|
Euskaltzaindiak 1957ko uztailaren 26an izendatu zuen euskaltzain urgazle. 1964ko abenduaren 18an, aldiz, euskaltzain oso aukeratu zuten. Sarrera hitzaldia hamar urte beranduago egin zuen, ez bai ziren urte onak horrelako ospakizunetarako, batez ere Gipuzkoa eta Bizkaian. 1974ko irailaren 14an, Axularren sorterriko Urdazubin, bertako Salbatore monastegi famatuan, "Literatura landuaren sorrerako giroa, Axularren garaira arte" gaia hautatu zuela. Jean Haritschelhar buruordeak erantzun zion.
Lehengo eta behin esan dezadan, Juanito euskalgintzaren Land Roverra izan dela, horrela deitu nion duela pare bat urte, bere aurrean, Maraña eta Padrón Plazaolak Mitxelena Kulturunean haren omenez antolatu zituzten mahai-inguruetan. Duela berrogei urte pasa ezagutu nuen Juanito, oker ez banago Bittor Kapanagaren bidez. Hasieratik izan genuen enpatia. Berarekin egindako solasaldi luze, baina ez aspergarrietan, asko ikasi nuen. Arantzazuko Euskaltzaindiaren bigarren Biltzarrean, 1963koan izan zirela uste dut.Gerotxoago 1965ko ekainaren 7an, Gerediaga Durango Merindadeko Adiskideen Elkartea hamaika lagunek sortu genuenetik laster, udazkenean, bazkide egin zen, lehen Euskal Liburu eta Disko Azokan, hain zuzen. Ez bakarrik bazkidetu, lagundu eta idatzi ere. Euskaltzaindiarentzat Azokaren lehen standa finkatu nuen, eta hala diraun berrogei urtez. Bere babes instituzionala izan genuen handik bi urtera, Euskaltzaindiaren idazkari izendatua izan bai zen.
Eranskin gisa dakart, Rikardo Badiola Euskaltzaindiko Argitalpen eragilearen laguntzaz egindako bibliografia. Bertan ikus daiteke zer lan mardula egin zuen San Martin. EUSKERA agerkarian osorik argitaratuko bada ere, gaur euskararekiko adibide batzuk bakarrik irakurriko ditut.
Mendizaletasunari ere onomastika alorrean etekinak ateratzen jakin zuen, zehatzago esan, oronimian ikerketa ugari eginaz. Txomin Uriarte eta Paco Iriondoren eskariari so eginez, Euskal Herriko Mendi Katalogoa goitik behera arakatu eta normalizatu zuen Onomastika batzorde akademikoak. Zer esanik ez, Juanito izan zen batzordekideon artean emaitzarik oparoena eman zuena, zeren eta mendizaletasunari ere euskaltzaletasun eta hizkuntzaren normalizazioa aplikatzen bai baitzekien.
Norbaitek, noizbait, Juanitoren kultur kosmogonia osoa aztertu beharko luke, eta ez litzateke lan makala aterako! Haren alderdi asko ezagutzen ditugu hemen gaudenok. Oraingo honetan, bat azaldu behar dut, ordea: Euskaltzaindian egindako lan ikaragarria. Euskera agerkaria hartzea da biderik aproposena horretarako, bertan aurki baitaitezke haren artikuluak, Idazkaritzako batzar-agiriak, proposamenak, Idazkaritza garaiko, Jagon sailburu garaiko eta Gipuzkoako ordezkari izan zen urteetako materialak eta beste. Haietan agertuko dira hamaika egitasmo, batzuek aurrera eraman ahal izan zituenak edo bidean gelditu zirenak, eta ez bere erruz, noski. Aurrera eramandako batzuk aipatuko dituk..
Gerediaga Elkarteko idazkari nintzela, 1969ko programazioa egikeran, euskal idazleen biltzarra antolatzeko eskatu zidan, udarako. Garai hartan ez zen posible, gaur egun bezala, idazleen elkarte bat legeztatzea eta, bestalde, ez zuen egoki ikusten Euskaltzaindiak horrelako jardunaldi batzuk eratzea, udazkenean, Arantzazun, euskara batuari buruz Biltzar bat programatua baitzuen Akademiak berak. Gerediaga Elkartearen Zuzendaritzan onartu genuen eskaria eta Ermuko Eskola Profesionalean, ekainaren ondarrean egitea erabaki zen, bertako ordezkari zen Agustín Aranberria izan zelarik lanik gehien egin zuena. Gerra ostean ez ziren Hegoaldean hainbeste idazle eta euskaltzale bildu, hasi Gabriel Arestirekin eta Pierre Lafitterekin buka, eta tartean erbesteraturik zeuden Txillardegi eta bestek bere txosten edo iradokizunak igorri zituztelarik. Euskara batuaren historian, Arantzazuko Biltzarra girotzeko eta prestatzeko ezinbestekoa suertatu zen Ermua. Juanitoren iniziatibaren ondorioa hau ere.
Arantzazuko Biltzar famatuaren arima ere Juanito izan zen. Bera zen, Euskaltzaindiaren idazkari legez, antolakizun burua. Orduko idazkariorde – eta tradizionaren aurka euskaltzain oso –Alfonso Irigoienekin ez zituen harremanik hoberenak. Han egon ginen, Hospederiatik kanpo, berak eskatuta, Sindikan, Iñaki Beobide eta biok, Juanitoren esanetara, laguntzaile huts gisa. Probintzia eta Oñatiko agintariekiko harremanak, Antonio Arrueren laguntzaz – Gipuzkoa "eszepzio legepean" zegoen 196ko udazkenean, mila arazo zaili aurrea ematen jakin zuen.
Arantzazukotik bi hilabete eskasera, Irigoien orduko idazkariordea, dimititu eta Salamankako Unibertsitatera estudiatzera joan zen. Hara non datorkidan Juanito, ezer abisatu gabe, Garaiko Udaletxera, proposamen hau egitera: "Euskaltzaindiak idazkariorde barri bar hartu behar jok eta aurkeztu hadi, heu izango haiz nire kandidatua". Arrazoi ugari eman zizkidan. Bi euskaltzain urgazle aurkeztu ginen, Gabriel Aresti eta biok, biok Merkataritza ikasketadunak eta, Gabrielek gutun baten bidez uko egin zuenez gero, nire alde jarriaz, Baionako Euskal Museoan -non Euskaltzaindiak Urrezko Ezteiak ospatzen baitzituen- idazkariorde izendatua izan nintzen 1969ko urtarrilean. Juanito izan zen eragile eta beragatik hartu nuen euskalgintzako lehen erakundearekiko kudeaketa.
Aditz batuaren deklinabide, erakusle, onomastika eta beste araugintzaren lanen buru Villasante bazen ere, gidari linguistikoa Mitxelena, idazkari zenetik Juanito zen hirukote akademikoaren triangeluaren beste ertza. Aditz batuaren II Jardunaldiak 1972an hain erabakiorrak, bere antolakizun buruzagitzapean egin ziren, bere argazki makinak "inmortalizatu" zituenak, nahiz eta argazkilaria Bitoriano Gandiaga nire "botillerua" izan. Arantzazutik hamar urtera, hurrengo Biltzarra Bergaran, Luis Eleizalderen mendeurrenkari, eratu zenean, Juanito izan zen antolakizun buru, ni idazkari. Ez dago esan beharrik, 1978ko biltzar hark gure hizkuntzaren estandarazio garapenean berebiziko garrantzia izan zuela. Ez zen Debarroko hiri historiko horretan ere arazorik falta izan, ez usteko eta inork sortutakoak barne, baina San Martinek gainditu zituen.
1979an, Eusko Kontseilu Orokorrean, alegia, erakunde preautonomikoan hartu zuen karguagatik, idazkaritza akademikoa utzi beharrean aurkitu bazen ere, Euskaltzaindiko lanetara itzuli zen..
1995ean, Arartekotza utzi ondoren, berriz hasi zen Euskaltzaindian parte hartzen, baina kargurik gabe. Onomastikakoa izan da partaidetzarik oparoena azken urteotan eta horren lekuko naiz, batzordea sortu zenetik, 1972tik, lehen hogeita bost urtetan batzorde idazkari izan nintzelako. Azken zazpi urteotan, beste bi batzordetan ere parte hartu du, Azkue Bibliotekakoan eta Argitalpenetakoan. Onomasticon Vasconiae bilduman Eibar eta Elgetako toponomastika / Toponomástica de Eibar y Elgeta liburuaren egile izan da eta Eibarko hiri toponimia-ren bultzatzaile. Argitalpen batzordekide gisa Euskera. Euskaltzaindiaren agerkari ofiziala 1920-1979 urteen arteko aurkidibea / indice / index. Bilbo 1980, liburuaren egile. Orobat, bera izan da Euskaltzaindiaren argitalpenen lehen Katalogoa-ren egilea, eta katalogo horretan begirada bat ematea aski da, bera zeintzu libururen eragile izan den ohartzeko. Garrantzitsuenak aipatzeko: gerra aurreko Euskera agerkariaren berrargitalpena, orobat R. M. Azkueren Diccionario Vasco-español-francés, Euskalerriaren Yakintza, Iker bildumaren hasiera, Euskararen Liburu Zuria, Jagon bildumaren sorrerako Iparragirre eta 1982ko bertsolari txapelketa.
Bertsolari txapelketaren liburua dela eta, gogoan dut, Jagon Sailburu izan zen urteetan, Euskaltzaindiaren babespean egin ziren bertsolari txapelketa nagusien antolakizun buru bera zela. Jakin nahiko nuke gaurko zenbat bertsolari eta bertsozalek dakiten hori. Ezin, ordea, zerrendatu sailburutza izan zuen urteetan zenbat egitasmo aurkeztu zituen, asko eta asko aurrera eraman gabe gelditu zirenak baliabiderik eta babesik ez zegoelako. Zenbatek ote du gogoan Juanito izan genuela Alfabetatze-Euskalduntze Batzordeen buru, Euskaltzaindiaren Jagon Sailaren babespeko urte luzeetan, eta beraz, baita gaurko AEK elkartearena ere. Berak sinatu zuen 1981eko ekainaren 12an, Euskaltzaindiak Gasteizen duen Ordezkaritzan, AEKko arduradunekin "transferentzia" akordioa, AEK elkarte bereizi bezala legeztatzen zuena.
Jagon Sailaren baitan sortu zen 1977an, Oinarrizko Euskararen batzordea, zeinetan Aita Imanol Berriatuak lan izugarria egin baitzuen. Hebraierazko "ulpan" delakoaren esperientzaz baliatu zen eta "euskaltegi" hitz baliokidea sortu eta euskalduntze bide bat urratu. Egitasmoa onartu egin zuen Juanitok, Iberdueroren babesa lortu eta euskal espedizio bat joan zen Israelera. Ongi oroituko da bidaia horretaz oraingo Gipuzkoako Diputatu Nagusia.
Amaitzeko, hauxe esango nuke: XX. Mendearen bigarren erdian, euskal kulturgintzan eragilerik izan bada, zalantzarik gabe lehen eragilea, eragilerik sutsuena Juan San Martin izan zela. Euskaltzaindiko karguetan ere Villasante, Mitxelena, Satrustegi eta gure artean dugun Jean Haritschelharrekin batera lehen lerroan.
Txosten honen bigarren partean haren bizitzako gainontzeko data, ekintza, partaidetza eta bibliografia ematen ditut, baina, gaurkoz, Euskaltzaindiarekiko lerro nagusiok irakurtzera mugatu naiz.
(JOSE LUIS LIZUNDIA ASKONDO euskaltzaina da)
Gai honi buruz erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
Jose Luis Lizundiak erabili.com-en argitaratuak (irakurtzeko gainean sakatu)
|