gorabehera horrek zaildu egin ohi du euskararen erabilera sistematikoki aplikatzea.


Nork bere erantzukizuna

Aurrera jarraituz, berriro diogu, eskola orduz kanpoko jardueretan, hezitzailea da haurren eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko bitartekari nagusia, bera baita jarduera zuzentzen duena eta gazteekin erlazionatzen dena. Era berean, hezitzailearena da, neurri handi batean, jarduerak arrakasta izatearen edo ez izatearen ardura, bai eta gazteak euskaraz mintzatzera bideratzekoa ere.

Alabaina, nola hezitzailea erakunde baten barruko egituran aritzen baita lanean, erakundearen helburuen eta lan egiteko moduen arabera arituko da, eta, baldin erakundeak euskarari buruzko gogoetarik egin ez badu eta euskararen erabilera indartzeko helburuak eta irizpideak ohartuki eta esplizituki izendatu gabe badauzka, ezingo dio hezitzaileari jarraibide argirik eman, ezta ganorazko transmisiorik egin ere. Arras premiazkoak dira, ordea, erakundearen aurrelan hori eta hezitzailearen hizkuntzazko jardunaren jarraipena, zeren erakundeak berak jakin eta erabaki behar baitu lehenbizi zer egin nahi duen, nola egin dezakeen eta noraino irits daitekeen.

Erakundeak dagokion erantzukizuna hartzen badu, hezitzaileak aiseago jakingo du jardueran zer eta nola egin behar duen, eta bi ondorio hauek segituko dira:

Hainbat jardueratan, bestalde, erakunde antolatzailea ez da bakarra izaten, edota, zehazkiago esanda, erakunde batek baino gehiagok izaten dute lotura edo zerikusia. Adibidez, eskola-kirolaren kasuan, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat irizpide zehazten ditu eta udalei diru-laguntza ematen die, udalek ikastetxeekin egiten dituzte hitzarmenak eta, ikastetxeek, askotan, kirol-elkarteen esku uzten dute jarduera. Kasu horretan, lau erakunde dira jarduerarekin zerikusia dutenak.

Alabaina, hezitzaileari gagozkiola, ikastetxea edo kirol-elkartea izango dira harekin zuzenean erlazionatuko direnak, eta, hizkuntzazko irizpideen edo jarraibideen ikuspegitik, erakunde horiei dagokie hari bidea ongi markatzea, helburuak ongi transmititzea eta betetzen direnentz begiratzea.

Hala ere, gerta daiteke hizkuntzazko helburuak landu nahi dituen erakundea ez izatea hezitzaileak gertuen duena; hau da, jardueraren zuzeneko antolatzailea ez den erakunde bat izatea hizkuntzazko helburuak landu nahi dituena. Kasu horretan, dena delako erakunde asmodunak erakunde antolatzaileak helburuak bere egitea erdietsi behar du, horretarako izan ditzakeen tresnak baliatuz.

Jardueren azterketa

Aurrez seinalatu dugu gaztelekuak, udalekuak eta auzolandegiak, kirola eta antzerkia jarduerak aukeratu ditugula aztergai izateko, eta erabakiaren funtsa ere azaldu dugu. Hemen eta orain, besterik gabe, banan-banan hartuko ditugu.


Gaztelekuak

Ikasturtean zehar gazteei eskaintzen zaien aisiako egitasmo nagusia da. Gaztelekuak, funtsean, nerabeak elkarrekin erlaziona daitezen berariaz prestatutako gune edo espazio fisikoak dira. Gazteak bi modutan erlazionatzen dira elkarrekin: libreki edota aktibitate programatuen bitartez. Erabiltzaileen adinari dagokionez, 13 eta 18 urte artekoentzat diren arren, batez ere 15 urte bitartekoek baliatzen dituzte. Titularitatez, oro har, publikoak izaten dira; hau da, udalenak eta abarrenak, baina, jeneralean, hirugarrenei esleitzen diete gestioa. Hona hemen ezaugarri komunak:

Ezaugarri horiek izan behar dira kontuan, bada, hizkuntzazko helburuak eta estrategiak finkatzeko, baina, horiez gainera, jardueraren elementuak eta espazioak ere identifikatu behar dira. Hona hemen zein diren:


Udalekuak eta auzolandegiak

Udako oporretan, gazte asko joaten da udaleku eta auzolandegietara. Beraz, 12 eta 18 urte bitarteko gazteen kasuan, udako aisiako egitasmo erakargarrienetakoak dira.

Denboraz laburrak izateak ezaugarritzen ditu jarduera bata eta bestea. Hau da, astebete eta hamabost egun bitarteko jardunak izaten dira. Aitzitik, gazteek eta hezitzaileek ordu ugari ematen dute elkarrekin, etenik gabeko harremanean. Hortaz, oso denbora gutxian, arras harreman estua gertatzen da bi talde horien artean.

Udalekuetan, nolanahi ere, haurrei ez bezala, denbora libre asko uzten zaie gazteei, berek horrela eskatzen dutelako. Auzolandegien kasuan, berriz, are beregainago ibiltzen dira gazteak, zeren 16 urtetik gorakoak izaten baitira.

Edozelan ere, egun gutxitan anitz orduko erlazioa gertatzen da izendatu ditugun bi aktibitate horietan, eta, hizkuntzazko estrategiak aplikatzeari begira, ez da izaten espazio, denbora-tarte, ekintza... faltarik, euskararen erabilera sustatzeko nahiari ekiteko. Hona hemen batzuk, izendatuki.


Kirola

Jarduera horrek arrakasta handia du eskola-orduz kanpoko aktibitate gisa. Ikasturte osoko egitasmoa izaten da, eta, oro har, kirol zehatz bat praktikatzen dute gazteek. Kirolean, bi eratako ezaugarriak agertzen dira: komunak eta espezifikoak. Hau da, futbolak eta saskibaloiak ezaugarri komun ugari dute (taldekakoak dira, etc.), baina espezifikoak ere bai (terminologia, bereziki). Atletismoa eta igeriketa ere, aurreko biak bezala, badira taldekakoak, baina askoz banakakoagoak ere bai, eta, esan gabe doa, zeinek bere terminologia du.

Hezitzaileek asko egin dezakete proiekturako, jarduera adierazgarri gisa aukeratu da kirola (gazte askok egiten du, taldekako kirol ugari dago, etc.). Beraz, badira beste jarduera espezifiko batzuk, kirolaren antzeko ezaugarriak dituztenak, eta kirolerako zehazten diren estrategiek eta adibideek berdin balio dute haietarako. Multzo horretan sar daitezke, besteak beste, musikako jarduerak, haurren abesbatzak eta dantza taldeak.

Adinari erreparatuz gero, 12 urtetik 18 urte bitarteko adin-tarte osoa hartzen du, baina, adinean aurrera egin ahala, jaitsi egiten da parte-hartzea: agian, konpetizioak gero eta garrantzi handiagoa hartzen duelako eta selekzio bat egiten delako edo zenbait gaztek dinamika hori nahi ez dutelako. Bestalde, neskek aiseago uzten diote kirola egiteari mutilek baino.

Hizkuntzari begiratuta, berriz, aisiako ohiko jardueretan ez bezala, kirolean eta antzekoetan, orain arte behintzat oso leku gutxitan eman izan zaio euskarari behar besteko garrantzia. Jarduerak kirol-helburuak izaten ditu batik bat, eta konpetibitaterako joera gehitu egiten da adinean aurrera egin ahala.

Nolabait esateko, hainbat ikastetxek eta elkartek hizkuntzazko irizpideak markatzen dituzte kirola haurrekin lantzen dutenean, baina, kirol federaturako bidea hartzean, apaldu egiten dira hizkuntzazko eskakizunak eta sarritan ez da inolako ahaleginik egiten. Elkarteen eta entrenatzaileen hizkuntzarekiko konpromisoa erlaxatuagoa izaten da, eta, progresiboki, lehiak hartzen du gaina.

Kirolari dagokionez, ekintza eta gune nagusi hauek identifikatu dira:


Antzerkia

Ikasturte osoan gauzatzen den eskola-orduz kanpoko egitasmoa da. Jarduera horrek beste hiruek aldean gazte gutxi biltzen du, baina, nola izatez hitzezko adierazpena baita, ezaugarri bereziak dituela iritzi zaio, eta berariazko tartea hartu du proiektuan. Gainera, oso litekeena da horrelako ikasle gazteak ugalduz joatea, zeren gero eta antzerki-eskola eta antzerki-talde gehiago baitago 12 eta 18 urte bitartekoen eskura.

Jardueraren maiztasuna ez da handia: egun bat edo bi izaten dira asteko, eta ordu bat edo bi ematen dituzte eguneko. Urtean zehar, intentsitate gutxiko jarduna da, baina, antzezlana kaleratzear denean, goratu egiten da jardunaren maiztasuna, eta orobat gertatzen da taldekideen harremanaren intentsitatearekin. Bestalde, publikoarekiko harreman zuzenak bizipen bereziak sortzen ditu.

Ezaugarri horiek hartu behar dira aintzat, bada, hizkuntzazko helburuak eta estrategiak finkatzeko. Antzerkiaren kasuan, ekintza eta espazio nagusi hauek jo dira begiz:

Hezitzaile-tipoak

Aurreko puntuan, gaztelekuak, udalekuak eta auzolandegiak, kirola eta antzerkia jarduerak ezaugarritu ditugu, eta, oraingo honetan, jarduera horietako hezitzaileak tipifikatu nahiko genituzke, adina, ikasketak, esperientzia eta antzeko neurbideen bitartez.


Gaztelekuetako hezitzaileak

Hauxe da, oro har, gaztelekuetako hezitzaileen profila:


Udaleku itxietako eta auzolandegietako hezitzaileak

Hauexek dira, oro har, udalekuetako eta auzolandegietako hezitzaileen ezaugarriak:


Kirolaren arloko hezitzaileak

Ongizateko gizarteak, bistan da, aldaketa handiak ekarri ditu hainbat arlotara, eta kirolarena izan da nabarmen antzaldatu denetako bat. Egungo egunean, ez dago kiroldegirik eta kirol-instalaziorik gabeko udalerririk, kirolak hartzen du tarte handiena hedabideetan, unibertsitateak kirolaren arloko ikasketa espezifikoak dauzka eta abar. Kirola prestigio izugarriko aktibitatea da, eta kontsumoko produktu gailena.

Aurreko horren guztiaren harira, jakina, merkatuko zerbitzu ere bilakatu da kirola, eta hezitzaile-tipoen ugaltzea ekarri du. Guk geuk hirutara bildu ditugu gaur egun aurki daitezkeenak:

Hiru profil horietan, lehena ari da pixkanaka gaina hartzen, merkatuko kiroletako eskaintza handituz doalako.

Oraindik, hirugarren profilak ere badu pisua leku batzuetan, baina borondatez arituko diren helduak urritzen ari dira.

Trantsizio horretan; hots, borondatetik merkatuko legeranzko igarobidean, bigarren profileko jarduleak dira nagusi gaur egun.


Antzerkiaren arloko hezitzaileak

Antzerkiaren kasuan, 12 eta 18 urte bitarteko gazteekin lan egiten duten hezitzaileen profila honako hau da:

Gazte-tipoak

Puntu honetan, aurrez ezaugarritu diren lau jardueretan parte hartzen duten gazte-tipoak dira aztergai. Lehenik eta behin, lau jardueretako gazteen ezaugarri komunak zehaztuko ditugu, eta, segidan, jarduerakako argazkia aterako dugu.

Hona hemen ezaugarri komunak:


Gaztelekuetako gazteak

Eskaintza 12 eta 18 urte bitarteko gazteei egiten zaien arren, batez ere 12 urtetik 15 urte bitarteko gazteak hurbiltzen dira.

Gehienek kuadrillaka hartzen dute parte, eta kuadrillak eskolako lagun-taldeak izaten dira.

Negu-partean sarriago joaten dira gaztelekura, hango aktibitateak eta materialak (ping-pongeko mahaia, bideo-kontsola, etc.) tentagarri zaizkielako. Hezitzaileekin duten konplizitatea ere zerbitzura gerturatzeko lotura izan ohi da.


Udalekuetako eta auzolandegietako gazteak

Udalekuetan, 12 eta 15 urte bitarteko gazte askok hartzen dute parte. Hamasei urtetik aurrera, auzolandegiak jartzen zaizkie aukeran, baina ez dute berebiziko arrakastarik izaten: 16 eta 18 urte bitarteko gazte gutxik egiten dute udalekuen edo auzolandegien hautua.

Parte-hartze puntuala da. Hau da, gehienek ez dute harremanik udalekuak edo auzolandegiak antolatzen dituen erakundearekin, eta udako tarte horretan egitasmo jakin horretarako ematen dute izena.

Haurtzaroan udalekuetan ibilitako gazteak dira asko, eta lagunartean egun batzuk etxetik kanpo igarotzeko gogoa izaten dute. Nola parte-hartzea eskatzen duen jarduna baita, adin bereko beste gazteekin erlazionatzea izaten dute jomuga.


Kirolaren arloko gazteak

Kirola gustukoa duten gazteek hartzen dute parte, eta taldearekin eta jarduerarekin identifikatzen dira. Gazteak zein erakunderekin erlazionatzen diren erreparatuta, kirol-elkarteak dira atxikimendu handiena jasotzen dutenak.

Kiroleko jardunean, mutilak nabarmentzen dira kopuruz. Umetatik kirolean arituak dira, eta taldeari berari ere garrantzia ematen diote. Egungo egunean, neskatila ugari ibiltzen da kirolean 12 urte bitartean, baina hortik aurrera askok uzten diote kirola modu antolatuan egiteari.

Adinean aurrera egin ahala, konpetibitatea areagotzen da, eta taldeek selekzio bat egiten dute. Ondorioz, “onenek” aurrera egitea lortzen dute, eta besteek talde eta liga xumeagoetan jarraitu ohi dute jokatzen. Fase horretan, gazte askok uzten diote kirola modu antolatuan egiteari.


Antzerkiaren arloko gazteak

Antzerkian dabiltzan gazteei iruditzen zaie jarduerak ez diela konpromiso handiegirik eskatzen. Beren ustez, ez da kirola bezain konpetitiboa, eta, gainera, gauzak adierazteko duten beharra asetzen laguntzen die (gorputz-adierazpena, taldeko dinamikak...).

Denboran aurrera egin ahala, ikuspegi horrek indarra galtzen du, eta jarduerarekiko atxikimendua hasten da gaina hartzen, zeren jarduneko teknikek eta adierazpideek liluratzen baitituzte.

Kopuruz, neska gehiago ibiltzen da antzerkiko eskoletan eta taldeetan.

Hiztun-tipoak

Puntu honetan, deskribatu ditugun lau jardueretako hezitzaileen eta gazteen euskara izango dugu aztergai, baina betiere euskara mintzatua (ez izkribuzkoa) hartuko dugu kontuan batik bat.


Atarikoa

Hezitzaileek asko egin dezakete proiektu honen barruan, premiazko jo dugu, berebat, jardueretako hezitzaileetan eta gazteetan zer-nolako hizkuntzazko profilak dauden bistara ekartzea, zeren plantea daitezkeen helburuen eta estrategien kondizionatzaile gertatuko baitira behin baino gehiagotan.

Deskripzio logiko samar bat egitekotan zerbaitetan oin hartu behar eta, Euskararen Kalitatea: zertaz ari garen, zergatik eta zertarako2 argitalpeneko mamian funtsatu gara, hizkuntzazko profilen azterketa egiteko.

Joserra Gartziak, Kike Amonarrizek eta Andoni Egańak idatzi duten dokumentu horretan, kontzeptu hauek ageri dira:

Segidan, faktore garrantzitsuenak lau multzo nagusi hauetan sailkatuta izendatzen dituzte: xedea, xede-taldea edo audientzia, mezu-bideak eta hiztun edo hizlariaren hizkuntza-gaitasuna.

Egileek azaltzen dutenez, euskararen gaur egungo egoera soziolinguistikoa dela kausa, gaineratu dute laugarren faktore hori:

“-Faktore hau ere kontuan hartu beharrekoa iruditu zaigu euskararen kasuan. Hiztun edo hizlari nor ari den (euskaldun berri-berria den, euskaldun zahar alfabetatu gabea den...) kontuan hartu gabe ez dago darabilen euskara egokia den ala ez erabakitzerik. Gauden egoeran, zuzen-jatortasunean akatsez betetako jarduna egoki izan daiteke, hiztuna euskaldun berri edo euskaldun zahar alfabetatu gabea bada. Nolanahi ere, euskara normaldu ahala desagertu beharreko faktorea litzateke hau.

-Aipatutako faktoreok guztiok –eta aipatu gabe geratuko zaizkigun besteren batzuek– determinatzen dute une bakoitzerako hizkera egokia. Esan beharrik ez dago, baina esan dezagun hala ere, faktoreok guztiok aldi berean daragitela. Egoera jakin baterako hizkera egokia zein den erabakitzea, beraz, aski kalkulu konplexua da, eta horrek badu bere ifrentzua ere: erabili ohi dugun baino kontu handiagoa behar genuke hizkeraren kalitateari buruzko juzkuak egiterakoan.

-Esan dezagun, azkenik, hizkeraren egokitasunarena beti dela konplexua, ez bakarrik gurea bezalako kinka larrian dagoen hizkuntzen kasuan. Zuzentasuna ez bezala, egokitasuna ez dago behin-betiko arautzerik; hiztunek bilatu behar dute egoera bakoitzari dagokion egokitasun modua. Euskararen kasuan, ordea, konplexuagoa da kontua. Egoera diglosiokoa dela eta, hiztunek, egokitasun bila abiaturik, errazegi jotzen dute oraingoz, albo erdaretara, euskararen beraren baliabideetara baino. Zaila bada ere, oreka bilatu beharra dago hor, nahitaez. Egokitasuna goitik ezartzea astakeria latza litzateke noski; egokitasuna albo erdaretan bilatzea normaltzat jo eta joera hori behin-betikotzea, aldiz, utzikeria barkaezina. Gauden egoeran, zuzen-jatortasunean kaxkarrak diren hiztun eta hizlari batzuen euskara egokitzat jo behar dugu, baina seinale txarra litzateke hogei urte barru hori horrela izaten segitzea. Azken batean, kalitate integrala behar luke helburu, euskara ona. Egoki ez ezik, zuzen eta jator hitz egiten duten hiztunak behar ditugu, beraz, eta horrek orain arteko ikusmolde eta jarrerak aldatzea eskatzen du, besteak beste.”

Irakurlea esan gabe jabetuko den arren, diogun matematika gutxi dagoela adigai horietan. Hau da, lau aldiz izendatzen da euskara, eta lau alditan adjektibatuta ageri da; bestela esan, “nolakotasun” bat erantsita, eta segidako azalpenak ere, nahiz eta ongi ulertzen diren, ez dira operazio matematikoen bidez mugarri daitezkeenak.

Beraz, kontu horietan, orain eta hemen, huts-hutsetik hasten dena berebiziko zorabioak edo ikarak har dezake bat-batean. Inori horrelakorik gerta ez dakion eta ez geu ez beste inor behar baino gehiago katramila ez dadin, goiko kontzeptu horien gaineko aholku gisako zertzelada batzuk jasoko ditugu segidan, dagokigun lanean orientatzeko eta lana konfiantza handiagoz egiteko balioko dutelakoan:

Lehen azpimarratu dugun gisan, ez da batere lan erraza euskarari buruzko nolakotasun horiek mugarritzea, zientzia askotako jakitatearen jabe izatea eskatzen baitu. Beraz, ez bidezko, ez zilegi dirudi esku artean dugun langintzako hezitzaileei bederen –hezitzaileen gida izango direnei bai, agian– neurri horretako ahalegina eskatzea. Horrenbestez, oraingoz konforme ginateke batzuengan jakin-minaren harra sortzearekin; aipatu dugun lan horren eta aurreko beste batzuen edukia miatzeko nahia piztearekin. Horretara iritsiz gero, zerbait erneko da.

Horregatik guztiagatik, hizkuntzazko helburuak zehaztean, komunikatzeko gaitasuna lehenetsiko dugu proiektu honetan: gazteak euskaraz erraz, erdizka, nekez... komunikatzen diren izango dugu neurgailu batik bat, eta gazteak elkarrekin euskaraz nekerik gabe, gogaitu gabe eta gustura komunikatzera heltzea helburu behinen.


Hezitzaileen hizkuntzazko profila

Aurrera jarraituz, gazteen hezitzaile izendatu ditugunen hizkuntzazko profil ohikoenak azaleratzen saiatuko gara ondoko puntuetan barrena.


Gazteen hizkuntzazko profila

Segidan, jardueretako gazteen hizkuntzazko profil ohikoenak azaleratzen saiatuko gara, hezitzaileenak zedarritzeko baliatu ditugun neurbide berak aplikatuz.

Hezitzaileek euskararen erabilera sustatzeko prozesua

Sarrera

Dokumentu honen lehen atalean, gazteentzako antolatzen diren eskola-orduz kanpoko jardueren ezaugarriak jaso dira. Bigarren honetan, berriz, proposatzen da, zehazki, hezitzaileek zer prozesu jarraitu behar duten jardueretako gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko.

Prozesu horrek ondoko urrats hauek hartzen ditu:

Gazte-talde batean hizkuntzazko helburuak landu nahi badira, errealitate bat aldatzeko ahalegina egin behar da, eta, beraz, desoreka bat sortu behar da taldean. Alegia, hasierako errealitatea etenez beste errealitate batera iristea da kontua, eta bien bitartean desoreka bat sortu behar da. Desoreka eragiteko, oso argi izan behar dira abiapuntua eta helmuga eta oso ondo aztertu behar dira, hala bidea egiteko eskura izango diren baliabideak, nola bidea egiten lagun dezaketen edo oztopa dezaketen faktoreak.

Horregatik, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuan, gazteen artean euskararen erabileran eragiteari begira, diagnositik abiatuta tresna praktikoetaraino iristen den prozesu bat proposatzen da, eta, euskararen erabilera sustatzen egiten den lana eragingarria izan dadin, axolakoa da prozesu osoa behar bezala lantzea.

Jarraian datorrena prozesuaren eskema da. Haren ondotik, berriz, hainbat kontzeptu azaltzen dira eta erabileran eragiteko egin beharreko urratsak proposatzen.

Oinarrizko zenbait kontzepturen azalpena

Sarreran eta eskeman hainbat kontzeptu jaso direnez gero, horietako batzuen azalpena doa ondoko azpipuntuetan.


Erabilera-urratsak

Begiraleek asko egin dezakete argitalpeneko Nahia eta jarrera lantzeko gida dokumentuan zehaztutakoaren ildotik, proiektu honetan ere arreta berezia jarri zaie erabilera-urratsei, eta han bereizi ziren hirurak bereizi dira oraingoan ere; hots, erabilera atseginaren urratsa, erabilera zuzenduaren urratsa eta erabilera naturalera hurbiltzeko urratsa. Taldeak, errealitate linguistikoaren arabera (euskararen erabilera eta komunikatzeko gaitasuna), erabilerako urrats jakin batean kokatu beharko dira, eta kokapena izango da helburuak zehazteko, interbenitzeko eremuak identifikatzeko eta estrategiak erabakitzeko abiapuntua.

Urratsetik urratsera, gora egingo du gazteen hizkuntza-erabilerak, eta aldatu egingo dira helburuak, interbenitzeko eremuak eta haietan eragiteko estrategiak.


Hizkuntzazko helburuetan eragiten duten faktoreak

Eskola-orduz kanpoko jardueretan hizkuntzazko helburuak landu gura izatekotan, lau faktore hauek hartu behar dira aintzat: komunikatzeko gaitasuna, euskara erabiltzeko iniziatiba, jardueraren intentsitatea eta gazteen eta hezitzailearen arteko harremana.

Jardueretako gazte parte-hartzaileak, bistan da, hizkuntzazko ohitura batzuen jabe izango dira, eta aktibitatean ere hizkuntzazko ohitura batzuk hartuko dituzte.

Hizkuntzazko helburuak abiaburuko ohiturak aldatzeko gurariz ipintzen dira; hots, hasierako errealitatea mudatuz beste errealitate bat erdietsi nahi delako. Horretarako, ordea, desoreka sortu behar da taldean, aurrez aipatutako lau faktoreak oso kontuan hartuz.

Lau faktore horietan, bi hizkuntzarekin zerikusia dutenak dira: komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba, hain zuzen. Bi faktore horien azterketak kokatuko du taldea erabilera-urrats zehatz batean.

Beste bi faktoreak, hots, jardueraren intentsitatea eta gazteen eta hezitzaileen arteko harremana, ez dira berez hizkuntzaren parte, baina bai oso kontuan hartu beharrekoak, hizkuntzazko helburuak lortzeko sortu behar den desoreka dela kausa.


Interbentzio-eremuak

Euskararen erabileran eragiteko garaian, behin taldearen hizkuntzazko diagnosia egindakoan eta taldea erabilera-urratsean kokatutakoan, axolako gorabehera da interbentzio-eremua erabakitzea.

Eskola-orduz kanpoko jardueretan, bi dira interbentzio-eremu nagusiak:

Hezitzaileen eta gazteen arteko hizkuntzazko harremana interbentzioko eremutzat hartzeak adierazi nahi du ezen euskararen erabilera sustatu nahi dela erlazioan eta hizkuntzazko beste ohitura zehatz batzuk finkatu nahi direla. Ondorioz, estrategiak erabakitzeko eta aplikatzeko tenorean, hezitzailea eta gazteak elkarrekin erlazionatzen diren uneak eta espazioak hartuko dira aintzat, eta alde batera utziko dira gainerakoak. Era horretako interbentzio-eremuak, dena dela, barne hartzen ditu, halaber, jardueran gazteekin erlazionatzen diren osterantzeko erreferenteak, hala nola erakunde antolatzaileetako arduradunak, epaileak, jarduerako gazte helduagoak eta abar.

Gazteen arteko hizkuntzazko harremana interbentzioko eremutzat hartzeak adierazi nahi du ezen euskararen erabilera sustatu nahi dela erlazioan eta hizkuntzazko beste ohitura zehatz batzuk finkatu nahi direla. Helburu nagusia jardun osoan euskaraz ari daitezen izango den arren, honela ere bana daiteke interbentzioko eremua: gazte-hiztunen erlazioa denboran eta gazte-hiztunen erlazioa espazioan.

Izan ere, jomuga behinena edo behin betiko helmuga gazteak elkarrekin etengabe euskaraz aritzea izan arren, ia nahitaezkoa da, abiapuntuko zenbait egoeraren arabera, tarteko helburu batzuk ere jartzea; helburuak mailaka planteatzea. Eginahal horretan, oso lagungarria da espazioa eta denbora interbenitzeko eremu gisa hartzea; hau da, gazteek euskarazko erlazioa jarduerako espazio jakin batzuetan eta une edo denbora-bitarte zehatz batzuetan izan dezaten begiz jotzea.

Proiektu honetan, bi interbentzio-eremu proposatzen dira erabilera-urrats bakoitzerako:

Interbentzio-eremu horietan, progresiboki lan egin behar da. Lehenbizi, erabilera atseginaren urratsekoetan aritu behar da; hurrena, fase hori gainditutzat jotzen denean, erabilera zuzenduaren urratsekoetan, eta, azkenik, erabilera naturalera hurbiltzekoetan.

Euskararen erabilera sustatzeko prozedura

Eskola-orduz kanpoko jardueretan, euskararen erabilerari dagokionez, hainbat eratako gazteak egokituko zaizkigu: inoiz erabiltzen ez dutenak; hezitzaileari euskaraz egin arren, elkarrekin erdaraz aritzen direnak; beti euskaraz hitz egiten dutenak eta abar.

Taldearen hizkuntzazko diagnosiari gagozkiola, lehen azaldu dugun moduan, euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba erabaki ditugu neurbide nagusi, eta, azalpenean aurreratu dugun gisan, diagnosi horretatik segitzen dira, bai taldea erabilera-urrats batean kokatzea, bai erabilera-urratseko interbentzio-eremuak definitzea.

Orain eta hemen, txosteneko edukian aitzinatzeko, interbentzio-eremuetan euskararen erabilera irabazian jartzeko zer-nolako estrategiak balia daitezkeen zedarritzen eta definitzen ahaleginduko gara. Segidako puntuetan, beraz, gazte-taldeetan euskararen erabilera indartzeko eta erroarazteko prozedura azalduko dugu.


Gazteak erabilera-urratsetan kokatzea

Eskola-orduz kanpoko jardueretako gazte-taldeak erabilera urratsetan kokatzeko, bi irizpide baliatuko dira: euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba.

Komunikatzeko gaitasunak erakusten du taldeari zein erabilera-urrats legokiokeen, baina erabiltzeko iniziatibak determinatzen du benetako kokapena. Hau da,

Horixe da komunikatzeko gaitasunen eta erabilera-urratsen arteko komunztadura, baina komunikatzeko gaitasuna faktorea bere bakarrean ez da aski erabilera-urratsak determinatzeko, eta euskara erabiltzeko iniziatiba faktorea emendatu behar zaio. Hortaz, komunikatzeko gaitasuna zeinahi dela ere, baldin

ESATE BATERAKO,

Ikusten denez, komunikatzeko gaitasunak eta erabiltzeko iniziatiba faktoreek erabilera-urrats batean kokatzen dute taldea.


Erabilera-urratsetan eta erabileran eragiten duten faktoreen arteko lotura

Hona artekoan, prozedura oso bat azaltzen saiatu gara, eta ondoz ondoko urrats hauek zerrendatu eta definitu ditugu:

Esana dugu, bestalde, erabilera-urratsetan aitzinatuko bada, noraezekoa dela taldearen abiaburuko ohitura linguistikoetan desoreka bat sortzea, eta adierazi ere dugu oso aintzat hartu beharrekoak direla erabileran eragiten duten beste faktore hauek: jardueraren intentsitatea, gazteen eta hezitzailearen arteko harremana, euskaraz komunikatzeko gaitasuna eta euskara erabiltzeko iniziatiba.

Hurrengo taulan, erabilera-urratsen eta erabileran eragiten duten faktoreen arteko loturak azaltzen dira; hau da, erabilera-urratsetan aitzinatzeari begira, faktore bakoitzaren gradu egokia zein izan daitekeen proposatzen da.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


Erabilera-urratsetako faktoreen arteko oreka

Honainokoan adierazten ari garen gisan, hizkuntzazko helburuak erabilera-urratsen ikuspegitik lantzea proposatzen da; hau da, erabilera-urratsetan aitzinatzea lortu behar da, euskararen erabilera goratzeko.

Erabilera-urratsetan aurrera egin ahal izateko, erabileran eragina duten faktoreak izan behar dira kontuan (ikusi aurreko puntua), eta, aurrera egin ahal izateko, nahitaezkoa izango da kasuan kasuko abiapuntura heltzea. Adibidez, urrats batetik bestera igaro ahal izateko, hezitzailea erreferente izatea bada beharrezko eta gertatzen bada hura taldeak onartua ez izatea, egoera hori aldatzen saiatu beharko da, hizkuntzazko helburuak lantzeari ekin aurretik; era berean, aurrerapausoak intentsitate handia badu eskakizun eta hura apala bada, indartzea izango da egiteko behinena, etab.

Hezitzailearekiko harremana eta jardueraren intentsitatea, bata nahiz bestea, aurrera egin ahal izateko ezinbestekoak diren arren, ez dute erabilera-urratsa zertan baldintzatu. Hau da, taldea erabilera zuzenduaren urratsean kokatu behar da besterik gabe, baldin taldeko kideak euskaraz nekez edo motel mintzatzen badira, baina hezitzaileari euskaraz hitz egiten badiote ohituraz, eta, orobat, horrez gainera hainbat espaziotan euskaraz aritzen badira.

Aitzitik, hizkuntzarekin ikuskizun duten faktoreek kondizionatu egiten dituzte erabilera-urratsak. Esate baterako, euskaraz erraz komunikatzen den talde batean, nahiz eta begiralea erreferentea izan eta jardueraren intentsitatea handia, gazteek hezitzailearekin soilik egiten badute euskaraz, taldea ezin da berezko erabilerara hurbiltzeko urratsean kokatu, baizik eta erabilera atseginaren urratsean edo erabilera zuzenduarenean. Beraz, komunikatzeko gaitasunak eta euskara erabiltzeko iniziatibak kondizionatzen dute erabilerako urratsa.

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


Interbentzio-eremuetan eragiteko estrategiak

Erabilerako urratsak eta faktoreak deituriko taulan agertzen den moduan, erabilera-urrats bakoitzean bi interbentzio-eremu lantzea proposatzen da:

Interbenitzeko eremu horietan aritzeko, ondoko elementu hauek jo dira estrategikotzat:

Hobeto ikusteko, handituta ikusi nahi baduzu, gainean sakatu.


Ebaluazioak

Gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko plangintza bat abian jarri bada, nola berekin izango baititu helburu eta estrategia jakinak, ezinbestekoa da aldian-aldian ebaluazioak egitea, bai helburuetan zer lortu den jakiteko, bai estrategiak ongi planteatu diren aztertzeko.

Ebaluazioak ondo egin ahal izateko, prozesua abiarazi aurretik erabaki behar da zer, noiz eta nola ebaluatuko den; bestela esan, ebaluazioak planifikazioaren parte izan behar du.

Ebaluazioak ondo egiten ez badira, oso zaila izango da zer lortu den jakitea eta segidako helburu-estrategiak finkatzea. Helburuak lortzeko ahalegina egin bada eta estrategiak aplikatu badira, merezi du horren guztiaren benetako ondorioak zein diren ikustea, eta horretarako ebaluazioak egin behar dira.

Ebaluazioak egin ahal izateko, zehatz definitu behar dira helburuak: ondo definitutako helburuak berak determinatzen du ebaluazioa nola egin. Proiektu honetako prozesua betez gero, posible da, talde bakoitzaren errealitatera egokituz, helburuak eta estrategiak ondo zehaztea eta nola ebaluatu jakitea.

Ondoko paragrafoetan, ebaluazioetan hainbat puntu kontuan hartzea proposatzen da. Ebaluazioetan, dena dela, ez dira puntu horiek guztiak jaso beharko, baizik eta, jarritako helburuen arabera, batzuk edo besteak aztertu beharko dira.


Estrategiak erabiltzeko tresnak eta hainbat adibide

Hezitzaileek asko egin dezakete proiektua bi dokumentutan bildu dugu. Lehenengo honetan, eskola-orduz kanpoko jardueretan gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko hainbat oinarri aurkezten dira eta zenbait estrategia proposatzen.

Dokumentuan barrena, eskola-orduz kanpoko jardueren errealitatearen azterketa bat egin da, taldeetan hizkuntzako diagnosia egiteko moduak proposatu dira, erabileran eragiten duten zenbait faktoreren garrantzia azpimarratu da eta euskararen erabilera sustatzeko balia daitezkeen hainbat estrategia proposatu dira.

Oinarri eta ideia nagusi guztiak dokumentu honetan agertzen diren arren, bigarrenerako utzi dira estrategiei buruzko adibideak. Praktikoagoa ikusi da adibideen bilduma beste txosten batean jasotzea. Bi dokumentuak uztarri berekoak dira, eta bigarrenean proposatzen dena ezin da behar bezala ulertu lehenengoko oinarriak aztertu gabe, eta, alderantziz, aski zaila da lehenengokoan agertzen diren oinarriak praktikan jartzea bigarrenean proposatzen diren tresnak eta adibideak aztertu gabe.

Bestalde, Hezitzaileek asko egin dezakete proiektuko bi dokumentuetako edukia abiapuntu bat da. Gazteen artean eskola-orduz kanpoko jardueretan eragiteko gutxieneko metodo edo sistema bat eraiki nahi izan dugu. Abiatzeko bide sendo samarra izatea nahiko genuke. Horrela gertatzen bada, berak eskatuko digu segida guztioi.

Bibliografia


Ildo bereko artikuluak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu



Artikulura bueltatzeko:
http://www.erabili.com/zer_berri/muinetik/1140447440