Sarrera | Mapa | Kontaktua | Guri buruz |   
Hemen zaude: Sarrera »  Sare-aldizkariak »  Iritzi-muinetik »  D eredua: oraingoz beste aukerarik ez

D eredua: oraingoz beste aukerarik ez

2006-02-06 / 07:00 / Juankar Aretxabaleta Perez   IRAKASKUNTZA

Badator aurten ere gure seme-alabak irailetik aurrera zein eskolatara joango diren erabakitzeko garaia. Gaur, 2006ko otsailaren 6an, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 06/07 ikasturterako matrikulazio kanpaina hasiko da; hurrengo hilabeteetan, jarraian, Euskal Herriko gainerako lau lurraldeetan. Artikulu honetan, beraz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kokatuko gara.

Matrikulazio kanpainaren aurrean, Sortzen-Ikasbatuaz eskola publiko euskaldunen Elkarteak deialdia luzatu nahi dio euskal jendarteari, eta batez ere seme-alabak eskolaratzeko garaia heldu zaien aita eta amei, hizkuntza eredua hautatzerakoan zalantzarik izan ez dezaten. Datuek, behintzat, ez dute zalantzarako tarterik uzten. Historiari gainbegirada egiten has gaitezen.

1983ko Euskararen Legeak zioen nahitaezko ikasketak amaitzerakoan ikasle guztiek «bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko adina» jakin behar zutela. Hizkuntza ereduen ezarpena urte bereko Elebitasun Dekretuaren bidez arautu zen eta honek murrizketa besterik ez zuen ekarri A eta B ereduei begira:

  • A ereduan ikasleek «euskara ondo ulertu» eta «eguneroko egoera arruntetan oinarrizko azalpenak euskaraz emateko» gai izan behar zuten.
  • B ereduan «euskaraz jarduteko trebetasun egokia eskuratu» eta «ondo (...) ikasketak euskaraz egiteko gai» izan behar zuten.

Hala ere, Hezkuntza Sailak ia mende-laurdenean eraman duen hezkuntza politikaren ondorioz, eredu hauek ez dituzte helburu murriztu horiek ere eskuratu. Hau ez da guk baieztatzen dugun zerbait, baizik eta urte luzeotan egindako hamaika ikerketak frogatu duena. Ikerketa horien guztien emaitzen laburpena egin zuen Felix Etxeberria Pedagogia katedradunak 2001ean argitaratu zuen Elebitasuna eta hezkuntza euskararen herrian liburuan. Hona hemen hitzez hitz haren zenbait baieztapen:

«A ereduko ikasleak dira euskaran puntuaziorik baxuenak ateratzen dituztenak, hauetako gehienek lortzen duten maila hain eskasa da, ezin baita ezarri komunikaziorik oinarrizkoena ere, edo euskarazko proba edo testa bete (...) A ereduak ez du bermatzen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Oinarrizko Curriculum Diseinuak markatutako helburuak betetzea (...) Zerbait larria da A ereduan gertatzen dena».

«Esan dezakegu B ereduko emaitzak, euskara eredu horretan irakasteko planteatzen den intentsitate-mailaren pentzuan daudela. Zenbat eta gehiago hurbiltzen den D eredura, emaitzak orduan eta hobeak dira».

Eusko Jaurlaritzak berak hizkuntza ereduen inguruan honako hau adierazten zuen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia-n (1998): «(...) A ereduan ikasten duten haurrek, bestalde, oso maila apala dute ulermen-mailan, apalagoa idazteko eta hitz egiteko. Ez dute legeak finkatzen duen nahikotasun-mailarik lortzen. B eredu bigunean ere hutsune nabarmenak agertzen dira: nahasketak fonologian, lexikoan eta joskeran, hiztegi mugatua, esaldiak osatzeko zailtasuna eta abar».

Emaitzen ebaluazioak nabarmen erakutsi du, beraz, A eta B ereduak desegokiak direla.

Iaz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak euskara maila neurtzeko azterketa burutu zuen. Emaitzak publikoki eman zituzten, argi utziz indarrean dagoen hizkuntza ereduen politikak ez duela euskalduntzen, gazteek, nahitaezko ikasketak amaitzerakoan, ez dutela euskara menperatzen, hau da, ez dela legea betetzen. Sortzen-Ikasbatuaz Elkarteak gehiago esango du: eskolak ez du bermatzen euskal herritar orok gure hizkuntza ezagutzeko duen eskubidea.

Gasteizeko Legebiltzarrak irakaskuntza ereduak moldatzeko erabakia 2007an hartuko omen du. Aldaketa sakonak egin beharko ditu normalizaziorako ildo estrategikoa den eskolak iruzur egiten jarrai ez dezan. Arduraz eta erantzukizunez jokatu beharko du. Gure elkartea bidelagun izango du euskal curriculumean eraikitako eskola euskaldun berri horren lortze bidean.

Hezkuntza Sisteman belaunaldi berriak oso-osorik euskalduntzea lortu nahi badugu, gure artean gero eta ugariagoak diren etorkinen seme-alabak barne direla, eredu bakarra eta euskalduna lortu bitartean, Sortzen-Ikasbatuaz Elkarteak ume guztiak D ereduan matrikulatu behar direla aldarrikatzen du, gainerako ereduak helburu honetatik oso urrun geratzen baitira. Beraz: oraingoz, ez dago beste aukerarik: D eredua.

Zalantzarik ez, beldurrik ere ez. Izan ere, gurasook gero eta ziurrago sentitzen gara ondorengo baieztapenak frogatuta daudela entzuten dugunean:

  • Ume batek erraz bereganatzen ditu bi hizkuntzak erarik naturalenean, lengoaiaren garapenarekin batera, jolasean eta bere eguneroko ekintzetan erabiliz.
  • Are gehiago, bi hizkuntza dakiten haurrek abantaila linguistiko eta kognitiboa izaten dute (adimenaren malgutasun handiagoaren jabe dira eta).
  • Euskaraz ikasteak ez du beste hizkuntza batzuk ikastea trabatzen. Ikastetxeetan egindako neurketek frogatzen dute gaztelaniaren ezagutza maila berdintsua dela, nahiz eta aukeratutako eredua desberdina izan.
  • Baina umeak euskara ondo jakin gabe uzten badu eskola, ez du gainerako umeen aukera berdintasunik izango, ez lan munduan, ezta bizitzako bestelako eremuetan ere.

Hori dela-eta, hauxe da Sortzen-Ikasbatuaz eskola publiko euskaldunen Elkarteak gurasoei egiten dien deialdia: Etorkizuna euskaraz dator! matrikula itzazue seme-alabak D ereduko ikastetxe publikoetan; euskalduntzearen bermea baikara.


(JUANKAR ARETXABALETA PEREZ Sortzen-ikasbatuaz Elkartearen lehendakaria da)


Gai honi buruz erabili.com-en argitaratuak
(irakurtzeko gainean sakatu)

Juankar Aretxabaletak erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)

Inprimatu


Erantzun

Euskara Patronatua
Tel.:943-814518
Faxa: 943-811947
erabili@erabili.com